- 17 Iraila 2019
Akordio bat tarteko, atzo 47 euskal herritarren aurka Madrilen hasi zen epaiketa minutu gutxira amaitu zen. Modu honetan, Arantza Zulueta eta Jon Enparantza abokatuak bost hilabeterako preso sartuko badituzte ere, gainontzekoek espetxea saihestuko dute. 47 euskal herritar hauek erabaki kolektiboa hartu dute, guztien artean adosturikoa.
47 auziperatuen artean, Elduaingo Kudu eta Ibarrako Minde daude
Joseba Asiron Iruñeako alkate ohiak ederki adierazi duen bezala, auziperatuek bi aukeren artean erabaki behar izan dute…edo euren burua errugabe jo eta 8-20 urte bitarteko espetxe zigorrak jaso, edo errua onartu eta espetxera ez sartu. Espetxeratzeek maila pertsonalean eta baita alor politikoan ekarriko lituzkeen ondorio guztiz kaltegarriak kontuan hartuta, Amasa-Villabonako EH Bilduko kideok asko pozten gara auziperatuak berriro etxean daudela jakinda, eta besarkada bana bidali nahi diegu eskualdekoak ditugun Kudu eta Minderi batetik, eta Jon Enparantza eta Arantza Zulueta abokatuei bestetik, azken hauen konpromiso eta eskuzabaltasunak ahalbideratu baitu akordioa.
Edozein kasutan, lehenagotik ere aipatua genuen auzi honekin elkartasuna bera zela epaitu nahi zena, izan ere presoen giza eskubideen alde lan egite hutsagatik eraman baitituzte euskal herritar hauek Espainiako Audientzia Nazionalera. Eta jakina, horrantz ezin daiteke joan justiziaren bila, epaileak aspalditxotik Estatuak erosiak baititu. Horrexegatik, akordioaren ondorioz auziak amaiera positiboa izan badu ere, honelako epaiketek suposatzen duten injustizia salatu beharrekoa da. Estatu honek demokratikotik oso gutxi duenez, bere hatzaparretan ez erortzeko egin ez diren delituak aitortu behar dira, espetxea saihesteko azken finean. Eta Espainiako estatuak historikoki duen izaera antidemokratikoa zenbaterainokoa den ikusita, Euskal Herriak erabateko burujabetza eskuratzen ez duen bitartean, egoera hauek errepikatu daitezkeela aurreikusi behar da.
Aurrera egin behar da ordea, estatuaren joko arauak alboratuz eta euskal jendartean adosturiko eszenatoki berriak bilatuz. Zentzu honetan, atzo euren etxeetara 47 lagun itzuli baziren ere, beraiek ondo esan bezala itzulerak 250 lagunena izan behar du, euskal preso politiko guztiena alegia. Badira ia 8 urte ETA erakundeak bere armak behin betirako isildu zituela eta beraz, euskal presoen aferan urratsak ozenki exijitzeko garaiak behar dute izan.