EAEn sektore publikoak sustatutako obretan edo zerbitzu publikoen esleipenetan gutxieneko baldintza batzuk ezartzea du helburu. Adibidez, Administrazioarekin kontratuak egiteko 1.200 eurokoa izango da gutxieneko soldata.

EH Bilduk Lege Proposamen bat aurkeztu du gaur Legebiltzarrean, EAEko administrazio publikoek egiten dituzten azpikontratazioetan klausula sozialak ezartze aldera. Helburuak dira, besteak beste, enpleguaren kalitatea sustatzea, lan-osasuna eta -segurtasuna bermatzea, ingurumena zaintzea, hizkuntza eskubideak babestea eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzea.

Larraitz Ugarte legebiltzarkideak azaldu duenez, “sektore publikoa EAEko enplegu-emaile nagusia da, bai zuzenean kontratatuz, bai sektore pribatuarekin egiten diren azpikontratazioen bitartez. Horrek hainbat desoreka sortzen ditu, eta ez dugu bi abiadurako sektore publikorik nahi, non zuzenean kontratatutako langileek baldintza batzuk dituzten eta, zeharkakoek, askoz okerragoak. Gobernuak ezin du errealitate horren aurrean ezikusiarena egin; arduraz jokatu behar du, eta diru publikoaren erabileraren gaineko kontrola eta exijentzia zorrotzak izan behar dira”.

Larraitz Ugarte legebiltzarkidea EH Bilduren lege-proposamena aurkezteko agerraldian

Errealitate horri aurre egiteko, Klausula Sozialak arautzeko Lege Proposamenaren nondik norakoak azaldu ditu Ugartek. Legea bost kapitulutan egituratzen da eta, guztira, hogei artikulu, bi xedapen gehigarri, xedapen iragankor bat eta amaierako bi xedapen ditu. Arau hausteen aurrean, isunak ere aurreikusten ditu, kontratuaren prezioaren % 10eko mugarekin.

Edukiari dagokionez, EAEko sektore publikoa osatzen duten instituzio eta entitate guztientzat klausula sozialak txertatzeko garaian aplikatu beharreko oinarrizko irizpideak zehazten dira. Besteak beste, honako hauek dira gako nagusiak:

  • Lege honen bitartez, 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzen da Administrazioarekin kontratuak egiteko. Betiere, lurraldean indarrean egon den azken lan hitzarmenaren baldintzak bete behar dira.
  • Enpresa pribatuek betebeharrekoen artean, errespetatu beharreko lan-baldintzak eta ingurumen-, berdintasun- eta hizkuntza-irizpideak arautzen dira.
  • Enpresa kontratistak azpikontratatutako zerbitzuetan ziurtatu behar dituen baldintzak ere arautzen dira.
  • Administrazioak ez betetzeak kontrolatuko ditu, eta arau hauste arinak, larriak eta oso larriak aurreikusten dira. IV. Kapituluan ez betetze bakoitzari dagokion zehapena definitzen da. Isun ekonomikoek ezingo dute gainditu kontratuaren prezioaren %10. Nolanahi ere, ez betetzea oso larritzat jotzen den kasuetan, kontratua suntsitzea ekarri ahalko du.
  • Egiaztapenerako eta Ebaluaziorako Batzorde Tekniko bat eratuko da klausula sozialak betetzen direla kontrolatzeko, kontratuak dirauen bitartean. Bertan, sindikatuek parte hartu ahal izango dute.

 

Ugartek Gipuzkoako Foru Araua eta Nafarroako legeak jarri ditu EH Bilduren proposamenaren aurrekari eta eredu interesgarri gisa. Halaber, argitu du Lege Proposamenean aurreikusten den araubidea ez zaiela aplikatuko jadanik esleituta dauden kontratuei.

Azkenik, EH Bilduko legebiltzarkideak azpimarratu du Lege hau behar beharrezkoa dela: “Administrazioarekin kontratuak egiten dituzten enpresek ezin baitituzte langileak edozein modutan izan, baldintza duinak izan behar dituzte. Halere, errealitateak erakutsi digu hori ez dela horrela, erresidentzietako langileen borrokak edota obretan salatu diren irregulartasunak lekuko. Gainera, 2013an ezarritako lan-erreformak hitzarmen asko bertan behera utzi ditu, eta horrek ekarri du baldintzak okertzea. Horri guztiari aurre egin nahi diogu Lege Proposamen honekin”.