Arartekoak egindako txostenak berretsi egin du EH Bilduren diagnostikoa, eta argi erakutsi du Giza Baliabideetako politika aldatzeko eztabaida ireki behar dela.

Osakidetzaren azken Lan Eskaintza Publikoan gertatutako irregulartasun larrien ondorioz, EH Bilduk Osasun saileko Giza Baliabide politikaren norabide aldaketa sustatzeko hainbat neurri zehatz eskatu zituen 2018ko azaroaren 18an. Arartekoak gaur ezagutzera eman duen azterketak berretsi egin du EH Bilduren diagnostikoa eta hainbat gomendio. Besteak beste, filtrazio susmopean egoteagatik errepikatu behar diren probetan epaimahaien osaera aldatzea eskatu zuen EH Bilduk, eta hala egin du ere Arartekoak. Gainera, epaimahaikideak zozketaz izendatu behar direla adierazi du, koalizioak azaroan proposatu bezala.

Resultado de imagen de Rebeka ubera eh bilduRebeka Ubera (EH Bildu) Gasteizko legebiltzarrean egindako agerraldian

Beraz, Arartekoak egindako azterketa EH Bilduk orain arte eskatutako norabidean doa hein handi batean. Horregatik, Rebeka Ubera Legebiltzarkideak txostenaren “balorazio positiboa” egin du, eta Gobernuari eskatu dio Arartekoaren gomendioei jarraitzea. Alde horretatik, azpimarragarria da Arartekoak azaldu duen kezka aldi baterako enplegu tasa handiaren inguruan. EH Bilduk bat egiten du kezka horrekin, eta, azaroan aurkeztutako proposamenean adierazi bezala, defendatu du “azken urteotan areagotu den behin-behinekotasun tasa izugarriari erantzun egoki bat eman behar zaiola”.

Azken batez, Arartekoaren txostenak argi erakusten du Osakidetzan Pertsonal arloko politika aldatzea dela gakoa, eta kasu honek eztanda egin zuenetik, EH Bilduk beti esan du auzian dagoena ez dela oposizioen eredua soilik, baizik eta Giza Baliabideetako politika osoa. Horren harira, Arartekoak esan du “Osakidetzak eztabaida sustatu behar duela” etorkizuneko LEPak “inpartzialtasun eta gardentasunaren eredu” izateko helburuarekin.

Gomendio hori bat dator EH Bilduk eskatutakoarekin, hau da: “Lan Eskaintza Publikoaren eredua aldatzea eta 2019ko lehen hiruhilekoan Osakidetzako Giza Baliabideetako politika aztertzeko eta hobetzeko talde txostengilea abiatzea”, besteak beste, ondorengo neurriekin:

  • Epaimahaien berregituraketa.
  • Test erako azterketa bakarra.
  • Segurtasun neurri osagarriak aplikatzea irregulartasunak ekiditeko.
  • Azterketak IVAPek egitea.
  • Plantilla estruktural eta funtzionala (erreala) berdintzera joatea.
  • Murriztea izendapen askeko izendapenak eta araudi berria egin.
  • Enpleguaren egonkortasuna.