Adolfo Araiz eta Bakartxo Ruiz EH Bilduko bozeramaileek agerraldia egin dute Nafarroako egoera politikoaren irakurketa egiteko. Egoeraren larritasunaz ohartarazi dute, eta arduraz jokatzeko deia egin die aldaketaren aldeko eragile politiko eta sozial guztiei.

EH Bilduko Bakartxo Ruiz eta Adolfo Araiz. /

Hemen duzue Nafarroako EH Bilduk egiten duen irakurketa:

IRAKURKETA

1. 2015eko hauteskundeetan Nafarroako jendarteak erabaki zuen, gehiengoz, historiaren etapa bat atzean uztea eta berri bat irekitzea, aldaketa grina instituzioetara indar handiz eramanez. Herri agindu hori izan da beti EH Bilduren erreferentzia eta uste dugu agindu horrekiko leialtasunaz jardun beharko genukeela aldaketaren indar politiko guztiok.

2. Jendartearekin zintzo izan behar dugu beti eta oraingoan argi esan behar dugu aldaketa une kritikoan dagoela. Iruñean esaterako, batzuek gehiengoa hautsi dutelako, aldaketaren kontrakoekin lerrokatuz. Edo aldaketarekin bateraezinak diren jokabideak erakusten ari direlako, bide polizial eta errepresioetan tematuz. Halaber, oso larriak dira Podemos eta Orain Bai-ren arteko barne lehiaren ondorioak, Parlamentuaren Lehendakaritza eta hainbat gehiengo kolokan jartzen ahal dituztenak.

3. Krisi hau ez dator oposizioaren presiotik, aldaketaren barne mailako alderdikeria eta joera autoritarioengatik baizik. Oposizioak jokoz kanpo eman ditu azken urteak, Nafarroarako proposamenik ez zuela nabarmenki agerian utziz: haserrea besterik ez du erakutsi, botere instituzionala galdu izanagatik haserrea. Gauzak horrela ulertezina da aldaketaren esparrutik halako oparirik egitea. Aldaketa sustatu duten herritarrek ez dute egoera hau ulertzen ez eta onartzen ere, jakina.

4. Arduragabekeria handia litzateke krisia ukatzea, eta are gehiago egoera hau eragin duten jokabideei eustea. Ardura berreskuratzeko unea da, herritarrok horixe eskatzen digute eta. Esan bezala, aldaketaren indarrok herri agindua hartu behar dugu gure jardueraren gida. Ardura eta zentzu pixka bat jarri behar dugu gure jardueran, jokoan dagoena milaka eta milaka herritarrek egindako esfortzua eta borrokaren uzta delako.

Munduan, Europan eta Espainiar Estatuan gertatzen ari dena ikusita, nabarmena da jarrera autoritarioak datozela, indar oroz etorri ere, eta hau gurean bereziki larria da. Izan ere, Nafarroan ederki dakigunez, inoiz ez baita joan iraganeko hondar autoritarioa. Ez diezaiogun bidea ireki autoritarismoari antzeko joera eta praktika batzuekin, edota aldaketaren garrantzia gutxietsiz. Gaur egun, lehia politiko nagusia ez da aldaketa eta aurreko erregimenaren itzuleraren artean, aldaketa eta erregimenaren bertsio autoritarioago eta atzerakoiagoaren artean baizik. Hau ikusi nahi ez duena arduragabekeriaz jokatzen ari.

5. Bizi, lan eta elkarbizitza baldintzen okertze orokorra da agenda autoritarioaren funtsa. Gehiengoaren kontrako agenda dute, aberatsei zergak kendu, dena pribatizatu, lan baldintzak gehiago kaskartu, berdintasun mailako aurrerapen mugatuak deuseztatu, arrazakeria eta xenofobia normaltzat hartu eta gure gizartearen erraietaraino hedatzea... Guk, esan bezala, gure eskuetan dagoen guztia egiteko determinazioa dugu aldaketa indartu eta autoritarismoa erregaia duen Erregimenari aurre egiteko.

DEIA

1. Aurrera-urrats bat egiteko garaia da eta EH Bilduk horixe egiteko determinazioa erakutsi nahi du. Ez da etsipenerako unea, jendarteak ez liguke barkatuko. Aterpe sendoa eraiki behar dugu Nafarroan eskubide kolektibo eta indibidualak suntsitzera datorren oldarraldiaren aurrean, aldaketan sakondu nahi baitugu. Geure autogobernu mugatua bera ere kolokan dago, ez baita ahantzi behar Andaluziako itun atzerakoiaren hiru indarretatik bik proposatzen dutela Nafarroako erregimen fiskala bertan behera uztea, esate baterako. Nafarroa Espainian indarrez urtzea da hauen helburua eta UPNk, diskurtsoan foruak darabilzkien arren, erabakia hartu du jada: agenda autoritario-neoliberal-pribatizatzaile horren menpe jarri du bere burua, Nafarroa Foru Komunitate gisa sakrifikatzeko prest dagoela erakutsiz.

2. Gauzak horrela, deialdia egiten diegu aldaketaren aldeko indar sozial eta politikoei ardurari eusteko eta krisia lehenbailehen gainditzeko, jendarteari aldaketa sendotzeko eta luzatzeko zerumuga argi eta erakargarria eskaintzeko. Inertziak astindu eta ausardiaz aritzeko tenorea da: ezin dugu huts egin!

3. Jendarteari mezu argia luzatu beharrean gaude, aldaketak baduela bere barne auziak kudeatzeko gaitasuna, aldaketa agindu gisa hartzen dugulako norberaren ikuspegia eta interesen gainetik. Aldaketak badu etorkizunik!

NEURRIAK

Arestian esan bezala, ez da gelditik egoteko unea. Aldaketaren indarrei eta, oro har, jendarteari dei egiteaz gain, egoerari aurre egiteko neurriak adosteko eta konpromisoak hartzeko dei egin nahi diegu:

1. Parlamentuan aldaketaren gehiengoa bermatzeko beharrezko neurriak hartu behar dira. Gertatutakoa gertatuta ere, gehiengoa bermatu behar da, horretarako, guztiok arduraz eta egoerak eskatzen duen umiltasunez jokatuz. Guk gure burua ere konpromiso horretara lotzen dugu.

2. Aldaketak arazo sozial eta politikoei irtenbidea emateko elkarrizketa eta negoziazioa lehenetsiko du. Eragile sozial eta sindikalekin hitz egiteko konpromisoa beharrezkoa da, arazoei eta jendarte eragileen aldarrikapenei irtenbide justu eta duina ematearren. Areago, aldaketaren lehen urte hauetan instituzioen eta mugimendu sozialen artean sumatu den desoreka eta interakzio arazoak gainditu beharra dago. Jendartearen aktibazioak ekarri zuen aldaketaren hasiera instituzioetara eta aktibazio sozial horrek ahalbidetu beharko luke berriro ere Erregimenari aurre egin eta aldaketan sakontzea. Gogoeta horri berriro ere bide emateko konpromisoa hartzen dugu.

3. Aldaketa ezin da inola ere lotu protesta sozialei bortizkeriaz erantzutearekin. Aldaketak beste era batera kudeatu behar ditu auzi sozialak. Lehenbailehen adostu behar da protokolo berri bat gertatutakoa berriz gerta ez dadin. Nafarroak bere Polizia behar du, polizia demokratikoa, gurea, jendartearen zerbitzura, konfiantzazkoa. Horren inguruko eztabaida sozial eta politikoa abiatu behar da, horretarako behar diren baliabideak jarriz.

Bitartean, eredu aldaketa horren norabidean lehendik adostuak ziren neurriak -akordio programatikoan besteak beste- praktikan jarri behar dira. Zentzu horretan, konpromisoa hartzen dugu Huertas de Peraltako greban zein Iruñeko Alde Zaharreko okupaziorekin gertatutakoa argitzeari begira neurriak eskatu eta aurrerantzean halakorik ez errepikatzeko protokolo bat planteatzeko. Lehen irizpidea hauxe da: aldaketaren Gobernuaren pean dagoen poliziak ezin du jendea mehatxatu, iraindu eta jo!

4. Iruñeko aldaketaren aldeko gehiengoa berreskuratu behar da jarrera sektario eta elektoralistak gaindituz. Gogoeta kolektiboa ireki behar da hurrengo egunotan Iruñeko aurrekontuak ez onartzeak eragin duen kaltea gutxitzeko.

5. Aldaketaren indarrok konpromiso publikoa hartu behar dugu maiatzeko lehia elkarrekin irabazteko, aldaketari bide ematen jarraitzeko eta horretan sakontzeko konpromiso argia hartuz eta horrekiko leialtasuna bermatuz.

Horrenbestez, Aldaketak urrats sendoak egin behar ditu elkarbizitza ereduaren demokratizazioan.

 

Iruñean, 2019ko urtarrilaren 16an