EH Bilduk maiatzaren 23an aurkeztuko die dokumentua herritarrei, Tolosako Topic zentroan 19:00etatik aurrera

Tolosaldeko osasun arreta publikoaren inguruko eta Asuncion klinikari buruzko proposamen zehatza lantzen aritu da azken hilabeteetan Tolosaldeko EH Bildu. Tolosan egindako agerraldi publikoan, EH Bilduren proposamenak lau ardatz izango dituela adierazi du Unai Iraolak Alegiako alkateak: "EH Bilduren osasungintza publikoari buruzko filosofia eta lan ildoa; Tolosaldeko osasun publikoak behar dituen azpiegituren berrantolaketari buruzko gogoeta eta proposamena; langileak integratzeko proposamen zehatza; eta Legebiltzarreko ibilbide politiko zein legalaren inguruko azalpenak eta EH Bilduk aurrera eramango dituen iniziatiben azalpen eta proposamena". Iraolak azpimarratu duenez, "Egingarria den proposamena da eta, batez ere, borondate politikoa eskatzen du".

Eskaeretatik harago, proposamen zehatzak egitearen garrantziaz mintzatu da ere Kristina Pelaez Tolosako EH Bilduko kidea eta eskualdeak proiektu berri eta moderno bat behar duela esan du, herritarren beharrak kontuan izango dituena. "Proposamena herritarrei eta afera honetan interesa duen orori aurkeztu nahi diogu". Proposamena ez da dokumentu itxi bat, eztabaidarako lan dokumentu bat baizik, eta osasun arreta aldatzeko tresna moduan ikusten du EH Bilduk dokumentua. Horregatik Tolosaldeko EH Bilduko ordezkariak herritarren iritziak jasotzen aritu dira. Osasun politikan, besteetan bezala, herritarren parte hartzearekin eta gardentasunez jokatu behar dela azpimarratu nahi izan dute prentsaurrekoan. Osasun arreta hobetzea bilatzen badugu proposamena herritarrekin, erabiltzaileekin eta profesionalekin konpartitzea da asmoa, iritziak jaso eta eztabaidarako prozesua irekiaz, eskualderako nahi dugun osasun arreta adosteko.

DSC 0047 contentTolosaldeko EH Bilduren agerraldia, datorren maiatzaren 23ko aurkezpen ekitaldia iragartzeko

Pelaezek gogoratu du urteak direla Tolosaldeko osasun arreta publikoa auzitan dagoela. "Arrazoiak desberdinak izan dira; langileen egoera, Asuncion klinikak Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako hitzarmenaren baldintzak ez betetzea, klinikaren beraren egoera, Tolosaldeko arretan inbertsio falta, mediku espezialistek alde egitea...".

Arrazoi horiek guztiak, klinika pribatu bat (Asuncion) erreferentziazko ospitale baten moduan lan egitearen ondorio direla ere adierazi dute EH Bilduko kideek. "Honen atzetik osasungintzaren eta asistentziaren pribatizazio nahia dago". 

Osasungintzan negozio nahia dagoela eta horrek herritarrek jasotzen duten arretan ondorio negatiboak dituela eztabaida ezina da. EH Bilduk argi dauka zerbitzu publikoek kudeaketa publikoa izan behar dutela eta ez bakarrik baliabide guztiak osasungintzarako erabiliko direlako, baita integrazioak eraginkortasuna eta koordinazioa nabarmen hobetzen dituelako ere.