Herrigintza
Pasa den ostiralean izan genuen edukiontzien bilketa sistema ezarri zenetik lehen aldiz, Tolosaldeko Mankomunitateak eskaintzen dituen Amasa Villabonako gaikako hondakin bilketaren portzentaia datuen berri. Datuak oso positiboak dira eta %80 inguruko sailkatze portzentaia erakusten dute. Amasa Villabonako EH Bildu koaliziotik, oso positiboki baloratzen ditugu datu hauek eta herritarrak zoriondu nahi ditugu orokorrean etxeko hondakinak txukun sailkatzen jarraitu izanagatik. Hika-mika politiko-mediatikoak alde batera utzi eta herritarrek lezioa eman dute beste behin.
Gure ustez, biltze sistema aldatzeko udaleko hiru alderdien arteko akordioa sinatu izana lagungarria izan da gai honetan egondako tentsioa murrizteko eta udalak gutxienez %70eko tasa lortzeko konpromisoa hartu izanak ere lagundu du horretan. Neurri handi batean atez ateko bilketari esker, jendeak hondakinak behar bezala bereiztu eta sailkatzen ikastea lortu zen eta orain salbuespenak salbuespen, edukiontzien sistema txukun erabili du jendeak, aipatutako datu positiboak lortuz. Hori benetan pozgarria da.
Amasa Villabonak erakutsi du hondakinen gaikako bilketaren bitartez errefuxa oso gutxi sortu daitekeela eta ondorioz, Gipuzkoa osoan ere gauzak ongi eginez gero, inposatu nahi zaigun Zubietako erraustegi kutsakorra, osasunarentzat kaltegarria eta garestia ez dela inondik inora beharrezkoa.
Hala ere, gai honetan ezin gara erlaxatu eta hondakinen kudeaketaren jarraipen zorrotza egiten jarraitu behar da ezinbestean, izan ere zalantza eta kezka batzuk baditugu, adibidez badirudi edukiontzian bildutako organikoaren kalitatea ez dela behar lukeen bezain ona. Organikoa tratatu eta konposta egin ahal izateko, ezin du materia organikoa ez denaren portzentaia handiegirik izan eta mankomunitatetik esan digutenez, organikoaren edukiontzian plastikozko boltsa ugari jasotzen ari dira egunero. Beraz, herritarrei gogorarazi nahi diegu organikoa biltzeko udalak ateratako poltsa konpostagarriak erabili behar direla.
2016ko irailari dagozkion azken langabezia datuak kaleratu ziren pasa den astean eta oraingoan ere ez dira datu positiboak izan Amasa-Villabonan, 2016ko ekainetik sei pertsona gehiago baitaude langabezian (langabezia tasak %0,2 egin du gora). Gure herrian guztira 369 pertsona daude langabezian baina kontuan izan behar dugu kopuru hori "erregistratutako langabezia" dela hau da, Lanbiden izena emanda dauden pertsonen kopurua soilik jasotzen duena. Beraz, zihurtasun osoz esan dezakegu langabeziaren datu errealak hortik gorakoak direla, asko baitira arazoi ezberdinak medio, Lanbiden izena ematen ez duten pertsona langabeak. Amasa Villabonako langabezia tasa %12,23koa da egun, eta Gipuzkoako (%11,5) eta Tolosaldeako (%12) tasen gainetik jarraitzen du. Dena den, 2015eko datuekin konparaketa eginez gero, enpleguari dagokionez 2016 urtea ez da txarra izaten ari, 2015eko irailean langabezia tasa %14,8koa baitzen eta beraz, errekuperaketa kontuan hartzekoa izan da.
Amasa Villabonako EH Bildutik, beti kezkaz ikusten ditugu langabezia datuak eta gure gizarteko lan esparruan aldaketak egitea beharrezkoa dela pentsatzen dugu. Ezin gara konformatu espainiako lurralde atzeratuenetan baino langabezia tasa txikiagoa izatearekin, gure herrian bizi diren pertsona guztiek lan egiteko eskubidea dute eta langabezia zero (edo langabezia "teknikoa" deiturikoa) izatera iristea izan behar da helburua. Zentzu honetan Lanbide erakundeak egiten duen lana ez da nahikoa izaten ari, langabezian dauden pertsonei lan merkatuan sartzeko laguntza askoz hobea eskaini behar zaie, laguntzak integrala izan behar du, formakuntza aukera pertsonalizatuak etab. eskainiko dituena eta arlo horretan asko dago hobetzeko Lanbiden. Arazo hauei aurre egiteko EH Bildu koaliziotik proposamen berriak aurkeztuko dira datozen hilabeteetan.
Azkenik, langabeziari aurre egiteko hilabete honetan Tolosaldea Garatzen erakundeak martxan jarriko duen "Enplegunea" egitasmoari ongi etorria eman nahi diogu. Tolosaldean langabezia egoeran dauden pertsonek enplegua aurkitu dezaten egitasmo oso interesgarria da eta datorren urriaren 26 eta 27an izango dira saioak Tolosako Lehiberri zentroan. Guztira 60 lan eskaintza baino gehiago izango dira bertan.
Hemen duzue Tolosaldea Garatzen-ek argitaratu duen informazio kartela:
Aduna, Alkiza, Asteasu, Larraul, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo udalek deitu dute manifestazioa. Urtero antolatzen den ekimena izaki, jarraipena eman eta aldarrikapenari eustea garrantzitsu ikusten zuten udalek, horregatik ahalegina egin dute testu bateratua adosteko. Hala azaldu du Joxe Mari Luengo Zizurkilgo alkateak. "Guztiok nahi dugu preso guztiak etxeratzea, eta familiaren inguruan egotea".
Bide horretatik, mugimenduak nabari direla azaldu du, eta egin berri den manifestazioa azkena egitea "seinale ona" litzakeela onartu du. "Bai Aiztondo bailaran, bai eta Euskal Herri osoan ere, hori da helburua, beraz, aldarrikapen hau egin behar ez izatea oso albiste ona litzateke".
Amasa Villabonako EH Bildutik ekimen honen inguruan aipamen batzuk egin nahi genituzke; alde batetik pozik gaude Aiztondo bailarako eta Amasa Villabonako herritarrek manifestazio deialdi honi emandako erantzun eta babes zabalagatik, oso garrantzitsua iruditzen zaigu euskal presoen eskubideen aldeko aldarrian instituzio publikoak eta herritarrak elkar hartuta aritzea. Baina bestalde, Amasa Villabonako udal gobernuaren jarrera axolakabe eta nagia ere aipatu beharrean gaude, beste behin EAJk sentsibilitate eta konpromiso maila eskasa erakutsi baitu gai honetan. Manifestazio hau antolatzeko urratsa ematen duten udalek, lau konpromiso zehatz bete behar izaten dituzte urtero: Manifestazioko testua ofizialki onartzea, manifestazioaren aurkezpen prentsaurrekoan udaleko ordezkaritza egotea, deialdiaren kartelak herriko kaleetan jartzea eta manifestazioan bertan ordezkari bat egotea pankarta eramanez. Ba EAJko udal gobernuak lau konpromiso hauetatik soilik bakarra bete duela salatu beharrean gaude. Abenduaren 26an izandako udaleko osoko bilkuran manifestazioko testua onartu eta ontzat eman ondoren, udalak ez du ezertxo ere egin, prentsaurrekora ez zen inor agertu, kartelak ez ziren jarri (herritar batzuek beren kabuz inprimatu eta jarri zituzten batzuk) eta manifestazioan ere ez zen udaleko EAJko ordezkaririk agertu. Hau horrela izanda, azalpenak ematea eskatzen diogu Villabonako udaleko gobernuari.
Atzo arratsaldean Amasa Villabonako EH Bildu koalizioak hauteskunde kanpainako ekitaldi edo mitina antolatu zuen Villabonako Berdura plazan. 100 herritar inguru bertaratu ziren eta jarrita zeuden aulki guztiak bete zirenez, jende ugarik zutik ikusi behar izan zuen ekitaldia.
Iriarte aita semeak, herriko txalapartari bikainak, eman zioten hasiera ekitaldiari. Ondoren Oihana Iguaran amasar bestsolariak herritarrek gogoz txalotu zituzten hiru bertso dotore bota zituen. Besteak beste Arnaldo Otegiren inabilitazio zigorra, Pili Zabalaren hitz polemikoak eta EH Bilduren eskaintzak duen garrantzia aipatu zituen Oihanak bere bertsoetan.
Ondoren Larraitz Ugarte EH Bilduko zerrendakideak hartu zuen hitza eta EH Bilduk EAJ eta Podemos alderdiei egindako akordio eskaintza azaldu zuen. Eskaintza horrek hiru ardatz nagusi ditu, lehena, "erreskate soziala" hau da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan murrizketa sozialik ez egotea eta eskubide sozialen urraketekin bukatzea, bigarren ardatza erabakitzeko eskubidea da, herri honen erabakitzeko eskubidea gauzatu behar da, eta azkenik "bake osoa" lortzea, euskal presoak Euskal Herrira ekartzea, biktima guztien aitortza, armagabetze ordenatua etab. Bestalde, Larraitz Ugarte oso kritiko agertu zen EAJrekin eta Urkullu lendakarigaiarekin, beti Espainiara begira egotea leporatu zien jeltzaleei eta Euskal Herriak Andaluziara edo Extremadurara begiratu eta lurralde hauekin konparatu baino, Europako herrialde aurreratuenei begiratu behar diela aldarrikatu zuen. Hauteskunde kanpaina honetan EAJ zabaltzen ari den mezua ere salatu zuen "hemen pobreziarik eta gaizki pasatzen duen jenderik ez dagoela saldu nahi digute baina hori ez da egia, hemen oso gaizki pasatzen ari den jende ugari dago, gazteak sekulako langabezia tasa dute eta kanpora jo behar dute lan bila, hipotekea ordaindu ezinik dauden familiak milaka dira, bankuek (Ertzaintzaren laguntzarekin) jendea etxetik botatzen jarraitzen dute... hau ez da oasi bat". Elkarrekin Podemos alderdiaren jokabidea ere kritikatu zuen Ugartek eta alderdi honek erakutsitako argitasun falta eta mezu kontrajarriak aipatu zituen, podemosek Espainiaren batasuna defendatzen duela gogorarazi zuen eta horretan EH Bilduk kontrako posizioa duela nabarmendu zuen. Azkenik, Gasteizko parlamentuan ezker independentista indartsu egoteak duen garrantzia azpimarratu zuen eta inguruko herritarrekin hitz egin, igandean EH Bildu bozkatzeak duen garrantzia azaldu, eta jendea konbentzitzeko deia egin zien ekitaldira gerturatu zirenei.
Ekitaldiaren ondoren, Amasa Villabonako EH Bilduko kideek prestatutako pintxoak dastatzeko aukera izan zuen jendeak eta lagun arteko giroan, pintxoa eta tragoa eskuan, amaitu zen ekitaldia.
ARGAZKI GALERIA:
Osasuna, emakumea, duintasuna... amasahara proiektuarentzat eta oro har, Saharako herriarentzat garrantzitsuak diren kontzeptuak argazki banarekin lotu dituzte prestatutako erakusketan. «Erretratuetan ageri diren umeen izenak jartzean pentsatu genuen aurrena, baina iruditu zitzaigun haur hauek bezala beste batzuk izan zitezkeela eta guztiak ezaugarritzen dituzten kontzeptuak direla aukeratutakoak».
Udan Amasako apaizetxean egon ziren haurren erretratuak dira, nagusiki, proiektuaren ardatza, baina egitasmoa ez da erakusketara mugatzen Urbizuk azaldu duenez: «Sentsibilizazio kanpaina izatea nahi dugu eta komunikazio egitasmo oso bat prestatu dugu horretarako. Egongo da argazkiez osatutako erakusketa bat, aukeran herriz herri ibiliko dena, baina horrekin batera, poltsan eramateko moduko kuadernotxoak prestatu ditugu, postalak eta orri-markatzekoak».
Erakusketan egongo den argazkietako bat
Hain zuzen, begiraden serie batekin osatu dituzte orri-markatzekoak. Beatriz Medrano diseinu arduradunak azaldu du: «Ume hauen begiratuak oso indartsuak dira. Nik erretratu psikologiko bezala ikusten ditut. Melfak edo turbanteak jantzi edo erantzi, begirada aldatzen zaie, beste identitate bat adierazten dute, indartsuagoa. Kamara aurrean beste era batera paratzen direla esango nuke».
Arreta eman dio Medranori, berezkoak dituzten jantziak soinean jarrita, «neskek esate baterako, nola jarri diren kamara aurrean. Ikusten da beraiengan mendebaldeko kultura eta ohituren arrastoa». Udan Medranok ez zuen hainbesteko harremana izan Saharako haurrekin baina behin argazki guztiak ikusita «samurtasuna» eragiten diotela esan du.
Horregatik aukeratu du letra tipo fina eta sinplea. «S hizkian esate baterako & sinboloarekin jolastu nahi izan dugu eta umeen kaligrafia hori gogoratu. Argazkietan ageri diren jolasetako mugimenduak irudikatu nahi izan ditugu», dio Medranok.
Erakusketa ibiltaria:
Hogeitik gora argazki bilduko dituen erakusketa izango da proiektuaren abiapuntua. Urbizuren esanetan, «herriz herri mugitzea nahi genuke eta gurekin harremanetan jartzeko gonbita luzatzen diegu arduradunei». Tamaina berekoak izango dira argazki guztiak, «ume guztiei garrantzi bera eman nahi genielako».
Erakusketan ikusgai izango diren argazkiak salgai egongo dira. Ikusleak gustuko dituenak aukeratu eta zein tamainatan nahi dituen erabaki ahal izango du, hiru egongo dira aukeran. Jasotako ekarpena Maiatzak 20 elkarterako izango da. Oraindik ez dute lanen prezioa zehaztu.
Argazkiekin batera beste obra bat erakusteko asmoa dute. Ander Ortiz de Murua billabonatarrak prestatutakoa da: «Urbizurekin badut harremana eta berak proposatu zidan proiektuan parte hartzeko. Argazkietako bat aukeratu, aurpegiaren erdia hartu eta begia eta melfa agertzen diren partea aukeratu ditut koadro bat egiteko». Berezia da, ordea, arte lana: «Egur baten gainean eginda dago eta marrazkia bic boligrafoekin egindakoa da. Zirriborro teknika erabili dut horretarako, espresioa moldatu ahal izateko». Distantzia batetik begiratuta, argazki baten gisan ikusi daiteke irudia. Ortiz de Muruak ere, Maiatzak 20 elkartearen esku utzi du bere koadroa, nahieran erabili dezan.
Printzipioz, erakusketarekin batera erabiliko dute obra herriz herri eta lehen geltokia, Amasan izango du abenduaren 30ean 17:00etatik aurrera. «Iruditzen zaigu azken hiru urteetan Saharako haurrak hartu dituen herriak merezi duela beste inork baino lehenago lana ikustea, proiektua lagundu eta oso ondo portatzen diren bizilagun asko baitaude». Egun horretan, arratsaldez pare bat orduz ikusi ahal izango da erakusketa.
Han izango dira Urbizu, Medrano, Ortiz de Murua eta Maiatzak 20 elkarteko kideak. Eta ordutik au-rrera, amasahara proiektuarekin bat egin nahi duenak harremana egin dezake arduradunekin This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it. helbidean, edo 696 014 786 telefonoan.
Ostegun honetan hauteskunde kanpainako ekitaldi edo mitina izango dugu 19:30etan Villabonako Berdura plazan. Aiztondo bailarako ekitaldia izango da eta bertan EH Bilduren Gipuzkoako zerrendakide den Larraitz Ugarte izango da hizlari nagusia. Larraitz Ugarte oñatiarra da, zuzenbidean doktoratua eta soziologia juridiko zein mediazio familiarreko diplomatua, aski ezaguna egin zen pasa den legealdian Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea izan zenean eta baina horrez gain, mugimendu feministan ere ibilbide luzea egin duen emakumea da. Bestalde, pintxoak, musika, bertsoak eta beste hainbat sorpresa ere izango ditugu Berdura plazan.
Anima zaitezte! eta igandean Bozkatu EH Bildu.
#HemenEtaOrain #DenonHerria
Amasa Villabonako EH Bildu koalizioak bat egiten du preso politiko ohien iniziatibaz sortu den Kalera Kalera ekimenak, datozen egun eta asteetan antolatu dituen deialdiekin eta parte hartzeko gonbidapena luzatzen diegu herritar guztiei. Kalera Kalera ekimenaren helburuen artean egungo espetxe politikarekin amaitzea eta presoak Euskal Herrira ekartzea daude, beti ere gatazkaren ondorioak gainditzeko eta konponbidearen eremura eramateko asmoarekin. EH Bildutik aldarrikapen eta helburu horiek erabat konpartitzen ditugu eta aurrera urratsak lortzeko beharrezkoa ikusten dugu herritarren aktibazioa eta inplikazioa. Euskal Herriko herri eta auzo askotan bezalaxe, Amasa Villabonan ere, Kalera Kalera ekimena antolatu dute hainbat preso politiko ohiek, mobilizazio eta ekiemen ugari antolatu dituztelarik.
Hemen duzue Amasa Villabonako deialdien zerrenda:
- Abenduko ostiraletan (abenduak 16, 23 eta 30) Kalera Kalera ekimenaren ikur izango diren kandelak eskuan hartu, eta giza-kate ibiltariak egingo dira Villabonako kaleetan.
- Abenduaren 24an, 19:30etan Iru Aldetatik abiatuta, Giza-Katea.
Ostegun honetan, hauteskunde kanpaina hasteko bezperan, Amasa Villabonako EH Bilduk festa antolatu du Villabonako Kale Nagusian (Iratzar elkartearen kanpoaldean).
Bertan EH Bilduko kide eta laguntzaileek prestatutako pintxoak, sagardoa, musika etab. izango dira eta pantaila erraldoi baten bidez, Bilbon EH Bilduk egingo duen ekitaldia zuzenean ikusteko aukera izango da. Ekitaldi hau berezia izango da, bertan jakingo baita Arnaldo Otegi gure lehendakarigaiari aurkezten utziko dioten edo ez. Duela 5 urte bezala, Bilboko Arenalean milaka lagun egongo dira albistearen zain, eta guk ere Villabonako kale nagusitik adi-adi jarraituko dugu Bilbon gertatzen dena.
Ondoren, gaueko 00:00etan, hauteskunde kanpainako lehen kartel pegaketa egingo dugu, jai-giroan eta modu herrikoi batean. Beraz, kartelak pegatzen lagundu nahi baduzue, gusto handiz hartuko dugu zure parte hartzea.
HEMEN ETA ORAIN, EH BILDUREKIN DENON HERRIA ERAIKITZERA GOAZ!
Ehunka familia eta milaka herritar elkartu ziren pasa den larunbat arratsaldean Donostian, hotz hezeari aurre eginez, «gaur Gipuzkoa gehiago dela» aldarrikatzeko. «Gehiago da, osasunaren eta adostasunaren alde batu garelako», adierazi zuten Estitxu Fernandez eta Joxe Mari Izetak GuraSOSen izenean.
Hondakinen kudeaketaren gaian irtenbide gehiago eta hobeak nahi dituztela aldarrikatu zuten. Segurtasun gehiago eta babesa nahi dituztela erran dute, batez ere beren seme-alabentzat.
Ehun haur joan ziren 'Gipuzkoa +: eman bidea osasunari eta adostasunari. Por un acuerdo saludable' leloa izan zuen martxaren buruan. Eurak izan ziren erritmoa markatu zutenak. Hala, txuriz jantzita, bi lerrotan kokatu, eta poliki-poliki egin zuten Araba Parketik Alderdi Ederrerako bidea, megafoniatik etengabe GuraSOSen manifestua aditzen zen bitartean. 15.000 lagunen babesa lortu du dagoeneko testu honek, eta atxikimenduak biltzen segitzen dute.
«Zer jaten, zer edaten eta zer arnasten ari garen jakin nahi dugu. Gehigo jakin nahi dugu, informazio eta eztabaida gehiago nahi dugu», eskatu zuten. Instituzioetako ordezkariei boto paper bat baino gehiago direla eta dagokien gauzetan parte hartu nahi dutela eta hartuko dutela ere azaldu zieten.
Larunbateko manifestazio buruaren irudia
Lehenik eta behin, erraustegia eta Mutiloako lizitazioak gelditu behar direla erran zuten, hondakinen plan orokorra legeztatzearekin batera. GuraSOSek mahai gainean jarri du irtenbiderako bide-orria. Bertan aditu, jendarte eragile, arduradun politiko eta herritarren parte-hartzea aurreikusten da. Gaur guztiei dei egin diete konponbidea lortzeko osasunaren eta adostasunaren bideari hel diezaioten.
Eta ordubete pasatxoko bidea pazientziaz burutu eta agertokiaren aitzinean bihotz bat osatu zuten txikiei zuzendu zitzaien bukatzeko. «Entzun haurrak: ikusten dituzue milaka eta milaka pertsona hauek? Zuek zaintzeko batu gara. Gure hondakinen arazoari beste irtenbide bat bilatuko diogu denen artean, posible delako, gizartea eta gure ordezkariak horretan buru-belarri jartzen bagara, denok batera lortuko dugu, oraindik garaiz gaudelako».
Amasa Villabonako EH Bildu koaliziotik, erabat babesten dugu GuraSOS elkartea egiten ari den lana eta Gipuzkoako Foru Aldundian agintzen duten EAJ eta PSE alderdiei, gipuzkoako milaka herritarrek diotena edo dioguna entzun dezaten eskatzen diegu. Ezin dugu onartu gipuzkoarren gehiengoaren iritziaren kontra eta milaka herritarren osasuna arriskuan jarriko duen Zubietako erraustegiaren inposaketa. Azkenik, GuraSOS elkarteak egin duen bezala, guk ere hondakinen kudeaketaren aferari buruzko eztabaida eta analisi serio eta publiko bat egiteko fase bat zabal dezala eskatzen diogu Gipuzkoako Foru Aldundiari. Gai honi buruz espezialistek eta teknikari kualifikatuek diotena entzun behar da eta erabaki arrazionalak hartu, beti ere herritarren osasuna lehentasunezkotzat hartuz.
Datorren asteazkenean abuztuak 31, Amasa-Villabonako EH Bildu koalizioak Herri Batzar irekia egingo du Villabonako Kale Nagusiko 59. zenbakian dagoen egoitzan.
Batzar honen helburu nagusia, datorren irailaren 25ean izango diren EAEko hauteskunde autonomikoei begira Amasa Villabonan egin beharreko lana antolatzea izango da. Batzarraren lehen zatian hauteskunde hauetarako EH Bilduk egiten duen eskaintza politikoaren (programa) berri emango da eta herritarrei zabaldu beharreko mezuei buruz ere hitz egin edo eztabaidatu ahal izango da.
Ondoren, hauteskunde kanpainarako EH Bilduk eskaintzen dituen tresna eta bitartekoak azalduko dira eta Gipuzkoa mailan aurreikusten diren ekimen edo ekitaldi nagusien egutegia ere aurkeztuko da. Hau kontuan izanik, Amasa Villabonan EH Bilduk egin beharreko lana zehaztuko da batzarrean parte hartzen dutenen artean. Zein ekimen egin behar ditu EH Bilduk Amasa Villabonan? nola iritsi gaitezke herritarrengana? zein tresna behar ditugu horretarako?...
Galdera hauei erantzunak aurkitzen saiatuko gara eta denon artean ekimen zerrenda bat osatu eta egutegi bat adostuko dugu, irailaren 9an hasten den hauteskunde kanpainan zehar egingo dena finkatuz.
Anima zaitezte eta parte hartu!
Eguzki talde ekologistak pasa den astelehenean jakinarazi eta salatu zuen Amasa Villabonan mirotz zuri bat tiroz jota agertu izana eta Gipuzkoako Fiskaltzan salatu zuen gertaera hau.
Mirotz zuria, gurean oso gutxi ikusten den animalia da eta mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoan "interes bereziko" gisa dago sailkatua. Kategoria horretan sailkatzen dituzte, "balio zientifiko, ekologiko edo kulturalagatik edo berezitasunagatik arreta berezia merezi duten espezieak".
Eguzki talde ekologistak salatu duenez, mirotz zuri bat tiroz bota dute eta hori Villabonan gertatu da. Bestalde, talde ekologistako kideek antzeko beste hainbat gertaera eman direla ere gogoratu dute: "ez da, ezta hurrik eman ere, ehiza-aldia hasi zenetik legez babestuta egon arren, bota duten hegazti bakarra". Dagoeneko zazpi kasu salatu dituzte eta kasu hauek "izozmendiaren tontorra baino ez dira", Eguzkiren esanetan. "Guk kasu hauen berri izan dugunerako, beste hamaika isilean geratu dira". Villabonako mirotz zuriarekin batera, bi belatz handi bota dituzte Donostian eta Jaizkibelen, zapelatz bat Beizaman, lertxun hauskara bat Urretxun, belatz gorri bat Zegaman eta gabirai bat Zumarragan.
Mirotz Zuria
Mirotz zuria bota izana Gipuzkoako Fiskaltzan salatzeaz gainera, Foru Aldundiaren ehiza politikak legez babestutako hegaztiak botatzeko "aukera handiak" ematen dituela berretsi du talde ekologistak. "Horrelakoetan tiro egiten dutenek, oso gutxitan identifikatzen dituzte hegaztiak. Horregatik, oinarrizko neurriak hartzeko eskatzen diote Foru Aldundiari. Foru Aldundiak ordea, ez ditu neurri horiek hartzen, Eguzkiren ustez, "ehiztarien artean klientelismoa sustatzeak bioaniztasuna babesteak baino gehiago axola diolako". Taldeak publiko egin duen oharrean gogoratu du babestutako espezie bat botatzea delitua izan daitekeela, "jende askok ez badaki ere, kartzelarekin zigortzeko moduko delitua da".
Amasa Villabonako EH Bildutik bat egiten dugu Eguzki talde ekologistak egiten duen salaketarekin eta baita Gipuzkoako Foru Aldundiari luzatu dizkioten eskaerekin ere. Gure herrian izandako mirotz zuriaren tioketa lotsagarria eta Gipuzkoan eman diren antzeko gertaerak, legearen kontrakoak izateaz gain, erabat onartezinak eta gogor zigortu beharrekoak dira. Gure lurraldeko animaliak (eta bereziki mehatxatutako espezie bezala katalogatuta daudenak) modu eraginkorrago batean zaindu eta babesteko neurriak hartzea ezinbestekoa dela pentsatzen dugu, eta zentzu honetan konpetentziak dituzten erakundeei beharrezkoak diren neurriak hartzea eskatzen diegu.
2016ko Santio jai hauetan parte hartzen dugun guztiok, emakume zein gizon, haur, gazte zein helduek, alaitasunez, libreki, erabakitzen dugun moduan eta seguru gozatzeko bermea izan dezagun.
Urtero bezala, Aiztondoko preso eta iheslarien eskubideen aldeko eguna ospatuko da, eta aurtengoan Asteasun izango da, azaroaren 19an. Herri kirolak, bertso-poteoa, afaria, bertso saioa eta musika izango dira. Eguerdian, 12:30ean, ekitaldi instituzionala egingo da eta bailarako udalek dispertsio politikarekin amaitzeko testua babestuko dute bertan. Aiztondora eguneko egitarau zabala 17:30ean hasiko da Xiba herri kirol jaialdiarekin. Ondoren, 18:30ean ekitaldia izango da eta hori bukatuta, Haritz Mujika, Unai Mendizabal, Oihana Iguaran eta Jexux Mari Irazurekin bertsopoteoa.
Afaria Asteasuko frontoian egingo dute eta bertara joateko txartelak salgai dira Asteasuko Iturri-Ondo eta Patxinen, Adunako Uztartzan, Amasa-Villabonako Iratzarren eta Zizurkilgo Iriarte eta Egarrin. Afalostean, bertsolariak arituko dira eta ondoren Xabi Solano eta DZ Zigorrekin kontzertuaz gozatzeko aukera izango da.
Aurtengo Aiztondora Egunaren egitaraua jasotzen duen kartela
Amasa Villabonako EH Bildutik bat egiten dugu Aiztondora egunarekin eta baita egun horretan aldarrikatuko den mezuarekin ere. Bada garaia behingoz, presoen senide eta lagunak zigortzen dituen dispertsio politika ankerrarekin amaitzeko eta gaixotasun larriak dituzten presoak kaleratzeko. Aiztondora eguna, egun seinalatua da guretzat, eta fisikoki gure herritik ehunka edo milaka kilometrora aurkitzen badira ere, Manex, Oskar, Iñigo, Emilio eta Karlos gogoan izango ditugu. Aurtengoan elkartasun egun hau Asteasun egitea ez da kasualitatea eta horrek Nekane Txapartegi asteasuarraren egoerarekin du zerikusia. Momentu honetan Suitzan espetxeraturik dago Nekane eta estradizio eskaera egina du espainiar estatuak. Egoera honen aurrean "Nekane libre!" plataforma sortu zen pasa den urtean eta guk gure babes osoa eskaini nahi diegu plataforma horren baitan lanean ari diren pertsona guztiei. Estradizio eskaerari ez! esaten diogu, berriz ere espainiar indar polizialen eskuetan torturatua izateko arriskua hor dagoelako. Zentzu horretan, Nekanek eta bere senide eta lagunek Suitzan jasotako elkartasuna eta Bernan egindako mobilizazio ahaztezina ekarri nahi ditugu gogora, izugarria izan zen.
Azkenik, Amasa Villabonako eta Aiztondo bailara osoko herritarrei, Aiztondora egun honetan izango diren ekitaldi ezberdinetan parte hartzeko gonbitea luzatzen diegu. Anima zaitezte!
Gaur Villabonako kaleetan independentzia eguna ospatzen ari diren gazte independentistek, datzozen hautsekundeetan EH Bilduren aldeko bozka emango dutela adierazi dute argazki honen bidez. Aupa zuek!
EH Bilduk Euskal gazteria errebeldearen ahotsa Madrilera eramango du, espainiar agintariei aurpegira "gu bagoaz!" ozen eta garbi esatera goaz.
Euskal gazte ezkertiar eta errebelden ordezkari izatea plazerra izango da EH Bilduko hautagaitza osatzen dugunontzat.
Eusko Jaurlaritzak azaroaren 10a "Memoriaren eguna" izendatu du eta aurtengoan udaleko Memoria eta Bizikidetza batzordean akordio historikoa lortu dute Villabonako udalean ordezkaritza duten EAJ-k, PSE-k eta EH Bildu-k. Hiru alderdiek testu bat adostu dute eta azaroaren 10ean, 19:00etan, 15 minutuko elkarretaratze bateratua izango da Errebote plazan "Giza eskubideen eta elkarbizitzaren alde" lelopean.
Hau da Amasa Vilabonan EAJ-PNV, PSE-EE eta EH Bilduk adostu eta gaur udalak argitaratu duen mezua:
Amasa Villabonako EAJ, EH Bildu eta PSEk udal ordezkariok aho batez adostutako adierazpen hau gizarteratu nahi dugu:
Amasa Villabonako udaleko ordezkariok, jakitun gara urteetan bizi izandako indarkeriak herritarren bizikidetzan eragindako kaltea oso handia izan dela eta samin edo sufrimendu ugari eragin duela. Herritarren artean urruntasuna, bazterkeria, ezinikusia, beldurra, isiltasuna eta bestelako sufrimenduak eragin dira. Jakin badakigu zauri sakon asko dagoela oraindik orbaindu gabe eta, ziurrenik denbora eta lanketa handia beharko duela guztiak ondu arte.
Villabonako Udalak, bide honetan bere alea jarri nahi du, jakinda ez dela erraza izango. Zentzu honetan, indarkeriak eragindako ondorioen inguruan lan egiteko Memoria eta Bizikidetza Batzorde berezi bat eratu dugu udal talde politiko ezberdinen ordezkaritzarekin. Hastapenetan bagaude ere, gure konpromiso irmoa adierazi nahi dugu hasi berri den prozesu honetan batera aritzeko. Asko dago oraindik lantzeko eta inork ez du esan erraza izango denik. Guk ordea, horren aldeko apustua egiteak merezi duela uste dugu eta bakearen kultura sustatzeko eta Giza Eskubideen defentsan lanean jarraitzeko borondate osoa agertzen dugu.
Bukatzeko zera adierazi nahi dizuegu: Batzorde honetatik bat egiten dugu azaroak 10eko Memoria Egunarekin. Egun honetan indarkeriaren biktima guztiak gogoratuko ditugu eta amasa-billabonatar guztiei “Giza eskubideen eta bizikidetzaren alde” lelopean,arratsaldeko 19:00tan Errebote plazan eta udaletxearen aurrean,burutuko dugun elkarretaratzera gonbidatu nahi zaituztegu. Bertan adierazpen bateratu bat irakurriko dugu udaleko alderdi politiko bakoitzeko ordezkari banak.
Hau da elkarretaratzeko deialdia zabaltzeko Villabonako udalak plazaratu duen kartelaren irudia:
EH BILDU-REN IRAKURKETA
Lehenik eta behin, Amasa Villabonan bizikidetza eta memoria arloan lehen aldiz udalean ordezkaritza duten alderdien arteko adostasuna lortu izana oso positiboki baloratzen dugu. Zalantzarik gabe, akordio historikoa da. Hala ere, uste dugu honako hau abiapuntu bat izan behar dela eta ez dugu ikusi behar lortutako helburu bezala soilik. Akordio hau gutxieneko eta oinarrizko akordioa da, giza eskubideen errespetuaren alde eta elkarbizitzan aurrera egiteko alderdi guztiek dugun borondatea azaltzen duena, eta oraingoz ez besterik.
Gure herrian memoria eta bizikidetzan asko dago egiteko, herritarren artean eguneroko elkarbizitza ia erabat normalizatu bada ere, herri honetan bizi izan dugun gatazka politikoak utzitako ondorio ugarik konpondu gabe jarraitzen dute eta gaur egun oraindik giza eskubideen urraketak pairatzen dituzten herritarrak ditugu gurean. Ezinbestekoa da presoen senideek pairatzen duten dispertsio politikarekin amaitzea, hori baita momentu honetan gure herriko pertsona ugarik bizi duten eskubide urraketa nabarmenena. Bestalde, biktima guztien, guzti-guztien aitortzan ere ezinbesteko pausuak eman behar dira, oraindik inolako onarpen ofizialik ez duten hainbat biktima baitaude Amasa Villabonan. Azkenik, torturak gure herrian utzi duen itzal luzea ere aipatu behar dugu, bildutako datuen arabera gutxienez 88 tortura kasu pairatu dituzte amasa-billabonatarrek eta zoritxarrez errealitate hau ere ez da administrazio publikoaren aldetik behar bezala aitortua izan. Aipatutako hauek izango dira etorkizunerako ditugun erronka nagusiak. Funtsezkoa izango da gure herrian eman diren alde guztietako eskubide urraketa ezberdin ahalik eta gehien biltzea, biktima guztien aitortzan, justizian eta erreparazioan urratsak ematea eta etorkizunean urraketa horiek berriz gertatuko ez direla bermatzea. EH Bildutik udalean martxan den memoria eta bizikidetza batzordearen baitan, zintzotasunez baina aldi berean tinko lan egiten jarraitzeko borondate osoa agertu nahi dugu.
2015eko azaroan ezin izan zen adostasunik lortu eta EH Bilduk udalak deitutako elkarretaratzean ez parte hartzea erabaki zuen. Orduan, gai honetan presaka eta beharrezkoa den lanketarik gabe aritzea leportau genion EAJko udal gobernuari eta memoria eta bizikidetza behar bezala landu eta elkarbizitzan aurrera urrats sendoak emateko, batzorde berezi bat sortzea proposatu genuen. Ikusten duzuenez, batzorde hori eratu da eta ibilbide labur baina oparoa izan du, lehen oinarrizko akordio hau lortu ahal izan delarik. Beraz, aurrera goazela esan dezakegu eta hori pozgarria da dudarik gabe.
Guzti honegatik, Amasa Villabonako EH Bildu koaliziotik, herritar guztiei dei egiten diegu ostegun honetan 19:00etan Errebote plazan izango den elkarretaratzean parte har dezaten, gure ustez garrantzitsua baita lehen aldiz modu bateratuan egindako deialdi honetara herritar ugari biltzea.
EH Bildu koalizioak antolatuta, atzokoan 50 lagun inguru bildu ginen Malkar plazan egin zen "Hobetzeko entzuten" ekitaldian. Herritarrek hainbat galdera egin zituzten: LOMCE, lan erreformak, osasun publikoa, enpresari txiki eta ertainak, genero berdintasuna, euskara eta beste gai batzuk izan ziren hizpide. Marian Beitialarrangoitia eta Aitzol Cajaraville EH Biduko kongresurako hautagaiek, herritarren galdera eta proposamenei erantzunak ematen aritu ziren ordu bete pasatxoan.
Amasa Villabonako EH Bildutik ekitaldi honen balorazio oso positiboa egiten dugu, herrian bertan, kalean, herritarrek galdetzea eta arduradun politikoek erantzunak ematea beti da interesgarria eta aberasgarria. EH Bilduko kideok herritarrei entzun eta jendearen kezkei irtenbidea bilatzeko bideak proposatzeko ari gara lanean.
Zentzu berean, aste honetan hasten den hauteskunde kanpainan, herritarrekin egon eta adi entzutea jarri dugu lehentasun gisa eta hainbat egunetan kalean izango gara EH Bilduk egiten dituen proposamenak azaltzeko eta hauteskunde hauetan herritarrei beren konfidantza emateko, boto eskaera egiten. Datozen egunetan aurkeztuko dugu hauteskunde kanpainarako prestatu dugun ekintza-plana.
Amasa Villabonako EH Bilduk Pepe Rei Kultur elkartearekin elkarlanean, "Kazetari kanaia" ikerkuntza kazetaritza proiektuaren aurkezpena antolatu du. Aurkezpena datorren asteazkenean izango da arratsaldeko 19:30etan Gurea zineko erakusketa aretoan.
Igor Meltxor, idazle, ikerlari eta "Kazetari kanaia" edota El periodista canalla webguneko zuzendaria izango da hizlari nagusia eta ikerketa kazetaritza egitasmo honen aurkezpen publikoa egingo du. Bertaratzen direnei aipatutako webgunearen nondik norakoak azaldu, eta bertan argitaratzen diren ikerketa erreportaiei buruzko hitzaldi motz bat eskeiniko die Meltxorrek eta horrekin batera Pepe Rei kultur elkarteak egiten duen lanaren berri ere emango du.
EH Bildu koaliziotik, edozein gizartetan ikerketa kazetaritzak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Demokraziak eta instituzio publikoek behar bezala funtziona dezaten, ezinbestekoa da kazetari eta ikerlari independienteak egotea eta hauek botere politikoak garatzen duen jarduna etengabe kontrolatzea. Horrela soilik bermatu daiteke korrupzio kasuak eta erakunde publikoen gestio politiko ustelak argitara ateratzea. Ikerketa kazetariak izan dira historikoki ustelkeria eta korrupzio kasu gehienak aurkitu eta publikoki salatu dituztenak eta Euskal Herrian ere mota honetako kazetaritza egiten duten elkarteak egotea albiste oso pozgarria da dudarik gabe. EH Bilduko kideok ez dugu beldurrik, urteetan hainbat erakunde publiko garrantzitsu kudeatu ditugu eta ez da EH Bilduko kideen aldetik korrupzio kasu bakar bat ere egon (espainiar komunikabideetako kazetariek EH Bilduri jarraipen bereziki estua egin dioten arren). Guk ez ditugu erakunde publikoak gure edo gure lagunen poltsikoak betetzeko inoiz erabili eta horregatik ikerketa kazetariek gure jarduna kontrolatzeak ez digu inolako enbarazurik egiten.
Guzti horregatik, Amasa Villabonan "Kazetari kanaia" egitasmoaren aurkezpena antolatzea erabaki dugu eta gonbidapen zuzen bat egin nahi diegu Amasa Villabonako herritar guztiei asteazkenean arratsaldeko 19:00etan zineko erakusketa aretora gertura daitezen. Anima zaitezte!
Hemen duzue EH Bildutik argitaratu dugun deialdiaren kartela:
Pasa den larunbatean Tolosan, Giltzarria adierazpenaren aurkezpen publikoa egin zen herritar ugari eta anitzek lagunduta eta bertan jakinarazi zuten albistea: "Tolosaldeko herritarren hitza entzun dadin, hautetsontziak zabaltzea erabaki dugu; herriari galdetzera goaz".
Tolosaldeko herritarrek egindako agerraldia. Iturria: ataria.info
GILTZARRIA ADIERAZPENA
Erabakiaren aroa abiatu da Euskal Herrian, eta erabakiaren aroa abiatzera goaz Tolosaldean. Adierazpenak dira bide horretan lehen geltokia, gaur, hemen, argitara ematen dugun adierazpena. Gure Esku Dagok, baita Tolosaldean ere, hausnarketa sakona egin du. Berau oinarri hartuz, hemen bildu garenok errealitate dugun Giltzarria adierazpena aurkezten dugu. Erabakia gaur eta hemen errealitate bihurtu nahi dugulako. Erabaki historikoak tarteko Tolosaldea 28 herrik osatzen dugu, batzuk herri izatea erabaki zutelako, herri izan nahi zutelako. Orain, herri honen etorkizuna erabaki nahi dugu demokrazia sakonean sinisten baitugu, eta horretarako, herriari entzuteko tenorea iritsi dela deritzogu. Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea egikaritze bidean, Tolosaldean egingo dugun ekarpena da honakoa. Nolako Euskal Herria nahi dugun erabaki nahi dugu, eta hori, euskal herritarroi dagokigu. Erabakitzeko eskubidea, emaitzaren gainetik gizarte kohesiorako dagoen tresna egokiena da, bizikidetza edota elkarbizitzarako oinarria.
Gurea erabaki nahia da; demokrazia ariketa sinplea, baina konplexutasunez betea. Horregatik, hemen bildu garenok ondorengoa adierazi nahi dugu:
1- Herri bat garela, erabakitzeko eskubidea dugula eta herritarron garaia dela.
2- Erabakitze eskubidearen inguruan adostasun eremu zabalak sortu ditugula eskualdean, abiatuko dugun bidea zilegitzen duena.
3- Erabakitze eskubidea errealitate bihurtzeko Giltzarria bultzatuko dugula; herritarron parte hartzea ahalbidetuko duen prozesua.
4- Elkarrizketaren eta elkarlanaren bidetik, ezberdinen arteko adostasunak bilatzen jarraitzeko konpromisoa hartzen dugula.
Horretarako, herritar ororen parte hartzea ezinbesteko baldintza da erabakitze ariketa hau aurrera era- mateko. Guztiok gara giltzarria. Erabaki nahiaren espresio izan behar dugu, ezberdinen arteko topagune, elkarbizitzaren giltzarria. Tolosaldeko herritarren hitza entzun dadin, 2017ko udaberrian hautetsontziak zabaltzea erabaki dugu, herriari galdetzera goaz. Horretarako, Tolosaldeko herritar anitzek osatutako batzordeak gidatuko du galdeketa bitarteko prozesua. Herritarroi berau sostengatzea dagokigu hurrengo hilabeteetan bultzatuko den sinadura bilketaren bidez. Gaurkoa, lortu dugun adostasunaren adierazle da. Gurekin bat egin dezazun eskatu nahi dizugu, hori baita demokrazia ariketa honi zilegitasuna emateko bidea.
Adierazpen honen bidez jakinarazi du Tolosaldeko Gure Esku Dagok datorren urtean galdeketak egingo direla eskualde osoan. Eskualdeko 200 eragile eta pertsona esanguratsu baino gehiagoren babesa jaso du dinamikak ondutako adierazpenak, tartean Amasa Villabonako herritar asko; beraiek izan ziren protagonistak, Tolosako Aranburu Jauregiaren alboko Euskal Pizkunde plazan egindako aurkezpen ekitaldian.
Datorren urteko olatura beste 28 herri batu dira, beraz —50.000 biztanle inguru—: Abaltzisketa, Aduna, Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Villabona-Amasa, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Belauntza, Berastegi, Berrobi, Bidania- Goiatz, Elduain, Gaztelu, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Leaburu- Txarama, Lizartza, Orendain, Orexa, Tolosa, eta Zizurkil. ERABAKITZERA GOAZ!
Amasa Vilabonako EH Bildun pozez eta ilusioz hartu dugu albiste hau, atzo Goierrin, Debagoienan, Azpeitian etab. egindako ariketa demokratiko zoragarria, Amasa Vilabonan egingo dugu laster, eta hori oso albiste pozgarria da erabakitzeko eskubidea eta independentzia lortu nahi dugunontzat.
Testuinguru politiko berrian estrategia eta hausnarketak aktibatzea eta proiektua fase berri batera eramateko urratsak egitea dira helburu nagusiak.
Oihane Zabaletak eta Marian Beitialarrangoitiak iragarri dute datorren larunbatean goizeko 10:00etan Batzar irekia izango dela Donostiako Miramongo Parke Teknologikoan bi helburu nagusirekin:
- Testuinguru politikoa kontuan hartuta, EH Bilduk egun mahai gainean dituen gaien inguruan eztabaidatu eta EHbildukide guztiekin batera erabakiak hartzen jarraitzeko konpromisoa hartzen du.
- Hilabete hauetan guztietan, bai kanpainaren aurretik, kanpainan zehar eta ondoren ere martxan jarritako estrategia eta hausnarketak operatibizitatu eta aktibatzea eta, ildo horretatik, gure proiektua fase berri batera eramateko urratsak egitea.
Zabaletaren hitzetan, “gure proiektua zentralitate politikoan kokatzeko eta herri honen egoeraren aurrean anbizio eta ausardiaz eragiteko eta ekarpenak bideratzeko.”
Batzarrean lau gai jarriko dira eztabaidagai:
1. Egoera politikoaren gaineko azterketa eta kokapena.
2. EAEko legegintzaldirako helburuak eta bide orria, tartean PNV eta Podemosekin izandako bileren berri eman eta EH Bilduren proposamenaren nondik norakoak konpartitzea eta zehaztea.
3. Lehendakarigaia aurkeztearen eztabaida egin eta erabakia hartu, eta horrela erabakiko balitz Lehendakarigaiaren hautaketa
4. EH Bildu etorkizunari begirako norabidean markatutako erronkei buruzko eztabaida.
Oihane Zabaletak EH Bildu lehen lerroko protagonista izango dela baieztatu du, “horretarako jaio ginen eta arrazoi horregatik hain zuzen gure proiektua zentralitate politikoan jartzera goaz. Azken finean, herri honek behar dituen akordio nagusiak erdiesteko EH Bildurekin kontatu beharko da bai edo bai.”
“Eta hauek ez dira hitz hutsalak, ez diogu harrokeriz ziur baikaude herri urrats sendoak emateko, ekarpenak plazaratzeko eta konpromisoak hartzeko nahitaezkoa dela borondatea izatea eta are gehiago hori ekintza bihurtu eta operatibizatzeko aukera historikoa azpimarratu eta insistentziaz gainontzeko alderdi eta gizarte eragileekin adostea. Azken finean, helburua herri hau beste agertoki batera eramatea da, menpekotasun harremanei amaiera jarriz eta gure etorkizuna gizartearen erabakien arabera eraikiz. Eta horretarako alderdi zehatzen interesen gainetik egindako akordio zabalak behar dira. Kontrakoa iruzur politikoa litzateke”, amaitu du Zabaletak.
Jarraian Marian Beitialarrangoitiak hartu du hitza testuinguru politikoaren inguruan aipamen batzuk egiteko. Bere interbentzioan estatuan dagoen egoera eta aldaketarako ezintasuna eta Euskal Herrian zabaldu diren aukerak jarri ditu mahai gainean, horren aurrean urratsak egiteko aukera eta beharra azpimarratuz.
“Nafarroan ikusten ari den bezala -esan du diputatuak- hemen eta orain aukera paregabeak daude jausi kualitatibo bat emateko eta etorkizunari begira agertoki berri bat irekitzeko, Euskal Herritik Euskal Herrira. Hortik dator EH Bilduk bai PNVri, bai Podemosi bai eragile sozial eta sindikalei egiten dien ekarpena eta proposamena.”
“Erabakiak hartzeko ordua da, ezkutatu gabe, aitzakiak bilatu gabe,... Herri honek akordio zabalak, integralak, anbizioz beterikoak behar ditu. Europara begira kokatu behar gara eta ez Madrilek eskaintzen digun irtenbiderik gabeko agertokira. Baldintzak daude, baliabideak daude, indar korrelazioa dago... Bakarrik falta da azaltzea horretarako borondaterik dagoen”, esan du Beitialarrangoitiak.
EH Bilduk ezagunak diren hiru ardatzen inguruan akordio zabalak, etorkizun akordioak errazteko borondatea berretsi du, eta hiru ardatz horiek zehazten dute bere posizioa alderdien artean dauden elkarrizketetan eta horren gainean zehaztuko du aurkeztuko duen proposamen sakonago bat, beti ere urratsak egiteko atal sozialean zein ekonomikoan, hiritarren burujabetzan, bakea eta elkarbizitzan, gobernantzan eta etorkizuna eraikitzeko eta bermatzeko kontuetan.
Amaitzeko, adibide bezala, fiskalitatearen gaia jarri du. “Akordio zabalak lortzearen premiaz ari garelarik, atzoko egunez Euskal Finantza Kontseiluak emandako informazioa adibide garbitzat har dezakegu: zerga bidezko diru-bilketaren emaitza oso txarra izan da, %7ko aurreikuspena izatetik %3ra, hau da erdira baino ez baita iritsi, aurreikusitakoa baino 473milioi euro gutxiago jasoko dira. Honek eskatzen du sakoneko erreforma fiskal bat adostea, urgentea justua, progresiboa eta ekitatiboa, herritar guztien ongizate gizartea bermatzeko finantziazio eta iraunkortasun ereduaren baitakoa” amaitu du Marian Beitialarrangoitiak.
"Hobetzeko entzuten" zikloa:
EH Bildu jardun politikoa hobetzeko asmoarekin, azken hilabeteetan, bilera erronda zabala egiten ari gara herri honetako eragile sozial, sindikal eta ekonomikoekin. Arnaldo Otegik duela gutxi EH Bilduko lehendakarigai aukeratuak ere, iragarri zuen aste batzuk hartuko zituela herritarrak eta eragileak entzun eta herri honen errealitatea lehen eskutik ezagutzeko helburuarekin.
Ideia horrekin, eta herritarren iritziak, kezkak eta proposamenak zuzen-zuzenean entzuteko helburuarekin, ‘Hobetzeko entzuten’ ekitaldi zikloa eginten ari da EH Bildu. Ekitaldi horietan EH Bilduko beste ordezkariak herritarrekin harreman zuzenean jarriko dira, eta haien galderak eta kezkak erantzungo dituzte. XXI. mendeko asanblada eredua irudikatzen ari gara eta herritarrekin elkarrizketa zuzenak izango ditugu.
- Amasa Villabonan ere "Hobetzeko entzuten" ziklo honen baitako ekitaldia antolatu dugu:
Ekainaren 6an 19:30etan Malkar plazan izango da eta Marian Beitialarrangoita EH Bilduren Gipuzkoako zerrenda-burua Kongresurako eta Aitzol Cajaraville Zumarragako Arcelor-eko langilea eta EH Bilduko hautagaia izango dira herritarrei entzun eta galdera edo kezkei erantzuteko prest.
Amasa Villabonako EH Bildutik deialdi berezia egin nahi diegu herritarrei, ekitaldi honetara gerturatu eta beren galdera, proposamena edota hausnarketa gurekin eta aipatutako EH Bilduko hautagaiekin elkarbanatu dezaten. Guk herritarrei entzun eta herritarrekin batera lan egin nahi dugulako.