Errauste-planta ordezkatuko lukeen hondakinen kudeaketarako sistema alternatibo bat aurkeztu zuen GuraSOSek Hernanin egindako ekitaldi publikoan: «Gordailu inertizatua». Hiri hondakinak bioegonkortu ondoren zigilatutako eta isolatutako gelaxketan gordetzean datza sistema hau, eta ez luke lixibiaturik, usainik, ezta metanorik ere sortuko.

Herritarrek instituzioetara iristeko egin beharreko bidea labirintikoa begitantzen zaio Bernardo Atxaga idazleari. «Eta, agian, labirintoaren bukaeran ez dago inor», esan zuen idazleak Hernaniko Orona Fundazioan, GuraSOS plataformak 2019-2030 urte arteko Gipuzkoako hiri hondakinen kudeaketarako ondutako plan teknikoaren aurkezpen ekitaldian.

Labirintoan galdu beharrean, Gipuzkoako Aldundiak herritarrei eman ez zien hitza hartu zuen GuraSOSek, bertako bozeramaile Joseba Belaustegik esan bezala, eta 2017ko abenduan abiatutako Hitzartu prozesu parte-hartzailearen emaitza aurkeztu zuten atzo: hiri hondakinen kudeaketarako proposamen errealista bat, apirilerako martxan jartzekoa den Zubietako erraustegia eta ohiko isurketa baino iraunkorragoa dena, bai ingurumen eta baita ekonomia ikuspegitik ere.

Hitzartu prozesuaren jarraipena egin duen Berme Batzordeko kidea da Atxaga, Garbiñe Biurrun epailearekin, Esther Larrañaga Lakuako Ingurumen sailburu ohiarekin, Juanjo Alvarez Zuzenbideko katedradunarekin, Pedro Ibarra Politika Zientzien katedradunarekin eta Ernesto Ganuza Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Goreneko (CSIC) titularrarekin batera.

1230_eh_gurasosGuraSOS-en ekitaldia Hernaniko Orona fundazioaren aretoan

«Aspaldi gertatu ez den ekintza demokratiko baten lekuko» izateagatik pozik agertu zen Atxaga. Alvarezek ere Hitzartu goraipatu zuen, «ekimen plurala» izan dela esanez, «demokrazia transnazional bat indartzeko beharrezkoa».

Parte-hartze prozesuak «hondakinen kudeaketa jasangarriaren inguruan eztabaida publikoa sortzea» lortu duela nabarmendu zuten Berme Batzordeko kideek, eta Belaustegik zehaztu zuenez, eztabaida horretako ondorioak argiak izan dira: «Jendeak ez du erraustegirik nahi», eta instituzioen «informazio falta» salatu dute.

Ildo horretatik, Berme Batzordeko kideek dei garbia egin zioten atzo Aldundiari: «Hitzartu gizarte-ekimenaren ordezkaritzarekin bil daitezela; landutako prozesua eta emaitzak azter ditzatela, eta elkarlanerako lerroak ireki ditzatela hondakinen kudeaketa jasangarri eta osasuntsua lortzeko helburuarekin, adostasun sozial zabalean oinarrituta».

Alta, ordezkari politikoek elkarrizketarako eskaera onartuko ez balute ere, urtarrilaren 4an Aldundiaren parean, Donostiako Gipuzkoa plazan, hondakinen kudeaketarako plana zein Hitzartu prozesuaren baitan jasotakoak emango dizkiete Foru Gobernuari, Markel Olano alhaldun nagusiari eta Batzar Nagusietako ordezkariei.

PLAN TEKNIKOA

Hondakinen kudeaketarako plan teknikoa Residua Consulting enpresako Iñigo Irigoyen eta Antton Lete industria-ingeniariek osatu dute, Europak aholkatutako ekonomia zirkularraren eredua errespetatuz.

Letek azaldu zuenez, plan berri honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Artigaseko instalazioak izan ditu eredu. Bertan, birziklatu ezin diren hondakinak biolehortu egiten dituzte, ondoren zigilatutako gordailu batzuetan gordetzeko.

GuraSOSeko teknikariek proposatu zuten, halaber, materiala lehortu beharrean bioestabilizatzea edo inertizatzea. Metodo horren bidez hondakinek kimikoki edo biologikoki eraldatzeko gaitasuna galduko lukete; hots, materia bizigabe bilakatuko lirateke.

Berebat, besteak beste Alemanian erabiltzen dituzten “DK II” izeneko gordailu inertizatuak erabiliko lituzkete, zeintzuen bidez hondakinek ez luketen lixibiaturik, usainik, ezta metanorik ere sortuko.

GuraSOSek proposatutako alternatibak ez luke zoru berriak okupatzeko beharrik izango, «gaur egun martxan diren instalazioak» erabil daitezkeelako. Aztertu duten aukera bat Zubietan eraikitzen ari diren errausketa-instalazioa aprobetxatu eta bertan Tratamendu Mekaniko-Biologikoko (TMB) planta bat instalatzea da. Bestalde, Zubietako proiektuan jada adjudikatuta dagoen biometanizazio planta handitzea «beharrezkoa» dela aipatu zuen Antton Letek.

Gordailu inertizatuen sistemak, kutsadura murriztu eta gizartearen osasunean kalte gutxiago eragiteaz gain, hondakinen kudeaketa merkatuko lukeela ziurtatu zuen Joseba Belaustegik.

«Sistema honek ez lioke inongo gainkosturik ekarriko Gipuzkoako Aldundiari», adierazi zuen. Are, Zubietan eraikitzen ari diren errauste plantaren lanak bukatuko balira ere, GuraSOSen planak berau ordaintzeko gaitasuna izango lukeela baieztatu zuen: «Erraustegiko lanak gelditzen ez badira ere, ordaindu egingo dugu».

PLASTIKOAREN GEZURRA

GuraSOSek proposatutako plana behin-behinekoa dela zehaztu zuen Letek eta 2030era bitartean funtzionatuko luke. Izan ere, urte horretatik aurrera gutxienez ere hiri hondakinen %65 birziklatzera behartuko du Europako Batzordeak, baita sortzen den plastikoaren %50 ere; eta plastikoarena «arazo globala» izaki, GuraSOSekoen iritziz, Aldundiaz gaindiko erakundeek izan behar dute hori kudeatzeko eskuduntza.

«Plastikoarena gezur handia da», esan zuen Belaustegik. Egun, edukiontzi horira jaurtitzen denaren %30 besterik ez dela birziklatzen baietsi zuen, eta horren atzean «petrolio-sektorearen interesak» daudela. Orobat, erretzen denean, energia gehien ekoizten duen materiala da plastikoa.

Hala, prebentzioak (produkzioaren murrizketak, kasu) berebiziko garrantzia duela azpimarratu zuen Letek, plastikoa erraustean oraindik ezezagunak zaizkigun substantzia kaltegarriak isurtzen baitira.