Hurrengo udal eta foru hauteskundeetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Batzar Nagusietarako eta Nafarroako Parlamenturako zein Hego Euskal Herriko lau hiriburuetarako zerrendaburuak hautatzeko prozedura abian jarri du EH Bilduk.

Zerrendaburu izateko prozedura, maiatzaren 14an abiatuko da. Bere hautagaitza aurkezteko aukera izango dute bilkideek edota EH Bildu osatzen duten alderdietako kideek; era berean, alderdi edo norbanako batek izenen bat proposatzeko aukera izango du. Kasu batean zein bestean, hauteskundeetarako araudiak zehaztu moduan, abal kopuru jakin bat aurkeztu beharko da.

Imagen relacionadaAlderdi politikoetako ordezkariek, EH Bilduk izaera propioa izateko ituna sinatu zuten Iruñean

Nahi duen herritar orok parte hartu ahal izango du zerrendaburuak hautatzeko prozesuan. Horretarako, EH Bilduren zerrendetan izena-emanda egon beharko da (ekainak 7an itxiko da zentsoa); jakina, alderdietako kideek ere parte hartu ahal izango dute. Ekainaren 4an jakingo da zeintzuk pertsona eman duten izena eta parte hartuko duten zerrendaburua izateko kanpainan, eta horren ondoren, ekainaren 8tik 10era, bozketa eguna izango da.

Zerrendaburuak aukeratzeko prozesuan parte hartu nahi dutenek, modu telematikoan edo presentzialean eman ahal izango dute botoa, esan bezala, ekainaren 8tik 11ra bitartean, eta beti ere, inskribatua dagoen eremu geografikoari lotutako hautagaietan. Boto presentziala egiteko aukera eskainiko du EH Bilduk. Modu presentzialean botoa eman nahi duenak ekainaren 9ko aukera izango du, EH Bilduk zehaztuko dituen bulegoetan.

Horrenbestez, ekainaren erdi aldera jakingo dira zeintzuk izango diren EH Bilduren zerrendaburuak Nafarroako Gobernurako, EAEko hiru foru aldundietarako eta Iruñea, Bilbo, Donostia eta Gasteizko udaletarako.