Amasa Villabonako EH Bilduk aste honetan ekin dio 2019ko udal hauteskundeetarako prestaketa edo aurrelanen prozesu luzeari eta lehen urrats gisa EH Bilduren zerrenda-buru edo alkategai izateko herritarren proposamenak jasoko dira. Alderdi politiko tradizionalek beren hauteskunde zerrendak eta hautagaiak erabakitzeko erabiltzen duten prozedura ilun eta opakoekin hautsi, eta parte hartze ariketa demokratiko eta garden baten bidez aukeratu nahi ditugu EH Bilduko alkategaia eta zerrendako kideak. Aste honetan zehar auzolanaren bidez herriko etxe guztietara orri bat bideratuko dugu eta orri horren bidez amasa billabonatar guztiek beren iritziz EH Bilduko alkategai egokia izan daitekeen pertsona bat, bi edo hiru proposatu ahal izango dituzte. 

Hau da aste honetan etxez etxe banatuko dugun orria:

orria1orria2

Orri hauxe bera erabiliz, gure herrian bizi den pertsona bakoitzak aukera izango du bere proposamena edo proposamenak egiteko. Nahi izanez gero, proposatzen den pertsona alkategai egokia izateko norberak ikusten dituen arrazoiak ere idatzi ahal izango dira. Proposamena modu anonimoan egin daiteke edo orrian proposatzailearen datuak jarrita. Bigarren kasuan EH Bilduk herritar horri bere proposamenak izan duen ibilbidearen berri emango dio (zer erantzun duen...). Izan ere, EH Bilduko kideek proposatuak izango diren pertsona guztiekin hitz egiteko konpromisoa hartzen dugu. Alkategaiaren aukeraketa prozesuak uda ondoren jarraituko du eta lehen urrats hau ezinbestekoa izango da, EH Bilduko alkategaia herritarrek proposatutako izenetatik irtengo baita ziur. 

Proposamenak jasotzeko eguna eta tokia: Ekainaren 17a Gurea zinean

Datorren ekainaren 17an, igandea, 10:00etatik 20:00etara Villabonako Gurea zineko sarreran hautestontzi edo kutxa bat egongo da eta herritarrek bertan sartu ahal izango dute beren orria. Ez da derrigor orria etxetik betea ekarri beharko, hantxe bertan betetzeko aukera ere izango baita.

Herritarren proposamenak biltzearekin batera, Amasa Villabonako EH Bilduk egitarau zabala antolatu du ekainaren 17an Gurean. Ipuin kontalariak, musika, hamaiketakoa... izango dira eta ekitaldi nagusia 12:00etan izango da. Ekitaldian 2019ko udal eta foru hauteskundeei begira Amasa Villabonan garatuko dugun prozesuaren berri emango dugu eta Gipuzkoako EH Bilduko aurpegi ezagun bat ere bertan izango da, Gipuzkoa mailan ditugun erronkak azaldu eta EH Bilduren alternatibaren berri emateko.

Anima zaitez eta parte hartu! EH Bildun zuk erabakitzen duzu!