Maddalen Iriartek kexa formala helarazi dio Legebiltzarreko Mahaiari PPko legebiltzarkideek atzo Arzuagaren berbaldia eragotzi zutelako oihu eta irainen artean.

“Zigorgabetasuna nahi dutenei aurre egitea obligazio demokratikoa da eta Mahaiak Arzuaga babestu behar du atzodanik jasotzen ari den irain eta mehatxuen aurrean”.

EH Bilduk protesta formala helarazi dio Legebiltzarreko Mahaiari, Estatuaren biktimak aitortzeko legearen eztabaidan atzo “Julen Arzuagak jasan behar izan zuena onartezina delako”, Maddalen Iriartek salatu duenez. “Hitza hartu eta berehala, PPko legebiltzarkideak keinuka altxatu eta normaltasunez jarraitzea galarazi zioten oihu eta irainen artean, Legebiltzarreko presidentearen inakzioa baliatuta”. Bada, “Mahaiari dagokio orain, PPren jokabidea dela eta, Erregelamenduan aurreikusitako zehapen neurriak hartzea, eta hala eskatu diogu”.

PPk gonbidatuta, Ganbaran izan ziren Jusapol sindikatu polizialaren ordezkarien aurkako zehapen neurriak ere eskatu ditu EH Bilduk, “haien mehatxu eta mespretxu keinuak nabarmenak izan zirelako hasieratik eta eztabaida politikoa eragotzi zutelako”. Halaber, azaldu du Iriartek, “Mahaiak babes eta elkartasuna adierazi behar dio Arzuagari atzodanik sare sozialen bidez etengabe jasotzen ari den irain eta mehatxuak ezin direlako onartu parlamentu batean”.

PPko legebiltzarkideak Julen Arzuagaren auka oldartuta

EH Bilduko bozeramailearen iritziz, “Estatuaren biktimak umiliatzen dituztenei, krimen izugarriak egin dituzten polizia eta guardia zibilen zigorgabetasuna nahi eta eskatzen dutenei, aurre egitea obligazio demokratikoa da, eta horixe da Julen Arzuagak egin zuena. Jusapol bezalako elkarteei tinkotasun osoz esan behar zaie Estatuaren biktimek ere, gainerako guztiek bezala, egia osoa, justizia eta erreparazioa merezi eta behar dutela, eta penagarria da atzo onartu zen legea bide horretan motz geratzea. Hala ere, argi izan dezatela guztiek EH Bildu tematurik dagoela bide horretan eta lanean jarraituko duela biktima horiei ere justizia eta erreparazio osoa eman arte”.