Lurgatz talde feministak gutuna kaleratu du iraileko osoko bilkuraren ondoren udalean izandako bileraren ondoren. Hau da talde feministak argitaratutako gutuna:

"Honako hau izan da Lurgatz talde feministak udalari eginiko azken proposamenean jaso duen erantzuna: “EZINEZKOA DA”. Lehenagotik ere hainbat proposamen eginak badira baina ez dira ontzat eman. Azken honek, ezaugarri berezi bat du: udala da honen jabea.

Eginiko proposamena esatean, emakumeak* batu ahal izateko espazio batez ari dira hitz egiten. Udalarekin eginiko bileran, udalean agintean dagoen EAJ alderdi politikoa da lehenik ezezkoa eman zuena Eneko Urdangarin zinegotziaren ahotik eta honen antzera, nahiz eta bileran ez egon, PSOEk ere, proposaturiko espazioa etxebizitza izatearen aitzakiapean, ezezkoa emana zuen. EH Bilduri dagokionean, udalak borondate politikoa balu, dagoeneko etxe horretan leudekeela zioen eta Talde Feminista etxea auzolan bidez egokitzeko prest dagoela ikusirik, ulertezina zaio ezinezkoa dela sinestea. Lurgatzen antzera, ezinezkoa benetan zergatik den galdetzen dute behin eta berriz.

Taldeak soluzio bat nahi du; egunerokotasunean emakumeak* bildu ahal izateko espazio bat nahi du; eskuartean duen materiala nonbait gorde ahal izateko espazioa nahi du; aurreikusiak dituen jardunaldiak antolatzeko espazioa nahi du; aurreikuspenak gauzatzeko espazio bat nahi du… eta Villabonako Kale Nagusian kokatua dagoen udalaren etxebizitza hutsa exijitzen jarraituko du. Onartezina zaie beraiek kalean egotea eta etxebizitza hori aurreikuspenik gabe usteltzen egotea.

Beraz, Lurgatzek argi eta garbi dio, udalak aitzakia bat bestearen atzetik botaz elkarlanerako prestutasuna ez izatean, bere bidetik lanean jarraituko duela. Gainera, proposamenik egin ez eta egiten direnak zapuzteaz gain, udal gobernuan agintean dagoen EAJko Eneko Urdangarin zinegotziak, emakumeen* benetako beharrei buruz ezer gutxi dakiela transmititu die eta Lurgatzeko kideek diotenaren arabera, nekez lan egin daiteke enpatia eza medio, gutxietsiak sentiarazten dieten pertsonekin.

Amaitzeko, Lurgatz talde feministak, “udalak kalean uzten gaituela” argudiatuz, datorren ostegunean, urriaren 11ean arratsaldeko 18:30ean Villabonako Errebote plazan egingo duten bilerara dei egiten die emakume* orori."


Amasa Villabonako EH Bildutik bat egiten dugu Lurgatz talde feministak PNVko udal gobernuari egiten dizkion kritikekin eta herriko mugimendu feministaren elkargunea izango den espazio edo leku baten beharra aldarrikatzen dugu. 

Aurtengo martxoaren 8ko emakumeen greba eta mobilizazio historikoen bueltan, herriko emakume ugari elkartu ziren eta ondoren Lurgatz Talde Feministaren sorrera iritsi zen. Gure ustez, herriko mugimendu feministaren artikulazioa eta antolatzeko emandako pausua, urteko albisterik pozgarrienetakoa izan da. Mugimendu feminista antolatu bat izatea funtsezkoa iruditzen zaigu; herri mugimenduaren bultzadarekin eta instituzio publikoen elkarlanerako konpromisoarekin, urrats sendoak eman daitezke emakume eta gizonen arteko berdintasun erreal bat lortzeko bide luzean. Bestalde, mugimendu feminista antolatu eta indartsu bat izatea ezinbestekoa iruditzen zaigu gure herrian egunerokotasunean ematen diren zapalkuntza egoerak, portaera matxistak... ekiditeko eta behingoz mozteko.

Gainera, balorean jarri nahi genuke Lurgatz talde feministak lortu duen aniztasuna, belaunaldi eta pentsakera ezberdinetako emakume ugari bildu dira Lurgatz-en eta hori oso garrantzitsua da mugimendu feminista zabal, transbertsal eta hegemoniko bat lortzeko.

Hau esanda, EH Bildutik ez dugu ulertzen PNVko udal gobernua izaten ari den jarrera oztopatzailea. Talde feministak biltzeko, gauzak gordetzeko, elkartzeko eta mugimendu feministaren erreferentzia izango den espazio edo lokal bat aldarrikatzen du eta eskaera konkretu eta garbia egin zaioudalari: udalak Kale Nagusiko 38 zenbakian duen etxebizitza hutsa erabiltzen uztea. Eskaera zentzuzkoa eta logikoa iruditzen zaigu eta udalak inolako arazorik jarri gabe eskaera honi erantzun positiboa eman beharko liokela uste dugu. Ez dugu ulertzen udalak hutsik eta inolako erabilerarik eman gabe duen bere etxebizitza hori mugimendu feministari ez lagatzea, eta are ulertezinagoak iruditzen zaizkigu erabaki hori justifikatu nahian udal gobernuak erabili dituen aitzakia merkeak. 

Pasa den irailaren 24an Lurgatz talde feministako hainbat kide udalera joan ziren Osoko Bilkura zegoelako. Bilkura ofiziala bukatu ondoren PNV eta EH Bilduko zinegotziek emakume hauekin edukitako bilera inprobisatuan oso argi geratu ziren bakoitzaren eskaerak eta ideiak. PNVko ordezkaria den Eneko Urdangarin jaunak izandako jarrera penagarria iruditzen zaigu, talde feministatik egindako eskaerari behin eta berriz ezezkoa ematearekin batera, jokabide pertsonal harroputza izan baitzuen, Lurgatzeko kideen galdera eta interbentzioen aurrean irrifar ironiko batez erantzunez. Bertan izandako EH Bilduko kideok auzo-lotsa sentitu genuen jarrera prepotente hori ikusita.     

Amaitzeko gure babes osoa agertu nahi diegu Lurgatz Talde Feministako emakumeei eta beraien eskaera geure egiten dugula jakinarazi nahi diegu. Amasa Villabonako mugimendu feministak espazio propio bat behar eta merezi du, Lurgatz taldea horixe bera eskatzen ari da eta guk eskaera hori babestuko dugu.

Horregatik, ostegun honetan 18:30ean Lurgatz Talde Feministak Errebote plazan egingo duen protesta-bileran parte hartzeko deia luzatzen diegu Amasa Villabonako emakume guztiei. Gora borroka feminista!