Hitz bakar batekin eta begiratu azkar batean definitu behar bagenu, urte gutxiren buruan, gure herriaren osaketan ematen ari den bilakaera, ondorengoa aipatu beharko genuke: ANIZTASUNA. Arrazoi ugari tarteko, jatorri desberdineko pertsonak iritsi dira gure herrira.
Errealitate honek, iritzi eta zer esan asko sortzen baditu ere, gure ustez aniztasuna ez da zertan arazo batean bilakatu behar; aberastasun iturri baizik. Beste kontu bat da, aniztasun edo ugaritasun hori ondo kudeatzen jakin behar dela, gizarte integratu eta kohesionatua sortzeari begira. Herri ikuspegitik argi dago aniztasunarena dela etorkizun hurbilean dugun lehentasunetariko bat, modu sakonean aztertu beharreko erronka garrantzitsuenetakoa alegia.
Etorkizuneko zoru hori gaur bertatik eraikitzen hasteko, gure ikuspegitik hiru dira landu beharreko esparruak : euskara, errespetua eta berdintasuna.

a.- Ez zaigu batere axola etorri berria nongoa den. Euskal Herrian bizi eta lan egiten duenarekin, elkarrekin, Euskal Herria eraiki nahi baitugu. Eta eraikitze horretan, euskal herritar sentitzen joatea beharrezkoa izango da. Guk, zubi lan hori, euskara eta euskal kultura eskaintzetik egin behar dela argi dugu.
b.- Gurera etortzen diren pertsonak berdintasunez tratatzen ez baditugu, ezingo dugu ezer eraikitzailerik eta seriorik egin. Harremanen porrotak hortik etortzen dira, bat bestea baino gehiago dela pentsatzetik, alegia. Batek besteari zerbait egitera behartzeko eskubidea duela pentsatzen badugu, besteak bere burua babesteko eskubideari eutsiko dio, eta ez du onartuko. Edozer gauza elkarrekin egin nahi badugu, berdinetik berdinera egin beharko dugu, elkarrenganako errespetuan oinarrituz.
d.- Eta bestetik, bizitzari aurre egiteko baliabide eta tresna berdinak eskuratzeko eskubide eta aukera berberak izan behar ditugu guztiok. Eta horretan hezkuntzak oinarrizko baliabidea izan behar du.

Zentzu honetan, hezkuntza eta euskara ardatz dituen proiektu inklusibo eta berritzailea goraipatu nahi dugu gaur, Aniztasunean Lagun boluntario taldeak egiten duena, hain zuzen. Boluntarioekin osatutako taldea, zailtasunen gainetik emaitza akademikoak hobetzea eta euskara erakustea erronka nagusitzat dituena. Murrizketen ondorioak hezkuntzan ere pairatzen diren garaian, beraien ekarpen xume bezain baliotsua egiten duten herritarrak. Zuek zarete maila teorikotik orube praktikora igaro zareten dinamika kolektiboa; euskara, errespetua eta berdintasunean eraiki beharreko euskal gizarte horren kimu eredugarria.
Horregatik, kuadrillen eguna ospatzen den egun honetan, Santio Jai Batzordeak suziria botatzeko proposamenarekin egindako aitortzara gehitu nahi genuke guk ere; Euskal Herri anitz bezain aberats hori eraikitzeko egiten ari zareten ekarpenagatik. Biba zuek!!! Ea datorren urtean beste amasa-billabonatarrei Etxeondoko bazkarian txoko bat egiten diegun. Guztion borondatearekin lortzea dago.

 

aniztasunean lagun