Pasa den asteazken arratsaldean 50 lagun inguru elkartu ziren Villabonako anbulategiaren aurrean, Errausketaren Aurkako Mugimenduak egindako deialdiari erantzunez. Gipuzkoa osoko 21 herritan egin ziren elkarretaratzeak eta guztira ehundaka herritarrek bat egin zuten aldarrikapen eta protesta ekimen honekin. Errausketaren Aurkako Mugimenduak aurrera jarraitzen du bere gizarte dinamikamikarekin eta besteak beste, hondakinen kudeaketan erraustegiaren eta beste alternatiben arteko gizarte eztabaida publikoa (EiTBn eta beste komunikabideetan) eta teknikoa egitea eskatzen diote PNV eta PSEk zuzentzan duten Foru Aldundiari. Besteak beste EH Bildu eta Podemos alderdietako kideak parte hartu zuten mobilizazio honetan.

IMG 20180418 190931 562Villabonan egindako elkarretaratzearen irudia

Hau da anbulategien aurrean egindako elkarretaratzeetan irakurri eta zabaldu zen adierazpena:

Azken aldian erraustegien inguruan argitaratu diren albisteak kezka areagotu besterik ez dute egin gure gizartean. Ez soilik azken aldian, oraindik gogoan dugu Anbereseko erraustegia nola lehertu zen edota Estatu Batuetan eta Sardinian kiskali ziren erraustegiak, baita Mexikon eta Japonen duela ez asko, edota Zabalgarbiko “Q” fiebrearen isuria. Hauek denak erraustegien ondoan bizitzearen arriskuak agerian utzi dituzte.

Baina batez ere osasunarekin erlazioa duten albisteek piztu dute alarma. Berriki CSIC-eko ikerlariek Zubietako erraustegiaren ingurumen baimena aztertu dute eta ikusi dute baimendua dagoela 12 sustantzia toxiko oso larri isurtzea mugagabe eta kontrolik gabe. Gipuzkoarroi hau ezkutatzea oso larria iruditzen zaigu. Berriki ere Parisen epai historiko bat jaso da: Parisko auzitegiak arrazoia eman die Vaux-le-Penileko erraustegiak kaltetutako 165 herritarrei eta zigor gogorrak ezarri dizkio kutsaduraren ardura eduki zuen Meluneko mankomunitateari. Izan ere baimendutakoa baino 1.700 aldiz dioxina gehiago isurtzen zuela aurkitu zuten 1998an egindako ikerketan. 2002an egindako ikerketetan dioxinak legez ezarritakoa baino 2.200 aldiz gehiago eta kutsatzaile organiko oso toxikoak antzeman zituzten. Marseilan erraustegiaren inguruko elikagaietan dioxinak topatu dituzte.

Montpelierren ere azaldu ziguten, erraustegi modernoenek ere 2000 sustantzia isurtzen dituztela eta horietatik soilik 50 neurtzen direla. Txosten batek baieztatu zuen ingurukoen gaixotasun larriek horrekin lotura zutela. Pisan (Italia) ere antzeko txosten eta emaitzak, gaixotasun eta heriotzak. Azken honetan erraustegia ixtea erabaki dute. Ezin ditugu ahaztu Madrileko Valdemigomez inguruko bizilagunen testigantzak, denak norabide berdinean; usai txarrak, minbiziak eta heriotzak.

Gertakari guzti hauek kontutan hartzea eskatzen dugu, Zubietako obren berealako geldialdia eta frogatuak dauden alternatiba merke eta osasuntsuen ezarketa. Gure osasuna bermatzea exijitzen dugu eta prebentzio printzipioa ezarri dadila, hala nola, eztabaida publiko eta tekniko bat EiTB-n, ondoren gizarteak erabaki dezan proiektu polemiko honen egokitasunaz.


Errausketaren Aurkako Mugimendua

2018ko apirilaren 18an