PNV-PSEren koalizioak gidatutako Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatu duen Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan, “Open minded governance for your future” (euskaraz “gogo irekiko gobernantza zure etorkizunarentzat”) izeneko jardunaldia egiten ari dira Donostiako Tabakaleran. Ekitaldia hasi baino lehen hainbat langilek protesta egin dute eraikinaren barruan.

Hainbat langilek Tabakalerako sarrera nagusiko eskaileretan protesta egin dute (argazkia: Bitartekariak Martxan).

Hainbat langilek Tabakaleraren sarrera nagusiko eskaileretan eserialdia egin dute astelehen honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan antolatu duen jardunaldia hasi aurretik.

Horietako askok euren suhiltzaile uniformea zeukaten jantzita eta Iñaki Igerategi euskal preso ohiari bere lanpostura itzultzeko eskubidea urratu diotela salatu dute.

Bertan ziren Tabakalerako Ubik sorkuntza-liburutegiko bitartekariak ere. Bi hilabete daramatzate greban euren lan-baldintzetan zenbait hobekuntza eskatuz eta lan-gatazka hori ez konpontzearen erruz, zentro kulturaleko liburutegia itxita dago greba hasi zenetik.

Langileekin batera, hainbat ordezkari sindikal ere egon dira protesta ekintzan, ELA, LAB eta CCOO sindikatuen banderekin.

Ubikeko bitartekariek sare sozialetan salatu dutenez, jardunaldirako izena emana zuten arren ez diete sartzen utzi eta Ertzaintza bidali dute protesta egiten ari ziren lekura.


EH Bildutik gure elkartasun eta babes osoa eskaini nahi diegu lan baldintza duinen alde borrokatzen ari diren Tabakalerako Ubik sorkuntza-liburutegiko bitartekariei (bi hilabete daramatzate greban) eta Iñaki Igerategi lankidearen lanerako eskubidea defendatzen ari diren suhiltzaileei. Animo eta eutsi gogor!

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko PNV eta PSEko politikarien jarrera arduragabe, oztopatzaile eta zapaltzailea salatzen dugu. Aldundiaren ardurapeko zerbitzu publikoetan ematen ari diren lan gatazken aurrean beste alde batera begiratzen ari dira, ostrukarena egiten, Aldundiak zer ikusirik izango ez balu bezala. Lotsagarria da Aldundiko arduradun politikoek zerbitzu publikoetako langileen lan-baldintzen aferan erakusten ari diren axolagabekeria. Beraz, Gipuzkoako Foru Aldundiko agintariei, lan gatazka hauek konponbidean jartzeko helburuarekin, langileekin biltzeko, soluzioak proposatzeko eta bere ardurei heltzeko eskaera egiten diegu.