Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak aurkeztutako lege proposamena onartzen bada, enpresek bi aldiz pentsatuko dute produkzioa kanpora eramateko garaian, hala eginez gero, 10 urteetan jasotako laguntza publikoak itzuli beharko lituzketelako.

Iker Casanovak lege proposamena aurkeztu du gaur Legebiltzarrean enpresen deslokalizazioari aurre egiteko neurriei buruz. Azaldu duenez, helburua enpresen deslokalizazioa eragoztea da, enplegua babesteko, konpainiek lurraldearekiko izan behar duten erantzukizuna eta konpromisoa indartuta. EH Bilduk proposatu duen legearen arabera, instituzioek deslokalizazio kasu baten aurrean dagoela egiaztatuz gero, enpresak azken 10 urteotan jasotako diru-laguntza publiko guztiak itzuli beharko lituzke. Casanovaren hitzetan, “hala, enpresek bi aldiz pentsatuko dute euren produkzioa kanpora eraman aurretik; diru-laguntza publikoak jasotzearekin batera enpresek lurraldearekiko konpromiso bat hartu behar dute, laguntza horiek ezin baitira erabili epe laburreko operazio espekulatiboak egiteko”.

Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidea lege proposamen hau komunikabideei aurkezten

Legebiltzarkideak azpimarratu du ekimen honen bitartez EH Bilduk “legedian dagoen hutsune bat bete” nahi duela, enpresen deslokalizazioa arazo bat delako eta administrazioek tresna gehiago behar dituztelako fenomeno horri aurre egiteko. Azaldu duenez, Bizkaiak helburu horrekin onartu zuen foru arau bat 2007an, baina Erkidego mailan ez dago parekorik. Hori dela eta, EH Bilduk beharrezkotzat jo du EAE osoa barne hartuko duen legea onartzea.

Casanovak deslokalizazioen ondorio latzez ohartarazi du, eta gogora ekarri du General Electric-en kasua, Ortuellan 134 lanpostu galtzea ekarri zuena. Halaber, azaldu du Bizkaiko Aldundiak 2007ko foru araua baliatu zuela Incoesa eta Siban enpresei diru-laguntzak itzul zitzatela eskatzeko, eta “Siban-en kasuan deslokalizazioa neutralizatzea lortu zuen horrela”. Azken kasu honek, erantsi du Casanovak, frogatzen du EH Bilduk proposatzen duena bezalako legeak eraginkorrak direla.

Legebiltzarkideak, azkenik, EH Bilduren ekoizpen legegilea nabarmendu du, “Jaurlaritzaren pasibotasunarekin kontrastatzen duena”. Izan ere, “gaurkoarekin sei dira azken bolada honetan proposatu ditugun legeak: kontratu publikoetan klausula sozialak txertatzeko, euskara ikastearen doakotasuna bermatzeko, indarkeria matxista kasuetan zaintza partekatua eragozteko, ustelkeriaren aurkako bulegoa sortzeko eta merkataritza gune handi gehiagoren irekiera mugatzeko”.