Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkidea ostiralean bilduko da Artolazabal sailburuarekin: “Jarrera eraikitzailearekin joango gara bilerara, lege erreforma on bat bideratzeko prest baikaude, baina Gobernuak mugitu behar du. Aurreko jarreran gotortzen bada, aurreko emaitza berdina izango du. Hau da, porrota”.

EH Bilduko ordezkariak gogora ekarri duenez, ekainean PNVk eta PSEk Diru Sarrerak Bermatzeko Eerrenta (DSBE) berritzeko Lege Proposamena aurkeztu eta, azken momentuan, erretiratu egin behar izan zuten, babesik ez zutelako aurkitu. EH Bilduk denbora eskaini zion Gobernuari eta proposamen bat aurkeztu zion legea hobetzeko eta zabaltzeko hainbat neurrirekin, eragile sozialek adostutakoaren ildotik. “Hala eta guztiz ere, zazpi hilabete pasa dira eta Gobernua denbora galtzen egon da, ez da mugitu eta eztabaida paralizatua egon da”, azaldu du Kortajarenak.

Nerea Kortajarena Gasteizko legebiltzarrean emandako prentsaurrekoan

Orain, eztabaida berriro irekiko da, partida bikoitzean, gainera. Batetik, Karta Sozialak Legebiltzarrean aurkeztu du gizartean babesa zabala lortu duen pobreziaren kontrako Herri Ekimen Legegile bat. Bestetik, negoziazioa berpiztu nahi duela adierazi du Jaurlaritzak, eta EH Bilduko ordezkariak ostiralean bilduko dira Artolazabal sailburuarekin. Nerea Kortajarenaren hitzetan, “orain arteko jarrera arduratsu, konprometitu eta serioarekin helduko dio EH Bilduk eztabaida honi, DSBE hobetu, zabaldu eta legitimatzeko. Lege erreforma on bat bideratzeko prest gaude, baina Gobernuak mugitu behar du. Aurreko jarreran gotortzen bada, aurreko emaitza berdina izango du. Hau da, porrota”.

Horren harira, azpimarratu du “Gobernuak argi izan behar duela murrizketak baldin badaude, ez dela akordiorik egongo EH Bildurekin”, eta kezka adierazi du Erkorekak iragarritako aurrekontuen erreformarako neurriak mantentzen dutelako Diru-sarrerak Bermatzeko Errentan 2012etik dauden murrizketak.

Horretaz gain, kezkagarria iruditu zaio Artolazabal sailburuak PPrekin ere hitz egiteko nahia adierazi duela. “Ulertezina da Urkullu lehendakariak alde batetik esatea diskurtso demagogo, populista eta arrazistei aurre egin behar zaiela, eta, aldi berean, Gobernuak PPrekin negoziatu nahi izatea zer eta DSBEren erreforma. Lege hori PP eta EH Bildurekin negoziatu nahi izatea ez da bateragarria, eta esan nahi du Gobernuak ez duela proiektu politiko argirik”.