EH Bilduk, ezkerreko soberanisten koalizioak, Kolonbian urriaren 2an buruturiko erreferendumean izandako ezezkoaren garaipena onartzen du. Aldi berean EH Bildu emandako emaitza estua deitoratu beharrean dago, akordioaren aurrean, bakearen etsaiek zabaldutako gorrotoaren tesiak gailentzea lortu duelako eta bereziki azpimarragarria delako, ezezkoaren garaipena zonalde urbano eta herri handienetan eman izana eta baiezkoak aldiz gatazka zuzenean pairatu duten landa-eremuetan gehiengoa lortzea.

Bake prozesuetan zailtasunak agertzea albiste txarra da beti, Kolonbian eta edozein tokitan. Honakoa hausnarketarako unea da, ezetza bultzatu dutenen arrazoiak ondo aztertzeko eta ondorioak ateratzeko, beti ere bakearen bidea irekita mantentzeari begira.

Akordioa eta egindako bidea balorean jarri behar dira; emaitzak ez du irekitako bidea itxi behar, kontrakoa, ahaleginak biderkatzeko unea da, batez ere ezetzean kokatu direnekin.

Agertoki honetan bereziki azpimarratu behar da Kolonbian akordioak bultzatzeko beharra eta nazioarteko bitartekarien lanaren garrantzia hemendik aurrera ere.

Azpimarratzekoa da ere, FARC-EPek berehala adierazi duela bake bidea mantentzeko borondate osoa. Norabide horretan EH Bilduk bere babes osoa ematen dio FARC-EP eta Santosen gobernuaren artean bakea lortzeko bultzatutako prozesuari.

EH Bilduk deia luzatu nahi die FARC-EPri, Kolonbiako Gobernuari eta Santos Presidenteari, negoziazio prozesu osoan zehar egin duten bezala konponbideak bilatzen jarraitu dezaten, horixe izango baita bidean agertu diren zailtasunak gainditu eta egoera bideratzeko modurik egokiena.

EH Bilduk prozesua bultzatzeko eta bakea gailentzeko gure esku dagoen guztia egiteko borondatea azaldu nahi du beste behin ere, akordioan parte diren alde guztiei, bakea lortzeko saiakeran jarraitu dezaten animatuz.