Momentu honetan estatuak martxan jarri duen inboluzio demokratikoari aurre egitea helburu duen hitzarmen bat eskaini die EH Bilduk PNVri eta Elkarrekin Podemosi. "Herri izaerako konpromisoa, salbuespenezko une batean" izenburupean aurkeztu du EH Bilduk proposamena, eta, horren bidez, Nafarroan eginiko itunaren tankerakoa gauzatu nahi dugu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere. Gainerako bi indar politikoek hala onartuz gero, EH Bildu prest agertzen da Jaurlaritzaren eta hiru herrialdeetako aldundien egonkortasuna eta gobernabidea bermatzeko, eta beharrezkoa balitz baita Gobernu ardurak hartzeko ere.

DPaUB4PX4AIAgPp

EH Bilduko zuzendaritza eta aurpegi ezagunak bildu ziren proposamenaren aurkezpen ekitaldian.

EH Bilduk eskaintza honen aurkezpen publikoa egin zuen pasa den ostiralean Bilbon. Hiru ardatz ditu testuak, Maddalen Iriarte eta Arnaldo Otegi bozeramaileek azaldu zutenez: autogobernua, eskubide sozialak eta bakegintza. Ditugun desadostasunak ez ditugu desagerrarazi nahi; bat gatozen horietan adostasunak finkatu eta, hortik abiatuta, aurrera egitea litzateke helburua.

Autogobernuaren alorrean, atxikimendu askean eta aldeen arteko berdintasunean oinarritutako harreman bat nahi du EH Bilduk Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Espainiako Estatuaren artean, eta Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean oinarrizko akordio bat lortzea proposatzen diegu PNVri eta Elkarrekin Podemosi. Halaber, gure nahia da autogobernuaren eraikuntzarako ereduan, eragile sozialek, ekonomikoek eta akademikoek parte hartzea bermatua izatea. Funtsean, eskaintza honek «autonomiaren markoa gainditzen du», Maddalen Iriarteren arabera.

Eskubide sozialei dagokienez, EH Bilduren asmoa ongizate gizartearen oinarrian dauden zutoinen inguruan akordioak artikulatzea da, era horretara, pertsona guztiei eskubide guztiak bermatzeko. Ados jartzeko alor zehatzen artean, aipatzekoak dira, besteak beste, kalitatezko enplegu duina, zerbitzu publikoak, sektore produktiboak eta zerga justuak. Bakegintzan, berriz, biktima guztiak aintzat hartuko dituen egia, justizia eta erreparazioa lortzeko plangintzarekin gainditu nahi ditugu gatazkaren ondorioak: preso eta iheslariei dagokienez, bide orri argi eta eraginkor baten bidez amaitu nahi dugu, presoek eta beren familiek pairatzen duten salbuespenezko trataera juridikoa; Iriarteren hitzetan, «betiere, gure memoria historikoari begiratu sakona emanez eta espiritu autokritikoa eta enpatikoa izanda besteen sufrimenduarekin».

CTMXN4iP

Maddalen Iriarte eta Arnaldo Otegik egin zuten proposamenaren aurkezpena

Bide luzeko eskaintza

Honakoa ez da proposamen koiunturala, bide luzekoa baizik, eta irekiko diren agertokien aurrean hobeto prestatuta egoteko akordioa dela pentsatzen dugu. Ildo horretan, Nafarroako Gobernua babesten duen hitzarmena jartzen dugu adibide gisa: Alderdi politiko batzuek beren herritarrak errespetatzen ez dituztenean, aniztasunaren aurka aritzen direnean, konpromiso serioak eta errealak har daitezkeela erakutsi dute Nafarroako aldaketaren aldeko indar politikoek.

Aurkezpenaren bideoak (euskaraz eta gaztelaniaz)

https://www.youtube.com/watch?v=cpBVnpF5JXU&feature=youtu.be

https://www.youtube.com/watch?v=yToT7WD5Vn0&feature=youtu.be