ELNrekin irekia zeukan elkarrizketarako bidea etetea erabaki du Duqueren gobernuak. Bertan behera utzi du elkarrizketarako mahaia eta delegazioko ordezkariak atxilotzeko agindua eman du. Horren aurrean, honako hau adierazi nahi du EH Bilduk:

1. Poliziaren akademiako kideen aurka Bogotan izandako erasoa gaitzesten dugu, gure doluminak agertu nahi dizkiogu Kolonbiako herriari. Era berean, erasoaren egileak nortzuk izan diren lehenbailehen argitzea nahi dugu, ez baitu inork bere gain hartu.

2. Kolonbiako gatazka armatuaren konponbidea elkarrizketa eta negoziazioa direla azpimarratzen dugu; kasu honetan, ELNrekin negoziazioa.

3. Santos presidenteak abiatutako elkarrizketarako mahaia desegiteko Duque jaunaren gobernuak hartutako erabakia okerra dela uste dugu. Krisiak daudenean elkarrizketari eta harremanari eustea inoiz baino garrantzitsuagoa da. Bidezko bake iraunkorra eraikitzeko bide bakarra da.

4. Haustura egonez gero ezarrita dauden protokoloak betetzeko deia egiten diegu alde guztiei eta herrialde bermatzaileei.

5. Kolonbiako herriak merezi duen bakearekin daukagun konpromisoa berresten dugu.