- 20 Otsaila 2019
Tolosaldeko EH Bilduk agerraldia egin du gaur Tolosan, Osasun publikoari dagokionez eta Asuncion klinikaren aferan azken hilabeteetan gertatutakoen inguruko irakurketa politikoa zabaltzeko. Bertan izan dira besteak beste, Unai Iraola Alegiko alkatea, Amaia Azkue Berastegiko alkatea, Pello Estanga Anoetako alkatea, Bakarne Otegi Ikaztegietako alkatea eta Josu Amilibia Adunako alkatea. Amasa-Villabonatik Arantxa Lopez eta Xabat Laborde zinegotziek parte hartu dute agerraldian.
Hauxe da Tolosaldeko EH Bilduk argitaratu duen oharra:
Azken hilabete hauetan Tolosaldeako Osasungintzaren gaiak berri ugari eman ditu, nahiz eta berri guztiek ez duten neurri bereko zabalpen mediatikoa izan.
Hilabete luzeetako lanaren ondorioz, Topak eta Eskualdeko Lan Mahaiak ateratako datu esanguratsuek erakutsi dutenez, Asuncion Klinikarekin dagoen kontzertuak ahalbidetzen dio Osasun Sailari Tolosaldeako osasun gastuan urtean 10 milioi euroko murrizketa egitea, eta horrek zerbitzuaren kalitatea asko okertzea eragin du. Kontzertu horrek iraun dituen zazpi urteak kontuan izanda, datuak eskandaluzkoak dira.
Urteetan plazaratu dira osasun arreta pribatizatuta egoteak dakartzan ondorio kaltegarriak, ez bakarrik arretaren kalitatean, baita langileen baldintzetan ere. Azken horiek bi eratara izan dira kaltetuak: langile eta erabiltzaile modura. Kontutan izanik ratioak txikiagoak direla, hau da, langileen heren bat gutxiago daudela, lan kargak hazi dira eta horrek arretaren kalitatean eragiten du.
Tolosaldeko EH Bilduko ordezkariak Tolosan egindako agerraldian
Ohar honen bidez jakinarazi nahi diegu TOPAri eta Eskualdeko Lan Mahaiari gure udaletxeetako atek irekita dituztela informazio hori herritarrekin partekatzeko, beharrezkoa ikusten baitugu eskualdeko herritar guztiek horren berri izatea.
Osasun Sailak urteetan Tolosaldean izan duen inbertsio ekonomiko faltaren datuak argitara atera diren honetan, ospitale publiko bat ez duen eskualde bakarra izatearen diskriminazioaz gain, arrapaladan etorri zaizkigu Asuncion Klinikako berriak ere: batetik, osatu berri den fundazioarena, eta, bestetik, datozen hiru urteetan egitekoak dituzten berritze lanena.
Kezkatuta gaude irabazi asmorik gabeko fundazioa ez ote duten erabiliko INVIZAren irabazi asmoak zuritzeko, eta hiru urteetako zazpi miloi euroko berritze lanekin ez ote dituzten Osakidetzak egin gabeko inbertsioak ezkutatu nahiko. Prentsan irakur genezakeenez, gainera, berritze lan horiek datozen 25 urteetako klinikaren beharrak asetzeko balioko dute, eta horrek ere beste kezka batzuk sorrarazten dizkigu: Osasun Sailak ere egungo egoera beste 25 urtez luzatzen utziko al du? Hau al da eskualdeak behar duen proiektua?
EH Bilduren ustez, egoera hau luza ezina da. Lanean jarraitu behar da kudeaketa publikoaren alde, kalitatezko osasun arreta koordinatu eta integratu bat, beharrezko baliabide estrukturalak eta giza baliabideak, eta erabiltzaile eta langileen eskubideak bermatzeko. Maiatzean aurkeztu genuen Tolosaldearako osasungintza publikorako proposamena. Bertan, eskualdeko ertz pribatizatuak –klinika, anbulantziak eta etxerako mediku eta erizainak– kudeaketa publikoan barne hartzeko proposamena egitez gain, osasunaren sustapenaren eta prebentzioan oinarritutako osasun ereduaren aldeko apustua eta proposamen egingarria aurkezten genituen. Ez gara horretan gelditu eta lanean jarraitu dugu, esaten genuen bezala, ekarpen berriek proposamen horretan sakondu eta zabaltzeko parada eman baitigute.
Merezi dugun osasun arreta lortu nahi badugu, denon borondatea eta elkarlana beharrezkoa izango da. EH Bilduko kideok bide horretan lan egiteko borondate irmoa azaldu nahi dugu.