Laburrak

Turkiako armadak Siria baitako Kurdistango lurraldearen aurkako bonbardaketak gerra krimena dira, kontuan hartuta Turkia ez dela erasotua izan. Josu Juaristi, EH Bilduko europar diputatua, Europar Batasunaren aurrean Kurdistango ordezkaritzarekin batzartu da astearte honetan Afrin-en izan diren bonbardaketek sortutako biktimekiko elkartasuna adierazteko asmoz. Horrekin batera, Juaristik herri kurduaren giza eskubide eta demokratikoen aldeko borroka irmoarekiko konpromisoa adierazi du, Erdoganen gobernuak urratzen dituenak, kasu honetan, ondoko herrialde baten, Siriaren, lurraldean.

“Beste behin, Turkiako presidentea bere herrialdea nazioarteko legediatik kanpo uzten ari da, populazio zibilaren aurkako eta herritar defentsarako kurduen unitateen, Siria iparraldean Daesh borrokatzen ari direnen, aurkako bereizi gabeko erasoldien bitartez”, azpimarratu du Juaristik, eta gogora ekarri du Turkiako abiazioak Rubar-eko errefuxiatu eremua ere kolpatu duela.

EH Bilduko europar diputatuak, hain zuzen ere, Turkiarekin mugakide den Siriako zonalde horretara bidaiatu zuen 2016ko maiatzean (Killis-era zehazki, Afrin-etik kilometro gutxira dagoen hirira). Garai hartan, Turkiak bere mugen ixte prozesua abiatu berri zuen, Siriarekiko mugaren zonaldea militarrez josiz eta izugarrizko horma. Juaristik gogora ekarri du zonalde horretan 200.000 lagun daudela Siriako gerragatik ihes eginda, hainbat errefuxiatu eremutan sakabanaturik eta oso gogorrak diren bizi baldintzetan bizi direnak.

Halaber, Juaristik Kurdistango ordezkariei helarazi die atzo urgentziaz Europako Parlamentuko ezkerreko taldeak (GUE/NGLk) aurkeztutako ekimena. Aipaturiko ekimenak dei egiten dio Federica Mogheriniri, Europako Batzordeko Kanpo Politikaren Goi Ordezkariari, Erdongan presiona dezala, inbasioa amai dezala eta ekimenak martxan jar ditzala zonaldean bake justu eta iraunkorra bilatze aldera.

Imagen relacionada

Josu Juaristi (EH Bildu) Europar parlamentuan

“Ekimen soilak edo banakako elkartasun adierazpenak egiteko garaia pasa da”,gaineratu du Juaristik, eta, ildo horretatik, EH Bilduk deklarazio bateratua sustatu du, Josu Juaristiren, ekimenez, eta europar diputatu hauekin elkarlanean: Ana Gomes, Portugalgo alderdi sozialista; Bodil Valero, Suediako alderdi berdea; Josef Weidenholzer, Partido Socialdemócrata austriaco; Mark Demesmaeker, Flandriako N-VA alderdia; Martina Michels, Alemaniako Die Linke alderdia; eta Marie-Christine Vergiat, Frantziar estatuko Fronte de Gauche alderdia. Deklarazio horrek ahalik eta europar diputatu gehienen babesa bilatu nahi du eta Europako Batzordeari eta estatu kideei presio politikoa egin nahi die. “Ekintzara pasatzeko unea da – azpimarratu du Juaristik - herri kurduari elkartasun masiboa adierazteko ordua iritsi da, Europako erakundeek Erdonagekin duten harremana berrikustera eramango duen unea”.

Adierazpen bateratuak nabarmendu du Afrin ingurura Turkiako armadak abirazitako operazio militarra inongo probokazio edo aurretiazko ekintzarik gabe burutu dela, eta horrekin batera, eta eskaera egin die Batasuneko estatu kideei zein Federica Mogheriniri, Europako Batzordeko Kanpo Politikaren Goi Ordezkariari, Turkia presiona dezaten berehalakoan aire bonbardaketak amai ditzala eta lurraldean dituen armada erretiratu dezala. Adierazpenak, halaber, eskeria egiten die EBri eta NBEri Ginebrako elkarrizketak berrabiarazi ditzala Siriako gerrari aterabide negoziatua bila diezaien, alde guztiak barnebilduko dituena, baita kurduak ere. Testuak gogora dakar lehen lerroan Daesh-en aurka dabiltzan defentsarako indar kurduen borroka.

Aurten SAREren babesarekin egin dute manifestazioaren deialdia.

Euskal presoak Euskal Herrira. Giza eskubideak, konponbidea, bakea lelopean antolatu dute abenduaren 31rako manifestazioa Aduna, Amasa-Villabona, Alkiza, Asteasu, Larraul eta Zizurkilgo udalek. Agerraldian izan dira, SAREko Ander Goikoetxeaz gain, Adunako Joxe Mari Sarasola alkateordea, Amasa-Villabonako Xabat Laborde zinegotzia, Asteasuko Pili Legarra alkatea eta Joseba Txapartegi zinegotzia, eta Zizurkilgo Joxe Mari Luengo alkatea.

 DSC 0098 kopia content

Manifestaziorako deia egiteko agerraldian parte hartu duten Aiztondoko alkate eta zinegotziak, SAREko ordezkariarekin batera

Goikoetxeak azaldu duenez, "Sareren helburua da ezberdinen arteko elkarlana bultzatzea presoen eskubideen alde, eta uste dugu mobilizazio honek mahai gainean jartzen duela eredu hau. Aiztondo bailarako udal guztien babesa jaso du manifestazioak". Estatuen "immobilismoaren aurka" egin daitekeena, hain justu, hori dela zehaztu du Goikoetxeak: "Herritarrak antolatzea ezberdinen arteko elkarlan batekin, mahai gainean jartzeko ematen ari diren eskubide urraketak".

Horren harira azken hilabeteetan pauso "oso positiboak" ikusi direla gaineratu du Goikoetxeak: "Bake Artisauen eskutik ETAren armagabetzea eman zen apirilean eta ondoren Parisen izan zen mobilizazioa". Bestalde, gogora ekarri du aurten Euskal Herriko erakunde nagusietan "bai preso gaixoen egoera salatzeko bai salbuespeneko politikekin bukatzeko eskaerak" onartu direla, bai Nafarroako Parlamentuan, bai Eusko Legebiltzarrean, eta baita Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batzar nagusietan ere.

Erakundeen parte hartze horrekin batera, "funtsezkoa" ikusten dute Saretik "gizarte zibilaren aktibazioa eskubide zapalketa hauekin bukatu ahal izateko". Goikoetxeak azaldu duenez, "salbuespeneko legedia aipatzen dugunean, aipatu behar dugu presoen urruntzea eta horrekin batera sakabanaketa. Lekuz kanpo ikusten dugun politika da". Horrekin batera "presoen senideei eta bereziki hauen haurrei" aplikatzen zaien sakabanaketa aipatu du, "ez duena uzten familia egitura bat garatzen". 

Bestalde, gaixo larrien egoera aipatu du Goikoetxeak: "Ibon Iparragirre hilzorian badago ere, ez dute askatu nahi, nahiz eta erremintak izan gaur egun etxean espetxealdia bete ahal izateko. Ikusten dugu gaixotasunak erabiltzen ari direla espetxean xantaia egiteko". Egun espetxean 11 preso larri gaixo daudela zehaztu du Goikoetxeak, eta horien "berehalako askatasuna" eskatu du: "Uste dugu salbuespenezko legediarekin amaitzea pauso garrantzitsua izango litzatekeela giza eskubideen urraketekin amaitu eta konponbidea eta bakearen aldeko pausoak emateko".

Euskal presoen eskubideen egoera salatu ondoren, Aiztondo bailarako herritarrak deitu dituzte abenduaren 31n manifestazioan parte hartzera. Zizurkilgo Joxe Arregi plazatik abiatuko da 19:00etan, eta Villabonan amaituko da.

Prentsaurrekoaren bideoa Aiurriren eskutik: https://www.youtube.com/watch?v=Ksd9cTncSd0

 

"Sahararen aldeko Euskal Karabana: piztu Itxaropena" urte berriarekin martxan jarri da beste behin. Janari bilketa honek Tindoufeko (Argelia) kanpamenduetan orain dela mende erdi baino gehiagotik nazioartetik jasotzen duten laguntzari esker bizi diren errefuxiatu sahararrentzako bideratuko da eta gutxienez kamioi bat, oinarrizko beharretarako produktuz bete nahi dute antolatzaileek.

Urtarrilaren 29tik, astelehena, otsailaren 2ra, ostirala, herriko eskoletan eta Udaletxearen arkupetan kokaturik dagoen Herritarren Arreta Zerbitzuko bulegoan jasoko da laguntza. Horrez gain, nahi duten herritarrak otsailaren 2an, arratsaldez, Tolosaldea Saharak Villabonako udalarekin batera antolatu duen bilketara hurbildu daitezke azukrea, arroza, pasta, lekak, olioa, atuna eta sardinak oliotan ekartzera, eta baita konpresak eta produktu higienikoak, eta eskolako materiala ere.

Txokolote katilu bat eskainiko zaie lehen aipaturiko produktuetako batetik kilo bat ekartzen duten guztiei Amasa-Villabonako Berdura Plazara.


Amasa Villabonako EH Bilduk bat egiten du Saharar herriari elkartasuna adierazteko ekimen honekin eta herritarrei dei egiten diegu ekarpena egin diezaioten karabana solidario honi. Zoritxarrez saharar herriaren egoera tamalgarriak bere horretan dirau eta urte luzetako sufrimenduak hor darrai. Marokoko erreinua da egoera honen erantzule nagusia baina ez dugu ahaztu behar espainiar estatuak, potentzia kolonizaztzaile gisa duen ardura historikoa. Beste behin, saharar herriak duen Autodeterminazio eskubidea defendatu nahi dugu, egoera bidegabe honek irtenbide arrazional eta demokratiko bat izateko modu bakarra baita. Sahara askatu! 

Kataluniar hauteskundeen ondoren, Euskal Herria Bilduk argitaratutako lehen balorazio azkarra:

Lehenik eta behin parte hartze ikaragarri handia azpimarratu behar da, 2015eko irailaren 27koen gainetik bost puntu gehiago igota %80,40raino. 

Indar bozkatuena Ciutadans izan da; historian lehenengo aldiz, bozka gehien jaso duen alderdia ez da tradizio katalanistakoa. 

Independentismoak gehiengo erabatekoa lortu du (70/135) eta hauteskundeak irabazi ditu praktikan, eta hori egin du presidentea atzerrian eta presidente-ordea espetxeratuta daudela. Ciutadans indar bozkatuena izanda ere, ez du garaipen horren kudeaketa eraginkorrik egiteko aukerarik izango. 

Emaitza hauek 155.aren aplikazioaren errefusa nabaria da eta urriaren 1eko Errepublikaren berreste politikoa suposatzen du emaitzak, hori guztia %80ko partehartzeak duen garrantziarekin. 

Datu horiekin gehiengo independentista lortzea lorpen handia da, eta 2015eko hauteskundeetan baina bozka independentista gehiago bildu bada ere (2.079.340 boto independentista izan ziren guztira), egia da independentismoa bozkatan irabaztetik urrun (47,5%) geratu dela. Independentismoak ezin du autokonplazientea izan. Azken hilabeteetan osatu den salbuespenezko egoerak hori baino askoz gehiago esijitzen zuen: herri bezala hauteskundeak abordatzea eta bototan ere irabaztea. 

Unionismoaren aktibazioa ikaragarria izan da. Botoemaile unionista abstentzionista hurbildu da bozkatzera; lehenengo aldiz botere espainolaren indarra ikusi du bere babesean, eta Ciutadansek lortu du hori guztia nukleatzea. 

Comunen emaitza txarra da zalantzarik gabe, jeitsierarako joera nabaria erakutsi dute. 11tik 8ra pasa dira eta iragan den legealdian zuten giltza erabat galdu dute, parlamentu berrian jokatzeko margenak erabat estu zaizkiela. Kolpe latzasuposatzen du ematza horrek Colau operazioarentzat, eta neurri batean, Podemosek estatuan pairatu dezakeen higaduraren iragarpena izan daiteke. 

CUPen jeitsiera nabarmena izan da 10etik 4ra pasatuta. Prozesu testuinguruan izandako portaerak faktura pasatu dio. CUPi bozka emandako askok oraingoan Puigdemontengana jo dute eta baita ERCren aldera, 140.000 bozka galduaraziz.Independentismoaren baitan emandako bozka utilaren fenomenoa pairatu du CUPek, eta gogora ekarri dezake 2001ean Euskal Herritarrok pairatu zuena (herri klabean emandako boto utilak boto ideolojikoa txikitu zueneko hura). CUPek aztertu beharko du bere posizioa eta independentismoaren ibilbide-orrian jokatu nahi duen papera zehaztu. Gainera, onerako (bide propioa jorratzeko askatasun gehiago) eta txarrerako (periferikoa izateko arriskua), CUPen bozkak ez dira beharrezkoak izango ekimen legegilerako Parlament berrian (JxCat+ERC=66; Cs+PSC+Comuns+PP=65; CUP 4). Inbestiduran ere abstenitzea aski dute Puigdemont ateratzeko bigarren bozketan. 

PPren hondamendia da hauteskunde hauetako berri onenetako bat. Ciutadans-ek eman dio hozkada ikaragarria eta horrela 155aren fakturaren ordainketa politikoa endosatu dio. Espainiako lehenengo alderdi politikoaren indarra hain da urria Catalunyan Parlament-ean ez sartzetik gertu geratu dela. Fenomeno honek gainditzen du Catalunyako agertokia eta Estatuan atentzio handiz irakurriko dute, bereziki PPtik.PPk 155.aren kanpainaz egiten ahal duen balantzea desastre xamarra da: partidua hondoratu dute, hori guztia C´s-en mesedetan oparitu; eta okerrena dena independentismoak gehiengo erabatekoari eutsi dio: porrot nabarmena.

Bereziki baloratzekoa da Puigdemontek egindako erremontada. Inbestidura bere esku dago, eta duen egoera ikusita, soka luzea ekarriko du prozesurako. Puigdemonten garaipena ona da prozesu klabean, zilegizko presidente bezala berresten du, 155ak bertan behera utzitako gobernuaren berrezartzea errazten du eta baitaziurtatu ere neurri handi batean Errepublikaren inplementazioa. Klabe partidistan irakurrita, bere apostu pertsonalaren garaipenak PDCaten berrosatzeko lidergoa eskaintzen dio (gogoratu JxCat ez dela zuzen-zuzenean PDCat), President-aren zerrenda baizik). Lortutako emaitzek, errestauratua izateko eskubidea eman dio Puigdemonti inongo zalantzarik gabe.

ERCkez ditu espektatibak bete; aurrikuspen hobeak zituen. Puigdemonten jokaldiak (JxCat) ez dio utzi bere potentzialitate osoa garatzen utzi eta independentismoaren lidergoa eskuratzetik urrun utzi du. Koalizioa berriro ez aurkeztearen prezio politikoa ordainarazi zaio ERCri, hots, prozesuaren emergentzia egoera baten aurrean interes partidisten arabera jokatu izanaren pertzepzioa.

PSC irrelebantzian geratzen da. Emaitzetan paretsu eta Ciutadans-ek bozka unionista biltzeko egindako apostuak janda neurri handi batean. Eta jakina, emaitza hauen irakurketa klabe espainolean txarra baina txarragoa da PSOErentzat.

Eta emaitzak aurrean ditugula, azken ideia batzuk:
Cs 36(25)
JxCat 34 (62JxSí)
ERC 32 (62JxSí)
PSC 17 (16)
Comuns 8 (11)
CUP 4 (10)
PP 4 (11)
- Urriaren 1eko Errepublikaren zabalpenak izan zuen etena eta gero, independentismoak hauteskunde hauek irabazi beharra zeukan etorkizuneko estrategia berria osatzeko eta ondorioz ibilbide-orri berria adosteko. Gehiengo hori lortu da inoizko parte-hartzerik handienarekin eta hori oso garrantzitsua da.

- Beraz, proba gainditu da baina independentismoak ezin du autokonplazentzian erori. Erronkak handiak dira; besteak beste unionismoaren indar nagusia den Ciutadans-en igoera kezkagarria da oso.

- Procés-aren bideragarritasuna auzitan zegoen momentuan, mamu hori despejatu du independentismoaren emaitza onak, ez dute akatzea lortu. Errepublikaren inplementazio prozesuak aurrera egin dezake. Orain adostu beharko da nola, norekin eta zer denboratan egiten den hori.

- Catalunyak jarraitzen du izaten Espainiaren problema nagusia, ez dute lortu 155aren erregimena egonkortzea.

- Unionismo metropolitanoa zen espainolen itxaropena; oraingoan erakutsi da ez dela nahikoa izan independentismoa gelditzeko.

 

EH Bilduko Eva Blanco legebiltzarkideak eta Karlos Ibarguren osasun arloko arduradunak Holandako Hilderverg hirira eraman dute Tolosaldeko osasun arretaren kasua:

Europako ezkerrak osasun publikoaren inguruko jardunaldiak egin ditu bertan, Europako Parlamentuaren jardunaren barruan, eta EH Bilduko kideek parte hartu dute gonbidatu gisa. EH Bilduk Tolosaldeak, gure eskualdeak, bizi duen egoeraren berri eman du jardunaldietan, osasunaren pribatizazioaren adibide ikusgarri gisa erakutsiz. Karlos Ibargurenek azaldu duenez, bereziki grafikoa eta larria da Tolosaldean gertatzen dena; Tolosaldea da Gipuzkoan eskualde bakarra ospitale publikorik ez duena eta Osasun sailak hutsune hori enpresa pribatu baten bitartez betetzen baitu.

Eva Blanco eta Karlos Ibarguren EH Bilduko kideak Hilderverg (Holanda) hiriko konferentzian

Horiek horrela, enpresa pribatu batek, Invizak kasu honetan, ospitale bat kudeatzeak «ondorio nabarmenak» dituela azaldu dute. «Asuncion klinikako langileen lan baldintzek atzera egin dute, material zein osasun azpiegituretan murrizketak egiteko arazorik ez dute, hizkuntza ofizialetako batek, euskarak, ez dauka besteak duen estatus bera...», esan du EH Bilduko kideak.

Osasun publikoa defendatzeko 2011n sortutako TOPA plataformaren lanaren berri ere eman dute eta bere eskaera eraman du jardunaldietara: «Jaurlaritzak Inviza enpresari bideratzen dizkion 20 milioi euro publikoak Jaurlaritzak kudeatzea zuzenean, bitartekaritza pribaturik gabe».

Gaurko jardunaldietan beraz, osasun arreta publikoa pixkanaka pribatizatzeak izan ditzakeen arriskuez hitz egin dute hizlariek. «Euskal adibide honekin batera Europako beste hainbat herrialdetan osasun publikoa defendatzeko sortutako herri mugimenduen kasuak aztertuko dira», gaineratu du EH Bilduk.

 

EH Bilduk ohartarazi du datorren urtean (2018an) Eusko Jaurlaritzak 2009an baino diru gutxiago izango duela eta baliabide finantzarioak handitzeko tendentzia zuzendu beharrean, PNV, PSE eta PPk egoera larriagotu egingo dutela enpresari handien zerbitzura egindako zerga erreformarekin.

Legebiltzarrak Jaurlaritzaren 2018ko aurrekontuak onartu ditu PNV, PSE eta PPren eskutik. Euskal gizartearen “eskuduntzak eta ahalmenak mugatu eta ezeztatzen” dituzten alderdien eskutik, alegia, Leire Pinedok (EH Bildu) salatu duenez. “Katalunia desinfektatu nahi duten eta han 155. artikulua aplikatzen duten alderdiek hemen autogobernua ukatzen dute; horiek dira PNVren aliatuak”.

bin 22914642 con 12206804 29423 11

Urkullu lehendakaria Idoia Mendia (PSE) eta Alfonso Alonso (PP) bere aliatuekin

Jaurlaritzak “langileen kontrako lan erreformak egiten dituen eta pentsioen sistema likidatzen ari den PPren babesa” bilatu du aurrekontuak onartzeko, baina aurrekontu horiek ez dituzte herritarren beharrak asebeteko. Besteak beste, 2018an Urkulluren Gobernuak 2009an baino 200 milioi euro inguru gutxiago izango dituelako eta horrek, jakina, murrizketak betikotzea ekarriko du, jendearen beharrak gaur 2009an baino askoz handiagoak direnean. Eta benetan larria den joera hori zuzendu beharrean, baliabide finantzarioak behar bezala handitzea ahalbidetuko lukeen zerga erreforma egin beharrean, PNV, PSE eta PPk kontrakoa egin dute, “gehien dutenek zerga gutxiago ordaindu dezaten, Jaurlaritzak ez duela dirurik gehiago egiteko esaten duen bitartean”.

DRpCg4gW0AAaW P

Leire Pinedo (EH Bildu)

Pinedoren iritziz, Jaurlaritza eta PPren arteko akordioak ez dio erantzuten interes orokorrari, ez da helburu horrekin pentsatutako estrategia edo irizpide baten ondorioa, eta horren froga dira PPk aurrekontuetan txertatu dituen zuzenketak, %90 nominatiboak baitira; hau da, dirua elkarte pribatuen poltsikoetara doa, klientelismo ariketa lotsagarri batean, edo PPk gobernatzen dituen udalerrietara, inolako estrategia orokorrik gabe. Are gehiago, lotsa erabat galduta, 200.000 euro PPren fundazioarentzat dira. Bada, “aurrekontuak baino gehiago, loteriaren zozketa dirudi”, EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan.

Hemen duzue Leire Pinedo EH Bilduko legebiltzarkidearen hitzak jasotzen dituen bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=J5ZuZ1e4aAo

 

EH Bilduk ohartarazi du kohesio soziala eta aukera berdintasuna arriskuan daudela etorkinak eta errenta txikiko familiak ikastetxe batzuetan pilatzen jarraituz gero. Arazo horren paradigma Gasteiz izanik, bertan adostutako neurriak Hezkuntza Sailaren matrikulazio dekretuan txertatzeko eskatu du.

EH Bilduk neurri sorta proposatu du gaur Legebiltzarrean eskola segregazioaren arazoa behingoz konpontze bidean jartzeko, horixe baita une honetan “hezkuntza sistemak dituen arazo handienetariko bat, etorkinak eta errenta txikiko familiak ikastetxe zehatz batzuetan pilatzeak kohesio soziala eta aukera berdintasuna arriskuan jartzen dituelako”, Rebeka Uberak eta Miren Larrionek ohartarazi dutenez. “Segregazioaren fenomenoak oinarri sozioekonomikoak ditu eta oso lotuta dago immigrazioarekin, baina ez bakarrik eta ez beti, eta Wert ministro ohiaren bi abiadurako hezkuntza sisteman sakontzea dakar”. Arazoak kezkatuta, EH Bilduk legez besteko proposamena erroldatu du gaur bertan konponbideak mahai gainean jartzeko, bi aste barru 2018-2019 ikasturterako matrikulazio epea irekiko denez, une egokia delakoan.

Ubera eta Larrionen iritziz, Gasteiz da eskola segregazioaren paradigma, eta hori ez da kasualitatea. Izan ere, Gasteizen pobrezia errealean bizi diren adin txikikoen portzentajea %8tik %19ra igo da 2008tik 2016ra bitartean, eta “baldintzak sortzen ari dira ekaitz perfektua gertatu dadin eta kohesio sozialak eztanda egin dezan”. Hala, ikastetxe batzuek ez dute auzoko errealitate sozial anitza islatzen, auzoetan etorkinen populazioa gehienez %17koa bada ere, eskola batzuetan etorkinak %80-90 direlako, eta horrek zentro horien estigmatizazioa ekarri du. EH Bilduko legebiltzarkideek azaldu dutenez, eskola segregazioaren arazoa orokorra da, baina Gasteizen bereziki gordina da eta gordintasun horrekin sistema osora hedatzeko arriskua dago Hezkuntza Sailak ez duelako jakin fenomeno horri aurre egiten.

Miren Larrion eta Rebeka Ubera legebiltzarkideek aurkeztu dituzte EH Bilduren proposamenak 

Arazoa konpontzea du xede, beraz, koalizioaren proposamenak, bermatzeko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxe guzti-guztiak kalitatezkoak eta inklusiboak direla. Proposamenaren oinarria, hein handi batean, Hezkuntza eta Aniztasuna Mahaiak Gasteizen egin zuen lana da, bertan hezkuntza sistemaren parte diren eragileek hartu beharreko neurriak adostu zituztelako, “eta adostasuna erabatekoa izanda, logikak dio orain neurri horiek aplikatu behar dituela Hezkuntza Sailak”.

Hori horrela, EH Bilduren ustez, premiazkoa da tokian tokiko eskolaratze bulegoak sortzea matrikulazio prozesu osoa kudeatzeko, matrikula bizia barne, hau da, behin ikasturtea hasita iristen diren ikasle berrien matrikulazioa. Halaber, aniztasun handia duten ikastetxeetan Hezkuntza Sailak esfortzu handiagoa egitea ezinbestekoa da, bertako proiektua indartuz, ratioak jaitsiz, baliabide gehiago emanez eta irakasleen prestakuntza eta egonkortasuna hobetuz. Hirugarrenez, auzoko eta hurbileko ikastetxeak indartzea proposatu du EH Bilduk, ikasleak auzoan bertan matrikulatzeak aurrerapauso handia litzatekeelako. Laugarrenez, Jaurlaritzak doakotasuna bermatu behar du derrigorrezko hezkuntzan eta, oso garrantzitsua ere bai, 0-2 urteko etapan.

Neurri horiek guztiak, besteak beste, gauzatu ahal izateko, Rebeka Uberak eta Miren Larrionek Hezkuntza Sailak hil honetan onartutako matrikulazio dekretua bertan behera uztea proposatu dute, aldaketa horiek –hezkuntza komunitatearekin adostuta– txertatzeko, dekretua bere horretan mantentzeak oraingo egoera betikotuko lukeelakoan.

Gabonetako kanpainaren baitan, Oria merkatarien elkarteko kideen eskutik, haur eta gaztetxoentzako atrakzio eta jolasak zabalduko dira Txistulari eta Errebote plazetan.

Txikiparka jarri dute Txistulari plazan eta auto-txokeak eta karrusel barraka jarriko dituzte Errebote plazan. Bestalde, Villabonako Gaztelekuarekin elkarlanean, Gabonetako tailerrak ere antolatu dituzte:

Abenduak 22, ostirala 17:00-20:00.
Abenduak 27, asteazkena 17:00-20:00.
Abenduak 29, ostirala 11:00-13:00.
Urtarrilak 2, asteartea 17:00-20:00.
Urtarrilak 4, osteguna 11:00-13:00.
Egunero hiru tailer desberdin eskainiko dira: eskulanak, mugimendu jolasak eta margoketak. Leku edo plaza mugatuak daude: 16 ume talde bakoitzeko.

Bestalde, abenduaren 27an 'Liburu bat, mundu bat' ipuin kontaketa musikatua eta eskulana ere izango dira, berdintasuna eta jatorri aniztasunaren inguruan. 11:00tan Mintzola etxean. 2-8 urte arteko haur eta gurasoentzat. Ez da beharrezkoa aurrez izena ematea.

EH Bilduk ohartarazi du AHTak ez duela merkantzien arazoa konponduko eta 15.000 euro kostatuko zaiola gainera euskal familia bakoitzari.
Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak gezurra esatea egotzi dio Jaurlaritzari, ez delako egia merkantzien garraioa bermaturik dagoela. “AHTak ez ditu arazoak konpontzen eta diru xahuketa izugarria izaten ari da bere osotasunean”.

EH Bilduren iritziz, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuaren eta Iñigo de la Serna Sustapen ministro espainolaren arteko bilerak argi utzi du “Abiadura Handiko Trenaren proiektua, bere osotasunean, diru xahuketa dela eta, gainera, ez dituela garraio arloan ditugun arazoak konpontzen”. Mikel Oterok adierazi duenez, “lehentasunak bestelakoak dira eta proiektua berriz pentsatzeko unea iritsi da, beste herrialde batzuetan egin duten moduan”.

20170314 Mikel Otero bis

Mikel Otero, Gasteizko legebiltzarrean egindako agerraldian

EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du instituzio publikoek 10.000 milioi euro inguru gastatu beharko dituztela proiektua amaitzeko. “Horrek esan nahi du euskal familia bakoitzari AHTa 15.000 euro kostatuko zaiola gutxi gorabehera, eta gastu hori ez da justifikatzen, inondik inora, ustez aurreztuko dugun denborarekin. Nork ordainduko ditu 25-30 euro, edo gehiago, Gasteiztik Bilbora joateko 20 minutu lehenago iristeagatik, autobusez joanez gero sei euro bakarrik kostatzen bazaio?”.

Eta hori guztia salgaien garraioaren arazoa konpondu gabe, gainera. Oteroren hitzetan, “argi geratu da Gasteiz eta Burgos arteko AHT lineak ez dituela merkantziak eramango eta Euskal Y-a moztuta geratzen dela”. Hori dela eta, egia ez esatea leporatu dio Jaurlaritzari. Izan ere, “egiari muzin eginez, Arantza Tapiak kontrakoa esan zuen. Jaurlaritzarentzat merkantzien garraioa bermatzea abiadura baino garrantzitsuagoa dela esan zuen, eta horrekin ados egon gaitezke, baina Espainiak hori bermatu duela esaten duenean ez du egia esaten, ministroak berak kontrakoa esan zuelako. AHTak ez du salgairik garraiatuko Burgosera, eta salgaien garraioa existitzen ez den proiektu baten baitan geratzen da”.

Horren haritik, EH Bilduko legebiltzarkideak gogorarazi du Euskal Y-a abiadura handiko sare espainolean txertaturik dagoela eta horren araberakoa dela; hau da, bidaiariak garraiatzeko bakarrik pentsatuta dago, munduan zehar biztanleko kilometro gehien dituena eta gutxien erabiltzen dena da.

Azken hilabeteetan, bereziki pasa den ekainaren 17an Bilboko Euskalduna jauregian Euskal Herria Bilduren lehen kongresua egin zenetik, Amasa Villabonako EH Bilduren zabalpen eta berregituraketa lanetan aritu gara. Dagoeneko EH Bildu ez da lau alderdi politikok osatutako koalizio soil bat, izaera propioa duen subjektu politiko berri bat baizik. Aipatutako kongresuan, EH Bilduren zuzendaritza eta barne organo guztien osaketa erabaki ziren, prozedura garden eta erabat demokratikoen bidez (kongresua.ehbildu.eus atarian izena eman nahi izan zuten pertsona guztiek bozkatu ahal izan zituzten aurkeztutako hautagaiak) eta bertan hasi zen Euskal Herria Bildu zabal eta irekiago bat sortzeko ibilbidea. EH Bildu gehienbat erakunde edo instituzioetarako tresna izatetik, herri eta auzoetan presente egotera eta herritarrekin eskuz-esku lan egingo duen eragile politiko indartsu eta eraginkor bat izatera pasako da.   

Amasa Villabonan ere zabalpen eta eraberritze prozesua garatu dugu, jendearekin lasai hitz egiten, gogoeta zein iritziak jasotzen, antolaketa eta funtzionamendurako proposamen ezberdinak eztabaidatzen... aritu gara, eta datorren abenduaren 20an egingo dugun Herri Batzar irekian, egindako lanaren emaitza aurkeztuko dugu.

EH Bildu da Amasa Villabona ezkerretik eta modu parte hartzaile, demokratiko, garden eta herrikoi batetik eraikitzeko alternatiba bakarra. Herritarrekin eta herriko elkarte eta eragileekin batera, Amasa Villabona justu, solidario eta aurrerakoi bat eraiki nahi dugu, gure herrikideen bizitza kalitatea hobetzeko eta jendeak bere oinarrizko beharrak aseta izanik, ahalik eta alaien bizitzeko helburuarekin. 

Horretarako ordea, militantzia lana eta konpromiso pertsonal eta kolektiboak hartzea behar beharrezkoa izango da eta zorionez, asko izan dira Euskal Herria Bildun bere ekarpena egiteko prest agertu diren herritarrak. Eskerrak eman nahi dizkiegu gurekin modu batera edo bestera lan egiteko prestutasuna azaldu duten amasa billabonatar guztiei.

Gauzak horrela, egindako lanaren fruituak aurkezteko garaia heldu da eta horixe izango da Herri Batzar honetan egingo duguna; Amasa Villabonako EH Bilduren egitura eta antolaketa berria azaltzea, urteko plangintzaren ezaugarri nagusiak konpartitzea eta aurrera begira izango ditugun erronka nagusiak mahai gainean jartzea.  

Anima zaitez zu ere, EH Bildurekin gure herriaren etorkizuna zuk erabaki dezakezu eta!

kartela2

Herri Batzarreko dialdia egiteko argitaratu dugun kartela

Urtarrilaren 23tik otsailaren 2ra ekintza ezberdinak antolatu dituzte Fleming ikastetxean. Kirola, kultura eta jaia bateratuko dituzte aste osoan zehar:

Urtarrilak 23, asteartea

15:00, Herri kirolak herrian barrena.

Urtarrilak 24, asteazkena

17:30, Funky-a. Gurean

18:00, Izen, webgune, logo eta spot berriaren aurkezpen ekitaldia. Gurean

Ondoren, ipuin kontalaria. Gurean

Urtarrilak 25, osteguna

11:00, Aiton-amonak kontu-kontari, Arroako eraikinean.

Urtarrilak 26, ostirala

17:00, Danborrada Arroatik hasita

Ondoren, buruhandi eta erraldoiak.

Eskola afaria Zentroan.

Urtarrilak 27, larunbata

11:00 eta 12:30, Ate irekiak Arroan.

Urtarrilak 29-Otsailak2

10:00-11:00, Bisita gidatuak Arroan.

Fleming bizirik

Fleming ikastetxeak argitaratu duen kartela, egitarau osoarekin.

 

Gurasoen eta haurren artean euskararen erabilerak gora egiteko helburuarekin astebetez, euskaraz bakarrik jarduteko konpromisoa hartu dugu Fleming ikastetxeko gurasoek. Erronka horretan parte hartu nahi duten gurasoei arropan jartzeko txapak doan banatu zaizkie.

IMG 0479 1

 

IMG 20171127 WA0014 content

 

IMG 20171129 WA0032 content

Aurten urteurren borobila ospatuko du Loatzo musika eskolak. Hamabost urte dira Aduna, Altzo, Alegia, Anoeta, Irura, Ibarra, Villabona eta Zizurkilgo herrietan musika ikasketak eskaintzen hasi zirela. Urteurrena gogoan, agerraldia egin zuten Loatzoko kideek eta ospakizunak iragartzeko:

Prentsa agerraldian jakinarazi zutenez, "Euskal Herriko Musika Eskolen elkarteko pisuzko kide izatera iritsi da Loatzo. eta momentu honetan, 566 herritarrek musika hezkuntza integral, osoa, anitza, integratzailea, euskal kultura oinarri duena baina munduko beste kulturei irekia..., jasotzen duen gune bihurtu da".

"Horretara iristeko dedikazio et lan handia egon badira ere, bada funtsezko izan den zerbait: Loatzo Mankomunitatea osatzen duten Udalen jarrera eta borondatea. Lantalde honen izenean, ez dugu esker oneko hitzik besterik proiektua babestu, bultzatu eta egun garen hau izatera iristen lagundu gaituzten udalentzat", azaldu zuten.

Loatzoko kideek jakinarazi zutenez, "bide guztiek bezala, honek ere izan ditu gora eta beherako aldapak. Hala ere, aldapa guztien gainetik dago jasotako uzta: musikari profesionalak, musika talde, musika ikasle eta batez ere, musika zale ugari. Gure herri honetatik hasi, eta Finlandiako azken muturrerainoko tartean banatuta geratzen diren hainbat musikari eta musika kide".

Loatzoren 15. ikasturtea ekintzaz beterik dator:

1- Xexili egunean, herri guztietako kaleak doinuz bete zituzten, ikasle guztien parte hartzearekin.

2- Gabonetan, herri bakoitzeko emanaldiez gain, Bandaren emanaldia eta Olentzeroren etorreretako doinuak.

3- Kalderero, Santa Ageda eta Tolosako Iñauterietan parte hartzea.

4- Topaketak: Saxofoiak, zeharkako flautak, tronboiak, eskuzoinuak, trikitixak... beste herrietakoekin batera arituko dira udaberrian.

5- Instrumentu guztien audizioak, herri guztietan.

6- Usurbilgo Musika eskolarekin elkartrukea, martxoa-apirilean.

7- Arenys del Mar-era joango dira Loatzoako pianistak, klarinete, biolin eta flautako ikasleak.

8- Herri Urrats-en kontzertua eskainiko dute, lehen aldiz.

9- Ikasturte amaierako emanaldiak, herri guztietan.

 

EH Bilduko Legebiltzarreko taldeak, Jaurlaritzaren aurrekontuei hobekuntza ugari planteatu dizkie, 222 milioi suposatuko lituzketen aldaketak, eta 68 milioi gehiago proposatu ditu konpromiso kredituen bidez. Hobekuntza hauek mahai gainean jartzerakoan, EH Bilduk lehentasuna eman die enpleguari, industriari, hezkuntzari, osasunari eta herritarren babes sozialari.

Duela egun batzuk iragarritako osoko zuzenketarekin batera, EH Bilduk zatikako 880 zuzenketa partzial aurkeztu ditu Jaurlaritzaren 2018ko aurrekontuak hobetzeko asmoz. Guztira, 222 milioi euro beste modu batean erabiltzea proposatu du, baita beste 68 milioi konprometitzea ere datozen urteotan enplegua, industria eta Ikerketa eta Garapen (I+G) politikak indartzeko.

Iker Casanovak legebiltzarkideak azaldu duenez, zuzenketa horien bidez EH Bilduk lau arlo lehenetsi ditu nagusiki. Lehenik eta behin, enplegua eta industria, arlo horietan 100 milioi gehiago inbertitzea proposatzen du EH Bilduk, industria funtsa sortzeko, krisiaren ondorioak gehien pairatu dituzten zonaldeak suspertzeko eta Ikerketa eta Garapena bultzatzeko.

Beste hiru ardatz nagusiak dira hezkuntza (44 milioi gehiago galdutako lanpostuak berreskuratzeko eta berriak ere sortzeko, azpiegiturak hobetzeko, haurreskoletan doakotasuna hedatzeko eta Unibertsitate Publikoaren finantziazioa igotzeko), osasuna (36 milioi gehiago lantaldeak indartzeko, ekipamenduak hobetzeko eta itxaron zerrendak murrizteko) eta babes soziala (50 milioi gehiago pentsiodunei, iraupen luzeko langabetuei eta gizarte larrialdiei erantzun egokia emateko). Halaber, EH Bilduk proposatu du Gobernu espainolarekin hitzarmen berria sinatzea orain Abiadura Handiko Trenera bideratzen diren 156 milioiak benetan beharrezkoak diren azpiegituretan inbertitzeko, trenbide, portu eta aireportuetan behar diren hobekuntzak egiteko.

Iker Casanovak azpimarratu du koalizioaren zuzenketek frogatzen dutela “gauzak beste modu batean egin litezkeela, Jaurlaritzak ausardia eta ikusmen estrategikoa izango balu”. Tamalez, erantsi du, ez da horrela, Urkulluren Gobernuak “egonkortasuna paralisiarekin nahasten duelako, errealismoa konformismoarekin”. Horren emaitza dira aurkeztu dituen aurrekontuak, “txarrak, nahikoa diru ez dutenak, ikuspegi estrategikorik gabekoak”. Casanovak salatu duenez, Lakuako aurrekontuak “akordio politiko txar baten ondorio dira, prozesu birzentralizatzaile batean dauden eta demokrazia zapaltzen ari diren 155. artikuluko alderdiekin egina”. Are gehiago, 2018 aurrekontuetan dago “etorkizuneko aurrekontu txarren jatorria, akordio horren atzean eskuineko kontrarreforma fiskal atzerakoi bat dagoelako, eta horrek behar diren diru-sarrerak ez lortzea ekarriko du”.

 

Azken asteetan Asuncion klinikako langileak protesta ekimen ugari egin dituzte (auto karabanak, kontzentrazioak...) lan baldintza duinak bermatzeko hitzarmen bat eskatuz. ELA eta LAB sindikatuen babesarekin, langileek pairatzen duten prekarietatea salatzen ari dira eta negozioazio mahaian eseri dadila exijitzen diote klinikako zuzendaritzari.
Pasa den abenduaren 10ean Tolosako erdiguneko kaleak zeharkatu zituen manifestazio batekin biribildu dituzte aldarrikapen hitzordu guztiak.

IMG 5839 contentManifestazioaren hasiera Tolosako udaletxe plazatik

Bi egunez luzatu zen grebari amaiera emateko manifestazioa izan zen eta langileez gain, dozenaka herritar batu ziren euripean egin zen mobilizaziora. Asuncion klinikako langileek zuzendaritzarekin soldata igoerak, lan baldintza duinagoak eta egonkortasuna negoziatu ezinak eraman ditu mobilizatzera.
2017a amaitu aurretik, joan den abenduaren 28an, Inviza SA enpresa kudeatzaileko zuzendaritzak bilera batera deitu zituen langile batzordeko kideak: «Guk egin dizkiegun bi eskaera nagusien inguruan hitz egin nahi izan zuten: baldintzez eta soldatez. Ordea, zuzendaritzak eskaini ziguna ez da nahikoa», azaldu du Arantxa Errondosoro langile batzordeko kideak.
48 orduko greba hasterako gutxieneko zerbitzuen kudeaketa salatu bazuten ere, Asuncion klinikako langileak pozik geratu dira lanuzteak izan duten jarraipenarekin, eta baita manifestaziorako deiak izandako zabalkundearekin ere. Behin mobilizazioak amaituta, deialdi guztien balorazio bat egingo dutela azaldu zuten, aurrera begira zer egin erabakitzeko.

Tolosaldeko EH Bilduk lengileen aldarrikapenekin bat egin du

Osasun publikoaren eta langileen eskaeran aldeko ohar hau kaleratu genuen pasa den astean:

DTF2lypXcAAQKJn

Iazko ikasturteko mobilizazio eta hiru greba egunei jarraituz, oso jarraipen zabala izan du EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko irakasleen grebak. Iazko grebek baino oraindik ere jarraipen zabalagoa izan du abenduak 30eko deialdiak. Grebara deiturik zeuden 26.000 langile ingurutik %70 baino gehiagok egin du greba. Jarraipen bereziki handia izan du Haur eta Lehen Hezkuntzan. Grebarekin bat eginez milaka lagun irten da kalera Hezkuntza Publikoan egun bizi dugun egoera salatu, gure aldarrikapenak plazaratu eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari ere, egoerari konponbidea emango dion edukiz beteriko benetako negoziazio prozesu bat gara dezan eskatzeko.

Hauek dira, lan-baldintza hobetu eta hezkuntza publikoak dituen beharrei erantzun eta garatzeko LAB, ELA eta STEILAS sindikatuek behin eta berriro mahai gainean jarri dituzten aldarrikapenak:

• Egun BPGren %3,5eko den Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza inbertsio publikoa handitzea gutxienez Europar Batasuneko bataz-bestekoa ezarriz eta progresiboki UNESCOk gutxienekotzat jotzen duen %6ra iritsiz.

• Azken urteetan eman den matrikulazio igoera, lan-kargen handitzeari eta ikastetxeen behar izanei aurre egiteko plantilak gutxienez 1.800 langiletan handitu.

• Egun %38koa den behin-behinekotasuna, %6ra murriztu. Horretarako 6.000tik gora lanpostu egonkortuz kolektibo ezberdinetan.

• Ikasle-ratioak %10 murriztea. • Soldata murrizketa eta %15 murriztu den irakasleen eros-ahalmena berreskuratzea
(gutxienez 32.500 €ko galera metatua 2009tik Haur eta Lehen Hezkuntzan eta 41.100 € Bigarren Hezkuntzan).

• Egun kasu askotan astebetera atzeratzen diren ordezkapenak lehen egunetik egitea kidego guztietan.

• Bajak zigortzeari utzi eta lehen egunetik bere osotasunean ordaintzea.

• Erretiroa errazteko eta laguntzeko neurriak berreskuratzea.

• LOMCE Euskal Herriko gure ikastetxeetatik ateratzea eta honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea.

• Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea, egungo desorekak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin (kohesio soziala, integrazioa,
aniztasuna, berdintasuna, hezkidetza oinarri).

• Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko euskarazko murgiltze eredua garatzea.

• Balizko Hezkuntza legearen aurrean sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarron parte hartzea eta iritzia aintzakotzat hartzea.

Orain arte Eusko Jaurlaritzak ez du proposamen hauen inguruko benetako negoziazio asmorik agertu. Azken asteetan, propagandaz bildurik plazaratu dituzten aurrekontu egitasmoek, ez dute ez Irakasleentzat ezta borrokan dauden hezkuntza publikoko gainerako sektoreetan ere, egungo egoerari irtenbidea emateko inolako neurririk jasotzen.

Hezkuntza Sailari irakasleon eta Hezkuntza Publiko osoaren egoeraren larritasunari eta gure aldarrikapenei erantzungo dien negoziazioa abian jar dezala eskatzen diote irakasleen gehiengo zabalaren ordezkariak diren ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek. 

2017. urtean Gipuzkoan, Tolosaldean eta Amasa Villabonan langabeziak behera egin badu ere, ezagutu ditugun azken datuen arabera (207ko azaroa eta abendua) Amasa Villabonan langabezia zertxobait igo egin dela ikusi dugu. Azaroan langabezia tasa %10,9an zegoen eta abenduko datuetan %11,56ra igo da. Ez da igoera izugarria izan, baina azken hilabeteetako beherako tendentziarekin amaitzen du eta hori kezkagarria da.

Tolosaldea eta Gipuzkoako bataz bestekotik gora 

Gure eskualdeko eta Gipuzkoako langabezia tasak %9,7 eta %9,8an daude hurrenez hurren eta beraz, Amasa Villabonako tasa (%11,56) hauen gainetik kokatzen da. Honakoa ere ez da datu positiboa. Gainera langabezia datu errealak aipatutakoako baina handiagoak izaten dira beti, lanik gabe dauden pertsona ugarik ez baitute Lanbiden izenik ematen. 

Lanpostu berrien kalitate eskasa

Azken urteetako joera orokorrari jarraituz, nabarmena da egun sortzen diren lanpostu berrietan tenporalitatea dela nagusi eta lanpostu finkoak gero eta gutxiago izaten direla. Sindikatuak urteak daramatzate egoera hau salatzen. Horrek langileen artean ziurgabetasun handia sortzen du, aldi baterako lanpostuekin etorkizuna planifikatu ahal izatea eragotziz. Honekin lotuta, lan baldintzak ere okerrera doazela ikusten ari gara; gero eta gehiago dira hitzarmen kolektiborik gabeko sektoreak eta lanpostuak, orokorrean soldatak ere ez dira prezioen maila berean igotzen (jendearen eroste-halamena murriztuz), lanpostu askotan lan ordu kopurua ere oso irregularra izaten da... Guzti honek lanpostu gero eta prekarioagoak izatea dakar eta honek asko arduratzen gaitu. 

Tolosaldeko Galtzaundi euskara elkarteak deituta, eskualdeko 28 herrietan egitasmo bateratua egingo da aurtengo abenduaren 3an. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko zubia izantea da aurtengo Euskararen Egunarekin lortu nahi den helburua.

Tolosaldean, 28 herriek eskutik plazaratuko dute, Euskararen Nazioarteko Eguneko gogo eta aldarria: Tolosaldean euskarak 365 egun!!

Plaza bete desio, leloaren letra bana irudikatu beharko du herri bakoitzak, eskualdea talde eginez: "Elkarlanerako prestutasuna azaldu eta zabaldu nahi dugu, auzolanerako gogoa. Euskararen arnasgune izan nahi dugu, eta hori ez da gutako bakoitzak bakarrik egin dezakeen zerbait. Argi daukagu herri guztiok batera aritu behar dugula lan horretan ere: ahulak gara bakarka, baina, elkarrrekin, indartsuak".

DP4cAk1WsAEh8fs

Tolosan egindako agerraldian, Tolosaldeko ia 28 herrietako ordezkariak izan ziren (Amasa Villabonako udal gobernuko ordezkaririk ez zen izan), datorren iganderako deialdia iragartzeko. Izan ere, urte osoan barrena euskara hutsean bizitzeko gogo horretara bidea elkarrekin egin nahi dute, norbanako, talde antolatu, gizarte eragile nahiz udalek: "Indar berezia eman nahi diogu egitasmo honi, eta ez dugu aurtengo Euskararen Eguna egun bakarreko jaian geratzerik nahi. Seguru aski, gure herrietan posible da, egunero, urteko 365 egunetan, ia ordu guztietan euskaraz bizitzea. Baina guk bi gauza lortu nahi ditugu: batetik, ahal dutenak horretara jartzea eta, bestetik, horretarako zailtasunak dituztenen kontzientziak astintzea".

Horrela beraz, Galtzaundi Euskara Taldeak jarduera bateratu horretan parte hartzera deitu nahi izan ditu Tolosaldeko herritarrak.

Amasa Villabonan, 11:00etatik aurrera Errebote plazan:

Mekanismoa sinplea izango da. 11:30etan jendea bilduko da plazan, ondoren, Galtzaundi elkarteak egindako adierazpena irakurriko da. 12:00etan berriz, dagokion letra edo puntuazio hizkia gorpuztu beharko du herri bakoitzak. Amasa Villabonan 3 zenbakia osatu beharko dugu plazan elkartuko garen pertsona guztien artean. Ondoren, argazkia aterako da eta Tolosaldeko herri bakoitzeko argazkiak bateratuta, aipatutako "Tolosaldean euskarak 365 egun" leloa osatuko da.


Amasa Villabonako EH Bilduk erabat babesten du ekimen hau.

Guk ere euskaraz bizi nahi dugulako eta prest gaudelako norabide horretan konpromiso pertsonal eta kolektiboak hartzeko; gure jardun guztietan euskarari lehentasuna emateko, gure herria berreuskalduntzeko bidean neurriak hartzeko, hizkuntza politika eraginkorrak martxan jartzeko, euskara ikasteko doakotasuna bermatzeko, euskalgintzarekin elkarlanean aritzeko etab. Galtzaundik mahai gainean jarritako leloak dioen bezala, urteko 365 egunak izan behar baitira euskararenak. Azkenik, ekimen honetan parte hartzeko deia luzatzen diegu herritar guztiei. Anima zaitezte! 

 

Tortura erabaki politiko baten fruitua izan dela eta torturatzaileen zigorgabetasunaz ohartarazi du. Giza eskubideen urraketan dituen ardurak hartzeari uko egitea egotzi dio  EH Bilduko bozeramaileak PSE-EE alderdiari.

EH Bilduren iritziz, 4.000 tortura kasu baino gehiago egiaztatu dituen Jaurlaritzaren txostena “lan izugarria da, torturaren tragediaren ezbairik gabeko erradiografia bat”, Julen Arzuagaren esanetan. EH Bilduren legebiltzarkideak adierazi duenez, txostenak ekarri beharko luke, batetik, Justizia espainolaren funtzionamendua berraztertzea eta, bestetik, ardura politikoak hartzea, baina, baita ere, biktimak aitortzeko eta erreparatzeko mekanismoak ezartzea, porrota bailitzateke hori egiteko bide bat ez aurkitzea.

arzuaga

Julen Arzuaga, EH Bilduko legebiltzarkidea eta Askatasun Demokratikoen idazkaria

Arzuagaren ustez, aurkeztutako txostenak agerian utzi du “zigorgabetasunaren dimentsioa”, torturatzaileak oso kasu gutxitan atera direlako kondenaturik eta, hala gertatu den apurretan, Gobernu espainolak ia beti indultatu eta sarritan saritu ere egin izan ditu. Horren haritik, EH Bilduko legebiltzarkideak salatu zuenez “tortura Auzitegi Nazionalak homologatutako metodoa izan da zigorrak ezartzeko, haren helburua ez zelako egia judiziala bilatzea, zigortzea baizik; txostenak, beraz, behartzen gaitu Justizia espainolaren kalitatea eta funtzionamendua berraztertzera”.

Txostena irakurrita, “tortura kasuak ez direla egitate isolatuak izan, erabaki politiko baten fruitua baizik” ondorioztatu zuen Arzuagak, eta, beraz, “txostenak tortura praktikatu duten polizien arduradun politikoak inplikatzen eta seinalatzen ditu”. Horri jarraituz, lotsagarritzat jo du PSEk emandako erantzuna, “distantzia jarri nahi izan duelako torturan dituen ardurak bere gain ez hartzeko; PSEk ez du bortizkerien eta urraketen unibertso osoa onartu nahi, horrek beren erantzukizuna onartzea ekarriko lukeelako. PSEk dena kondenatzen du inolako erantzukizunik ez hartzeko, eta kontakizuna du helburu bakarra, baina txosten honek azalarazi duen errealitateak itsusi uzten du PSEren kontakizuna”. Lakuan PSE PNVren gobernukidea dela kontuan hartuta, Arzuagak galdetu zuen ea non dagoen orain “Jaurlaritzaren zoru etikoa, PSEk torturari buruz esandakoak esanda”.

 

Azken zazpi urteotan puztutako burbuila lehertzear da Tolosako Asuncion klinikan. Langile batzordeak grebak eta lanuzteak iragarri ditu datozen asteetarako, klinikako zuzendaritzaren aldebakartasuna eta langileen egoera prekarioa salatzeko. Horrela, lehen mobilizazioa datorren larunbatean izango da, abenduaren 2an, 12:30etan Triangulo plazan  egingo duten elkarretaratzea. 

ELA eta LAB sindikatuetako kideez lagunduta, klinikako langileek prentsaurrekoa egin dute Tolosan. Pasa den azaroan klinikako zuzendaritzarekin izandako bilera izan zuten hizpideetako lehena: «Negoziazio mahaira deitu gintuzten eta, azaldu, enpresak ez duela negoziatzeko asmorik; informazio bilera baino ez zela izango esan zuten». Horrela, Asuncioneko buruek soldaten igoera %1ekoa izango dela jakinarazi zieten langileei, 2016ko KPIa %1,6koa izan zen arren. Sindikatuek aldebakartasunez jokatzea egotzi diote zuzendaritzari eta, azken zazpi urteotan galera ekonomiko handiak izan dituztela salatu zuten, soldatak izoztuta eduki dituztelako: «Oinarrizko soldatan 3.000 eta 5.000 euro arteko galerak izan ditugu», azaldu dute Ainhoa Ortizek (LAB) eta Isabel Descalzok (ELA). 

Gatazka, ordea, hileroko ordainsarien igoeraz harago doa. Langile batzordeak salatu duenez, urtean 1.670 orduko lan-jarduna osatzen dute, oso urrun daude asteko 35 orduetatik eta 2010. urteaz geroztik, ez da murriztu Asuncion klinikako langileen lan-jarduna.

Horrekin batera, pertsonal falta, kontratazioetako irregulartasunak eta eguneroko lan-kargaren handitzea bizi dituztela azpimarratu dute langileek, prekarietate sistematikoan bizi direla salatuz. 

Gaur egun, Asuncion klinikak 65.000 herritarri zerbitzu ematen die; Tolosaldeko 28 herriekin batera, Legorreta eta Andoain ere hartzen ditu. 330 langile baino gehiago aritzen dira bertan, eta kontzertazio bidez funtzionatzen du ospitaleak: Inviza S.A.ren (klinika kudeatzen duen enpresa) eta Osasun Sailaren arteko hitzarmen ekonomiko baten bitartez.
Datuok mahai-gaineratuz, Asuncioneko langile batzordeak klinikako zerbitzuak gain behera doazela adierazi du, eta duela gutxi mediku traumatologoekin gertatu dena plazaratu dute. TOPA koordinakundeak berriki jakinarazitakoaren bidetik, Asuncioneko 4 traumatologok klinika utzi dute. Ez dituzte ordezkatu, nahiz eta, gaur egun, klinika horretan, traumatologiako 6,5 espezialistak aritu beharko luketen. Ondorioz, itxaron-zerrenda luzatzen ari da, eta traumatologiako larrialdi kirurjikoak Donostia Ospitalera bideratzen ari dira egunotan.

ELAk eta LABek izen-abizenak jarri nahi izan dizkiete egoeraren arduradunei, eta fokua jarri diete Jesus Gomez Montoya Invizako buruari eta Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuari: «Egoera honen ardura beren gain hartzeko eskatu nahi diegu. Asuncion klinika kontzertatua da, eta 65.000 pertsonaren osasuna klinikaren esku dago. Horregatik, Montoya arduraduna da, eta Darpon konplizea».

Nahikoa da! esateko unea:

Arazo eta egoera eskasen errenkada horrek, krisi egoera eragin du langileen artean eta azaroaren 20ko langileen batzarrean erabakitakoa aitzat hartuz, mobilizazio eta lanuzteak egitea erabaki dute. Larunbatean bertan ekingo diote salaketa-agendari, eta elkarretaratzea egingo dute, 12:30etik 13:30era, Trianguloan. Abenduaren 13an, 4 orduko lanuztea egingo dute, 08:00etatik 12:00etara, eta elkarretaratzea 15:15etik 16:15era bitarte. Abenduaren 20an, berriz, egun osoko greba deitu du langile batzordeak, eta kotxe karabana egingo dute, abenduaren 27an, 18:00etatik 19:00etara bitarte. Azkenik, bi eguneko greba egiteko asmoa azaldu dute, datorren urtarrilaren 8an eta 9an.

Aspalditik datozen arazoak

Asuncion klinikako langileen soldatena ez da gaurko kontua. 2013. urteko maiatzean, Inviza-k soldatak jaisteko asmoa iragarri zien langileei; batez beste, hileroko ordainsariak %4,2 eta %7 artean murriztu nahi zituen zuzendaritzak. Argudiatu zutenez, erabakiaren atzean zegoen, Asuncion klinikaren eta Osasun Sailaren arteko hitzarmenaren beherakada ekonomikoa.
Negoziazioek huts egin zuten, eta langileek salaketa jarri zioten Invizari, enpresaren fede txarra eta soldatak jaisteko argudio falta salatuz. Horrenbestez, 2013ko urrian, epaileak langileen aldeko ebazpena idatzi zuen, Asuncion klinikako langileen baldintzak lehengora bueltatzeko aginduz.


Amasa Villabonako EH Bildutik Asuncion klinikako langileen aldarrikapenak babesten ditugu eta Inviza enpresako arduraduna den Montoya jaunari, langileekin negoziatu dezala eskatzen diogu. Klinikako langileek urteetako prekarizazio prozesua pairatu behar izan dute, beren lan baldintzak okertzen joan dira eta egoera jasanezina egin da. Egoera horren arduradunei, Montoya eta Darpon sailburuari, erabat bidezkoak diren langileen aldarrikapenei bide ematea eskatzen diegu.

Bestalde, gatazka honek, Tolosaldean osasun publikoarekin dugun arazoa berriro ere mahai gainean jartzeko parada eskaintzen digu. Oso ezaguna da Tolosaldeko EH Bilduren iritzia, behin eta berriro salatu dugu Asuncion klinikak gestio pribatua izateak ondorio kaltegarriak dakartzala, besteak beste, klinikako langileen eskubideei eragiten dienak eta berriro ere, Tolosaldean, Gipuzkoako beste eskualde guztietan dagoen bezalaxe, ospitale publikoa behar dugula aldarrikatzen dugu.     

 

Izena eman Boletinean!

Showcases

Background Image

Header Color

:

Content Color

: