Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, Osasun sailburuak ezin dio karguari eutsi fiskalak oposizioetan delitu zantzuak aurkitu ostean. “Darponek berak dimisioa eman ezean, Urkulluk kargutik kendu beharko du”. EH Bilduk ikerketa batzordea eskatu du berriz Legebiltzarrean.

EAEko fiskalburuak sekretuak ezagutarazteko delitu zantzuak aurkitu ditu Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoan eta, hori horrela, Jon Darpon Osasun sailburuak dimisioa eman behar du berehala, Rebeka Uberaren iritziz. “Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoa iruzur handia, sekulako maula izan da azterketak egin zituzten milaka pertsonentzat ez ezik, gizarte osoarentzat ere, eta horren arduradun politiko nagusia Osasun sailburua da. Orain arte, Darpon ezkutatu egin da Osakidetzako zuzendari ohiaren dimisioaren eta Giza Baliabideetako zuzendari ohiaren kargu-uztearen atzean, baina hori amaitu zaio. Bada garaia dagokion erantzukizuna bere gain hartzeko eta dimisioa emateko, eta egiten ez badu, lehendakariak izan beharko du kargutik kenduko duena. Jaurlaritzak mezu argia helarazi behar dio gizarteari, zintzotasun eta garbitasunaren mezua, hain zuzen ere. Argi utzi behar du praktika ustelak ordaintzen direla, eta hori bateraezina da Darponek sailburu karguari eustearekin”.

Rebeka Ubera (EH Bildu) Gasteizko legebiltzarrean

EH Bilduk salatu duenez, irregulartasunen jatorria EAJren Giza Baliabideetako politika ereduan dago. “Eredu opakua da, lagunkerian eta klientelismoan oinarritzen dena, eta urte askoren buruan argitara atera eta azaleratu da. Osakidetzako oposizioetan gizartea iruzur handi baten biktima izan da, eta PNVk azalpenak eman behar ditu orain”. Horri jarraituz, Uberak ezinbestekotzat jo du Legebiltzarrean ikerketa batzordea sortzea, Osakidetzako lan eskaintza publikoan gertatu diren irregulartasunak argitzeko eta ardura politikoak garbitzeko. EH Bilduk gaur bertan erroldatu du eskari hori eta Uberak gainerako taldeen babesa jasotzea espero du. “Aurrekoan PNV, PSE eta PPk atzera bota zuten ikerketa batzordea sortzeko proposamena, baina oraingoan berdin ez jokatzea espero dut, fiskalaren txostena ezagutu ostean inork ez lukeelako ulertuko”.

Halaber, lan eskaintza publikoen eredu berriaren oinarriak ipini behar dituen lantalde parlamentarioa aktibatzearen garrantzia azpimarratu du Uberak, “oposizioetan gardentasuna eta aukera berdintasuna bermatzeko”.