Gure Esku Dago, erabakitzeko eskubidearen aldeko herri mugimenduak deituta, milaka euskal herritarrek Bilboko kaleak bete zituzten pasa den larunbatean. Demokraziaren eta Kataluniako erreferendumaren aldeko olatu herritar ikusgarria izan zen eta nola ez, gu ere, EH Bilduko kideak bertan izan ginen. Momentu honetan, behar beharrezkoa da Euskal Herritik beren etorkizuna bozkaren bidez erabaki nahi duen kataluiniar herriari eta erreferenduma antolatzeko lanetan tinko jarraitzen duen Generalitat-ari gure elkartasun eta babesa adieraztea, eta zentzu horretan larunbateko jende uholdea oso positiboki baloratzen dugu.

DJ3H ZlWkAAhbGU

Larunbateko manifestazioak Bilboko Autonomia kale ezaguna jendez betetzea lortu zuen

Hemen duzue Gure Esku Dago-k argitaratu duen manifestazioaren laburpen BIDEOA: https://www.youtube.com/watch?v=9a7asyU1HOQ  

Bestalde, espainiar gobernua hartzen ari den politika errepresiboa gogor salatu beharrekoa da, izan ere, diktadura baten erara jokatzen ari dira. Erabat lotsagarria eta antidemokratikoa izaten ari da Rajoy-ren gobernuaren eta bere menpeko botere judizialaren jarduna, frankismoaren garai ilunetara garamatzana. Espainiar Guardia Zibila eta Polizia Nazionala boto-paperak eta kartelak konfiskatzen, inprentak eta komunikabideak miatzen, hitzaldi eta ekitaldiak debekatzen... ikusteak argi erakusten du zer nolako jarrera autoritario eta bortitza duen PPren gobernu ustelak.  

Azkenik, Euskal Herrian estatuari "bigarren frentea" zabaltzeko beharra azpimarratu nahi genuke. Uste dugu gure herrian ere burujabetzaren, erabakitzeko eskubidearen eta erreferendumaren aldeko prozesu politiko eta sozial zabal bat abiatzeko baldintzak baditugula, eta inoren zain egon gabe gaurdanik hasi gaitezkeela norabide horretan urratsak ematen. EH Bildutik ELA eta LAB sindikatuek, euskal gehiengo sindikalak, duela aste batzuk kaleratutako "Alde bakarreko burujabetza prozesu sozial baten alde" dokumentuarekin bat egiten dugu eta aipatutako prozesua martxan jartzeko aurrera pausu esanguratsua dela uste dugu. Guk gure eskuan dagoen guztia egingo dugu Euskal Herrian ere burujabetzaren eta erabakitzeko eskubidearen aldeko prozesu herritar, anitz eta zabal bat martxan jartzeko.