EH Bilduk eskoletako jantokiak kudeatzeko eredua aldatu beharra berretsi du eta haren erantzukizunari ihes egitea egotzi dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari, berea den ardura gurasoen bizkarrean utzi nahi izan baitu.

EH Bilduk, hezkuntza arloko hainbat eragilek bezala, urteak daramatza eskola publikoan jantokiak kudeatzeko eredua alda dezala eskatzen Jaurlaritzari, kudeaketa zuzena ahalbidetzeko. Hau da, catering enpresak kontratatu ordez, ikastetxeek hala erabakiz gero, sukalde propioa izango lukete eta jangelen jardun osoa bideratuko lukete bertan, horrek ikasleen elikadura hobetzea ekarriko lukeelarik. Aspaldiko aldarrikapena da hori eta, Haurreskoletan gertatu zen bezala, jantokien aferan presio politiko eta sozialak Jaurlaritza mugiarazi du. Hala ere, Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, "jangelen kasuan, Hezkuntza Sailak atzo iragarri zuen aldaketak ez dio aipatutako eskariari erantzuten, jantokien kudeaketaren ardura guraso elkarteen bizkarrean uztea planteatzen duelako, erantzukizun hori Hezkuntza Sailarena berarena denean". 

Resultado de imagen de Eva Lopez de Arroyabe EH BilduEva Lopez de Arroyabe EH Bilduko legebiltzarkidea

Horren haritik, eskola jantokiak kudeatzeko ardura ikastetxeek beraiek hartu behar dutela euren gain berretsi du EH Bilduko legebiltzarkideak; “beraz, ez da inondik inora onargarria zama hori gurasoen bizkar utzi nahi izatea, EHIGE gurasoen elkarteak jada kritikatu duen bezala”. Lopez de Arroyabek azaldu duenez, “guraso elkarteetan aritzen diren pertsonak boluntarioak dira eta Jaurlaritzak ondo baino hobeto daki elkarte horiek ez dutela gaitasun errealik jantokien jardun osoa antolatu eta bideratzeko eta horretarako beharko liratekeen kontratuak egiteko, horrek guztiak ikastetxeen ardura izan behar duelako”.

Bere iritziz, “Hezkuntza Saila berari bakarrik dagokion erantzukizunari ihes egiten saiatzen ari da, modu traketsean gainera, atzo eskola jantokien jarraipen batzordearen bilera akordiorik gabe amaitu zelako, baina, hala eta guztiz ere, eredu berria iragarri zuen horren ostean”. Jaurlaritzaren planak zuzentzea ezinbestekoa delakoan, EH Bilduk hiru agerraldi eskatu ditu jada Legebiltzarrean: Hezkuntza sailburuarena, EHIGErena eta LABena, azken hau sindikatu nagusia delako eskola jantokietako langileen artean.