Herrigintza
Martxoaren 8a egun oso berezia da dudarik gabe, azken bi urteetako greba feminista arrakastatsuen ondoren, aurtengoan ere indar erakustaldi ederra egin du Euskal Herriko mugimendu feministak. Euskal hiri eta herrietako kaleak kolore morez eta aldarrikapen feminista ezberdinez bete dira eta Amasa-Villabona ez da salbuespena izan. Eguerdian Ziurkil eta Villabona batzen dituzten zubiak lotu genituen emakumeon giza kate jendetsuan eta arratsaldez Erreboteko plazan mosaiko dotore bat eta jai-giro bikaina sortu zuen kontzertua izan genituen. Aldarrikapena, giro ona eta jaia uztartu ziren gurean. Poza ematen du horrenbete emakume ikusteak zapi moreekin kalean tinko.
EH Bilduren izenean Aiztondoko mugimendu feminista eta bereziki gure herriko Lurgatz talde feminista zoriondu eta eskertu nahi ditugu egindako lanagatik era erakutsitako indar eta determinazioagatik. Konbentzituta gaude atzo bezalako egunetan kaleetatik, behetik gora datorren bultzada feministarekin, egiazko genero berdintasunera gerturatuko gaituzten neurriak hartzeko moduan izango garela, gu prest eta gogotsu gaude horretarako.
Zorionak mugimendu feminista!
ARGAZKI GALERIA:
Bixente Beldarrain Berakoetxea, Zizurkilgo iheslari politiko ohia, gaitz larri baten ondorioz joan zaigu, bere bizilekua zuen Hendaian. Bixentek egia esan ez du bizitza xamurra izan azken hamarkada hauetan, Joxe Arregi lagunarekin batera bere sorterritik ihes egin behar izan zuen 1979 urte hartaz geroztik. Jakina, inpotentzia handia sentituko zuen bi urte beranduago, 1981eko otsailaren 13an, Joxe laguna Madrilgo polizia-etxe batean torturaz erail zutela jakin zuen unean. Bera ere, beste zazpi euskaldunekin batera, polizia frantsesaren sarekada batean atxilotua izan zen 1990ean, berehalakoan aske utzi bazuten ere. Eta jarraian frantziar estatuak hainbat urtez Nantesen eduki zuen konfinatua, beste hainbat errefuxiaturekin batera 1995ean konfinamendua hautsi eta Baionara itzuli zen arte. Iheslari moduan emandako urte guzti horietan bizitako une alai edo tristeak Arantxarekin konpartitu zituen guztiak, beti bere alboan izan zuen neskalagunarekin.
Lehen egunetik herrimina sentituagatik ere, duela 3 urte arte ez zen itzuli Bixente bere jaioterrira, 37 urte beranduago hain zuzen. Etortzen zenean ordea, ez zen batere eroso egoten, ostera ere estatuaren errepresioaren jomugan egon zitekeenaren kezkaz edo beldurrez. Horregatik, Lapurdi zuen bere bizileku. Baina irailaren 15ean bere errautsak Zizurkilera iritsiko dira eta jaiotzen ikusi zuten lurrek emango diote betirako atseden. Goian bego Bixente.
Tolosaldea hainbat ezaugarritako 28 herrik osatzen dutela aintzat hartuta, eskualde bizi, kohesionatu eta orekatua lortzeko izaera integraleko instituzio publikoaren alde egin du koalizioak, eta horretarako ezinbesteko jo duen elkarlanerako borondate politikoa duela baieztatu du.
“Askotariko ezaugarriak eta izaera dituzten 28 herrik osatzen dute Tolosaldea”, EH Bilduko ordezkari Lore Agirrek adierazi duenez, eta gehitu du, legealdi honetan, “EH Bilduko 100 hautetsi baino gehiago” ari direla beren herrirako zein eskualderako lanean. Izan ere, Agirreren hitzetan, “EH Bilduk beti lan egin du Tolosaldea bizi, kohesionatu eta orekatu baten alde”.
Tolosako EH Bilgunean egindako agerraldian adierazi dutenez, EH Bilduk ez du abiadura bat baino gehiagoko herriak dituen eskualdea nahi: “Elkarrekin, bidea eginez, etorkizuneko eskualdea diseinatu nahi dugu. Epe motz, ertain eta luzera ditugun erronkei elkarrekin erantzun nahi diegu”.
Horretarako, koalizioko kideen ustez, eskualdeko herri guztien parte hartzea eta horien koordinazioa bermatzeko aukera emango duten markoak beharrezkoak dira. “Eskualde mailako antolaketa eta egituratzea beharrezkoa da ditugun erronkei erantzuteko”, azaldu du Agirrek. Ondorioz, Agirrek esan du EH Bildu eskualdeko ikuspegi integrala duen instituzio publiko baten alde dagoela: “Horretarako, elkarlana ezinbestekoa da. Elkarlanerako, borondate politikoa ezinbestekoa da. Eta guk badaukagu”.
Datozen urteetarako erronkak
2019-2023 legealdira begira, berriz, eskualdean hainbat erronka dituztela azaldu du Amaia Azkue Berastegiko alkate eta Gipuzkoako batzarkideak, osasun arretaren egoerari arreta berezia eskainita: “Osasungintzaren arloan, Tolosaldean badakigu ez dagoela osasun arreta integralik. Horren aurrean, eskualdeko beharrak aztertu eta konponbidea bilatu behar dugu”. Asuncion klinika publiko bihurtzeazein ospitale publiko berri bat eraikitzea, bi aukerak ontzat jotzen ditu EH Bilduk, baina ezinbesteko baldintza batekin, Azkueren hitzetan: “Beti ere, eskualdeko herritarrak erabakiaren parte izango direla bermatu behar da”.
Gizarte zerbitzuen arloari dagokionez, eskualdeko berezitasunak kontuan hartuta, “egungo antolaketak ez die herritarren beharrei erantzuten”, EH Bilduko kideek adierazi dutenez. Ondorioz, Azkuek ezinbestekotzat jo du “eskualdeko herritarren beharrak aintzat hartuko dituen egitura berri bat”.
Garapen ekonomikoari dagokionez, aurrerapausoak emateko konpromisoa agertu du EH Bilduk. “Landa garapenari eta tokiko garapenari lotutako erronkei eutsiko diegu”, adierazi du Azkuek. Horretarako, elikadura burujabetzara bidean pausoak emateko asmo agertu du: “Herri txikietan lan egin eta bizitzea posible izan dadin, eta herrien, hirien eta landa eremuaren arteko kohesioa berma dadin”. Landa eremuko jarduera ekonomikoan, belaunaldi arteko erreleboa bermatzeko pausoak ere emango dituztela azaldu du Azkuek: “Herri txikietako ostatuen kudeaketan, merkataritza txikian edota lehen sektorean eragiten ahaleginduko gara”. Horrez gain, burujabetza sustatu asmo dute teknologiaren eta industriaren arloan ere: “Tolosaldea Garatzen indartzea eta Apattako bigarren faseari eustea dira gure helburuak”.
Jasangarritasunaren arloan ere aurrerapausoak emateko borondatea azaldu du eskualdeko EH Bilduk. Azkueren hitzetan, “klima larrialdiaren egoerari aurre egin nahi diogu”. Horretarako, batetik, energia burujabetzari arreta eskainiko diote: “Energia ondare publikoa eta estrategikoa dela ulertzen dugu, eta Tolargi zein Zazpiturri norabide horretan kudeatu behar direla iruditzen zaigu”. Beraz, energia berriztagarrien aldeko neurriak abian jartzeko konpromisoa azaldu dute, eta eskualde mailan, esaterako, biomasaren erabilera eta eguzki plaken ezarpena bultzatuko dute. Bestetik, garraio publikoari eta mugikortasunari arreta eskaini behar zaiela uste dute koalizioko ordezkariek, eta “lurraldeko hiriburuarekin lotuko gaituen zein eskualde barruko komunikazio egokia bermatuko duen garraio plan integral iraunkor bat” diseinatu behar dela azaldu du Azkuek. Azkenik, hondakinen kudeaketa aintzat hartuta, birziklapena eta fiskalitatea aintzat hartuko dituztela adierazi du Berastegiko alkateak: “Birziklapen tasen igoera sustatzen jarraituko dugu eta birziklatzen dutenen aldeko fiskalitatea landuko dugu”.
Euskalgintzari ere erreparatu diote koalizioko ordezkariek. “Euskara, gure hizkuntza da, eta gure identitatearen ezaugarria eta kulturaren ardatz nagusia izaten jarraitu behar du”. Horretarako, EH Bilduk “estrategikoa” deritzo TEM Tolosaldeako Euskararen Mahaiaren prozesuari, eta adostasunetara joko du: “Hori gorpuztera begira, alderdi politikoon zein eragile sozialen arteko akordio zabalak eta konpromiso zehatzak beharko dira”.
Azkenik, bizikidetzari dagokionez, Azkuek adierazi duEH Bilduk “errepresaliatu politikoen eskubideen bermea eta alde orotako biktimen erreparazioa” sustatuko duela eskualde mailan. Eta horrekin lotuta, memoria historikoaren lanketa ere “ikuspegi integralarekin” jorratzeko konpromisoa agertu dute koalizioko ordezkariek.
Adolfo Lozano Olazabal da bera eta bere bizilekua zen Kale Nagusiko etxearen atarian azken urteetan lore eskaintza egin izan du Amasa-Billabonako EH Bilduk urtarrilaren 27an, nazi-faxistek eragindako holokaustoaren biktimak gogoratzeko nazioarteko egunean.
Frankismoak datuak ezkutatu zituen eta berandu badator ere, azkenean Estatuko Aldizkari Ofizialak orain arte errekonozimendu ofizialik ez zuten 4.427 herritarren izen-abizenak argitaratu ditu, tartean Bigarren Mundu gerran Alemaniako Mathausen-Gusen errefuxiatu eremuetan 1941 eta 1945 urteen artean hildako 89 euskal herritarrenak. Esan bezala, oraindik ez zuten aitortza ofizialik eta Espainiako gobernu "demokratiko" ezberdinei kosta zaie ederki urrats hau ematera iristea. Adolfo Lozano Olazabal billabonatarra Gusen-eko eremuan hil zen, 44 urterekin, 1941eko azaroaren 7an.
Kontuan eduki behar da zerrendako ia pertsona guztiak 1936ko gerran frantziar estatuko muga zeharkatu zuten bando errepublikazaleko kideak zirela. Amasa-Billabonako Aritza kultur elkarteak Adolfo Lozano errepublikazalearen inguruko ikerketa egina du eta 2016ko martxoan Mathausen-Gusen errefuxiatu eremua bisitatu zuten elkarteko kideek; hona hemen, bisita eta gero, Esti Amenabarro eta Nora Urbizu Aritza elkarteko kideek eginiko kronikaren enlazea http://www.amasavillabonaoroitzen.net/WEB/es/articulos/185-aritza-kultur-elkartea-mauthausenen-izan-da
Herritarrek bizi-baldintza duinak lortzeko lan asko dago egiteko eta greba zein mobilizazioak beharrezkoak izango dira aurrera urratsak eman nahi baldin baditugu.
EH Bilduk urtarrilaren 30eko greba orokorrean aktiboki parte hartuko du. Horrela adierazi zuen prentsaurrekoan Asier Iza metaleko langileak eta Sestaoko EH Bilduko zinegotziak.
“Bat egiten dugu urtarrilaren 30erako Eskubide Sozialen Kartak deitutako grebarekin. Arrazoiak badaude. Prekarietatearen aurrean, bizi-baldintza duinak aldarrikatzen ditugu. Urtarrilaren 30ean kalera aterako gara erabaki politikoen erdigunean bizitza jartzeko eta hauek ez egoteko elite ekonomikoen interesen menpe. Kalean izango gara herri duin batean, bizitza duin bat aldarrikatzeko”, adierazi zuen EH Bilduko ordezkariak.
Izak gogoratu du oraindik asko dagoela egiteko bizi-baldintza duin batzuk lortzeko. “Jaurlaritzaren arabera probreziak ehuneko 46 igo da Euskal Autonomia Erkidegoan azkeneko urteetan eta 200.000 pertsona pobrezia arriskuan daude; pentsionisten erosteko ahalmenak %6 egin du behera, sinatzen diren kontratuen %92 behin-behinekoak dira edo, Sestao bezala, %18ko langabezi-tasa daukaten guneak ditugu. Agerikoa da badaudela arrazoiak Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartak deitutako greba orokorrean parte hartzeko”.
EH Bilduren ustez, unea heldu da prekarietatean oinarritutako sistema bati erantzuteko eta, bizi-baldintzak erdigunean jarriz, haien herritarrak zaintzen eta babesten dituen herri baten alde egiteko.
Amasa-Villabonako EH Bildutik greba deialdiarekin bat egitez gain, urtarrilaren 30ean antolatu diren mobilizazioetan parte hartzeko deia zabaldu nahi dugu. Garratzitsua izango da kaleak lan, pentsio eta bizitza duinen aldeko aldarriz betetzea eta boteredunei kalean tinko eta indartsu gaudela erakustea.
Hauek dira Amasa-Villabona ditugun mobilizazio deialdiak:
Bestalde, EH Bilduko udal-taldeak grebaren aldeko ebazpen edo mozio bat aurkeztu du udalean, eta Tokiko Gobernu Batzordean onartua izan zen, EH Bilduren aldeko hiru botorekin, EAJ-PNVko ordezkariaren abstentzioarekin eta PSEko zinegotziaren kontrako bozka bakarrarekin. Mozio honetan, Amasa-Villabonako EH Bilduk bere egiten ditu Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartak eta Pentsionisten mugimenduak adostutako Aldarrikapen Taula.
Hau da hitzez-hitz udalean onartua izan den mozioaren edukia:
LAN, PENTSIO ETA BIZITZA DUINA
URTARRILAK 30, GREBA OROKORRA
Lan, pentsio eta bizitza duinaren aldeko greba babesteko ebazpen proposamena.
ZIOA:
Duela sei urte, sindikatu eta eragile sozial ugarik herritarren eskubide sozialak biltzen dituen Karta osatu zuten, prozesu parte hartzaile baten bidez. Geroztik, eskubide horien aldeko ekintzak antolatu ditu.
Bestetik, Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak bi urte daramatza pentsio duinen alde astero mobilizatzen; bide horretan, pentsioen eremuaz gaindi, modu zabalagoan “planto” egiteko beharra plazaratu dute, euren aldarrietatik harago joateko asmoz.
Orain, aipatu planteamenduaren haritik, mugimendu bien arteko konfluentzia gertatu da, pentsiodunen eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren artekoa, alegia, lan baldintza, pentsio eta bizitza duinaren aldeko borrokari aurre egiteko.
Konbentzimendu hirukoitz batek batu ditu: batetik, pentsioena denon afera dela, oraingo pentsiodunena nahiz etorkizunekoena; bestetik, lan baldintza duinen aldeko borroka ezinbestekoa dela; azkenik, eskubide sozialak bermatu behar direla. Finean, bestelako eredu sozial eta produktiboa eraiki behar dugu, bizitza erdigunean jartzeko, zaintzari eta planetaren jasangarritasunari lehentasuna emateko.
Ezarriak dituen ardatz nagusiekin bat egiten dugu, alegia: aberastasunaren birbanaketa, sektore publikoaren lidergoa, eskubideen unibertsaltasuna, euskararen normalizazioa, lurraldeen arteko oreka zein jendartearen beharren araberako antolakuntza (lehen sektorea, azpiegiturak, merkantzien eta garraio sektorea...).
Horregatik, Euskal Herriko Karta Sozialak pentsiodunen mugimendurekin batera adostu duen Adarrikapen Taularekin bat eginda, ondorengo ebazpen proposamena aurkezten dugu.
EBAZPEN PROPOSAMENA
Horiek horrela, Amasa-Villabonako Udalak:
1. Lan, pentsio eta bizitza duinaren aldeko grebari atxikimendua adierazi nahi dio.
2. Lan, pentsio eta bizitza duinaren aldeko greba egin ahal izateko erraztasunak eskainiko dizkie erakundeko langileei.
3. Euskal Herriko Karta Sozialak pentsiodunen mugimendurekin batera adostu duen Adarrikapen Taularekin bat egiten du, eta horregatik:
1. Madrilen osatuko den Gobernuari eskatzen dio:
▪ 2011 eta 2013ko erreformetan onetsitako pentsioen murrizketak indargabetzea.
▪ Zapateroren (PSOE) eta Raxoiren (PP) lan erreformak bertan behera uztea.
▪ Presazko izaeraz, Gizarte Segurantzaren eta Enplegurako Politika Pasiboen gaineko eskumenak transferitzea.
2. Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen die:
▪ 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzeko neurriak presazko izaeraz ezar ditzatela.
▪ Hileko 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzeko neurriak abiarazi ditzatela.
▪ Estatu mailako hitzarmenen gainetik, hitzarmen kolektiboen ultraktibitate mugagabea eta herrialdeko hitzarmenen aplikazioa lehenesteko sustapen lana egin dezatela.
▪ Lanera bizirik itzultzeko eskubidea bermatzea.
▪ Lan Ikuskaritzako plantillak handitzea, Europako Batasunekoekin parekatu arte, eta lan istripuen eta laneko gaixotasunen aurkako ekintza planak abiatzea.
▪ Lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioaren aldeko neurriak abiaraztea.
3. Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernuari eskatzen die:
▪ Gizon eta emakumeen arteko soldata arrakala eta pentsio arrakala amaitzeko neurri zehatzak aktibatu ditzatela.
▪ Enplegu egonkorra sustatzea eta kontratazioetako iruzurra zigortzea.
▪ Soldata gutxitu gabe lanaldia 35 ordura jaisteko neurriak abiaraztzea.
▪ Bereziki emakumeei ezartzen zaizkien lanaldi partzial inposatuak ezabatzea.
▪ Zerbitzu publikoak garatzea, ezarritako murrizketak atzera botatzearekin batera.
▪ Kontratazioan, sexuaren, jatorriaren, ideologiaren, sexu identitatearen, aniztasun funtzionalaren edo ekonomia jardueraren araberako diskriminaziorik egingo ez dela bermatzea.
▪ Klausula sozialak ezartzea administrazioko kontratazio guztietan.
4. Amasa-Villabonako Udalean adostutako ebazpen hau Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Euskal Herriko Karta Sozialari helaraziko zaie.
AMASA-VILLABONAKO EH BILDU UDAL TALDEA
Hitz bakar batekin eta begiratu azkar batean definitu behar bagenu, urte gutxiren buruan, gure herriaren osaketan ematen ari den bilakaera, ondorengoa aipatu beharko genuke: ANIZTASUNA. Arrazoi ugari tarteko, jatorri desberdineko pertsonak iritsi dira gure herrira.
Errealitate honek, iritzi eta zer esan asko sortzen baditu ere, gure ustez aniztasuna ez da zertan arazo batean bilakatu behar; aberastasun iturri baizik. Beste kontu bat da, aniztasun edo ugaritasun hori ondo kudeatzen jakin behar dela, gizarte integratu eta kohesionatua sortzeari begira. Herri ikuspegitik argi dago aniztasunarena dela etorkizun hurbilean dugun lehentasunetariko bat, modu sakonean aztertu beharreko erronka garrantzitsuenetakoa alegia.
Etorkizuneko zoru hori gaur bertatik eraikitzen hasteko, gure ikuspegitik hiru dira landu beharreko esparruak : euskara, errespetua eta berdintasuna.
a.- Ez zaigu batere axola etorri berria nongoa den. Euskal Herrian bizi eta lan egiten duenarekin, elkarrekin, Euskal Herria eraiki nahi baitugu. Eta eraikitze horretan, euskal herritar sentitzen joatea beharrezkoa izango da. Guk, zubi lan hori, euskara eta euskal kultura eskaintzetik egin behar dela argi dugu.
b.- Gurera etortzen diren pertsonak berdintasunez tratatzen ez baditugu, ezingo dugu ezer eraikitzailerik eta seriorik egin. Harremanen porrotak hortik etortzen dira, bat bestea baino gehiago dela pentsatzetik, alegia. Batek besteari zerbait egitera behartzeko eskubidea duela pentsatzen badugu, besteak bere burua babesteko eskubideari eutsiko dio, eta ez du onartuko. Edozer gauza elkarrekin egin nahi badugu, berdinetik berdinera egin beharko dugu, elkarrenganako errespetuan oinarrituz.
d.- Eta bestetik, bizitzari aurre egiteko baliabide eta tresna berdinak eskuratzeko eskubide eta aukera berberak izan behar ditugu guztiok. Eta horretan hezkuntzak oinarrizko baliabidea izan behar du.
Zentzu honetan, hezkuntza eta euskara ardatz dituen proiektu inklusibo eta berritzailea goraipatu nahi dugu gaur, Aniztasunean Lagun boluntario taldeak egiten duena, hain zuzen. Boluntarioekin osatutako taldea, zailtasunen gainetik emaitza akademikoak hobetzea eta euskara erakustea erronka nagusitzat dituena. Murrizketen ondorioak hezkuntzan ere pairatzen diren garaian, beraien ekarpen xume bezain baliotsua egiten duten herritarrak. Zuek zarete maila teorikotik orube praktikora igaro zareten dinamika kolektiboa; euskara, errespetua eta berdintasunean eraiki beharreko euskal gizarte horren kimu eredugarria.
Horregatik, kuadrillen eguna ospatzen den egun honetan, Santio Jai Batzordeak suziria botatzeko proposamenarekin egindako aitortzara gehitu nahi genuke guk ere; Euskal Herri anitz bezain aberats hori eraikitzeko egiten ari zareten ekarpenagatik. Biba zuek!!! Ea datorren urtean beste amasa-billabonatarrei Etxeondoko bazkarian txoko bat egiten diegun. Guztion borondatearekin lortzea dago.
Amasa-Villabonan berriro ere EH Bildu izan da bozka gehien lortu dituen alderdia eta abstentzioa igo arren 2019ko apirilean izandako emaitzak hobetu ditu 45 bozka gehiago lortuz.
Beraz, Amasa-Villabonako EH Bilduk balorazio oso positiboa egiten du eta eskerrak eman nahi dizkie hauteskunde hauetan EH Bildurekin bat egin eta lanean haritu diren kide guztiei. Era berean, beren konfidantza EH Bildurengan ezarri duten 1.087 herritarrei ere eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu. Eskerrik asko Amasa-Villabona!
Hauek izan dira Amasa-Villabonako emaitzak:
EH Bilduk emaitza oso onak lortu ditu
Euskal Herri mailan, EH Bilduk emaitza ikusgarriak izan ditu, Amasa-Villabonan bezala boto kopuruan gorakada izanik eta guztira 5 eserleku lortuz Madrilgo kongresuan. Beraz, helburua bete dugu eta hego Euskal Herriko lurralde guztietan ordezkaritza lortu duen alderdi abertzale bakarra izan da EH Bildu. Nafarroan diputatua berreskuratu dugu eta Bel Pozueta kongresuan izango da Nafarroan lortutako 56.000tik gora bozkei esker. Bel Pozuetarekin nafar ahots feminista eta subiranista izatearekin batera, justizia aldarrikatuko dugu injustizien lurraldean; Altsasukoak aske! Gainera, Gorka Elejabarrieta senatari gisa hautatua izan da Gipuzkoan lortutako emaitza onak direla medio.
Guzti honen ondorioz, EH Bilduk talde politiko propioa izan behar luke kongresuan, horretarako baldintza guztiak betetzen dituelarik, baina ezin gara fidatu, aurreko legealdietan betoa ezarri baitzaio gure talde propioa izateari eta oraingoan ere trikimailuren bat erabiltzea ez litzateke harritzekoa. Taldearekin edo gabe, EH Bildu eta ezker independentista hor egongo da, Madrilen eta behar den lekuan gure aldarrikapenak etengabe plazaratzen: Preso politiko guztiak etxean nahi ditugu, nazioek erabakitzeko eskubidea dugu, politika ekonomiko neoliberalekin amaitu beharra dago eta eskubide sozialak defendatu, politika feminista erdigunean jarri behar da...
Madrilen izango diren EH Bilduko ordezkariak emaitzak ospatzen
Bestalde, azpimarragarria da berriro ere trifatxitoko alderdiek (PP, Ciudadanos eta Vox) ez dutela inolako ordezkaritzarik lortu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eta honek agerian uzaten du Euskal Herria oso desberdina dela Espainiar estatuarekin alderatuta. Emaitza hauek oso garbi ikusarazten dute Euskal Herria nazioa dela eta ez duela zer ikusirik estatuko beste lurraldeekin.
Kataluniar eta Galiziar independentisten emaitza azpimarragarriak
Katalunian ere alderdi independentistek irabazi dituzte hauteskundeak eta oraingo honetan CUP alderdia ere kongresuan izango da. EH Bildutik ERC, JPC eta CUP alderdiei gure zorion mezua helarazi nahi diegu. Zorionak lagunak! Galizatik ere albiste onak iritsi dira; BNG alderdi abertzale eta independentista berriro ere Madrilen gure alboan izatea oso pozgarria da. Zorionak BNG!
VOX alderdi faxistaren gorakada kezkagarria
Santi Abascal arabarrak zuzendutako alderdi ultraeskuindar, faxista, homofobo, arrazista eta supremazista espainiarrak emaitza onak lortu izana benetan kezkagarria iruditzen zaigu. Egia da Vox, Ciudadanos espainiar alderdi nazionalistaren kontura igo dela baina hala ere faxisten igoera albiste txarra da dudarik gabe. Honek Euskal Herria eta Espainiar estatuaren arteko arrakala handitzea dakar, zorionez gure nazioan Vox-ek duen babesa hutsaren hurrengoa baita.
PSOEk zer egin erabaki behar du
PSOEk hauteskundeak irabazi ditu estatuan baina jokaldia gaizki irten zaio; emaitza kaskarragoa izan du, ez du Podemos hondoratzerik lortu eta hirugarren hauteskundeak deitzearen arduragabekeriak espainiar faxismoaren berpizkundea ekarri du. Gainera orain lehen baino zailagoa du gobernu egonkor bat eratzea. Badirudi Sanchez eskuinera begira jarriko dela PPren abstentzioa bilatuz eta jakina denez, horrek ez ditu Espainiak dituen arazo estrukturalak (krisi politiko, ekonomiko eta nazionalak) konponbidearen norabidean jarriko. Berriro ere aukera paregabea du lider eta estadista gisa jokatu eta krisi horiei modu demokratiko batean aurre egiteko, autoritarismoa eta errepresioa baztertuz, baina zoritxarrez ez dirudi PSOEk horretarako borondaterik duenik.
Espainiar estatuari gero eta kirats handiagoa dario, bada garaia "gu bagoaz!" esateko eta gure herriaren autodeterminazio eskubidea lortzeko borrokan murgiltzeko. Animo eta aurrera, gora goaz eta!
Usadioak normalean ez dira betirako, gizartea aldatu ahala aldatzen dira hauek; une batean amaitzen direnak badira, eta beste une batean sortzen diren berriak ere bai. Argi dago ordea, tradizioz egiten diren kultur adierazpenek badutela eraginik herri baten nortasunean edo beste modu batera esanda, tradizioek asko diotela herri baten izaeraz. Herriak mantendu nahi dituen usadioak badira, inori kalterik egiten ez diotenez herritarrek biziraunarazi nahi dituztenak, eta jakina, egon badaude garaiz kanpo dauden tradizioak eta gainditu edo eraldatu beharrekoak. Gure herrira etorriz, Santio jaietako egitarauan burutzen den Soka dantza, lehenengoen artean koka dezakegu.
EH Bilduko hautetsiek, udal gobernuan edo oposizioan egon, urtero parte hartu izan dute Soka dantzan, atzo zazpiak gainera, alkateak herritarrei eskainitako agurra tarteko. Garbi geratu behar du, jaietako ekitaldi honetan parte hartzera hautetsi guztiak zeudela gonbidatuak, urteroko moduan. Lehen aipatu bezala, EH Bilduko hautetsiek oposizioan egondako garaietan ere urtero parte hartu dute, inoiz ez dute ez joateko itsusirik egin. Herenegun bakarrik zeuden ordea, beste alderdietako hautetsien laguntzarik gabe.
Batzuk eta besteek herria ezberdin bizi dugula dirudi, intentsitate ezberdinez, baina guztiak gara herritarrak, eta horregatik hurrengo urteetarako guztion parte hartzea litzateke desiragarriena eta bidezkoena, inoren itsusirik egon gabe.
Atzokoan Gipuzkoako Ikastolen aldeko festa ospatu zen Zarautzen "Nik, hi, hura... Ikastola mundura!" lelopean. 2020 urteko Kilometroak berezia izango da, Zarautzen Kilometroak ulertu eta jorratzeko era bat amaitu da; Amasa-Villabonan eta Zizurkilen festa berbera aurrera eramateko eredu berria martxan jarriko da. Neurriz txikiagoa, egun batekoa baino urte guztikoa, kontsumora baino partehartzera bideratuagoa, baina beti bezain herritarra.
Ikastolak Frankismoko urte ilunetan herritik herriarentzat sortu ziren. Ezinezkoa zena egi bihurtu zuten guraso eta langile askoren konpromisoarekin. Bere argi-ilunekin Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzat eginiko hezkuntza eredua euskalduna sortu zuten. Egun ikastolek zein eskolek, euren ezaugarri propioekin, euskararen normalizazioari zein nazio eraikuntzari ekarpen izugarria egiten diote.
Egungo hezkuntza eredu ezberdinek askotan gatazka eta eztabaida ez oso eraikitzaileak ekarri dituzte beraiekin. EH Bildutik Euskal Hezkuntza Sistema Nazional Publiko eta Komunitario baten aldeko hautua egina dugu. Desio dugun Hezkuntza Sistema horretara iristeko ikastolak eta eskolak ezinbestekoak dira. Bakoitzak bere bidetik pixkanaka baina etenik gabe eredu honetarako pausu irmoak ematea beharrezkoa da. Kilometroak 2020 hezkuntza eredu euskalduna, nazionala eta herritarra garatzeko egitasmoa da. Bejondeizuela eta animo guztioi!
Ezaguna da Onddo Gazte Asanbladak Santioak medio, egun Gaztetxea dagoen eraikinean burutzekoak zituen ekimenak Pilotari Kaleko bigarren zenbakian dagoen lokalean burutuko dituela.
Aldaketa honen kausa Kale Nagusiko bizilagun batek jarritako salaketan datza. Duela urte askotxotik datorren afera da honakoa. Gaztetxeko ekimenek (kontzertuek bereziki) sortzen duten soinua dela eta salaketa judiziala, Arartekoaren aurreko salaketa eta udaletxean hainbat eskari sartu ditu bizilagun honek, soinuak atseden hartzea eragozten diola argudiatuz.
Prozesua judizializaturik egonda eta Kale Nagusia 38ko lokalak kontzertuak burutzeko bete behar dituen baldintza minimoak ez dituela betetzen ikusiz (soinua, segurtasuna…) Udal Gobernu berriak behin behineko irtenbide bat topatu du Gazte Asanbladak bere festetako ekimenak aurrera eraman eta era berean bizilagun honen kexari erantzuteko. Irtenbide honek Pilotari 2ko bizilagunen jarrera ulerkorra izan du.
Txalotzekoa da Udal Gobernuak, Gazte Asanbladak eta bizilagunek erakutsi duten prestutasuna eta eraginkortasuna, baina egoera ikusirik Amasa-Villabonako EH Bilduk behin-behineko konponbideetatik haratago, konponbide iraunkor baterako lanketa burutu nahi du Onddo Gazte Asanbladarekin eta bizilagunekin batera. Gazteek euren ekimenak aurrera eramateko gune autogestionatuak izatea positiboki baloratzen dugu, herriarentzat onuragarriak direla deritzogu,baina gune hauek baldintza minimo batzuk bete behar dituzte inguruko bizilagunen atseden eskubidea errespetatu eta bizikidetza egoki bat garatzeko.
Bi printzipio horiei jarraiki irailetik aurrera konponbide iraunkorra ekarriko duen prozesua gidatuko dugu.
Amasa-Villabonako II. BTT martxan parte hartu duten txirrindulariak nola iritsi diren ikusita, edonork esango luke mendian ziren lokatz guztiak biltzen ibili direla, iazkoaren moduan. Izan ere, gaur euri kontu handiegirik ez dute izan, baina azken egunetan egindakoak ibilbideko hainbat zati asko lokaztu ditu eta horrek oraindik ere gogorragoa egin du BTT martxa hau. Txirrindulariak herriko plazara iritsi direnean ikusi ahal izan denez ordea, giro adeitsu eta paregabea izan dute elkarren artean.
Bi ibilbide zeuden aukeran, Belabieta eta Loatzo mendien inguruan, bata 38 kilometrokoa eta 1400 metroko igoera metatuarekin, eta 1000 metroko desnibela zuen 28 kilometrokoa bestea. Amasa-Villabonako martxa honetan ez da sailkapenik hartzen, soilik bizikletaz eta mendiaz gozatzeko asmoz egiten denez, ez baitzaio lehia izaerarik ematen. Halere eta soilik bigarren urtea izanagatik ere, bere lekutxoa hartzen hasia da dagoeneko gure herrian egiten den martxa honek, gaurkoan iaz baino parte hartzaile gehiago izan baitira, ia 200 guztira.
BTT martxaren harira plaza bertan antolatu den haurrentzako yinkana izan da aurten berritasuna. Harrera txukuna izan du honek ere, bi dozena haur baino gehiago izan baitira bizikleta hartzera animatu diren haurrak. Herriko bizitzari honelako ekarpena egiteagatik gure esker ona adierazi nahi genieke antolatzaileei, babesleei eta parte hartzaile guztiei; bereziki Irrintzi elkarteari eta baita bere babesean aritu den lagun talde osoari. Zorionak.
Badatoz Santioak eta aurreko ostegunean udalak agerraldia egin zuen jaien egitaraua iragarriz. Agerraldi hau herriko eragileekin batera burutu zen, herriko jaiak ez balirateke ezer izango eragile ezberdinetan dabiltzan dozenaka herritarren borondatezko ekarpena egongo ez balitz.
Honen harira, duela hilabete, EH Bildu udal gobernuan sartu eta gau berean, herriko jaiak kapitalismoaren eredutzat jotzen zituzten pintadak agertu ziren herrian. Jakina, hurrengo egunean PNVk EH Bilduri egozten zion margoketa horien ardura eta hauteskunde lehia galdu eta gero aipatzen zuten “oposizio eraikitzailea” hutsaren hurrengoa izango dela erakutsi ziguten lehen momentutik. Izan ere, PNVk badaki margoketa horien atzean ez dagoela EH Bildu (beste gauza batzuen artean herriko jaien antolaketan dagoen eragile eta herritarren ekarpen ordainezina miresten dugulako), baina berdin dio, EH Bilduren kudeaketa ezegonkortuko duen zerbait topatzearekin amets egiten baitute, lehenago zaborraren gaiarekin egin zuten moduan. Oraingoan ez dute pagotxa hori edukiko ordea.
Herriko bost bikotek parte hartuko dute biharkoan Behar Zana elkarteak laugarren urtez antolatzen duen Udazken Bola Txapelketan. Hiru bikote neskek osatua izango da: Aitziber Ugalde eta Bea Unzuek goizeko 10ak inguruan izango dute kanporaketa, Ane Etxebeste eta Naroa Arretxek arratsaldeko 3ak baino lehen, eta Jexuxi Maiza eta Alazne Mendizabalek arratsaldeko 7ak jota. Beste bi bikoteak honakoek osatuko dituzte: Imanol Arretxe eta Iban Imaz (eguerdiko 12ak aurretik kanporaketa) eta Axier Gurrutxaga eta Joxe Mari Etxebeste (12:45ean). Guztira 29 bikote izango dira eta egun osoko egitaraua izango dute Olaederra kiroldegi ondoko bolatokian, txapelketa goizeko 8:30ean hasi eta arratsaldeko 7:30ak aldera amaituko baita.
Txapelketa hau ezohiko formatuan egiten da, bikoteka alegia, eta datu interesgarri moduan aipatu behar da bikote gazteena Ane eta Naroa herritarrek osatuko dutela, 13 urte baitituzte. Beste muturrean aldiz, Donostiako Antonio Goenaga dugu 86 urtekin eta bere bikote izango den Miguel Arrozpide hernaniarra 82kin. Datorren larunbatean emango diote jarraipena txapèlketari, irailak 28an. Finalak ere egun honetan izango dira. Zorte on parte hartzaile guztiei!
Erakunde publikoei eskua luzatu zien GuraSOS elkarteak jendez leporaino bete ziren Donostiako kaleetan. Beste behin ere, prest agertu zen Zubietako errauste plantari eta hondakinak kudeatzeko politikei buruz hitz egin eta akordio berrietara iristeko. Zapi zuri batzuk eskuetan hartuta, honela adierazi zieten taldeko kideek Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradun politikoei: "Ez duzue ezer ulertu. Ez gaude borrokarako, baizik eta elkarlanerako, bidea elkarrekin egiteko". Eta asmo horretan milaka pertsonaren babesa jaso zuten Donostiako kaleetan, Adostasunari esan baietz lelopean egindako manifestazioan.
Antiguako tuneletatik abiatu zen martxa, 17:00ak pasatxo zirela, eta, Mirakontxa pasealekuan aurrera egin ahala, handituz joan zen manifestari multzoa. Izan ere, udaberri garaiko eguraldiak lagunduta hondartza ingurura hurbildutako asko batu ziren protestara: etengabekoa izan zen jarioa, eta, Artzain Ona igarota, San Martin kalea alderik alde hartua zuen martxak. Aurrez ere babes handia jaso zuen deialdiak: Gipuzkoako eragile sozial, ekonomiko eta sindikal ugarik adierazi diote atxikimendua manifestazioari azken asteotan.
Manifestazioaren aurrealdearen irudia, atzetik milaka gipuzkoar dituela
Ia ordubeteko martxaren ondoren, Bulebarrean bukatu zen mobilizazioa. "Egia, osasuna, ingurumena eta, nola ez, gure haurrak babestera etorri gara", adierazi zuten Joxe Mari Izetak eta Olatz Kortak GuraSOSen izenean, amaierako ekitaldian. Salatu zuten instituzioek euren "ahotsa isilarazi nahi" izan dutela, "hutsaren hurrengoa garela sinetsarazi", baina nabarmendu zuten euren eskaintza "zintzoa eta posibilista" dela.
Martxo hasieran hondakinak kudeatzeko plan berria onartzekoa da Gipuzkoako Foru Aldundia, Zubietako erraustegia oinarri hartuta. Horren harira, elkarlanerako prest agertu zen GuraSOS, baina jarrera eraikitzailea eskatu zion Aldundiari ere: "Ez egin gerra gizarteari. Gogoratu zer dioen Frans Timmermans Europako Batzordeko presidenteordeak: Ingurumen erronkei, eta hondakinei lotutakoei bereziki, gobernuek eta herritarrek elkar hartuta egin behar diete aurre".
Ildo horretan, elkarteko kideek gogoratu zuten "gizarteak hitza hartu" duela Hitzartu prozesuan, eta herritarrek hiru irizpide eman dituztela hondakinen kudeaketarako: osasuna lehenestea, instalazioak ahalik eta gehien baliatzea, eta ekonomikoki bideragarria izatea. Horietan oinarrituta, plan bat idatzi du GuraSOSek, eta diputazioan aurkeztu du. Kontuan hartzea galdegin zuten Donostiako mobilizazio honetan: "Badago alternatiba tekniko bat, ingurumen eta ekonomia ikuspegitik iraunkorra eta bideragarria dena. Batzar nagusiak, Gipuzkoako Foru Aldundia: erantzuna zuen esku dago". Erantsi zuten bat datozela diputazioaren planteamendu batzuekin: "TMB plantarekin eta biometanizazioarekin, bai. Baina labeak, ez; erraustegia, inola ere ez".
Ekitaldiaren amaieran, eskua ez ezik, soka bat ere eskaini zien neskato batek erakundeei. Korapiloz beteta zegoen, askatzeke eta adosteke dauden arazoen seinale. "Denon artean Gipuzkoa osasuntsu eta hobea josteko".
EH Bilduko ordezkaritza zabala izan zen mobilizazio honetan, bertan izan ziren besteak beste Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako Ahaldun Nagusi izateko hautagaia, Usurbilgo alkatea, Donostiako zinegotzi taldea, Lasarte Oriako EH Bilduko ordezkariak eta noski, Amasa-Villabonako EH Bilduko herrigintza taldeko kideak ere bertan izan ziren GuraSOS elkarteari babesa adierazteko eta beste behin erraustegirik ez dugula nahi eta alternatibak badaudela ozen adierazteko.
Gaur arratsaldean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-zortzirena jokatu da Amasa-Villabonako Gurea antzokian eta Beñat Iguaran herritarrak lortu du garaipena, 440,5 punturekin. Sei bertsolari ziren guztira eta zuzenean lehena soilik sailkatzen zen Andoainen urriaren 19an jokatuko den final-laurdenetara.
Aupa Beñat, egin beharrekoa egin dek, herrian irabaztea. Orain urduritasunak albo batera utzi eta ea zer gertatzen den. Animo eta zorionak!
Beñat Iguaran bertsolaria
Tolosaldeko EH Bilduk agerraldia egin du gaur Tolosan, Osasun publikoari dagokionez eta Asuncion klinikaren aferan azken hilabeteetan gertatutakoen inguruko irakurketa politikoa zabaltzeko. Bertan izan dira besteak beste, Unai Iraola Alegiko alkatea, Amaia Azkue Berastegiko alkatea, Pello Estanga Anoetako alkatea, Bakarne Otegi Ikaztegietako alkatea eta Josu Amilibia Adunako alkatea. Amasa-Villabonatik Arantxa Lopez eta Xabat Laborde zinegotziek parte hartu dute agerraldian.
Hauxe da Tolosaldeko EH Bilduk argitaratu duen oharra:
Azken hilabete hauetan Tolosaldeako Osasungintzaren gaiak berri ugari eman ditu, nahiz eta berri guztiek ez duten neurri bereko zabalpen mediatikoa izan.
Hilabete luzeetako lanaren ondorioz, Topak eta Eskualdeko Lan Mahaiak ateratako datu esanguratsuek erakutsi dutenez, Asuncion Klinikarekin dagoen kontzertuak ahalbidetzen dio Osasun Sailari Tolosaldeako osasun gastuan urtean 10 milioi euroko murrizketa egitea, eta horrek zerbitzuaren kalitatea asko okertzea eragin du. Kontzertu horrek iraun dituen zazpi urteak kontuan izanda, datuak eskandaluzkoak dira.
Urteetan plazaratu dira osasun arreta pribatizatuta egoteak dakartzan ondorio kaltegarriak, ez bakarrik arretaren kalitatean, baita langileen baldintzetan ere. Azken horiek bi eratara izan dira kaltetuak: langile eta erabiltzaile modura. Kontutan izanik ratioak txikiagoak direla, hau da, langileen heren bat gutxiago daudela, lan kargak hazi dira eta horrek arretaren kalitatean eragiten du.
Tolosaldeko EH Bilduko ordezkariak Tolosan egindako agerraldian
Ohar honen bidez jakinarazi nahi diegu TOPAri eta Eskualdeko Lan Mahaiari gure udaletxeetako atek irekita dituztela informazio hori herritarrekin partekatzeko, beharrezkoa ikusten baitugu eskualdeko herritar guztiek horren berri izatea.
Osasun Sailak urteetan Tolosaldean izan duen inbertsio ekonomiko faltaren datuak argitara atera diren honetan, ospitale publiko bat ez duen eskualde bakarra izatearen diskriminazioaz gain, arrapaladan etorri zaizkigu Asuncion Klinikako berriak ere: batetik, osatu berri den fundazioarena, eta, bestetik, datozen hiru urteetan egitekoak dituzten berritze lanena.
Kezkatuta gaude irabazi asmorik gabeko fundazioa ez ote duten erabiliko INVIZAren irabazi asmoak zuritzeko, eta hiru urteetako zazpi miloi euroko berritze lanekin ez ote dituzten Osakidetzak egin gabeko inbertsioak ezkutatu nahiko. Prentsan irakur genezakeenez, gainera, berritze lan horiek datozen 25 urteetako klinikaren beharrak asetzeko balioko dute, eta horrek ere beste kezka batzuk sorrarazten dizkigu: Osasun Sailak ere egungo egoera beste 25 urtez luzatzen utziko al du? Hau al da eskualdeak behar duen proiektua?
EH Bilduren ustez, egoera hau luza ezina da. Lanean jarraitu behar da kudeaketa publikoaren alde, kalitatezko osasun arreta koordinatu eta integratu bat, beharrezko baliabide estrukturalak eta giza baliabideak, eta erabiltzaile eta langileen eskubideak bermatzeko. Maiatzean aurkeztu genuen Tolosaldearako osasungintza publikorako proposamena. Bertan, eskualdeko ertz pribatizatuak –klinika, anbulantziak eta etxerako mediku eta erizainak– kudeaketa publikoan barne hartzeko proposamena egitez gain, osasunaren sustapenaren eta prebentzioan oinarritutako osasun ereduaren aldeko apustua eta proposamen egingarria aurkezten genituen. Ez gara horretan gelditu eta lanean jarraitu dugu, esaten genuen bezala, ekarpen berriek proposamen horretan sakondu eta zabaltzeko parada eman baitigute.
Merezi dugun osasun arreta lortu nahi badugu, denon borondatea eta elkarlana beharrezkoa izango da. EH Bilduko kideok bide horretan lan egiteko borondate irmoa azaldu nahi dugu.
Amasa-Villabona ez da 6000 biztanlera iristen eta esan genezake beraz, ez dela gurea herri oso handia. Baina uste dugu nahiko gustura bizi garela bertan; neurrikoak ikusten ditugula herriaren tamaina eta bertan topa ditzakegun zerbitzuak, jakina, non hobetu beti egongo bada ere. Genion bezala herri handia ez, baina aldiz, bai oso bizia eta dinamikoa. Datorren asteburu hau ikusi besterik ez dago.
Asteburuaren lehen platera ostiral arratsaldean bertan etorriko zaigu, 50 kilometroko munduko txapelketan garaipena eskuratu duen Iraitz Arrospide korrikalariari Errebote plazan 19:00tan egingo zaion omenaldiarekin. Bertan uztartuko dira Iraitzi herriak erakutsiko dion esker ona, gainontzeko korrikalariekiko begirunea, urtez urte lasterketa herrikoiak antolatzen dabiltzan Zunbeltzeko kideei errekonozimendua eta euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko aldarrikapena. Eta aurretik, 18:30ean, 12 urtez beherakoentzat haur krosa antolatua dago.
Larunbata goizean Irrintzi elkarteak urtero Zubimusu ikastolaren egoitza azpian antolatzen duen azoka bereziaren txanda izango da. 35 postu inguru jarriko dituzte eta nahi adina pintxo eta edari izango da bertan. Azokaren barruan Aiztondoko elkarteen arteko Isats Gisatuaren lehiaketa izango da, aurtengoan hogeitalaugarrenez, eta zortzi elkartek hartuko dute parte. Iaz Behar Zanak irabazi zuen eta ea aurtengoan nork.
Arratsaldean berriz, Txakolin eguna izango dugu Amasan. 16:30ean herri kirol saioa izango da Zizurkil eta Amasa taldeen arteko desafioarekin. Ondoren, Irene Caminos trialeko txirrindulariak erakustaldia egingo du. Eta behin 18:00ak iritsi eta gero, Getariko txakolinaren izendapeneko txakolin guztiak dastatzeko aukera izango da.
Eta asteburua borobiltzeko igandean beste bi aukera ditugu. Goizean, Enrique Abril txapelketako errebote partidua herriko plazan. Eta arratsaldean berriz, Gipuzkoako Bertsolari txapelketako lehen kanporaketako saioetako bat burutuko da Gurea Antzokian. Lehiatuko diren sei bertsolarien artean Beñat Iguaran herriko bertsolaria egongo da.
Datorren legealdian gipuzkoarrek herrialdea gobernatzeko aukera emanez gero, erraustegia alderdien arteko gatazkatik atera eta gipuzkoarrei azken hitza eta erabakia emateko konpromisoa adierazi ditu Gipuzkoako EH Bilduk.
Gipuzkoako EH Bilduren oharra:
Azken urteetan amaigabea izan den Gipuzkoako hondakinen kudeaketaren eztabaidari irtenbide bat eman beharrean gaude. Elkarrizketa sozialean eta lankidetzan oinarritutako politikak egiteko garaia da, auzi judizialak alboratu eta arazoari irtenbide politikoa emateko garaia, bakoitzak bere akatsak onartu eta aurrera begira gipuzkoarrei konponbide egonkor bat aurkezteko garaia.
Gipzukoako EH Bilduren agerraldia, Erraustegiaren inguruko irakurketa plazaratzeko
Dagoeneko gauza jakina da eta gaur beste behin berretsi nahi dugu erraustegiarena ez dela EH Bilduren eredua. Kutsagarria, kaltegarria delako ingurumenerako eta kaltegarria osasunerako; oso larria da gainera hau ezkutatzea. Hori gutxi ez, eta negozio bihurtu dute oinarrizko zerbitzu publiko bat. Egoera horren aurrean, bazeuden eta oraindik ere badaude Gipuzkoako hondakinak tratatzeko modu merkeago, osasuntsuago eta ingurumenerako inpaktu gutxiagokoak. Izan ere, kutsaduraz gain, errausketa zurrun (eta masiboa)-ren eredua ez dator bat Europak aurreikusten duen plastikoaren erabilerari buruzko estrategiarekin. Ekonomia zirkularren helburuetara iristeko lagundu beharrean, oztopo tekniko eta finantza-tranpa bihurtzen da; etengabe erregaiaz asebete beharreko azpiegitura bat sortuz.
Egungo egoeran argi dugu Zubietan egiten ari diren obra eta inbertsioak aprobetxatu beharko ditugula. Aukera errealak daude erraustea helburu duen proiektu bat izatetik, berrerabilpena eta birtziklapena helburu izango lituzkeen proiektu batetara moldatzeko. Borondate politikoa behar da horretarako, ordea. Gardentasunez eta zintzotasunez aukera hauek egikaritzeko nahiko denbora badago. Zentzu berean, sinatutako kontratua berrikusteko garaiz gaude oraindik. Zerbitzu zuzen eta publikoaren ordez, 35 urteetarako gestio pribatua jasotzen du kontratu horrek. Enpresa esleipendunari 200 milioi eurotik gorako etekinak ziurtatzen dizkio eta hori bermatzeko negozio-esplotazio integrala enpresaren eskuetan uzten du. Kudeaketa integral horrek, bertan erraustuko diren hondakinen jatorria zein osaketa erabakitzeko ahalmena ematen dio enpresari. Hitz gutxitan, hondakina Gipuzkoa kanpotik ekartzea eta hiri hondakinak ez direnak erretzea ahalbidetzen dio kontratuak. Kontratua berrikusi ezean herritarren interesak eta bere osasuna 35 urteetarako hipotekatuko dira enpresaren etekinaren mesedetan.
Egoera horren aurrean, EH Bilduk arduraz jokatzeko prestutasuna du. Udal eta Foru hauteskundeetan gipuzkoarrek EH Bilduri herrialdea gobernatzeko ardura emanez gero, EH Bilduk erraustegia alderdien arteko gatazkatik atera eta gipuzkoarrei hitza emateko konpromiso irmoa du; erraustegiarekin egin beharrekoa gipuzkoarrek erabakitzeko. Alderdien arteko adostasunak eraikitzea garrantzitsua bada ere, argi dugu herritarrak izan behar dutela azken erabakia.
Gainera, egungo Aldundiko agintariek gaia itxitzat eman nahi duten honetan, GuraSOSek alternatiben inguruko bere azterlana babes anitzekin kaleratu du eta testuinguru honetan datorren larunbatean, otsailak 23, Donostian adostasunaren alde egingo den manifestazioa ahalik eta jendetsuena izateak berebiziko garrantzia du.
Manifestazioa 17:00etan abiatuko da Donostiako Antiguoko tuneletik eta zuen ingurunean deialdia zabaltzea eta indartzea eskatzen dizuegu.
Aukerak badaude eta baliatuko ditugu, borroka hau beste guztiak bezala herritarrekin elkarlanean irabaziko dugu!
Agerraldiaren bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=90qgRN1qEgs
Iraitz Arrospide korrikalari billabonatarrak garaipena lortu zuen atzo, 50 kilometroko munduko txapelketan. Distantzia horretan lehiatzen zen lehen aldia zuen Arrospidek, eta garaipen handia lortu du. Errumaniako Braslov hirian, 2:47:43 denbora eginez helmugaratu da billabonatarra.
Azken itzulian lortu du garaipena Iraitz Arrospidek; Craig Hunt estatubatuarra, Lungile Gongqa hegoafrikarra eta Daniel Nash britaniarra mendean hartuz. Distantzia honetako estatuko errekor berria ere jarri du Arrospidek. Aurrez Asier Cuevasek zuen denbora ia 10 minutuan hobetuta. Munduko txapelketara abiatu aurretik,denbora ona lortzea baino, postua lehiatzeko nahia zuela adierazi zuen Arrospidek. Bi helburuak ondo baino hobeto lortu ditu Sheffield-en bizi den billabonatarrak. Jarraian Euskadi Irratiko elkarrizketa.
Iraitzek bere helburuak lortzeko erakutsitako determinazio berarekin Euskal Selekzioen ofizialtasunaren aldeko lanak aurrera darrai. Zentzu horretan ezin ahantzi dezakegu datorren urriaren 13an San Mamesen jokatuko den Euskal Selekzioaren eta Argentinaren arteko futbol partida. FIFA egutegian jokatuko den norgehiagokak inflexio puntu izan nahi du gure selekzioen ofizialtasunaren bidean. EH Bildutik bertara joateko deia gure egiten dugu.
Aiztondoko Sare herritarrak manifestazioa antolatu zuen abenduaren 31n, urte zahar egunean. Aduna, Alkiza, Amasa-Villabona, Asteasu, Larraul eta Zizurkilgo udalek babesa eman zioten 'Orain Presoak' lelopean Villabonako Errebote plazatik abiatu eta Zizurkilgo Joxe Arregi plazan amaitu zen mobilizazioari. Ehunka lagunek parte hartu zuten euskal presoen eskubideen aldeko martxan eta Aiztondoko hainbat udal ordezkarik eta SAREko kideek eraman zuten manifestazioa zabaltzen zuen pankarta.
Amasa Villabonako kasuan ez zen udal gobernuko ordezkaririk izan, ez manifestazioko deia egiteko agerraldian eta ezta manifestazioan bertan ere. Gonbidapen zuzena egin bazitzaien ere, ez zen ez alkatea eta ezta zinegotzi bakar bat ere bertaratu. Udal gobernuko kideek SAREtik helarazitako testua babesten zutela adierazi zuten arren, ez zituzten eskatzen zitzaizkien konpromisoak (prentsaurrekoan eta manifestazioan ordezkaritza bat izatea) bete nahi izan. Beste behin, zoritxarrez, argi geratu zen herriko bost preso politikoek eta beren familia eta lagunek pairatzen dituzten eskubide urraketen aurrean Amasa Villabonako PNVko udal ordezkariek duten sentsibilitate eskasa.
Manifestazio burua Zizurkilgo kaleetan
Honako hau da Ander Goikoetxea Aiztondoko SAREko ordezkariak manifestazioaren amaieran irakurri zuen MANIFESTUA:
Sarhitza
Azken denboran, alde desberdinetatik bakea lortu ahal izateko pausuak ematen joan gara guztion artean. Batzuk lortu ditugu, baina ezin esan dezakegu bidea amaituta dagoenik. Gaur hemen, jendarte oso baten eskaera izango den aldarri bat kalean izateko deialdia luzatu nahi dugu. Orain arte, bakoitza bere lanetan burubelarri egon da, baina guztiok konponbiderako eta bakerako konpromisoak pilatuz eman dugu gure denbora gehiena.
Horregatik, guztiok elkartzeko garaia dela uste dugu, guztiok elkarrekin lan egiteko, gure beharretatik haratago, jendarte oso baten beharra den pausua eraikitzeko garaia da. Guztiok elkarrekin bi estatuei, bai Frantsesari zein Espainiarrari, ORAIN PRESOen garaia dela esateko unea da, horregatik, datorren abenduaren31an arratsaldeko 18:30tan ORAIN PRESOAK lelopean manifestazio bat antolatuko dugu, Villabonatik Zizurkilera.
Irakurketa
Hainbat lagun bilduko gara, Madril eta Parisi esateko bake justu eta iraunkor baten baldintzak ez direla oraindik bete. Esanen diegu prozesua ez dela bukatu gatazka armatuaren amaierarekin. Armagabetzea eta ETAren disoluzioaren ondotik, orain presoen aldia izan behar dela oroitaraziko dugu. “BAKEGINTZA ETA ELKAR BIZITZAREN BIDEAN: ORAIN PRESOAK!”: horra Euskal Herriak, bere aniztasunean, nahi eta behar duen bide orria, bi Estatuei berriro eskatuko zaiena.Esango dugu bakearen bidea alde guztien eginkizuna dela: jendartearena bere aniztasunean, elkarteena, instituzio politiko zein instituzionalena eta noski estatuena. Aktore guztien eginkizuna da, eta naiz eta giltza nagusia Estatuen esku egon, gizarte zibilak ere badu egoera aldatzeko bere eginkizuna. Presoen alde, ORAIN, egin behar dira urratsak: prozesuaren abiadura aldatu beharra dago. Urgentziazko garaian sartuak gara! Presoen auzia konpontzeko unea etorria da! Salbuespen neurriak kendu behar dira, giza eskubide arruntakerrespetatzea delako, gaurko egoera politiko berriak eskatzen duelako, eta bake orokor eta integral baten oinarriadelako! Eta bihar, marko juridiko berri bat beharko dugu, bake prozesuari egokitua.
Orain arte egin diren alde bakarreko urratsek eskatzen dute erantzuna bakearen dinamika elikatzeko. Gaur eman behardiren pausoak ez emateak balioa kentzen ahal diete atzo egin ziren urratsei... Ezinbestezkoa da konfirmatzea orainarte egin dena, egin behar zela eta ona zela bakearentzat! Bidea, hortik doa. Eta hortik urratu behar dugu iraganetiketorkizunerako trantsizio hori...
Iraganaz ezer baztertu eta ahaztu gabe, egin behar dugu bidea. Indarkeria guztien biktima guztiei zor diegun egia,errespetua eta errekonozimendua. Zor diegu iragana ez errepikatzea, eta, horretarako lan egitea, edozein izanik eregure arteko ezadostasunak.
Aspaldiko urteetan posible izan ez zen elkar bizitza demokratikoa, azkenean posible ikusten da gure Herrian! Orainarte batu ahal izan ez garenen ariketa kolektiboa izanen da!
Eginbide horrekin, esperantza horrekin, zorroztasun horrekin, guzientzat ona izanen den bakea eraikiko dugu. Egunbakoitzak kontatzen du. Bakoitzaren inplikazioa beharrezkoa da.
Elkar bizitzarako prozesu horretan, ORAIN, PRESOEN etapa izan behar da!
Bakearekin guztiak irabazle baikara: Egin dezagun denak irabazle izanen diren bakea!