EH Bilduk ezinbestekotzat jo du Estatus Berriaren testu artikulatuak zorrotz errespetatzea PNVrekin adostutako oinarriak, hori izango baita euskal herritarren eskubide eta askatasunak blindatzeko modu bakarra. Hiru lege proposamen iragarri ditu kalitatezko enplegua sustatzeko eta eskubide sozialak babesteko.

EH Bilduk ohartarazi du gaur “2019. urtea kritikoa eta erabakigarria izango dela gure autogobernurako, eskubide eta askatasun demokratikoak murriztea helburu Estatu espainoletik datorren olatu neofaxistak bete-betean joko duelako gure eskumenen kontra gure autogobernua husteko”. Maddalen Iriartek esan duenez, “Estatua inboluzio demokratiko prozesu batean, birzentralizazio prozesu batean, murgildu da” eta, horren aurrean, “Estatus Politiko Berria berme gisa ulertu behar dugu, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarren eskubideak eta eskumenak blindatzeko”. Horretarako, azpimarratu du, Estatus Berriaren testu artikulatuak ezinbestean errespetatu beharko ditu, zorrotz, Autogobernuari buruzko ponentzian PNVrekin adostutako oinarriak, hori izango delako modu bakarra gizarte honek bere burua gobernatzeko duen gaitasun eta eskubidea blindatzeko”.

Horri jarraituz, erantsi du Iriartek, “oinarri horiek desitxuratzeko akatsa egingo bagenu, sekulako mesedea egingo genieke gure autogobernua hankaz gora jarri nahi duten horiei. Horregatik, gure lehentasunetariko bat datozen hilabeteotan izango da estatus politiko berriaren testu artikulatuaren erredakzioa blindatzea, adostutako oinarriei zorrotz erantzun diezaion”. “Estatuaren inboluzioaren aurrean, Estatus Politiko Berriak eboluzio demokratikoaren ikurra izan behar du”.

Unai Urruzuno eta Maddalen Iriarte Gasteizko legebiltzarrean egindako agerraldian

Kalitatezko enplegua sustatzea eta eskubide sozialak bermatzea ere lehentasunak izango dira EH Bildu jardun parlamentarioan. Unai Urruzunok Jaurlaritzaren ahulezia politikoa kritikatu du –“legealdi erdia baino gehiago joan zaigu eta Urkulluren Gobernuaren produkzio legegilea hutsaren hurrengoa da”– eta ekimen politikoa hartzeko borondatea adierazi du, “EH Bilduk ez duelako utziko Jaurlaritzaren ahuleziak jendea kaltetzen”.

Hiru lege proposamen: Klausula sozialen legea, Deslokalizazioen kontrako legea eta Ongizate energetikoaren legea

Bada, Urruzunok iragarri du datozen asteotan koalizioak hiru lege proposamen aurkeztuko dituela kalitatezko enplegua eta ongizate soziala bultzatzeko. Batetik, Klausula Sozialen Legea proposatuko du kontratazio publiko guztietan lan baldintza eta soldata duinak bermatzeko, “Administrazioak kalitatezko enplegua sortu behar duelako, ez prekarietatea areagotu”. Bestetik, Deslokalizazioen Kontrako Legea, diru-laguntza publikoak jasotzen dituzten edo estrategikoak diren enpresen deslokalizazioa eragozteko. “Enpresen konpromiso soziala indartu nahi dugu, bereziki guztion dirua jasotzen dutenean laguntza publikoen bitartez. Kasu horietan legez arautu behar ditugu bete beharreko baldintzak deslokalizazioak saihesteko”.

Ongizate Energetikoaren Legea ere bidean dago, milaka herritarrek kalefakzioa pizteari, adibidez, uko egin behar ez diezaioten diru faltagatik. “Hezkuntza, Osasuna edota Etxebizitza bezala, energiak ere eskubide subjektiboa eta unibertsala izan behar du, eta aurkeztuko dugun lege proposamenak hortik joko du, jende guztiak elektrizitatea, gasa edo dena delakoa ziurtaturik edukitzeko”, azaldu du Urruzunok. Halaber, “aurrekontuen negoziazioan lotu gabe geratu ziren proposamen nagusiak berreskuratzea lehentasunezkoa izango da datozen asteotan; hala, pentsio duinak bermatzeko, kalitatezko enplegua sustatzeko eta emakumeek pairatzen duten soldata arrakala bertan behera uzteko neurriak ekarriko ditugu berriz ere, aurrekontuen negoziazioan ezinezkoa izan zena oraingoan gauzatu ahal izateko”.