Urriaren 22an inauguratu zuten Eibarko ospitale berria, Debabarrena eskualdeko Osakidetzaren bigarren ospitalea; TOPAko kideak oso haserre azaldu ziren, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailetik Gipuzkoako eskualdeei ematen zaien trataera ezberdinagatik.

Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde koordinakundea Eibarreraino bertaratu zen bere betiko aldarriak plazaratzera. Joan den urriaren 22an ospitale berria inauguratu zuten bertan, eta 75.000 herritarri zerbitzu emango die eraikin berriak. Hain justu hori gaitzetsi zuen TOPAk: Mendaron ospitale bat izanda bigarren bat eraikitzea, eta eskualde horrek dituen beharren gainetik gainera.

Eibarren ospitale berria eraiki izana gaitzetsi du TOPAkTOPAren elkarretaratzea Eibarko ospitale publiko berriaren aurrean

Izan ere, 2019 hasieran zortzi urte beteko ditu TOPAren ibilbideak eta Tolosalderako kudeaketa publikoa duen ospitale publikoa lortzea izan da, urteotan guztiotan, koordinakundearen aldarrikapen eta helburu nagusia.

Bide horretan, Javi Arana TOPAko ordezkariak nabarmendu du beren aldarriak ez direla «kontu ideologiko bat», eta datutan oinarritzen dutela beren diskurtsoa: «Beti esan izan dugu, enpresa pribatuak eskuratzen dituen etekinak direla, guk kalitatean galtzen ditugunak. Horregatik, ospitale publiko bat eskatzen dugu. Zergatik? Ekitateagatik. Guk ez dugu pribilegiorik nahi, gainerako eskualdeek dutena eskatzen dugu, ez besterik».

Koordinakundeko kideek haserre azaldu zuten beren burua Eibarren, eta Jon Darpon Osasun Sailburuaren esanak baliatu zituzten beren egonezina arrazoitzeko: «Bere lehen agintaldiaren hasieran zehaztu zuen, Eibarren aurretik hitzartutako ospitale berria egitea ez zela lehentasun bat izango. Tira, ez zen lehentasun bat, baina egin dute».

TOPAk azaldu zuenez, Asuncionen aferaren bueltako informazioa bildu nahian dabiltza orain, soka horren guztiaren arrazoiak plazaratzeko; bitartean, herritarren «onarpena eta pasibotasuna» aldatzea espero dute.