Ia 800 ordezkarik parte hartu zuten pasa den larunbatean Bilboko Euskalduna jauregian izandako Euskal Herria Bilduren lehen kongresuan. Amasa Villabonatik bi ordezkari izan ziren bertan. Kongresu honekin azken bi hilabeteetan luzatu den Prozesu Eratzaileari amaiera eman zitzaion eta gaurtik aurrera EH Bildu izaera propioa duen subjetu politiko berria izango da, militanteek eta izena emandako herritarrek modu demokratiko eta gardenean aukeratutako zuzendaritza eta barne organo propioekin. Arnaldo Otegi buru duen eta EH Bilduren zuzendaritza garatuko duen mahai politiko berriak, prozesu eratzaile honetan parte hartu dutenen %84ren babesa lortu du. 

kongresua3

Kongresuan egindako bozketa batetako unea, baiezko botoak izan ziren nagusi. 

Orain arte, Sortuk, Eusko Alkartasunak, Alternatibak eta Aralarrek osatu dute koalizioa, baina, sigla horien batuketaz harago, koalizioaren nortasun propioa sustatzea izan da EH Bilduren I. Kongresuaren helburuetako bat, eta zuzendaritza talde eraberritua hautatu dute prozesu hori gidatzeko Bilboko Euskalduna jauregian bildutako ehundaka militanteek.

Zuzendaritza talde berri honek 2.147 aldeko boto izan zituen, eta beraz, pertsona hauek osatuko dute EH Bilduren zuzendaritza: Arnaldo Otegi, Gari Mujika, Ainhoa Beola, Koldo Castañeda, Maider Karrere eta Josu Juaristi. Horrez gain, herrialdeetako arduradun politikoak ere aukeratu ziren, guztiak %85etik gorako babesa izan zuten eta hauek izango dira hurrenez hurren Hegoaldeko herrialdeetako arduradun berriak: Gipuzkoa: Unai Larreategi. Araba: Ibon San Saturnino. Bizkaia: Asier Vega. Nafarroa: Jon Garai. 

Zuzendaritza

Herrialdeetako arduradunak onaa

«Independentzia eta eredu sozial berri bat nahi ditugu», adierazi zuen Otegik kargua hartu berritan. Abertzalea eta ezkerrekoa: hasiera-hasieratik jarri zizkion bi abizen horiek EH Bilduren proiektuari. «Guk sinesten dugu herri honek aterpe bat behar duela, eta aterpe hori estatu bat izan behar dela. Estatu aterpe bat jendearentzat, jendea zaintzeko, eta guk euskal errepublikaren aldeko apustua egiten dugu».

Hamabost minutu inguruko hitzaldia egin zuen Otegik, eta PNVren alternatibatzat aurkeztu zuen EH Bildu eraberritu eta indartu hau. «Euskal Herrian iraultza kontserbadore bat dago martxan eta guk horren aurrean, iraultza demokratikoa jarriko dugu». EH Bildu jeltzaleekin lankidetzan aritzeko prest dagoela azaldu zuen Otegik, «ardura historikoagatik», baina lankidetza horrek bere mugak ere badituela aipatu zuen jarraian. «Gauza bat da eskua luzatzea, eta beste gauza bat da ahaztea gu alternatiba bat garela herri honetan. Konplexurik gabe esaten diegu hemengo neoliberalei: Zuen politika neoliberalak inposatzen jarraitzen baduzue, gu parean edukiko gaituzue».

arnaldo kongresua

Analdo Otegiren hitzaldiaren momentu bat

Katalunia izan zen kongresu honetako beste erreferentzietariko bat, eta, hain zuzen ere, horri aipamen zuzena eginez amaitu zuen hitzaldia Arnaldo Otegik: «Gora Euskal Herria askatuta», oihukatu zuen lehenik, eta, «Gora Katalunia askatuta» ondoren. Izan ere, Euskal Herriko prozesuarekin guztiz lotuta dago Kataluniakoa. Gaur egun Katalunian jokatzen dena ez baita soilik «Kataluniaren askapenaren bataila», baizik eta baita Euskal Herriaren «askapenaren bataila» ere. Elkartasuna adierazi zien, horregatik, kongresura bildutako nazioarteko ordezkarien artean izan ziren Kataluniako gonbidatuei.

Kongresu honetan beste lau bozketa ere egin zituzten bertaratutakoek (kasu honetan kongresuan zuzenean parte hartu zutenek soilik zuten bozkatzeko eskubidea): Lehenik eta behin 2 txosten bozkatu ziren "Dokumentu politikoa" eta "Euskal Herria Bilduren estatutuak" eta%93ko babes zabala izan zuten. Ondoren, EH Bilduk barne mailan izango dituen bi batzordeak eta bertan parte hartuko duten kideak bozkatu ziren; Kontu Batzordea (EH Bilduren finantzak landuko dituena) eta Berme Batzordea (EH Bilduren baitan militante eta kideen eskubide eta betebeharrak errespetatuko direla bermatzeko barne-organoa). Biek ere babes zabala lortu zuten eta ondorioz, pertsona hauek osatuko dituzte bi batzordeak: Berme batzordea: Ricardo Burutaran, Aitor Zaldua, Ino Galparsoro, Aitor Ibero eta Begoña Vesga. Kontu Batzordea: Lore Agirre, Beñat Amutio eta Iñaki Ostolaza. 

KUADROA

Kongresuan egindako bozketa ezberdinen emaitzak 

Maddalen Iriarte Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko bozeramaileak ere eman zuen hitzaldia eta hark eman zuen eguneko anekdota ere. Kongresura harri bat eramatekoa zela esan zuen behin baino gehiagotan kongresuaren aurretik egindako elkarrizketetan, harekin EH Bildurentzako «zimendu sendo bat» jartzeko. Metafora errealitate bilakatu nahi izan zuen, ordea, kongresuan, eta eskutan benetako harri bat hartuta hitz egin zuen oholtzatik. «Hau da etorkizuna eraikitzeko ekarri dudan harria».

kongresua2onaaa

Maddalen Iriartek harri bat eskuan zuela hasi zuen bere hitzartea 

EH Bildu da Euskal Herriarentzako «alternatiba bakarra», Iriarteren hitzetan. «Gure proiektua da Euskal Herriaren independentziaren alde egiten duen bakarra. Bai, bakarra». Euskarari ere pisu berezia eman dio legebiltzarkideak, eta keinu egin dio aste honetan Eusko Legebiltzarrean ertzainen hizkuntza mailaren harira euskararen inguruan izan den eztabaidari. «Euskaratik eta euskaraz eraiki nahi dugun herria da hau, aitzakiarik gabe, parlamentutik botatzen bagaituzte ere; euskaraz eraiki nahi dugun herria».

Zuzendaritza berria eta aipatutako bi dokumentuez gain, EH Bilduk arloz arlo izango dituen idazkaritzetako buruak ere aukeratu dira Prozesu Eratzaile honetan. Guztira 20 idazkaritza arduradun berri aukeratu ziren.

Idazkaritza-buru postuetarako bozketen emaitza guztiak:

Idazkaritzak1

Idazkaritzak2

Idazkaritzak3