Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak hamabostean behin elkarretaratzea burutzeko asmoa azaldu zuen.

Larunbat eguerdian 150 herritar inguru elkartu ziren Tolosako Trianguloa plazan. Mobilizazioa TOPAk deitu zuen, eta osasun publikoaren aldeko elkarteko kideek bi larunbatetik behin elkartzeko asmoa azaldu zuten. Hori egiteko hiru arrazoi aipatu zituzten elkarretaratzearen amaieran. Ondoren, ordezkari politikoei elkarrekin lan egitea exijitu zieten, "norabide berean, eta eskatu dezatela justiziaz Tolosaldeko herritarroi tokatzen zaiguna, kaltetuak denok gara eta, ideologia batekoak zein bestekoak izan".

Tolosan elkartzeko lehen arrazoia Tolosako alkateari euren haserrea eta errealitatea erakusteko nahia izan zela adierazi zuten TOPAko kideek: "Errealitate hori oso desberdina da konparatzen baldin badugu alkateari txostenetan eta bulegoetan erakusten dioten errealitatearekin. Erakutsiko diogu zer errealitate bizi eta jasan dugun azken 8 urte hauetan, arreta eskasa jasotzen ari garelako Asuncion-ekin hitzarmen publiko-pribatua sinatu zutenetik".

"Tolosako alkateari gure haserrea eta errealitatea erakutsi nahi diogu"Pasa den larunbatean Tolosan egindako elkarretaratzearen irudia

Mobilizazioa egiteko bigarren arrazoi bezalako honakoa aipatu zuten: "Garbi utzi nahi diogu kexa edo protesta honen bidez, norbanako kexa askorik ez dagoela, baina ez pozik eta gustura gaudelako jasotzen dugun arretarekin, baizik eta gutako asko ez garelako ausartzen kexa jartzera".

Azkenik, gauzak konpontzeko prestutasuna azaldu zuten: "Hemen bildu gara, gutako bakoitzak lagundu egin nahi duelako 8 urte hauetan jasan dugun arazo hau konpontzen; gutako bakoitzak bere alea jarri nahi duelako. Izan ere, hemen ez du nork bere konponbidea bilatu behar. Ez, hemen, auzi honetan, konponbideak kolektiboa izan behar du, bakoitzak bere aletxoa jarrita".

Beste behin azpimarratu nahi izan zuten Gipuzkoako beste eskualdeek dutena bakarrik eskatzen dutela: "ekitatea, haiek adina ordaintzen dugu eta". Ondorioz, zera exijitu zuten: "Ordain dezatela behingoz Tolosaldeari zor diotena, ordaindu dezatela 35 urte hauetan pilatu den zorra, zor hori, gainera, urtetik urtera handitzen ari da batere ekitatiboa ez den hitzarmen bidegabe hori sinatu zutenetik".

Tolosaldeko EH Bilduko alkate, zinegotzi eta kide ugari hurbildu ziren elkarretaratzera, EH Bilduk TOPA-k egiten dituen aldarrikapenekin bat egiten duela erakusteko eta beste behin Tolosaldeak ospitale publiko bat behar eta merezi duela adierazteko. Tartean zen Arantza Lopez ere, Amasa-Villabonako EH Bilduko zinegotzia.