- 05 Urria 2019
Aste honetan jakin berri dugu Nafarroako Auzitegi Nagusiak UGT eta SPA sindikatu espainiazaleen helegitea aintzat hartuz 2017an Aldaketaren Gobernuak garatutako Euskararen Dekretua edukiz hustu duela. Epai berriaren ondorioz Nafarroako hizkuntza zonifikazioan sakondu eta zonalde mixtoan zein ez euskaldunean dekretuaren bidez eman ziren hainbat aurrerapen ezerezean gelditu dira. Antza denez, zonalde mixtoan zein erdaldunean bizi diren euskaldunek ez dute aurrerantzean errotulu elebidunak izateko edota oposaketa batean euskara, Lingua Navarroruma, meritu gisa hartzeko eskubiderik izango. Hori bai, Vianan edo Tuteran lanpostu publiko bat lortzeko alemaniera meritu gisa hartuko da. Zeinbaiten euskarafobia agerikoa da 2019. urtean.
Epai honek are eta garbiago uzten du euskaldunok Euskal Herrian, eta bereziki Nafarroan, bizi dugun diglosi egoera. 1986ko Nafarroako Euskararen Legea euskaldunon gutxiespenean oinarritua egon zen. Nafarroako euskalgintzak adierazi moduan hizkuntza eskubideen eta euskararen normalkuntzaren inguruko edozein neurri hartu ahal izateko lege honen aldaketa ezinbestekoa da.
Hizkuntza eskubideak ez dira Nafarroan soilik urratzen Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren 2018ko txostenaren arabera Euskal Herri luze zabalean urratzen dira eskubide hauek. Honela dio txostenak:"Agerian geratu da, beste behin, ahoz zein idatziz euskaraz jarduteko zailtasunak daudela eremu eta maila guztietan, mota guztietako zerbitzu eta jardueretan, baita lan esparruan eta kontsumo harremanetan ere."
Zorionez herri borrokek epaitegi zein erakundeen logika zentralizatzaile eta diglosikoei aurre egiten diete zenbaitetan, eskubideetan oinarritutako lege berriak idatziaraziz, legeen muga ertsien gainetik alternatiba errealak gauzaraziz edo dauden lege mugatuak aplikaraziz. Zentzu honetan zoriontzekoa da Euskal Herriak hizkuntza normalizazioaren bidean ekimen propioak sortzeko izan duen gaitasuna hezkuntzatik hasi, helduen alfabetatzera pasa, herri komunikabideekin segi, lana euskalduntzeko ekimenekin jarraitu... euskara talde anitzek besteren artean mugimendu anitz eta eraginkorra sortu dute. Herrigintzik gabe ez dago aldaketarik, euskalgintza gabe ez dago hizkuntza normalizaziorik eta normalizaziorik gabe herritarron eskubideak ez dira errespetatuko.