EH Bildu koalizioak batzar irekia egingo du larunbat honetan, apirilak 30, Villabonako Gurea zineko erakusketa gelan 11:00tatik aurrera. Batzar bereziki garrantzitsua izango da, bertan EH Bilduren eraberritzean eman diren urratsak publikoki aurkeztuko baitira eta EH Bilduko Herrigintza talde berriaren aurkezpen ekitaldia izango baita

.

Batzarraren helburu nagusia EH Bilduk Amasa Villabonan herritik eta herriarentzat lan egiteko sortu duen Herrigintzako talde berriaren aurkezpen publikoa egitea da.

Udaletxean egiten duen lanetik haratago, Amasa Villabonako herrian gizarte dinamikak eta ekimen herritar berriak jarriko ditu martxan EH Bilduk Herrigintza talde berriaren bidez. Talde hau Amasa Villabonako herritarrez osatuta dago eta bere dinamika eta ekintzak garatzeko orduan herriko eragile eta norbanakoekin eskuz esku lan egin nahi du.

Bestalde, talde honetako kideek azken hilabeteetan egindako hausnarketaren ondorioz sortutako HERRI-PLANGINTZA aurkeztuko dute. Bertan gure herrirako identifikatu diren helburu nagusiak, lehentasunak eta garatuko diren lan-ildoak aipatuko dira.

Azkenik, Amasa Villabonako EH Bilduko web orri berriaren aurkezpena egingo da. Webgune honetan herriko albisteak argitaratuko dira eta EH Bilduk garatzen duen lanaren erakusleihoa izango da sarean.

Webgune honek berezitasun nabarmen bat izango du: herritarrek parte hartzeko gune berezia. Gune honetan Amasa Villabonako edozein herritarrek izena eman ahal izango du eta galdetegi edo inkestak, dokumentuak irakurtzeko aukera, ekarpenak edo proposamenak egiteko gunea, dokumentuen elkartrukea, bozketetan parte hartzea etab. egiteko aukera izango da. Gainera, mugikorraren bitartez ere parte hartu ahal izango da aplikazio baten bidez.

Tresna hauen bidez, interesa duten herritarrei beren ekarpena modu errez eta eraginkor batean egiteko aukera ireki nahi die EH Bilduk.

Batzarrak ordu beteko iraupena izango du eta EH Bildutik, batzar honetan parte hartzeko deialdia luzatu nahi diegu herritar guztiei.