Tolosaldean ere, Euskal Herriko herri eta eskualde ugaritan bezalaxe, pentsio duinen aldeko mobilizazio ugari egin dira azken hilabeteetan. PNVk Madrilen PPren aurrekontuetan lortutako akordioak pentsiodunen elkarteak zatitzeko eta mobilizazio jendetsuekin amaitzeko helburua bazuen ere, nabarmen geratzen ari da pentsio publiko duinen eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioen aldeko mobilizazioek indartsu jarraitzen dutela gure kaleetan.

Eskualdeko manifestazio jendetsua Tolosan

Pasa den larunbatean jendetza bildu zen Tolosako plaza zaharretik abiatu zen manifestazioan. Duintasuna Tolosaldeko Pentsiodunen Elkarteak egin zuen deia eta Tolosaldeko dozenaka elkarte eta talderen atxikimendua jaso zuen. Gauzak horrela, aipatzekoa da manifestazioan ez zirela jubilatu edo pentsiodunak bakarrik egon, gazte ugari ere gerturatu baitziren beren babesa ematera. 

DSC 0665 contentTolosako manifestazioaren hasierako une bat

Duintasuna elkarteko Maria Luisa Lizarzak eta Iñaki Elduaienek esan zutenez pozik daude martxotik hona egin duten ibilbidearekin. "Atsedenaldia hartuko dugu eta iraila edo urrian bueltatuko gara", esan zuten. Gai hau pentsiodunetatik harago doala gogoratu nahi izan zuten: "Gizarte osoari eragiten dion gaia da hau eta horregatik egin ditugu harremanak Tolosaldeko hainbat eragilerekin. Asko etorri dira eta oso pozgarria da", esan zuten. 

Era berean, pentsiodunen artean emakumezkoek kalte bikoitza jasaten dutela nabarmendu zuten, 600 eurotik behera kobratzen dutenen %77 emakumezkoak direla gogoratuz. "Oso pozgarria da emakumezko asko bildu garelako gaur hemen", gaineratu zuten manifestazioaren ondorengo hitzartzean.

Manifestazioaren irudiak 28Kanalaren eskutik: https://www.youtube.com/watch?time_continue=214&v=TsKMbh9faWw

Manifestazioa Amasa Villabonan ere

Amasa Villabonako Duintasuna elkarteak deituta, Errebote plazan dozenaka amasa billabonatar elkartu dira astelehen eguerdi honetan. Oraingo honetan elkarretaratzea egin beharrean herriko kaleetatik manifestazioa egitea erabaki dute bertaratu direnek eta Kale Nagusia eta Kale Berria zeharkatu ondoren, Malkar plazan eman diote amaiera mobilizazioari. 

PNVk PPren aurreko gobernuarekin lortutako akordioak ez ditu pentsiodunak asebetetzen, nahiz eta akordioaren protagonistek etengabe beren lorpenaren onurak hedabideetan zabaldu. Horrela aipatu dute elkarretaratzearen hasieran Duintasuna elkarteko kideek.

"Akordioak 2018 eta 2019rako igoerak bakarrik aipatzen ditu, EAEn eta Nafarroan DSBErekin osatzen diren pentsioek ez dute igoerarik izango; ez da ezabatzen sostengarritasun faktorea eta 2023ra arte atzeratzen da". Eskaintzen dituzten "apurrekin", pentsiodun askoren egoerak bere larritasunean jarraitzen du Duintasuna elkarteko kideek: "Hirutik batek, gutxieneko soldataren azpitik kobratzen du eta %52k 1.000 euro baino gutxiago. Aberastasunaren banaketa oso injustua da eta emakumeak zigortzen ditu bereziki. Erretiro pentsioak, emakumezkoen kasuan %70 baxuagoak dira gizonezkoenak. Onartezina da pentsio duinak lortzeko eskubidea, alderdi politikoen arteko txanpon trukea izatea".

Soilik aurrera eramaten diren borrokak irabazten direla esanaz amaitu dute mobilizazioa eta iragarri dute, hemendik eta udazkena bitarte atseden hartu eta ikasturte berriarekin jarraituko dutela euren aldarriak plazaratzen.

ARGAZKIAK:

DSC 0062 content

 

DSC 0105

 

DSC 0004 content