EH Bilduk ekinbide legegilea aurkeztu du Gasteizko Legebiltzarrean: EAEko Legebiltzarrak Espainiako Gorte Nagusietan lege aldaketa bat eska dezala proposatzen du EH Bilduko legebiltzarreko taldeak. Rebeka Ubera legebiltzarkideak aurkeztu du publikoki proposamena eta beste alderdi politiko guztiei helarazi zaie.

Eutanasia Espainiako Zigor Kodean zigortuta ez egotea bilatzen du koalizio abertzaleak, baina hori aldatzea Espainiako Gorteen eskumena da eta ondorioz, legebiltzar gisa bertara jotzea proposatu du Rebeka Uberak. Beraz, alderdi baten ekinbidea beharrean, araudi aldaketa hori (eutanasiaren despenalizazioa) Eusko Legebiltzarrak eska dezala planteatu du.

Aurkeztutako proposamenak hiru puntu nagusi ditu. Lehenik eta behin, Zigor Kodearen 143.4 artikulua aldatzea, eutanasian laguntzen duen pertsona zigortua izan ez dadin. Bigarrenik, Espainiako Gobernuari eskatzen dio eutanasia arautzeko legea bidera dezala, ekinbide legegilea Espainiako Gorteetan onartu eta sei hilabeteko epean. Azkenik, Espainiako araudi hori onartu bitartean, bideak abiaraziko dira Eusko Legebiltzarraren proposamena aplikatzeko.

Rebeka Ubera, Gasteizko legebiltzarrean EH Bilduren proposamena aurkezten

Rebeka Uberak gogorarazi du Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi gehienek eutanasia arautzearen alde egin dutela Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan. PP izan da alde agertu ez den bakarra. EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez gehiengoaren aldeko jarrera horrek erraztu beharko luke proposamena aurrera ateratzea eta tramitatzea.

Tramitea ohiko ekinbide legegile baten modukoa litzateke. Eusko Jaurlaritzak irizpena aurkeztu beharko luke, eta gero Eusko Legebiltzarrean lege moduan garatuko litzateke. Onartuz gero Espainiako Gorteetara bidaliko lukete, Eusko Legebiltzarraren izenean.