Bihar hasiko da Izarren erasotzailearen aurkako epaiketa Valentzian eta gai honek eduki duen ibilbideari buruzko kronika bat egiteko une aproposa dela deritzogu.

 

0220 eg saramajarenas

Bien irudia Sarari herriak egin zion ongi etorrian

 

2017ko urtarrilean Izar Picassenteko espetxean bizi zen bere amarekin, Sara Majarenas euskal preso politikoa baitzen garai hartan. Sara Izarren aita zenaz banandu berria zegoen (preso arrunta bera) eta honek mendeku moduan, asteburuko baimen batekin aske zegoen batean, bi urteko alaba erailtzen saiatu zen labankadaz. Hasiera batean lortu zuela uste zuenez, polizien aurrean hilketa onartzera iritsi zen. Are gehiago, Sararen senideei erasoa egin eta berehala telefonoz deitu zien, bi urteko bere alaba hil zuela barre artean esanez. Ez zuen lortu, baina hil ala bizi hainbat egun pasa zituen Izarrek ospitalean, ama gabe, alabarekin batera egon ahal izateko trabak etengabeak izan baitziren Sararentzat, eta honela, epaile batek ospitalera iraunkorki joateko baimena eman zionerako hiru aste baino gehiago pasa ziren.

 

Argi geratzen da beraz, lehen egun horietatik Sara eta Izarrek pasa behar izan zutena ez zela makala izan. Infernu bat. Gerora ere bere ingurukoek lan asko egin behar izan zuten ama eta alaba elkarrekin egon zitezen eta Sarak zigorraren hiru laurdenak beteak bazituen ere, ez zen bere askatasuna lortu. Zigorra guztiz beteta 2018ko martxoan geratu zen aske.

 

Gertaera izugarri larria, hitzik gabe uzten gaituen horietakoa izan arren, aurtengo otsailaren 15a geroztik aske da erasotzailea, Picassent-eko epaile batek hala erabakita. Erabakia hartzeko epaiketa hasteko eguna luzatzen ari zela eta behin-behineko espetxeratzea salbuespenezko neurria izan behar zuela argudiatu zuen. Euskaldunokin sitematikoki eta historikoki egin dutena ikusirik broma txar bat dirudi epailearen  argudioak. Ez zuten pagotxa hori eduki adibidez Altsasuko gazteek, ez eta sententziaren zain dauden preso politiko katalanek, euren ustezko delitua inondik inora hain larria ez izan arren. Behin-behineko espetxeratzearen ordez, epaileak hainbat neurri ezarri zizkion erasotzaileari, baina ez soilik berari, hau aske utzi zutenetik Sara Majarenas bera ere pulsera telematiko batekin bizitzera behartua izan baita, bera eta bere alabaren segurtasuna bermatu nahi zela argudiatuz. Hau ez da indarkeria matxistaren biktimak tratatzeko modu egokia inondik inora, erasotzailea aske utziz, berriro ere arriskua, beldurra, estresa eta kontrol poliziala jasan behar izan baitute Sara eta Izarrek euren eguneroko bizitzan azken hilabete guzti hauetan. Biktimak izan arren, errudun moduan tratatuak izan dira honela.

 

Epailearen erabaki hau beraz, Espainiako Justizia patriarkalizatua dagoenaren beste adibide garbi bat izan zen eta biktima diren emakumeenganako sekulako bihotzgabekeria erakusten du. Eta beste zalantza bat ere uzten digu... Sara euskal preso politiko ohia ez balitz, erasotzailea epaiketaren zain aske utziko lukete? Ez ote zen beste mendeku bat? Gauza bat argi dago, Sararen joera politikoa beste bat balitz, estatuko komunikabide eta erakunde ororen eskuhartze nabarmena izango luke gertaturikoak, baina erabat isilean pasa da guztia lurralde horretan. Orain, bihar hasiko den epaiketaren nondik norakoen zain geratu beharko gara. Fiskatzak eta akusazio partikularrak 30 urteko espetxeratze zigorra eskatzen dute Izarren erasotzailearen aurka, delituari erabateko larritasuna emanez. Atzo bederen, Sara eta Izarrek jende askoren babesa jaso zuten Donostian egin zen manifestazioan.