Azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskaraldia ospatuko da Euskal Herri osoan. Amasa Villabonak izena eman du Euskaraldian parte hartuko duen herri gisa eta dagoeneko talde bat lanean ari da ekimena prestatzen. Tolosaldea eskualdeko 28 herrietatik 25ek eman dute izena euskararen erabilera bultzatzeko ekimen nazional honen antolaketan parte hartzeko. Guztira, Euskal Herri osoan 300 herri baino gehiagok eman dute izena jada.

Pasa den astearte arratsaldean Tolosaldeko herrietan Euskaraldiaren prestaketa edo antolaketa lanetan ari diren taldeen ordezkariak elkartu ziren Zizurkilgo Joxe Arregi plazan eta agerraldi publiko honetan Euskaraldiaren lehen aurkezpena egin zuten. Amasa Villabonako taldearen ordezkari gisa Maite Arregi euskara teknikaria eta Gaizka Ezeiza Irrintzi elkarteko kidea izan ziren. Euskaraldia euskararen erabilera hauspotzeko antolatutako egitasmoa da eta iraungo duen 11 egunetan euskaldunak direnen eta euskara ulertzen duten pertsonen hizkuntza ohituretan euskararen erabileraren aldeko aldaketa eragitea izango da helburua.

"Argi dugu oraingo honetan jauzi bat eman behar dugula. Euskaraldia ariketa sozial erraldoi bat da, ez euskararen aldekotasuna adierazteko kanpaina bat" adierazi zuen antolatzaileetako batek.

Resultado de imagen de euskaraldia

Ekimen hau berezia izango da eta azken urteetan hainbat herritan (Lasarte, Agurain...) garatutako dinamiketan du oinarria. Herritarrek Ahobizi eta Belarriprest gisa eman ahalko dute izena udazkenean. Ahobiziak uneoro (ahal den guztietan) euskaraz aritzeko konpromisoa hartuko du eta Belarriprest-ak berriz, berari euskaraz egin dakiokela adieraziko du, euskararen erabilerari bide emanez. Euskaraldian parte hartzen duten herritarrek, hortaz, ariketa konsziente bat egin beharko dute euskara ahal bezain beste erabiliz. 

Zizurkilen bildutako Tolosaldeko herrietako ordezkariek Euskaraldian parte hartzeko gonbita luzatu zieten herritarrei. "Gure eskualdean euskaraz bizitzea posible dela bistarazi nahi dugu, 11 egun horietan praktikan jarriz" adierazi zuten agerraldian. Baina era berean, 11 egun horiek igarota, Euskaraldiaren helburu nagusia urte osoan egiten den euskararen erabilera handitzea da. Izan ere, euskararen kale erabileraren azken datuek euskara gero eta gutxiago erabiltzen dela erakutsi digute eta tendentzia hori irauli beharra dago gure hizkuntzaren etorkizuna bermatu nahi badugu.