EAEko (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako) estatus politiko berrirako proposamena erregistratu du EH Bilduko legebiltzarkide taldeak Gasteizko Legebiltzarreko egoitzan. Euska Herria Bilduk ziklo politiko berri bat abiatu nahi du proposamen honekin, azken helburua euskal estatua sortzea izanik, bide konfederal batetik. Euskal Herriko errealitate instituzional, politiko eta soziala aintzat hartuko duten eta erritmo ezberdinak izango dituzten hiru prozesu eratzaile (EAEn, Nafarroa Garaian eta Ipar Euskal Herrian) martxan jartzea proposatzen da, etorkizuneko Euskal Errepublika irabazi eta aldarrikatzeko asmoarekin. 

EH Bilduk gaur goizean erregistratu du Eusko Legebiltzarrean EAErako duen estatus politiko berrirako proposamena bere osotasunean jasotzen duen dokumentua. Esan bezala, helburua Euskal Errepublika Konfederala sortzea da, beti ere herritarrek hala erabakitzen badute EAEko, Nafarroakoako eta Ipar Euskal Herriko herritarrek, modu berezituan. Beraz, erabakia Euskal Herria zatitzen duten eremu administratibo bakoitzari egokituko zaio halabeharrez.

DMQQCSxW4AAUDXm

Pello Urizar, Maddalen Iriarte eta Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkideek erregistratu dute proposamena Legebiltzarrean

Lotura honetan deskargatu dezakezue dokumentu osoa: EAE-ko ESTATUS POLITIKO BERRIRAKO PROPOSAMENA

EAEri dagokionez, hainbat oinarri eta printzipioren gainean lortu nahi du EH Bilduk estatus politiko berria. Batetik, Euskal Herriaren nazio izaeraren aitortza egitea ezinbestekoa da. Euskal Herriak, nazio den heinean, bere etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea du, eta EAE nazio horren partaide izanik, bere burua antolatu eta etorkizuna erabakitzeko eskubidea duen subjektu politikoa dela onartzen du EH Bilduk.

Herritarren borondate demokratikoak izan behar du muga bakarra Euskal Herriaren etorkizun politikoa erabakitzerakoan. Legalitatea herritarren borondatearen menpe jarri behar da eta ez alderantziz. Autoeraketa eta autoantolaketa printzipioak ere proposatu ditu EH Bilduk, hau da, prozesu eratzailean EAEk, Nafarroak eta Iparraldeak beren fase eta abiadura propioak izatea. Estatu egiturak sortu eta horiek indartu eta edukiz betetzea da EH Bilduk mahai gainean jartzen duena, eta botere banaketari dagokionez, ohiko hiru botereak–legegilea, betearazalea eta judiziala– burujabetza osoaren norabidean jartzea proposatzen da.

DMQQtm9WkAAjEdx

Proposamena erregistratu ondoren, aurkezpen prentsaurrekoa eskaini dute EH Bilduko legebiltzarkideek

EAE-ko ESTATUS BERRIA LORTZEKO BIDEAN, BI FASE:

Lehen fase batean, Eusko Legebiltzarrak estatus politiko berriaren oinarriak adostu eta onartuko lituzke, eta testu hori herritarren esku jarriko litzateke kontsulta "habilitante" baten bidez. Herritarrek oniritzia emanez gero, bigarren faseari ekingo litzaoke.

Bigarren fase horretan negoziazio prozesu bat irekiko litzateke Espainiako Gobernuarekin, EAEko herritarrek erabakitakoa nola eta zein epetan gauzatuko den adosteko, beti ere Estatuari "beto eskubidea" eman gabe. Madrilek ezezkoarekin erantzungo balu, EAEko alderdi eta eragileen artean burujabetzarako bide propioa zehaztea eta adostea planteatzen du EH Bilduk, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren borondate demokratikoa betetzen dela ziurtatzeko.