Euskal Herria Bilduk urte politikoa abiatzeko ekitaldia egin zuen pasa den ostiralean Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Bertan izan ziren EH Bilduko aurpegi ezagun asko, besteak beste, Marian Beitialarrangoitia, Bakartxo Ruiz, Pello Urizar, Maddalen Iriarte, Rebeka Ubera edo Arkaitz Rodrigez eta Amasa Villabonako ordezkariak ere ekitaldian parte hartu genuen.

Arnaldo Otegi koordinatzaile orokorrak aztertu zuen datozen hilabeteetako jokaleku politikoa non kokatzen duen ezkerreko independentismoak. Hain justu ere, urriaren 1ean Katalunian egitekoak diren galdeketa izan zen abiapuntua, eta horregatik honakoa urte berezia izango dela aurrikusi zuen Arnaldok: «Kataluniako erreferenduma benetako zentsura mozio bat izango da Espainiako 1978ko erregimenarentzat». EH Bilduk babes osoa emango dio Kataluinako erreferendumari, euskaldunon elkartasuna adieraziz eta bideratuz, estatuak egin ditzakeen eraso antidemokratikoen aurrean. Kataluina defendatzea Euskal Herria defendatzea baita, helburu eta amets berberak dituzten bi nazio anai garelako eta parean herrien eskubideak zapaltzen dituen espainiar estatu bera dugulako. Beraz, ikasturte politiko honen lehen hilabeteetan erabakitzeko eskubidearen aldeko herri dinamikak indartu eta euskaldunok ere kalera irteteko urratsa ematea defendatuko ditu EH Bilduk. 

arnaldo hizketan

Arnaldo Otegik ostiraleko ekitaldian egindako hitzartzearen une bat

Euskal Herriko testuinguru politiko eta ekonomikora begira, beste era batera gobernatzeko, eta PNVk martxan jarritako politika neoliberalei aurre egiteko beharraz mintzatu zen Otegi, desberdintasun sozialak gero eta handiagoak direla salatuz: «Badira eragile kulturalak, sozialak, sindikalak... gobernatzeko modu justoago eta zintzoagoa izango duen herrialde bat eraikitzeko». Zentzu horretan, Euskal Herria Bilduk herri alternatiba bat jarriko du mahai gainean: «Jendearekin eraiki nahi dugu herri hau, ez eliteekin». Euskal industriak bizi duen egoera zaila ere aipatu zen eta PNVk politika industrial ganorazkorik ez duela agerian geratu dela salatu zuen EH Bilduko koordinatzaileak.

Burujabetza eta erabakitzeko eskubidea defendatu zituen Otegik, eta Euskal Herria bere burua gobernatzeko nahikoa heldua eta arduratsua dela nabarmendu zuen: «Inoren zaintza edo tutelarik gabe askoz hobeto bizi gaitezke». Honako hau ez da estatutuak edo foru hobekuntzak erreformatzeko garaia, Estatuarekiko harreman eredua aldatzekoa baizik eta apustu politiko horretan gogor lan egiteko konptromisoa du EH Bilduk.