Hau da Gipuzkoako Errausketaren Kontrako Mugimenduak kaleratu duen oharra:

ERRAUSKETAK KLIMA ERE ONDATZEN DU

Nola egongo ote da mundua eta nola Euskal Herria 2051. urtean? Klimaren berotzeak munduan zabalduko duen hondamendi handiarekin, nola biziko dira gure ondorengoak? Nolako airea arnastuko dute? Zer jan eta edango dute, zein gaixotasun sufrituko dituzte 2051. urtean? Nolako zerbitzu sozialak? Nork eta zein baliabiderekin zainduko ditu gaixoak, zaharrak, umeak…

Klima aldaketari erremedioa jartzeaz hitz egiteko Change The Change biltzar hau antolatzeak erakusten du larrialdi egoera batean bizi garela. Aurpegi askoko zibilizazio krisi batean bizi gara XXI. mende hasieran: krisi ekonomikoa, krisi sozial ugari, krisi politikoak, erregaiak eta baliabideak urritzearen krisiak, krisi humanitarioak… eta denak daude lotuta eredu sozial eta ekonomiko oker baten ondorioekin. Krisi guztiok larriagotuko ditu klimaren beroketak, behin eta berriro munduko jakintsuak ohartarazten digutenez.

Donostiara Change The Changera etorri zareten jendeok: jakin ezazue hemen, Euskal Herrian, Gipuzkoan, Donostian, agintariak oso gaizki ari direla egiten gauzak, klimaren aldaketa erremediatzeko adituek aipatzen dituzten neurrien justu alderantzizkoak ari direla hartzen gure agintariak, herritarren egungo egoera eta etorkizunekoa baztertu eta botere ekonomiko handiei ‘business-as-usual’ (beti bezala funtzionatzen) jarraitzen lagunduz.

Errausketaren kontrako mugimenduko hainbat kidek Donostian egindako agerraldia

Donostia, Gipuzkoa eta Euskal Autonomia Elkarteko agintariek itsu-itsuan laguntzen dituzte klimarentzako kaltegarriak diren proiektuak, bideragarritasun ekonomikorik eta sozialik edukiko ez dutenak: Abiadura Handiko Trena, erraustegiak, lurraren artifizializazio masiboa, Donostian bertan lurpeko trenbide berri bat…

Errausketaren Aurkako Mugimenduan biltzen garen herritar eta elkarteek behin eta berriro erakutsi dugu Errauste Plantak kaltegarriak direla gizakien osasunerako, Europak lehenetsi duen Ekonomia Zirkularra eragozten dutela, milaka tona CO2 aireratzen dituztela alferrik atmosferara… eta hondakinak aprobetxatzeko alternatiba hobe eta merkeagoak badaudela, Europan bezala hementxe bertan ere ikusten ditugu.

Baina gure agintariek ez dute entzun nahi. Begiratu Donostia hiri polit honi: bere barruan dauka pozoia. Hemendik 5 km-tara milaka tona hondakin erretzen ditu Añorga-Rezolako porlan fabrikak agintariek baimena 2008an emanda. Eta beste 5 km urrunago Zubietako erraustegi berria ari dira eraikitzen. Añorgako Rezola baldin bada EAEn C02 gehien isurtzen duten industrietako bat, Zubietako erraustegia ere klima kaltetzen dutenen zerrendan gehituko da.

Oraindik garaiz gaude Gipuzkoako bigarren erraustegi hau gelditzeko. Donostialdea oso ingurune kutsatua baldin bada, ezin digute hemengo herritarroi pozoi gehiago zabaldu erraustegi berri batekin.

Obra berriarekin gure diru publikoak hipotekatuta geratuko dira 2051 arte, noiz eta klimaren aldaketak mundu osoan ekarriko dituen kalteei aurre egiteko inbertsio eta diru publiko asko beharko diren urteetan.

Ongi etorriak mundu osotik Change The Change biltzarrera zatoztenoi. Ez utzi EAE, Gipuzkoa eta Donostiako agintariek ‘green-washing’ merkea egiten, eskatu benetako konpromisoa herritarren eta Lurra planetaren etorkizunarekin, exijitu klimaren aldaketa okerragotzen duten proiektuak baztertzea.

Rossano Ercolini Zero Waste mugimenduko lider eta Goldman Saridunak esan duen bezala, agintariok: EZ ERRE GURE ETORKIZUNA.