Amasa Villabonako EH Bilduk herri batzar irekia egingo du datorren maiatzaren 16an, 19:30etan Subijana etxean.

Batzar ireki honek 3 gai nagusi izango ditu:

1. Udal legealdi honetako balantzea

EH Bilduko udal-taldeak legealdi honetako lehen 3 urteetako balorazioa aurkeztuko du. Lehenik eta behin, EH Bilduren zinegotzi taldeak garatutako lana azaldu eta baloratuko da, egindako prioposamenak, hartutako erabakiak etab. azalduko direlarik. Ondoren, udalean agintean egon den PNVk aurrera eramandako udal-politikaren errepasoa eta balorazioa egingo da. Bertaratutako herritarrek beren ikuspegiak edo balorazioak partekatu ahal izango dituzte EH Bilduko zinegotziekin.

2. Herri programa osatzeko prozesuaren azalpena

Datorren udazkenean EH Bilduren herri programa osatzen hasteko prozesua abiatuko da eta herritar guztiek aukera izango dute Amasa Villabona hobetzeko ideia, egitasmo edo proiektuak proposatzeko. 2019-2023 legealdirako ibilbide orria izango den programa ere, ahalik eta herritar gehienen parte hartze zuzenarekin egin nahi du EH Bilduk. Batzar honetan aurkeztuko dira herri programa osatzeko EH Bilduk garatuko duen prozesuaren nondik norakoak.

3. Alkategaia eta udal zerrendaren prozesua

Amasa Villabonako EH Bilduk 2019ko udal hauteskundeetarako zerrendaburu edo alkategaia aukeratzeko prozesu zabal eta parte hartzaile bat garatuko du eta batzar ireki honetan aurkeztuko du publikoki. Prozesu honetako lehen urratsa herritarren proposamenak jasotzea izango da; herritar guztiei aukera emango zaie Amasa Villabonako alkate izateko pertsona egokiak proposatzeko eta EH Bilduk pertsona horiekin hitz egingo du, beren disponibilitate edo prestutasuna ezagutzeko. Ondoren, alkategaiaren aukeraketa egingo da modu garden eta demokratikoan, herritarren bozka zuzenaren bidez. Udal-zerrenda osoaren aukeraketa ere prozedura parte hartzailearekin garatuko da uda ondoren.

 

EH Bildutik batzar honetan parte hartzeko deia egiten diegu amasa billabonatarrei. Gure herrian politika eta udal kudeaketa beste modu batera, era garden, demokratiko, parte hartzaile, herrikoi eta aurrerakoi batean garatzeko alternatiba bakarra da EH Bildu, eta guztion artean Amasa Villabona hobe bat eraikitzeko gogotsu gaude. Zatoz zu ere!

EH Bildurekin ZUK ERABAKI!

KARTEL ONA