Manifestu bat plazaratu dute, eskatuz berehala askatzeko preso katalanak, eteteko prozesu subiranistaren aurkako prozedura judizialak eta abiatzeko elkarrizketak.

Bihar hasiko da, Madrilen, Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiketa, eta, bezperan, manifestu bat argitaratu dute Euskal Herriko 68 herritarrek, alor ugaritan dihardutenek. Gure Esku Dago-k sustatu du agiria, eta uste du "gehiengo soziala islatzen duen lagin bat" dela adierazpena sinatzen dutenen zerrenda.

Izenpetzaileen artean daude Ainhoa Tirapu Athleticeko jokalaria, Asier Illarramendi Realekoa, Karmele Jaio eta Eider Rodriguez idazleak, Gorka Urbizu, Fermin Muguruza eta Anari Alberdi abeslariak, Onintza Enbeita bertsolaria, Daniel Innerarity filosofoa, Jule Goikoetxea EHUko irakaslea eta Pili Kaltzada, Elixabete Garmendia, Mariano Ferrer, Martxelo Otamendi eta Julen Telleria kazetariak, besteak beste.

Sinatzaileek hiru aldarrikapen nabarmendu dituzte: batetik, espetxean dauden Kataluniako buruzagi politiko eta sozial independentistak askatzea; bestetik, 2017ko urriaren 1eko erreferendumari lotutako prozedura judizial oro bertan behera uztea; eta azkenik, "elkarrizketari eta negoziazioari" ekitea, "herritarren borondatearekiko begirunean eta balio demokratikoetan oinarritutako konponbide politikoa posible izan dadin".

Horrez gain, sinatzaileek azpimarratu dute "kultura demokratikoan sakontzeko eta elkartasuna lantzeko" garaia dela: "Demokrazian ezin dira kriminalizatu mobilizazio demokratiko eta baketsuak, ezta disidentzia politikoa ere".

Quim Torra Kataluniako Gobernuko presidenteak esker ona adierazi dio Gure Esku Dagori, epaiketari begira biltzen ari den babesarengatik. "Gure Esku Dagoko lagun maiteak, eskerrik asko egiten ari zareten guztiarengatik. Borroka dezagun elkarrekin Kataluniaren eta Euskal Herriaren askatasunarengatik. Eskerrik asko. Besarkadak", idatzi du bere Twitter kontuan.

Gure Esku Dago erabiltzailearen argazkia.