Gipuzkoako Batzar Nagusietan PNV-PSE koalizioak, PPren babes osoarekin, pasa den legealdian zerga sistema justu eta solidarioago bat eraikitzeko EH Bilduk martxan jarri zuen Aberastasuna eta Fortuna Handien gaineko zerga indargabetzeko erabakia hartu dute. Horrela, Gipuzkoako 38 pertsona aberatsenetako bakoitzak 408.316 euro gutxiago ordaindu beharko dizkio Foru Ogasunari.

PNV-PSE-PP hirukoak, aberatsenei, miloika euroko kontu korronteak dituztenei, zergak jaisteko egindako zerga-erreforma hau irmoki gaitzesten dugu. Beste behin PNV-PSEk zuzendutako egungo Foru Aldundiak argi erakutsi digu nortzuen interesak defendatzen dituen; Elite ekonomiko eta finantzieroen interesak, enpresa handien jabeenak, beren laguntxoenak.

Bien bitartean, PNV-PSE koalizioak murrizketa sozialak egiten jarraitzen du, adibidez, urtean 300 eta 1.000 euro arteko murrizketa ezarri zaie mendekotasuna duten 4.330 familia gipuzkoarrei. Autobus zerbitzu publikoetan ere murrizketak ezarri nahian dabiltza, diotenez, "ez dago diru nahikorik zerbitzu horiek mantentzeko". Horrelakoak esateko aurpegi galanta behar da gero! ezarri duten aberatsen aldeko zerga erreformarekin Foru Aldundiak 15,5 miloi euro gutxiego jasoko dituenean.

Hau al da PNV-PSE eta PPk defendatzen duten justizia soziala? aberatsenei alfonbra gorria jarri eta zergak jaistea, aldi berean behar gehien duten herritar xumeei, dependentzia egoeran daudenei, murrizketak inposatzea? Aberatsenen poltsiko bete-beteak ondo zaindu eta herritarren gehiengoari eragiten dioten zerbitzu publikoetan murrizketak egitea?

EH Bildutik, datozen asteetan erreforma fiskal neoliberal, atzerakoi eta elitista honen aurkako gizarte dinamikak piztearen aldeko apustua egiten dugu. Gipuzkoako indar sozial eta politiko aurrerakoi eta ezkertiarrekin batera elkarlanean, kalean, instituzioetan eta behar den leku guztietan egongo gara, ez dugu atsedenik hartuko zerga erreforma injustu eta insolidario hau geldiarazi arte.

kontzentraBatzar nagusien kanpoaldean Gipuzkoako Asanblada Sozialak egindako protesta elkarretaratzea. EH Bilduko ordezkariek ere parte hartu zuten.