Euskadiko Futbol Federazioko ordezkariek Durangoko San Agustin aretoan egindako batzar orokorrean, FIFAri eta UEFAri eskubide osoko kide moduan onartua izatea eskatzea erabaki dute. Bilkura horretan eman diren 44 bozetatik 43 aldekoak izan dira.

Epaileak atzo jo zuen hasierako txistua, Euskadiko Futbol Federazioak Durangon (Bizkaia) eginiko bileran, eta orain lehia luze bat jokatu beharra dauka. Lehen pausoa baino ez da, baina nazioarteko federazioetan integrazioa eskatzeko lehenbizi batzarraren babesa behar zuen ekinaldiak, eta arazorik gabe lortu zuen bermea. 44 kide agertu ziren urteroko bilera orokorrera, eta 43k bozkatu zuten UEFAri eta FIFAri integrazioa eskatzearen alde.

Euskadiko Futbol Federazioko ordezkariek atzo Durangoko San Agustin aretoan egindako batzar orokorra.Euskal Futbol Federazioak abenduaren 12an Durangon egindako batzar orokorraren irudia

Pauso historiko bat da, mugarri bat euskal kirolean. Hurrengo jokaldia Espainiako federazioan jokatuko da, haren bermea behar baitu eskaera egiteko. Ezezkoa aurreikusten da, eta auzibidea hastea kirol epaitegietan.

Federazioaren bilerara futbol munduko izen handi asko bertaratu ziren: Jose Angel Iribar, Jose Mari Amorrortu, David Zurutuza, Asier Illarramendi, Ainhoa Tirapu, Manu Garcia, Asier Riesgo etab. 

Luis Mari Elustondo Euskadiko federazioko presidenteak hitza hartu, eta boto sekretua izango zela jakinarazi zuen. Ezohiko prozedura da, baina bere esku zegoen. 44 boto izan ziren guztira. Asko dira, presidentearen ustez. «Nik karguan daramatzadan urteetan inoiz ez dira hainbeste parte hartzaile agertu, baina, era berean, egia da inoiz ez dela ezer bozkatu. Horri gehitu behar zaio boto nominala duen jendeak ezin duela beste inoren esku utzi, eta asko ezin dira hona etorri asteazken arratsalde batean». 87 ziren boto eskubidea zuten kirol elkarteak, eta 38 jokalari, epaile eta entrenatzaileen estamentuetako ordezkariak. Deigarria da 38 horietatik bakarra dela emakumea.

Elustondo pozik irten zen bileratik, «Baiezkoak irabaztea espero nuen, baina ez hain modu garbian. Federazioko kideek argi utzi dute eskaera egin nahi diotela UEFAri eta FIFAri». Bide luzearena izan zen Elustondok nabarmendu zuen beste ideia. Partida hasi da, baina luzea izango da, eta Gabonak pasatuta jarriko dira harremanetan Espainiako federazioarekin. 

Kike Zurutuza Euskal Herria Kirolako kidea ere bileran egon zen. Ofizialtasunaren aldeko elkarteak lanketa egin du kluben artean informazioa emateko, eta aurrerapausotzat jo zuen emaitza. «Bozketa hau 40 urte berandu iritsi da. Duela hamabost urte egin izan balute, jokalariek ofizialtasunaren gaia mahai gainean jarri zutenean, nazioarteko testuingurua ezberdina litzateke. Baina guk ez dugu iraganera begiratu nahi, eta aurrerapauso bat da, eman beharreko pauso bat».


EH Bildutik oso positiboki baloratzen dugu Euskadiko Futbol Federazioak eman duen aurrera urratsa eta euskal kluben bozketan egondako ofizialtasunaren aldeko hautu orokorra txalotu nahi dugu. Euskal kirol selekzioek (ez bakarrik futbolekoek) Europan eta mundu osoan modu ofizialean, beste nazioek bezalaxe lehiatzearen aldeko aldarrikapena aspaldikoa da eta konbentzituta gaude euskal gizartearen gehiengoaren nahia, horixe dela. Beraz, ongi etorria ematen diogu erabaki honi eta hurrengo hilabeteetan ofizialtasuna lortzeko pausu gehiago egotea espero dugu. 

Bereziki azpimarratu nahi dugu hainbat futbol jokalarik (hauetako asko oso ezagunak) eta bereziki EAEko futbol klubek erakutsi duten determinazioa eta gogoa. Denok batera lortuko dugu!

OFIZIALTASUNA ORAIN!