- 20 Iraila 2019
Herriko bost bikotek parte hartuko dute biharkoan Behar Zana elkarteak laugarren urtez antolatzen duen Udazken Bola Txapelketan. Hiru bikote neskek osatua izango da: Aitziber Ugalde eta Bea Unzuek goizeko 10ak inguruan izango dute kanporaketa, Ane Etxebeste eta Naroa Arretxek arratsaldeko 3ak baino lehen, eta Jexuxi Maiza eta Alazne Mendizabalek arratsaldeko 7ak jota. Beste bi bikoteak honakoek osatuko dituzte: Imanol Arretxe eta Iban Imaz (eguerdiko 12ak aurretik kanporaketa) eta Axier Gurrutxaga eta Joxe Mari Etxebeste (12:45ean). Guztira 29 bikote izango dira eta egun osoko egitaraua izango dute Olaederra kiroldegi ondoko bolatokian, txapelketa goizeko 8:30ean hasi eta arratsaldeko 7:30ak aldera amaituko baita.
Txapelketa hau ezohiko formatuan egiten da, bikoteka alegia, eta datu interesgarri moduan aipatu behar da bikote gazteena Ane eta Naroa herritarrek osatuko dutela, 13 urte baitituzte. Beste muturrean aldiz, Donostiako Antonio Goenaga dugu 86 urtekin eta bere bikote izango den Miguel Arrozpide hernaniarra 82kin. Datorren larunbatean emango diote jarraipena txapèlketari, irailak 28an. Finalak ere egun honetan izango dira. Zorte on parte hartzaile guztiei!