- 05 Otsaila 2020
Tolosaldea hainbat ezaugarritako 28 herrik osatzen dutela aintzat hartuta, eskualde bizi, kohesionatu eta orekatua lortzeko izaera integraleko instituzio publikoaren alde egin du koalizioak, eta horretarako ezinbesteko jo duen elkarlanerako borondate politikoa duela baieztatu du.
“Askotariko ezaugarriak eta izaera dituzten 28 herrik osatzen dute Tolosaldea”, EH Bilduko ordezkari Lore Agirrek adierazi duenez, eta gehitu du, legealdi honetan, “EH Bilduko 100 hautetsi baino gehiago” ari direla beren herrirako zein eskualderako lanean. Izan ere, Agirreren hitzetan, “EH Bilduk beti lan egin du Tolosaldea bizi, kohesionatu eta orekatu baten alde”.
Tolosako EH Bilgunean egindako agerraldian adierazi dutenez, EH Bilduk ez du abiadura bat baino gehiagoko herriak dituen eskualdea nahi: “Elkarrekin, bidea eginez, etorkizuneko eskualdea diseinatu nahi dugu. Epe motz, ertain eta luzera ditugun erronkei elkarrekin erantzun nahi diegu”.
Horretarako, koalizioko kideen ustez, eskualdeko herri guztien parte hartzea eta horien koordinazioa bermatzeko aukera emango duten markoak beharrezkoak dira. “Eskualde mailako antolaketa eta egituratzea beharrezkoa da ditugun erronkei erantzuteko”, azaldu du Agirrek. Ondorioz, Agirrek esan du EH Bildu eskualdeko ikuspegi integrala duen instituzio publiko baten alde dagoela: “Horretarako, elkarlana ezinbestekoa da. Elkarlanerako, borondate politikoa ezinbestekoa da. Eta guk badaukagu”.
Datozen urteetarako erronkak
2019-2023 legealdira begira, berriz, eskualdean hainbat erronka dituztela azaldu du Amaia Azkue Berastegiko alkate eta Gipuzkoako batzarkideak, osasun arretaren egoerari arreta berezia eskainita: “Osasungintzaren arloan, Tolosaldean badakigu ez dagoela osasun arreta integralik. Horren aurrean, eskualdeko beharrak aztertu eta konponbidea bilatu behar dugu”. Asuncion klinika publiko bihurtzeazein ospitale publiko berri bat eraikitzea, bi aukerak ontzat jotzen ditu EH Bilduk, baina ezinbesteko baldintza batekin, Azkueren hitzetan: “Beti ere, eskualdeko herritarrak erabakiaren parte izango direla bermatu behar da”.
Gizarte zerbitzuen arloari dagokionez, eskualdeko berezitasunak kontuan hartuta, “egungo antolaketak ez die herritarren beharrei erantzuten”, EH Bilduko kideek adierazi dutenez. Ondorioz, Azkuek ezinbestekotzat jo du “eskualdeko herritarren beharrak aintzat hartuko dituen egitura berri bat”.
Garapen ekonomikoari dagokionez, aurrerapausoak emateko konpromisoa agertu du EH Bilduk. “Landa garapenari eta tokiko garapenari lotutako erronkei eutsiko diegu”, adierazi du Azkuek. Horretarako, elikadura burujabetzara bidean pausoak emateko asmo agertu du: “Herri txikietan lan egin eta bizitzea posible izan dadin, eta herrien, hirien eta landa eremuaren arteko kohesioa berma dadin”. Landa eremuko jarduera ekonomikoan, belaunaldi arteko erreleboa bermatzeko pausoak ere emango dituztela azaldu du Azkuek: “Herri txikietako ostatuen kudeaketan, merkataritza txikian edota lehen sektorean eragiten ahaleginduko gara”. Horrez gain, burujabetza sustatu asmo dute teknologiaren eta industriaren arloan ere: “Tolosaldea Garatzen indartzea eta Apattako bigarren faseari eustea dira gure helburuak”.
Jasangarritasunaren arloan ere aurrerapausoak emateko borondatea azaldu du eskualdeko EH Bilduk. Azkueren hitzetan, “klima larrialdiaren egoerari aurre egin nahi diogu”. Horretarako, batetik, energia burujabetzari arreta eskainiko diote: “Energia ondare publikoa eta estrategikoa dela ulertzen dugu, eta Tolargi zein Zazpiturri norabide horretan kudeatu behar direla iruditzen zaigu”. Beraz, energia berriztagarrien aldeko neurriak abian jartzeko konpromisoa azaldu dute, eta eskualde mailan, esaterako, biomasaren erabilera eta eguzki plaken ezarpena bultzatuko dute. Bestetik, garraio publikoari eta mugikortasunari arreta eskaini behar zaiela uste dute koalizioko ordezkariek, eta “lurraldeko hiriburuarekin lotuko gaituen zein eskualde barruko komunikazio egokia bermatuko duen garraio plan integral iraunkor bat” diseinatu behar dela azaldu du Azkuek. Azkenik, hondakinen kudeaketa aintzat hartuta, birziklapena eta fiskalitatea aintzat hartuko dituztela adierazi du Berastegiko alkateak: “Birziklapen tasen igoera sustatzen jarraituko dugu eta birziklatzen dutenen aldeko fiskalitatea landuko dugu”.
Euskalgintzari ere erreparatu diote koalizioko ordezkariek. “Euskara, gure hizkuntza da, eta gure identitatearen ezaugarria eta kulturaren ardatz nagusia izaten jarraitu behar du”. Horretarako, EH Bilduk “estrategikoa” deritzo TEM Tolosaldeako Euskararen Mahaiaren prozesuari, eta adostasunetara joko du: “Hori gorpuztera begira, alderdi politikoon zein eragile sozialen arteko akordio zabalak eta konpromiso zehatzak beharko dira”.
Azkenik, bizikidetzari dagokionez, Azkuek adierazi duEH Bilduk “errepresaliatu politikoen eskubideen bermea eta alde orotako biktimen erreparazioa” sustatuko duela eskualde mailan. Eta horrekin lotuta, memoria historikoaren lanketa ere “ikuspegi integralarekin” jorratzeko konpromisoa agertu dute koalizioko ordezkariek.