Laburrak

EH Bilduk salatu du sistema espainolak ez duela pentsiodunen bizimodu duina ahalbidetzen, eta ezinbestekotzat jo du, beraz, pentsio sistema propioa sortzea. Bitartean pentsio baxuak osatzeko eskatu dio Jaurlaritzari.

EH Bilduk proposamen zehatzak egin ditu gaur Legebiltzarrean pentsio duinak bermatzeko, Gobernu espainolak indarrean dagoen sisteman hartutako neurriek muturrera eraman dutelako pentsiodunek pairatzen duten egoera. Maddalen Iriartek salatu duenez, “Espainiako pentsio sistemak ez du bizimodu duina bermatzen eta gero eta argiago dago ezinbestekoa dugula horren gaineko eskumena edukitzea eta gure pentsio sistema propioa eraikitzea, jendea erreskatatzeko”. Edonola ere, EH Bilduk argi du ezin daitekeela sistema propioa eduki arte itxaron pentsiodunek gaur dituzten beharrak asetzeko; hortaz, Iriartek Jaurlaritzari eskatu dio eskura dituen tresnak erabil ditzala pentsioak hobetzeko. “Pentsioak osatzea Jaurlaritzaren esku dago, ez du zertan itxoin sistema propioa eduki arte, Estatu burujabea izan arte, besteak beste, pentsiodunek ere ezin dutelako itxoin, egunero jan behar dute eta”.

DWe 68SW4AA2avANerea Kortajarena, Maddalen Iriarte eta Leire Pinedo EH Bilduko legebiltzarkideak, pentsioei buruzko proposamenak aurkezten

Hori dela eta, EH Bilduk bi proposamen iragarri ditu gaur. Batetik, Leire Pinedok azaldu duenez, Legebiltzarrak Gernikako Estatutuak dioena behingoz betetzeko exijitu behar dio Gobernu espainolari, bi hilabeteko epean egitasmo eta egutegi zehatza aurkez dezan Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren transferentzia gauzatzeko, hori lehenengo urratsa izango delakoan euskal pentsio sistema lortzeko.

Bigarrenik, jakinik pentsiodunen gaurko beharrak asetzea premiazkoa dela, EH Bilduk Jaurlaritzari galdegin dio haren eskumenak baliatu ditzala pentsio baxuak hobeto osatzeko, “hemendik lau urtetara 1.080 euroko gutxieneko pentsioak bermatu ahal izateko, bereziki emakumezkoen zaurgarritasun egoerari erreparatuz”. Nerea Kortajarenak gogora ekarri du Lakuak 16.000 pentsio osatzen dituela gaur egun Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren bitartez, baina motzegi geratzen da, kopuruak oso urrun daudelako Europako Gutun Sozialak gomendatzen dituen 1.080 euroetatik.

Norabide horretan, 1.080 euroko pentsioak gutxieneko helburua izanda, Kortajarenak Jaurlaritzari eskatu dio pentsioak KPI-Kontsumorako Prezioen Indizearen igoeraren arabera osatzeko. Izan ere, “Gobernu espainolak aplikatu duen %0,25eko igoerak, KPI kontuan hartu gabe, erosmen ahalmena nabarmen galtzea ekarri die pentsiodunei”.

 

EH Bilduk estrategia integral baten beharra azpimarratu du enplegu, industria eta gizarte kohesioaren alorretan, Lakuak irtenbide kosmetikoak baino ez dituelako planteatzen. Kontratazio publiko guztietan 1.200 euroko soldatak bermatzea proposatu du, besteak beste.

EH Bilduk datozen hilabeteotan Legebiltzarrean gauzatuko duen proposamen sorta iragarri du gaur, politika publikoei bultzada soziala emateko, makroekonomian igartzen diren hobekuntzek herritarren bizi kalitatean eragin dezaten benetan. Maddalen Iriartek ohartarazi duenez, arrakala eta ezberdintasun sozialak gero eta handiagoak dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, erronkak ere handiak dira oinarrizko esparruetan, baina Jaurlaritzak, ikuspegi estrategiko eta integrala erakutsi beharrean, “tiritatxoak eta irtenbide kosmetikoak” baino ez ditu eskaintzen arazoen aurrean, “arazo estrategikoak komunikazio arazoak balira bezala tratatzen dituelako”, Iker Casanovak gaineratu duenez. Hori dela eta, EH Bilduk egoera hori iraultzeko motorra izan nahi du eta 20 ekimen baino gehiago iragarri ditu, enplegu, industria eta kohesio sozialaren arloetan, politika publikoei bultzada soziala emateko.

Nerea Kortajarena, Maddalen Iriarte eta Iker Casanova legebiltzarkideek aurkeztu dituzte EH Bilduren proposamenak

Enpleguari dagokionez, Casanovak “lanpostu gehiago eta kalitatezkoak” sortu beharra azpimarratu du, eta norabide horretan proposamen zehatza egin ere bai: kontratazio publiko guztietan, azpikontratak barne, 1.200 euroko soldatak bermatzea, hain zuzen ere. Halaber, ezinbestekotzat jo du, batetik, iraupen luzeko langabeziaren aurkako talka plana abian jartzea eta, bestetik, plan estrategiko orokorra egitea lan merkatuaren aldaketa era antolatu eta orekatuan garatzeko, hemendik 2024ra bitartean, belaunaldi aldaketa dela eta, 300.000 lanpostu inguru bete beharko direlako.

Industriari buruz, EH Bilduk Ikerketa eta Garapena sustatzeko akordioa nahi du, funtsezkoa den atal horretan egiten den inbertsioa BPGren %1,84tik %3ra igotzeko. Horrekin batera, Adimen Ekonomikoaren Euskal Zentroa sortzea proposatu du joera ekonomikoak aztertzeko, arazoei aurrea hartzeko eta politika publikoak norabide egokian jartzeko.

Gizarte kohesioa da EH Bilduren proposamenek jorratutako hirugarren arlo nagusia. Nerea Kortajarenak nabarmendu du politika publikoak indartu behar direla herritarren babesa, zaintza eta garapena ziurtatzeko, eta kezkatuta agertu da, “horren ordez bi abiadurako gizartea eraikitzen ari delako”. Azaldu duenez, eskola segregazioa, desberdintasun sozialak, langile pobreak, gazteen emantzipazio arazoak edota pentsio kaskarrak eboluzio horren erakusle dira.

Hori horrela, Kortajarenak presazkotzat hartu du Gizarte Zerbitzuen Sistema sakon berraztertzea, bai eta arlo horretan lidergoa behingoz Jaurlaritzak hartzea ere, legeak hala eskatzen duelako. Bigarrenik, 1.080 euroko pentsioak bermatzea proposatu du pentsiodun guztien bizimodu duina ahalbidetzeko eta, hirugarrenik, inbertsio funts baten beharra aldarrikatu du gizarte zerbitzuetan ere ikerketan eta garapenean inbertitzeko, berrikuntza ez-teknologikoa esploratu beharreko esparrua delako jendearen ongizatea hobetzeko.

 

EH Bilduk merkataritza txikiaren egoera larriaz ohartarazi du. PNV-PSE gobernuei egotzi die sektorea desagertzeko bidean jartzea, gune handi berriak irekitzeko proiektuei alfonbra gorria jarrita. 2004ko legedia berreskuratzea eskatu du merkatal gune handi gehiagorik ez irekitzeko.

Herrietako merkataritza sektorearen (merkataritza txikia deitzen zaio, baina betetzen duen funtzio soziala izugarria da) egoera larriaz jabeturik, EH Bilduk proposamenak aurkeztuko ditu Gasteizko Legebiltzarrean, Batzar Nagusietan eta Udaletxeetan sektore ekonomiko hori babesteko, denda txikiak egunero ixten eta desagertzen direla ikusteak alarma gorriak piztu dituelako. Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, Jaurlaritza merkatal gune handiei buruzko Lurralde Arloko Plan berria egiten ari da eta EH Bilduk prozesu hori baliatu nahi du aurreko planak, 2004koak, ezartzen zituen mugak berreskuratzeko; alegia, merkatal gune handi berriak irekitzea edo jada existitzen direnak zabaltzea debekatzeko, hain justu, superfizie handi horiek mehatxu eta arrisku nagusia direlako herri eta auzoetako merkataritza sektorearentzat. Beraz, EH Bilduk 2004ko araudia berreskuratzea proposatuko du, eta bien bitartean, merkatal gune handiak irekitzeko edo zabaltzeko baimenik ez emateko ere eskatuko du.

Hiri, herri eta auzoei bizitza emateko duen garrantzia kontuan hartuta, merkataritza txikiari babes berezia eman behar zaiola azpimarratu du Casanovak, baina “hori egin beharrean, PNV-PSE gobernuek labankada eman diote, merkatal gune handi berriak irekitzeko proiektuei alfonbra gorria jarrita”.

DWZS6vmXUAUmVlCAmaia Almirall eta Iker Casanova EH Bilduko kideak, merkataritzaren inguruan egindako agerraldian

Horren haritik, Amaia Almirall Donostiako EH Bilduko bozeramaileak salatu du PNV eta PSE erraztasun guztiak ematen ari direla gune handi berriak ireki edota zabaldu ahal izateko. Egoera bereziki larria da Gipuzkoan, proiektu ugari jada martxan daudelako, baina Bizkaian eta Araban ere fenomeno bera gertatzen ari da, EAEko merkatal-gune handien zabalera %10a handitzeko. Almirallen esanetan, “hori eromena da eta merkataritza txikia suntsitzea ekarriko du; ez du zentzurik superfizie handi gehiago irekitzea, gaur EAEko biztanleria osoa sartzen delako jada existitzen diren gune handietan”.

Iker Casanovak, hortaz, beharrezkotzat jo du neurriak hartzea merkatal gune handien kontrolik gabeko hedapena saihesteko. “Merkataritzan hiru eredu ditugu gaur egun: merkataritza elektronikoa, superfizie handiak eta merkataritza txikia; hirurak dira beharrezkoak, hirurek betetzen dute funtzio bat, baina haien arteko oreka egon behar du, eta instituzioek merkataritza txikiaren alde egin behar dute, balio erantsirik handiena ematen duelako, baina gaur, zoritxarrez, kontrakoa ikusten ari gara, instituzioetatik gune handiak bultzatzen ari direlako, horrek merkataritza txikiaren heriotza ekarriko duen arren. Horregatik, EH Bilduk merkataritza txikiaren alde eta makroproiektu horien kontra egingo du”.

 

Turkiako armadak Siria baitako Kurdistango lurraldearen aurkako bonbardaketak gerra krimena dira, kontuan hartuta Turkia ez dela erasotua izan. Josu Juaristi, EH Bilduko europar diputatua, Europar Batasunaren aurrean Kurdistango ordezkaritzarekin batzartu da astearte honetan Afrin-en izan diren bonbardaketek sortutako biktimekiko elkartasuna adierazteko asmoz. Horrekin batera, Juaristik herri kurduaren giza eskubide eta demokratikoen aldeko borroka irmoarekiko konpromisoa adierazi du, Erdoganen gobernuak urratzen dituenak, kasu honetan, ondoko herrialde baten, Siriaren, lurraldean.

“Beste behin, Turkiako presidentea bere herrialdea nazioarteko legediatik kanpo uzten ari da, populazio zibilaren aurkako eta herritar defentsarako kurduen unitateen, Siria iparraldean Daesh borrokatzen ari direnen, aurkako bereizi gabeko erasoldien bitartez”, azpimarratu du Juaristik, eta gogora ekarri du Turkiako abiazioak Rubar-eko errefuxiatu eremua ere kolpatu duela.

EH Bilduko europar diputatuak, hain zuzen ere, Turkiarekin mugakide den Siriako zonalde horretara bidaiatu zuen 2016ko maiatzean (Killis-era zehazki, Afrin-etik kilometro gutxira dagoen hirira). Garai hartan, Turkiak bere mugen ixte prozesua abiatu berri zuen, Siriarekiko mugaren zonaldea militarrez josiz eta izugarrizko horma. Juaristik gogora ekarri du zonalde horretan 200.000 lagun daudela Siriako gerragatik ihes eginda, hainbat errefuxiatu eremutan sakabanaturik eta oso gogorrak diren bizi baldintzetan bizi direnak.

Halaber, Juaristik Kurdistango ordezkariei helarazi die atzo urgentziaz Europako Parlamentuko ezkerreko taldeak (GUE/NGLk) aurkeztutako ekimena. Aipaturiko ekimenak dei egiten dio Federica Mogheriniri, Europako Batzordeko Kanpo Politikaren Goi Ordezkariari, Erdongan presiona dezala, inbasioa amai dezala eta ekimenak martxan jar ditzala zonaldean bake justu eta iraunkorra bilatze aldera.

Imagen relacionada

Josu Juaristi (EH Bildu) Europar parlamentuan

“Ekimen soilak edo banakako elkartasun adierazpenak egiteko garaia pasa da”,gaineratu du Juaristik, eta, ildo horretatik, EH Bilduk deklarazio bateratua sustatu du, Josu Juaristiren, ekimenez, eta europar diputatu hauekin elkarlanean: Ana Gomes, Portugalgo alderdi sozialista; Bodil Valero, Suediako alderdi berdea; Josef Weidenholzer, Partido Socialdemócrata austriaco; Mark Demesmaeker, Flandriako N-VA alderdia; Martina Michels, Alemaniako Die Linke alderdia; eta Marie-Christine Vergiat, Frantziar estatuko Fronte de Gauche alderdia. Deklarazio horrek ahalik eta europar diputatu gehienen babesa bilatu nahi du eta Europako Batzordeari eta estatu kideei presio politikoa egin nahi die. “Ekintzara pasatzeko unea da – azpimarratu du Juaristik - herri kurduari elkartasun masiboa adierazteko ordua iritsi da, Europako erakundeek Erdonagekin duten harremana berrikustera eramango duen unea”.

Adierazpen bateratuak nabarmendu du Afrin ingurura Turkiako armadak abirazitako operazio militarra inongo probokazio edo aurretiazko ekintzarik gabe burutu dela, eta horrekin batera, eta eskaera egin die Batasuneko estatu kideei zein Federica Mogheriniri, Europako Batzordeko Kanpo Politikaren Goi Ordezkariari, Turkia presiona dezaten berehalakoan aire bonbardaketak amai ditzala eta lurraldean dituen armada erretiratu dezala. Adierazpenak, halaber, eskeria egiten die EBri eta NBEri Ginebrako elkarrizketak berrabiarazi ditzala Siriako gerrari aterabide negoziatua bila diezaien, alde guztiak barnebilduko dituena, baita kurduak ere. Testuak gogora dakar lehen lerroan Daesh-en aurka dabiltzan defentsarako indar kurduen borroka.

Leire Pinedo EH Bilduko Fiskalitate eta Finantza idazkariak publikoki egindako agerraldian, ezinbestekotzat jo du euskal pentsio sistema propioa sortzea, egungo sistema espainolarekin pentsiodunak gero eta pobreagoak izango direlako.

EH Bilduk Gizarte Segurantzaren gaineko eskuduntzaren transferentzia exijitu du Gasteizko Legebiltzarrean, eskuduntza hori giltza izango delako babes sistema publiko indartsua eta orekatua eraiki ahal izateko eta, besteak beste, euskal pentsio sistema sortzeko, pentsio duinak ordaintzea ahalbidetuko duena. Leire Pinedok horren inguruko azalpenak eskatu dizkio Jaurlaritzako Ogasun sailburuari, baina, tamalez, erantzuna eskasa izan da, ez baitu inolako borondaterik agertu pentsio sistema propioa sortzeko.

Leire Pinedo 3Leire Pinedo EH Bilduko legebiltzarkidea, proposamenaren aurkezpen agerraldian

Pinedok gogorarazi du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 192.000 lagunen pentsioak ez direla gutxieneko soldatara iristen, eta ohartarazi du egoerak okerrera egingo duela datozen urteotan Gobernu espainolaren erreformen ondorioz. Hori horrela, EH Bilduko legebiltzarkideak ezinbestekotzat jo du euskal pentsio sistema sortzeko urratsak ematen hastea, sistema espainolak ez dituelako bizi baldintza duinak bermatzen eta pentsiodunak pobrezian bizitzera kondenatzen dituelako. “Pentsio publiko duinak, bizimodu duina, bermatzen dituen sistema berria, propioa, behar dugu, eta hori ez da posible izango sistema espainolaren baitan jarraituz gero”.

 

"Sahararen aldeko Euskal Karabana: piztu Itxaropena" urte berriarekin martxan jarri da beste behin. Janari bilketa honek Tindoufeko (Argelia) kanpamenduetan orain dela mende erdi baino gehiagotik nazioartetik jasotzen duten laguntzari esker bizi diren errefuxiatu sahararrentzako bideratuko da eta gutxienez kamioi bat, oinarrizko beharretarako produktuz bete nahi dute antolatzaileek.

Urtarrilaren 29tik, astelehena, otsailaren 2ra, ostirala, herriko eskoletan eta Udaletxearen arkupetan kokaturik dagoen Herritarren Arreta Zerbitzuko bulegoan jasoko da laguntza. Horrez gain, nahi duten herritarrak otsailaren 2an, arratsaldez, Tolosaldea Saharak Villabonako udalarekin batera antolatu duen bilketara hurbildu daitezke azukrea, arroza, pasta, lekak, olioa, atuna eta sardinak oliotan ekartzera, eta baita konpresak eta produktu higienikoak, eta eskolako materiala ere.

Txokolote katilu bat eskainiko zaie lehen aipaturiko produktuetako batetik kilo bat ekartzen duten guztiei Amasa-Villabonako Berdura Plazara.


Amasa Villabonako EH Bilduk bat egiten du Saharar herriari elkartasuna adierazteko ekimen honekin eta herritarrei dei egiten diegu ekarpena egin diezaioten karabana solidario honi. Zoritxarrez saharar herriaren egoera tamalgarriak bere horretan dirau eta urte luzetako sufrimenduak hor darrai. Marokoko erreinua da egoera honen erantzule nagusia baina ez dugu ahaztu behar espainiar estatuak, potentzia kolonizaztzaile gisa duen ardura historikoa. Beste behin, saharar herriak duen Autodeterminazio eskubidea defendatu nahi dugu, egoera bidegabe honek irtenbide arrazional eta demokratiko bat izateko modu bakarra baita. Sahara askatu! 

Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak proposamena aurkeztu du Legebiltzarrean espainiar Auzitegi Konstituzionalak fracking-aren aurkako legeaz emandako epaia efektu praktikorik gabe uzteko asmoz.

EH Bilduk efektu praktikorik gabe utzi nahi du Auzitegi Konstituzionalak fracking-aren aurkako legeaz berriki hartutako erabakia, eta legez besteko proposamena aurkeztu du Legebiltzarrean horretarako. Zehazki, haustura hidraulikoa erabiltzea planteatzen duen edozein proiektu galaraz dezala eskatzen dio Jaurlaritzari. Mikel Oterok azaldu duenez, “aferaren oinarrian borondate politikoa besterik ez dago, eta guk nahi dugu EAJk eta PSEk fracking-aren aurkako konpromiso irmoa har dezatela, Jaurlaritzak eskura dituen neurri eta baliabide guztiak erabil ditzala fracking-aren erabilpena galarazteko”.

Mikel Otero 5Mikel Otero legebiltzarrean, fracking-a gelditzeko proposamenaren aurkezpenean

EH Bilduko legebiltzarkideak gogorarazi duenez, fracking-aren aurkako legearen hainbat artikulu bertan behera utzita, Konstituzionalak teknika horren kontrako babesa murriztu du eta beste urrats bat eman du Estatuaren birzentralizazio prozesuan, oraingoan ingurumenaren babes arloan ditugun eskumenak urratuz. Autogobernuaren aurkako eraso horri ere erreparatzen dio Oteroren proposamenak: Jaurlaritzari eskatzen dio, batetik, bestelako neurriak eta aukerak aztertu ditzala Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa fracking-aren mehatxutik babesteko eta, bestetik, akuiferoen zaurgarritasun mapa eguneratu dezala, Konstituzionalaren epaiak bereziki akuiferoak babesgabeturik utzi dituelako.

EH Bilduko Eva Blanco legebiltzarkideak eta Karlos Ibarguren osasun arloko arduradunak Holandako Hilderverg hirira eraman dute Tolosaldeko osasun arretaren kasua:

Europako ezkerrak osasun publikoaren inguruko jardunaldiak egin ditu bertan, Europako Parlamentuaren jardunaren barruan, eta EH Bilduko kideek parte hartu dute gonbidatu gisa. EH Bilduk Tolosaldeak, gure eskualdeak, bizi duen egoeraren berri eman du jardunaldietan, osasunaren pribatizazioaren adibide ikusgarri gisa erakutsiz. Karlos Ibargurenek azaldu duenez, bereziki grafikoa eta larria da Tolosaldean gertatzen dena; Tolosaldea da Gipuzkoan eskualde bakarra ospitale publikorik ez duena eta Osasun sailak hutsune hori enpresa pribatu baten bitartez betetzen baitu.

Eva Blanco eta Karlos Ibarguren EH Bilduko kideak Hilderverg (Holanda) hiriko konferentzian

Horiek horrela, enpresa pribatu batek, Invizak kasu honetan, ospitale bat kudeatzeak «ondorio nabarmenak» dituela azaldu dute. «Asuncion klinikako langileen lan baldintzek atzera egin dute, material zein osasun azpiegituretan murrizketak egiteko arazorik ez dute, hizkuntza ofizialetako batek, euskarak, ez dauka besteak duen estatus bera...», esan du EH Bilduko kideak.

Osasun publikoa defendatzeko 2011n sortutako TOPA plataformaren lanaren berri ere eman dute eta bere eskaera eraman du jardunaldietara: «Jaurlaritzak Inviza enpresari bideratzen dizkion 20 milioi euro publikoak Jaurlaritzak kudeatzea zuzenean, bitartekaritza pribaturik gabe».

Gaurko jardunaldietan beraz, osasun arreta publikoa pixkanaka pribatizatzeak izan ditzakeen arriskuez hitz egin dute hizlariek. «Euskal adibide honekin batera Europako beste hainbat herrialdetan osasun publikoa defendatzeko sortutako herri mugimenduen kasuak aztertuko dira», gaineratu du EH Bilduk.

 

Legebiltzarrak Rebeka Uberaren proposamena eztabaidatuko du bihar, haur eskolen sare publikoan doakotasuna orokortzeko lehenengo urrats gisa.

EH Bilduk Haurreskolak Partzuergoan, 0-3 urteko zikloan, doakotasuna modu progresiboan ezartzeko eta orokortzeko lehenengo urratsa ematea defendatuko du bihar Legebiltzarrean. Zehazki, Rebeka Uberak aurkeztu duen legez besteko proposamenaren arabera, “2018-2019 ikasturtetik aurrera 18.000 eurotik beherako errenta duten familiek ez lukete ordaindu beharko, haientzat zerbitzua doakoa bailitzateke”. Uberak berak azaldu duenez, “0-3 urteko ziklo osoa doakoa izan dadila nahi dugu, Lehen edo Bigarren Hezkuntza bezalaxe, eta gure proposamena norabide horretan doa”.

Resultado de imagen de rebeka ubera eh bildu parlamentoRebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidea eta Hezkuntza arduraduna

EH Bilduko legebiltzarkideak behar-beharrezkotzat jo du Haurreskolak Partzuergoak duen izaera estrategikoa aintzat hartzea eta Jaurlaritzak horren arabera jokatzea, 0-3 zikloaren aldeko apustu tinkoa eginez. “Lehendakariak familia politiken garrantzia hainbestetan aipatzen duen honetan, Jaurlaritzaren neurri bakarra ezin da izan diru-laguntza bat seme-alabak edukitzeagatik; familia politikei ikuspegi global batetik heldu behar zaie, eta horrek ezinbestean dakar, besteak beste, haurreskolei begiratzea eta doakotasunaren norabidean urratsak ematea familia guztien aukera berdintasuna bermatzeko eta emakumezkoen ahalduntzea eta emantzipazioa bultzatzeko”.


Amasa Villabonan, PNV eta PSE Seaska haur eskolan matrikulatzeko laguntzen aurka

EH Bilduk 2018ko udal aurrekontuei aurkeztutako 16 zuzenketetako batean, haurra Seaska haur eskola publikoan matrikulatzen duten gurasoentzat diru-laguntza sistema bat ezartzea proposatzen zen. PNV eta PSEk ordea, azalpen argirik eman gabe zuzenketa honen kontrako bozka ematea erabaki zuten Amasa Villabonako udalbatzan. Ariznabarreta PNVko hezkuntza zinegotziak, PPk eta eskuin atzerakoienak behin eta berriro errepikatzen duena errepikatu zuen "gurasoek eskubidea dute haurra beraiek nahi duten eskolara eramateko". Aipatzekoa da dagoeneko Zizurkil eta Adunan haur eskola publikoaren aldeko laguntza hauek martxan daudela eta Zizurkilen PNVk aldeko botoa eman zuela. Zergatik Zizurkilen bai eta Amasa Villabonan ez? Jeltzaleek azalpen bat eman behar luketela iruditzen zaigu.

Hau da Amasa Villabonako EH Bilduk udalean aurkeztutako dokumentuak jasotzen zuen planteamendua:

SEASKA HAUR ESKOLA: MATRIKULAZIORAKO LAGUNTZAK: 10.500€

Amasa Villabonan dugun haur eskola publikoan haurrak matrikulatzen dituzten gurasoentzat diru laguntza sistema bat ezartzea da proposatzen duguna.

Hau ez da EH Bilduren burutazio bat, udalak herrian ematen den egoera zehatz bati erantzuteko sortuko lukeen diru laguntza sistema zuzentzaile bat baizik (Zizurkil eta Adunako udalean ezarri dira dagoeneko): Kontuan izan beharrekoa da, Zubimusu ikastolak ere, 0-2 urteetarako haur eskola zerbitzua eskaintzen duela (oraingoz Zizurkilgo eraikinean) eta zentro honetako matrikulazioaren kostua, titulartasun publikoa duen Seaskaren matrikulen kostearen azpitik kokatu dela. Honek arrazoi ekonomikoak medio, Amasa Villabonako guraso askok haurrak Zizurkilera eramateko arriskua dakar.
Beraz, proposatzen ditugun diru laguntza hauek egoera anormal honi erantzuten diote eta haur eskola zerbitzu publikoaren biziraupena ziurtatzea dute helburu. Diru laguntza hauen bidez, ahal den neurrian haur eskola zerbitzu ezberdinen matrikulen kostuak berdintzea da bilatzen duguna, matrikularen koste ekonomikoak haurren matrikulazio kopuruetan sekulako desorekak sortu ez ditzan. Kontuan izan behar dugu Villabonako udala Seaska haur eskolaren parte dela.

Diru laguntza hauek jasotzeko garaian, errenta aitorpena hartuko da kontutan eta 80.000 eurotik gorako diru-sarrerak dituztenak ezingo dute diru laguntza hau jaso.

ERABILTZAILEEN DIRU SARRERAK

HILABETE BAKOITZEKO DIRU LAGUNTZA

ORDU KOPURUAREN ARABERA

8 ORDU 5 ORDU
50.000 euroz azpikoak 50€ 43€
50.000 - 80.000 euro artean 40€ 35€
80.000 eurotik gorakoak 0€ 0€

 

Diru laguntza honek behar lukeen partida ekonomikoa kalkulatzeko edo estimazio bat egiteko, gaur egungo matrikulazio datuak hartu ditugu kontutan:

Gaur egun 25 haur daude matrikulatuta Seaska haur eskolan, hauetatik 6 sehaska gelan edota 0-1 adin tarteko gelan daudelarik eta gainontzeko 19ak, nagusien gelan edo 1-2 adin tartea osatzen duten haurren gelan.
• 0-1 Gela: 5 ordurarte: 160€ (2 haur) eta 8 ordurarte: 208€ (4 haur)
• 1-2 Gela: 5 ordurarte 160€ (14 haur) eta 8 ordurarte 208€ (5 haur)

Hau horrela izanik, udalak diru laguntza hau eskaini ahal izateko jarri behar lukeen diru kopurua kalkula dezakegu. Hau litzateke udalak hilero behar lukeen dirua:
• 5 ordu arteko kuota dutenei: 16x35: 560 euro
• 8 ordu arteko kuota dutenei: 9x40: 360 euro
Guztira: 920 euro hilean.

Kontuan izanda abuztuan ez dagoela zerbitzurik, urtean 10.120 euro (920x11) nahikoak lirateke diru laguntza hau bermatzeko. Kopuruak borobiltze aldera, EH Bildutik diru laguntza honetarako 10.500 euroko partida bat sortzea proposatzen dugu.

  

EH Bilduk ohartarazi du kohesio soziala eta aukera berdintasuna arriskuan daudela etorkinak eta errenta txikiko familiak ikastetxe batzuetan pilatzen jarraituz gero. Arazo horren paradigma Gasteiz izanik, bertan adostutako neurriak Hezkuntza Sailaren matrikulazio dekretuan txertatzeko eskatu du.

EH Bilduk neurri sorta proposatu du gaur Legebiltzarrean eskola segregazioaren arazoa behingoz konpontze bidean jartzeko, horixe baita une honetan “hezkuntza sistemak dituen arazo handienetariko bat, etorkinak eta errenta txikiko familiak ikastetxe zehatz batzuetan pilatzeak kohesio soziala eta aukera berdintasuna arriskuan jartzen dituelako”, Rebeka Uberak eta Miren Larrionek ohartarazi dutenez. “Segregazioaren fenomenoak oinarri sozioekonomikoak ditu eta oso lotuta dago immigrazioarekin, baina ez bakarrik eta ez beti, eta Wert ministro ohiaren bi abiadurako hezkuntza sisteman sakontzea dakar”. Arazoak kezkatuta, EH Bilduk legez besteko proposamena erroldatu du gaur bertan konponbideak mahai gainean jartzeko, bi aste barru 2018-2019 ikasturterako matrikulazio epea irekiko denez, une egokia delakoan.

Ubera eta Larrionen iritziz, Gasteiz da eskola segregazioaren paradigma, eta hori ez da kasualitatea. Izan ere, Gasteizen pobrezia errealean bizi diren adin txikikoen portzentajea %8tik %19ra igo da 2008tik 2016ra bitartean, eta “baldintzak sortzen ari dira ekaitz perfektua gertatu dadin eta kohesio sozialak eztanda egin dezan”. Hala, ikastetxe batzuek ez dute auzoko errealitate sozial anitza islatzen, auzoetan etorkinen populazioa gehienez %17koa bada ere, eskola batzuetan etorkinak %80-90 direlako, eta horrek zentro horien estigmatizazioa ekarri du. EH Bilduko legebiltzarkideek azaldu dutenez, eskola segregazioaren arazoa orokorra da, baina Gasteizen bereziki gordina da eta gordintasun horrekin sistema osora hedatzeko arriskua dago Hezkuntza Sailak ez duelako jakin fenomeno horri aurre egiten.

Miren Larrion eta Rebeka Ubera legebiltzarkideek aurkeztu dituzte EH Bilduren proposamenak 

Arazoa konpontzea du xede, beraz, koalizioaren proposamenak, bermatzeko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxe guzti-guztiak kalitatezkoak eta inklusiboak direla. Proposamenaren oinarria, hein handi batean, Hezkuntza eta Aniztasuna Mahaiak Gasteizen egin zuen lana da, bertan hezkuntza sistemaren parte diren eragileek hartu beharreko neurriak adostu zituztelako, “eta adostasuna erabatekoa izanda, logikak dio orain neurri horiek aplikatu behar dituela Hezkuntza Sailak”.

Hori horrela, EH Bilduren ustez, premiazkoa da tokian tokiko eskolaratze bulegoak sortzea matrikulazio prozesu osoa kudeatzeko, matrikula bizia barne, hau da, behin ikasturtea hasita iristen diren ikasle berrien matrikulazioa. Halaber, aniztasun handia duten ikastetxeetan Hezkuntza Sailak esfortzu handiagoa egitea ezinbestekoa da, bertako proiektua indartuz, ratioak jaitsiz, baliabide gehiago emanez eta irakasleen prestakuntza eta egonkortasuna hobetuz. Hirugarrenez, auzoko eta hurbileko ikastetxeak indartzea proposatu du EH Bilduk, ikasleak auzoan bertan matrikulatzeak aurrerapauso handia litzatekeelako. Laugarrenez, Jaurlaritzak doakotasuna bermatu behar du derrigorrezko hezkuntzan eta, oso garrantzitsua ere bai, 0-2 urteko etapan.

Neurri horiek guztiak, besteak beste, gauzatu ahal izateko, Rebeka Uberak eta Miren Larrionek Hezkuntza Sailak hil honetan onartutako matrikulazio dekretua bertan behera uztea proposatu dute, aldaketa horiek –hezkuntza komunitatearekin adostuta– txertatzeko, dekretua bere horretan mantentzeak oraingo egoera betikotuko lukeelakoan.

EH Bilduk Memoria Historikoaren Lege Proposamena aurkeztuko du bihar Osoko Bilkuran, “gizarte bezala frankismoaren biktimekin oraindik dugun zorra kitatzeko”. PNV-PSEren Eusko Jaurlaritza ordea, lege hau tramitatzearen aurka agertu da.

EH Bilduk Memoria Historikoaren Lege Proposamena aurkeztuko du bihar Legebiltzarreko Osoko Bilkuran “frankismoaren biktimak aitortzeko eta dagokien erreparazio integrala emateko, gizarte bezala haiekin oraindik dugun zorra guztiz kitatzeko eta biktima gisa dituzten oinarrizko eskubideak bermatzeko”, Julen Arzuagak azaldu duenez.

Resultado de imagen de julen arzuaga parlamento

Julen Arzuaga EH Bilduko Askatasun Demokratikoen idazkaria eta EAEko legebiltzarkidea 

Arzuagak proposamenaren garrantzia azpimarratu du, biktimen aldarrikapen historikoei bide ematen dielako, eta horren tramitatzea ez eragozteko eskatu die EAJ eta PSEri, Jaurlaritza tramitera onartzearen aurka agertu den arren. “Hori, proposamena bertan behera uztea, iraingarria litzateke biktimentzat eta zapuztu egingo lituzke aitortza eta erreparazioa jasotzeko euren itxaropenak; sekulako zaplaztekoa litzateke”.

EH Bilduren lege proposamenak frankismoaren biktima guztiak aintzat hartzen ditu, altxamendu faxistaren egunetik bertatik Konstituzio espainola indarrean sartu zen egunera arte, hau da, 1978ko abenduaren 29ra arte. 45 artikulutan zehar, legeak biktimei dagozkien oinarrizko eskubideak bermatzea du helburu: egia jakiteko eskubidea, aitortza eta erreparaziorako eskubidea, justiziarako eskubidea eta memoriarako eskubidea, bai eta gertatutakoa ez dela errepikatuko bermatzeko eskubidea ere.

 

EH Bilduk ohartarazi du AHTak ez duela merkantzien arazoa konponduko eta 15.000 euro kostatuko zaiola gainera euskal familia bakoitzari.
Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak gezurra esatea egotzi dio Jaurlaritzari, ez delako egia merkantzien garraioa bermaturik dagoela. “AHTak ez ditu arazoak konpontzen eta diru xahuketa izugarria izaten ari da bere osotasunean”.

EH Bilduren iritziz, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuaren eta Iñigo de la Serna Sustapen ministro espainolaren arteko bilerak argi utzi du “Abiadura Handiko Trenaren proiektua, bere osotasunean, diru xahuketa dela eta, gainera, ez dituela garraio arloan ditugun arazoak konpontzen”. Mikel Oterok adierazi duenez, “lehentasunak bestelakoak dira eta proiektua berriz pentsatzeko unea iritsi da, beste herrialde batzuetan egin duten moduan”.

20170314 Mikel Otero bis

Mikel Otero, Gasteizko legebiltzarrean egindako agerraldian

EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du instituzio publikoek 10.000 milioi euro inguru gastatu beharko dituztela proiektua amaitzeko. “Horrek esan nahi du euskal familia bakoitzari AHTa 15.000 euro kostatuko zaiola gutxi gorabehera, eta gastu hori ez da justifikatzen, inondik inora, ustez aurreztuko dugun denborarekin. Nork ordainduko ditu 25-30 euro, edo gehiago, Gasteiztik Bilbora joateko 20 minutu lehenago iristeagatik, autobusez joanez gero sei euro bakarrik kostatzen bazaio?”.

Eta hori guztia salgaien garraioaren arazoa konpondu gabe, gainera. Oteroren hitzetan, “argi geratu da Gasteiz eta Burgos arteko AHT lineak ez dituela merkantziak eramango eta Euskal Y-a moztuta geratzen dela”. Hori dela eta, egia ez esatea leporatu dio Jaurlaritzari. Izan ere, “egiari muzin eginez, Arantza Tapiak kontrakoa esan zuen. Jaurlaritzarentzat merkantzien garraioa bermatzea abiadura baino garrantzitsuagoa dela esan zuen, eta horrekin ados egon gaitezke, baina Espainiak hori bermatu duela esaten duenean ez du egia esaten, ministroak berak kontrakoa esan zuelako. AHTak ez du salgairik garraiatuko Burgosera, eta salgaien garraioa existitzen ez den proiektu baten baitan geratzen da”.

Horren haritik, EH Bilduko legebiltzarkideak gogorarazi du Euskal Y-a abiadura handiko sare espainolean txertaturik dagoela eta horren araberakoa dela; hau da, bidaiariak garraiatzeko bakarrik pentsatuta dago, munduan zehar biztanleko kilometro gehien dituena eta gutxien erabiltzen dena da.

“Emakumeok* planto” lelopean, greba deialdiaren nondik norakoak azaldu dituzte Donostiako Tabakaleran. Lau esparrutan jarriko dute fokua aurtengo greban: zaintza greba, lan greba, kontsumo greba eta ikasle greba. Bi lanuzte iragarri dituzte, bata goizean eta bestea arratsaldean. Kontsumoari dagokionez, saltoki handietan ez erosteko deia zabaldu dute.

Bizitza erdigunean kokatzen duen ekonomia bat aldarrikatu behar dela nabarmendu dute, egungo sistemak ikusezin bihurtzen baititu lan feminizatuak eta zaintza lanak. “Horren ondorioz datoz hainbat indarkeria”. “Lana” kontzeptu gisa zalantzan jartzeko ordua dela esan dute, eta enplegatuta dauden emakumeez gain, zaintza lanetan, kontsumoan eta ikasketetan ere greba egiteko deia egin dute.

Lanuzteak bi zatitan egingo dira: 11:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 22:00etara. Grebari babesa erakusteko tresna gisa, besoko morea jantzi eta amantalak balkoi edo leihoetan zintzilikatzeko eskatu dute.

Ondasunen eta lanen banaketa parekidea eskatu dute, eta zaintza lanetarako ardurak hartzeko eskatu diete instituzioei. "Lan esparruaz harago doa borroka hau. Indarkeria ororik gabeko bizitza nahi dugu, gure bizitzez, sexualitateaz eta bizitzaz erabaki ahal izatea".

Nazioarteko greba bat izango da, eta herriz herri antolatutako ekintzekin osatuko dituzte deialdi nagusiak. Egun horretan ez kontsumitzeko deia egin dute, "bereziki enpresa eta saltoki handietan".


Amasa Villabonako EH Bildutik martxoaren 8ko emakumeen greba deialdia babesten dugu eta bat egiten dugu Euskal Herriko Mugimendu Feministak antolatu dituen mobilizazio eta ekimenen deialdiekin. Bada garaia genero berdinatasunerako urrats sendoak emateko eta emakumeek egungo sistema kapitalista eta patriarkalaren ondorioz pairatzen duten bazterketa, rolen inposaketa, prekarietatea, mota askotako indarkeria matxista eta diskriminazio ugariekin amaitzeko.  

 

 

Urtarrilaren 23tik otsailaren 2ra ekintza ezberdinak antolatu dituzte Fleming ikastetxean. Kirola, kultura eta jaia bateratuko dituzte aste osoan zehar:

Urtarrilak 23, asteartea

15:00, Herri kirolak herrian barrena.

Urtarrilak 24, asteazkena

17:30, Funky-a. Gurean

18:00, Izen, webgune, logo eta spot berriaren aurkezpen ekitaldia. Gurean

Ondoren, ipuin kontalaria. Gurean

Urtarrilak 25, osteguna

11:00, Aiton-amonak kontu-kontari, Arroako eraikinean.

Urtarrilak 26, ostirala

17:00, Danborrada Arroatik hasita

Ondoren, buruhandi eta erraldoiak.

Eskola afaria Zentroan.

Urtarrilak 27, larunbata

11:00 eta 12:30, Ate irekiak Arroan.

Urtarrilak 29-Otsailak2

10:00-11:00, Bisita gidatuak Arroan.

Fleming bizirik

Fleming ikastetxeak argitaratu duen kartela, egitarau osoarekin.

 

Emakumeen arazo eta kezkak aztertzeko, politika feministaz hausnartzeko eta irizpide feministak ezartzeko gune berria martxan jarri du EH Bilduk. Pasa den astean Emakumeen gunearen aurkezpen ekitaldia egin zuten Bilborock aretoan, eta batzarra egiteaz gainera, ekitaldi irekia ere egin zuten.

DVC399jX4AAxf55

EH Bilduko emakumeen batzarraren amaieran ateratako argazkia

Bertan, EH Bilduk gonbidatutako nazioarteko hainbat ordezkarik ere parte hartu zuten: Kurdistan, Guatemala eta Kataluniako emakume ezagunek hitza hartu eta momentu hunkigarriak bizi izan ziren. Amaitzeko musika emanaldiak izan ziren eta jaialdi txiki bat egin zuten parte hartzaileek. 

Ekitaldiaren laburpen bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=GM6cZZ5ATN4

Parte hartu zuten nazioarteko ordezkarien interbentzioak:

- Maryam Fathir (Kurdistan): https://www.youtube.com/watch?v=SJowD06s0Ic

- Lolita Cháves (Guatemala): https://www.youtube.com/watch?v=spIg6SWskl0

- Mireia Vehí (Katalunia): https://www.youtube.com/watch?v=Jw0ZfvO-8rk

 

Aurten urteurren borobila ospatuko du Loatzo musika eskolak. Hamabost urte dira Aduna, Altzo, Alegia, Anoeta, Irura, Ibarra, Villabona eta Zizurkilgo herrietan musika ikasketak eskaintzen hasi zirela. Urteurrena gogoan, agerraldia egin zuten Loatzoko kideek eta ospakizunak iragartzeko:

Prentsa agerraldian jakinarazi zutenez, "Euskal Herriko Musika Eskolen elkarteko pisuzko kide izatera iritsi da Loatzo. eta momentu honetan, 566 herritarrek musika hezkuntza integral, osoa, anitza, integratzailea, euskal kultura oinarri duena baina munduko beste kulturei irekia..., jasotzen duen gune bihurtu da".

"Horretara iristeko dedikazio et lan handia egon badira ere, bada funtsezko izan den zerbait: Loatzo Mankomunitatea osatzen duten Udalen jarrera eta borondatea. Lantalde honen izenean, ez dugu esker oneko hitzik besterik proiektua babestu, bultzatu eta egun garen hau izatera iristen lagundu gaituzten udalentzat", azaldu zuten.

Loatzoko kideek jakinarazi zutenez, "bide guztiek bezala, honek ere izan ditu gora eta beherako aldapak. Hala ere, aldapa guztien gainetik dago jasotako uzta: musikari profesionalak, musika talde, musika ikasle eta batez ere, musika zale ugari. Gure herri honetatik hasi, eta Finlandiako azken muturrerainoko tartean banatuta geratzen diren hainbat musikari eta musika kide".

Loatzoren 15. ikasturtea ekintzaz beterik dator:

1- Xexili egunean, herri guztietako kaleak doinuz bete zituzten, ikasle guztien parte hartzearekin.

2- Gabonetan, herri bakoitzeko emanaldiez gain, Bandaren emanaldia eta Olentzeroren etorreretako doinuak.

3- Kalderero, Santa Ageda eta Tolosako Iñauterietan parte hartzea.

4- Topaketak: Saxofoiak, zeharkako flautak, tronboiak, eskuzoinuak, trikitixak... beste herrietakoekin batera arituko dira udaberrian.

5- Instrumentu guztien audizioak, herri guztietan.

6- Usurbilgo Musika eskolarekin elkartrukea, martxoa-apirilean.

7- Arenys del Mar-era joango dira Loatzoako pianistak, klarinete, biolin eta flautako ikasleak.

8- Herri Urrats-en kontzertua eskainiko dute, lehen aldiz.

9- Ikasturte amaierako emanaldiak, herri guztietan.

 

Tolosaldea Buseko langileek greba egitea erabaki zuten urtarrilaren 27tik otsailaren 18ra arte. Izan ere, 2014. urtetik lan hitzarmena berritu gabe dute eta enpresa arloko hitzarmena nahi dute langileek euren lan-baldintzak hobetu ahal izateko. Hitzarmen berria adosteko eskaeraren aurrean, enpresako zuzendaritzak ez zuen inolako erantzunik eman eta hori izan zen grebara jotzeko eta mobilizazioak abiatzeko arrazoi nagusia.

Greba honetan zehar zerbitzu minimoak, %30ekoak, izango dira lineako zerbitzuetan eta Tolosako hiribusean, bestalde, langileek inauterietako gaueko autobus zerbitzua ez dute zerbitzu minimo gisa ikusten. Langileek eta ELA sindikatuak argi adierazi dute enpresa negoziatzera esertzen ez den bitartean, langileek grebari eutsiko diotela. Beraz, eta inauteriak baino lehen mugimendurik egiten ez bada, gaueko zerbitzurik ez du eskainiko Tolosaldea Busek. 

Langileekin bilduko gara astelehenean

Tolosaldea Buseko langileek eta ELA sindikatuko ordezkariek eskualdeko 28 herrietako udal arduradunekin bilerak egiteko eskaerak sartu dituzte aste honetan. Amasa Villabonan, datorrean astelehenean 17:00etan izango da bilera udaletxean, eta PNV eta EH Bildu bertan izango dira (ez dugu PSEren erantzunaren berririk). 

EH Bildutik gure babesa adierazi nahi diegu greba eta mobilizazioak egiten ari diren Tolosaldea Bus enpresako langileei eta enpresako zuzendaritzari lan hitzarmen berria negoziatu dezan eskatzen diogu.  

Azken asteetan Asuncion klinikako langileak protesta ekimen ugari egin dituzte (auto karabanak, kontzentrazioak...) lan baldintza duinak bermatzeko hitzarmen bat eskatuz. ELA eta LAB sindikatuen babesarekin, langileek pairatzen duten prekarietatea salatzen ari dira eta negozioazio mahaian eseri dadila exijitzen diote klinikako zuzendaritzari.
Pasa den abenduaren 10ean Tolosako erdiguneko kaleak zeharkatu zituen manifestazio batekin biribildu dituzte aldarrikapen hitzordu guztiak.

IMG 5839 contentManifestazioaren hasiera Tolosako udaletxe plazatik

Bi egunez luzatu zen grebari amaiera emateko manifestazioa izan zen eta langileez gain, dozenaka herritar batu ziren euripean egin zen mobilizaziora. Asuncion klinikako langileek zuzendaritzarekin soldata igoerak, lan baldintza duinagoak eta egonkortasuna negoziatu ezinak eraman ditu mobilizatzera.
2017a amaitu aurretik, joan den abenduaren 28an, Inviza SA enpresa kudeatzaileko zuzendaritzak bilera batera deitu zituen langile batzordeko kideak: «Guk egin dizkiegun bi eskaera nagusien inguruan hitz egin nahi izan zuten: baldintzez eta soldatez. Ordea, zuzendaritzak eskaini ziguna ez da nahikoa», azaldu du Arantxa Errondosoro langile batzordeko kideak.
48 orduko greba hasterako gutxieneko zerbitzuen kudeaketa salatu bazuten ere, Asuncion klinikako langileak pozik geratu dira lanuzteak izan duten jarraipenarekin, eta baita manifestaziorako deiak izandako zabalkundearekin ere. Behin mobilizazioak amaituta, deialdi guztien balorazio bat egingo dutela azaldu zuten, aurrera begira zer egin erabakitzeko.

Tolosaldeko EH Bilduk lengileen aldarrikapenekin bat egin du

Osasun publikoaren eta langileen eskaeran aldeko ohar hau kaleratu genuen pasa den astean:

DTF2lypXcAAQKJn

Diasporaren Eguna behingoz izendatzea albiste ona da diasporaren beraren aspaldiko eskaria zelako.

EH Bilduk duela bi hilabete aurkeztu zuen proposamena erabakigarria izan da prozesua azkartzeko, orduan hasi baitzen mugitzen Jaurlaritza, ez lehenago.

EH Bilduren iritziz, pozgarria da Diasporaren Eguna behingoz izendatzea, diasporaren beraren aspaldiko aldarrikapena zelako, baina salatzekoa da, aldi berean, Jaurlaritzak urteetan gai horretan erakutsi duen pasibotasuna. Izan ere, Lakuan ez dute ezer egin Diasporaren Eguna izendatzeko Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkideak duela bi hilabete –abenduaren 1ean, hain zuzen ere– proposamen zehatz bat aurkeztu arte. “Une hartan hasi zen mugitzen Jaurlaritza, protagonismo bila, gure ekimen politikoa kontraprogramatzeko”. Hiru egunera, datak proposatzeko eskatu zien munduan zehar dauden euskal etxeei, eta atzo bertan Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku Batzordeak Diasporaren Eguna irailaren 8an ospatzea erabaki zuen, data horretan Juan Sebastian Elkanok munduari bira ematen amaitu zuen eguneko urteurrena delako. Agirreren iritziz, “bistakoa da EH Bilduren proposamenak Jaurlaritza mugiarazi zuela eta erabakigarria izan dela Diasporaren Eguna behingoz izendatuta egoteko”.

Resultado de imagen de jasone agirre parlamento

Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkide eta Diaspora idazkariak aurkeztu zuen proposamena

EH Bilduk beste data bat proposatua zuen, abenduak 3, alegia, Euskararen Eguna, data hori diasporan antolatu eta ospatu zelako lehen aldiz, 1949an. Edonola ere, Agirrek azaldu duenez, “ez da gure asmoa datei buruzko eztabaida bat piztea, inondik inora; garrantzitsuena da Diasporak bere eguna izango duela behingoz eta pozten gaitu jakiteak prozesu honen jatorrian gure proposamena egon dela, hala izan ez balitz, ziurrenik Lakuan inor ez zelako mugituko”. Hori dela eta, EH Bilduk abenduan erroldatu zuen legez besteko proposamena bertan behera utzi du eta, ondorioz, ez da bihar eztabaidatuko.

 

2017. urtean Gipuzkoan, Tolosaldean eta Amasa Villabonan langabeziak behera egin badu ere, ezagutu ditugun azken datuen arabera (207ko azaroa eta abendua) Amasa Villabonan langabezia zertxobait igo egin dela ikusi dugu. Azaroan langabezia tasa %10,9an zegoen eta abenduko datuetan %11,56ra igo da. Ez da igoera izugarria izan, baina azken hilabeteetako beherako tendentziarekin amaitzen du eta hori kezkagarria da.

Tolosaldea eta Gipuzkoako bataz bestekotik gora 

Gure eskualdeko eta Gipuzkoako langabezia tasak %9,7 eta %9,8an daude hurrenez hurren eta beraz, Amasa Villabonako tasa (%11,56) hauen gainetik kokatzen da. Honakoa ere ez da datu positiboa. Gainera langabezia datu errealak aipatutakoako baina handiagoak izaten dira beti, lanik gabe dauden pertsona ugarik ez baitute Lanbiden izenik ematen. 

Lanpostu berrien kalitate eskasa

Azken urteetako joera orokorrari jarraituz, nabarmena da egun sortzen diren lanpostu berrietan tenporalitatea dela nagusi eta lanpostu finkoak gero eta gutxiago izaten direla. Sindikatuak urteak daramatzate egoera hau salatzen. Horrek langileen artean ziurgabetasun handia sortzen du, aldi baterako lanpostuekin etorkizuna planifikatu ahal izatea eragotziz. Honekin lotuta, lan baldintzak ere okerrera doazela ikusten ari gara; gero eta gehiago dira hitzarmen kolektiborik gabeko sektoreak eta lanpostuak, orokorrean soldatak ere ez dira prezioen maila berean igotzen (jendearen eroste-halamena murriztuz), lanpostu askotan lan ordu kopurua ere oso irregularra izaten da... Guzti honek lanpostu gero eta prekarioagoak izatea dakar eta honek asko arduratzen gaitu. 

Izena eman Boletinean!

Showcases

Background Image

Header Color

:

Content Color

: