Pasa den larunbatean Zubimusu ikastolak egindako Milimetroak festan iragarri zen albistea. Aipatu behar da orain arteko eredua aldatuko duela Kilometroak festak eta 2020tik aurrera urte osoko ekimena izango dela. Urtean zehar hainbat jaialdi antolatuko dituzte ikastola ezberdinek eta urriko lehen igandeko festa ikastola batek hartuko du bere gain. Amasa Villabona eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolak antolatuko du 2020ko jaia. 

Iragarpen honen aurretik, Kilometroak jaiaren eredu berria aurkeztu zen Zumarragan. Ikastolen Elkarteak bertan iragarri zuenez, orain arte ezagutu dugun Kilometroak jaia aldatu egingo da 2020. urtetik aurrera. Gipuzkoako ikastolen asmoa da Kilometroak urte osoko ekimen bat izatea, eta ikastola batek baino gehiagok parte hartzeko aukera izatea urtero.

Orain arte bezala, Kilometroak jai bat ospatuko dela eta hori antolatzeko ardura ikastola batek hartuko duela aurreikusten dute Ikastolen Elkartetik, baina, horrez gain, urtean beste hainbat jaialdi txiki egitea da asmoa, eta horiek egiteko ardura beste ikastola batzuek hartuko dute. Jaialdi guztiak sartuko dira Kilometroak ekimenaren barruan.

Zubimusuko arduradunak ilusioz gainezka

Poz handiarekin hartu zuen albistea Ana Santamaria Zubimusu ikastolako zuzendari pedagogikoak: "Laugarren aldia zen aurkezten ginela eta bagenuen gogoa Kilometroak festa Aiztondo bailarara ekartzeko, sekula ez baita hemen egin". Irura eta Tolosako ikastolek antolatu izan dute festa, baina behin ere ez Zubimusuk. "Bailara guztira zabalduko dugu festa eta 2020ra bitarteko prozesua elkarrekin egiteko asmoa dugu".

IMG 4980 contentPasa den larunbateko Milimetroak jaiaren une bat, Errebote plazan

Gipuzkoako ikastolen jaia 2020. urtetik aurrera moldatuta etorriko da eta Zubimusu ikastolako zuzendariak aipatu zuenez, "Amasa Villabonan eta Zizurkilen egin dugun Milimetroak festak balio dezake eredu bezala beste ikastolentzat". Egun osoko festa izan zen igandekoa eta bi herrietako plazetan burutu ziren ekintzak, besteak beste, Joxe Arregi plazan 700 lagun bildu ziren bazkaritarako. "Egun borobila atera da", esan zuen Santamariak. "Oso denbora gutxian antolatu dugu guztia, batzordetan bildu diren gurasoen borondatezko lana ezinbestekoa izan da guztia behar bezala atera dadin".