EH Bilduko buruzagiak agur esan dio Legebiltzarrari, inhabilitazioa dela eta. “Giza eskubideen errespetua oinarri, guztiontzako herri bat eraiki nahi dugu”.

Hasier Arraizek harreman politikoak normalizatzeko deia egin du gaur Legebiltzarrean, EAEko Auzitegi Nagusiak ezarritako inhabilitazioa dela eta bere azken osoko bilkura izan denean. EH Bilduko legebiltzarkideak nabarmendu du berak bezala berarekin batera epaituak izan diren kideek ere lagundu dutela “guztiontzako hobea den egungo eszenatoki politikoa eraikitzen”, lan horren ondorioz “espetxera joango ginatekeela genekien arren”.

Arraizen hitzetan, “egiazkoak izan daitezen bakea eta bizikidetza guztiontzakoak izan behar dira, eta deitoratzen dut benetan gaur hemen pertsona asko, gehiegi, falta direla indarkeria ezberdinen ondorioz; oso argi dut pertsona horiei guztiei memoria, aitortza eta erreparazioa zor diegula eta gure jardun politikoak, ahal den neurrian, senitartekoak eta lagunak galdu dituztenen sufrimendua arintzeko balio behar du”. Halaber, azpimarratu duenez, “bakea eta bizikidetza guztiontzat izan daitezen, euskal presoek ere hemen egon beharko lukete, espero dut batzuok epaitegietan eman dugun urratsak balio dezala espetxeetako ateak lehenbailehen irekitzeko”.

Iraganeko “eszenatoki politiko hark izan zuen okerrena –erantsi du– izan zen aurkariari gizatasuna kendu geniola, haren giza eskubideek ezinbestekoak izateari utzi zioten, eta modu horretan gu geu ere deshumanizatu ginen. Hori ezin da berriz gertatu; pertsona guztien giza eskubideen errespetua oinarri hartuta, guztiontzako herri bat eraiki nahi dugu. Hori da Euskal Estatua eraikitzeko oinarria”.

Horri jarraituz, harreman politikoak normalizatzeko deia egin du Arraizek, eta “EH Bildu eta EAJren arteko harreman berria” sortzearen alde agertu da, “gai askotan iritzi kontrajarriak ditugun arren, herri akordioetara ez iristea arduragabekeria litzatekeelako”. Halaber, PSErekiko harremana normalizatzeko unea delakoan dago Arraiz, “kalean jada normala denak politikan ere normala izan behar duelako”.