ARGIAko lantaldeak Donostiako epaitegiaren aurrean elkarretaratzea egin du asteazken goizean.

Bi ertzainek egindako hizkuntz eskubideen urraketa batez informatzeagatik, hedabide honetako Lander Arbelaitz kazetariaren aurkako salaketa jarri dute eta asteazken honetan auzi horrekin lotuta lehen aldiz joan behar izan du Arbelaitzek deklaratzera.

Donostiako epaitegiaren aurrean egindako elkarretaratzea

“Informatzen jarraituko dugu, kazetaritza ez da delitua” idatzita zeukan pankartarekin elkarretaratzea egin dute ARGIAko lankideek Donostiako Egia auzoan dagoen epaitegiaren aurrean. Ez dira bakarrik egon, hainbat kazetarik, eragilek eta herritarrek egin dute bat elkarretaratzearekin, 50 lagunetik gorako taldea osatuz.

Auzi honen konponbide justu bakarra epaiketarik ez egitea dela adierazi du Mikel Garciak Argia-ko lantaldearen izenean.

Epaitegiaren atarian izan dira ARGIAri babesa adierazten Berria egunkariko zuzendari Martxelo Otamendi, Eleak-Libre mugimenduko Joseba Alvarez eta Zigor Etxaburua euskaltzalea, besteak beste.

“Utzi ARGIA bakean” eta “Euskal Herrian euskaraz” bezalako aldarrikapenak egin ondoren, epaitegira sartu aurretik, Arbelaitzek eskerrak eman dizkie euren babesa adierazi duten 400 pertsona eta eragileei. Sostengu hori jaso izana “ohore bat” dela azaldu du kazetari donostiarrak. Horiekin batera, asteazken goizetik sare sozialen bidez hamaika erabiltzailek ere elkartasuna adierazi diote Arbelaitzi eta ARGIAri. 

Elkartasun bideo hau zabaldu da gaur sarean: https://www.youtube.com/watch?time_continue=43&v=b7_u6qUIgcs


EH Bildutik ere, gure elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diegu ARGIA astekariko lantalde osoari eta bereziki Lander Arbelaitz kazetariari. Kalean, espazio publikoan gertatutakoaz informatu ahal izatea da kazetaritza libre baten eta adierazpen askatasunaren oinarrietako bat eta Ertzain hauek jarritako salaketa eskubide horien kontra doa zuzenean. Ondorioz, gaur kazetari batek hedabide batean informatze hutsagatik epaitegira deklaratzera joan behar izatea onartezina eta salatu beharrekoa iruditzen zaigu.

Kazetaritza ez da delitua!