Euskal Herria

Badu aste batzuk jada, krisi sanitario handia bizitzen ari garela Euskal Herrian zein mundu osoan zehar. Ohikoa ez den errealitate bat pairatzera behartuak izan gira: kalera ateratzeko debekua, ikastetxeak itxiak, enpresa batzuen itxiera, etxeetatik lan egitera behartuak... Momentu honetan bizitzen ari garen egoerak, gure egunerokotasuna hankaz gora ezarri du.

Krisi sanitario honek kalte ainitz eragin badu ere, elkartasun keinuak biderkatzen joan dira eta horren islada dira, egunez egun gure etxeko balkoietatik lau haizetara hedatzen ari diren elkartasun ekimenak. Etxeetako balkoi eta leihoak elkartasun eta aldarrikapen gune bilakatu dira ezinbestean: osasun arloko langileen txalotzeko, indar okupatzaileen salatzeko, beste jendarte baten aldarrikatzeko, euskal presoei elkartasuna adierazteko...

Birusak ez du eteten Euskal Herrian borrokarako griña.

Miles de personas se movilizaron por el Aberri Eguna (Día de la ...

Eta nola ez aipa, osasun arloan lanean ari diren langileen inplikazioa. Lerro hauen bitartez, egunez egun eramaten ari diren lana txalotu nahi dugu. Gure sustengu osoa adierazi nahi diegu ere, oraindik lanean ari diren beste langile guziei: laborariak, zabor biltzaileak, garraiolariak, okinak, supermerkatuko langileak eta beste… Gehienetan emazteak diren horiek lan baldintza prekarioak jasaten dituzte eta soldata murritzak hunkitzen. Txalo eta eskerrak aparte, ez ditugu ahantzi beharko krisia amaituko delarik.

Halaber, euskal preso politikoen egoeraz ere aipamen berezi bat egin nahi dugu. Espainiar eta frantses Estatuen eskuetan euskal presoak bahitu politikoak dira. Haien sufrimenduzko gatibua luzatuz, mendeku politika mantentzen dute, Euskal Herrian garatu daiteken burujabetza prozesuaren baldintzatzeko helburuz. Konfinamendu egoera honetan, haien zigorra biderkatu egiten delako haien kartzelaldia are onartezinagoa iduritzen zaigu. Inoiz baino gehiago, haien Euskal Herriratzea, gaixorik diren presoak eta adina daukaten presoen askatzea urjentziazko neurriak bilakatu dira. Aberri Egun honen bezperetan, gure sustengu eta elkartasun mezu beroena helarazi nahi diegu euskal preso politiko guziei eta haien senidei.

Guzti honen erdian eta hemendik egun gutxitara datorkigu aurtengo Aberri Eguna. Aberri Eguna, ospakizun eguna da. Kalera ateratzeko eta elkartzeko debekuek molde berezian ospatzerat behartzen gaituen arren, badugu zer erran. Neoliberalismoaren aurpegi gogorrena eta Estatuen inboluzioa ikusten ari garen honetan, burujabetzaren aldeko konpromisoa hartu behar dugu. Beti ere, eta esan ohi dugun bezala, langile eta, oro har, herritarren bizi baldintza duinak bermatu ahal izateko, gizarte eredu justua eraikitzearen bidean.

Globalizazioa eta neoliberalismoaren ondorioei aurre egiteko tresna dugu esku artean: Burujabetza. Horrek bermatuko digu herri gisa bizirik segitzea eta aldi berean, gizarte justuago bat eraikitzeko baliabideak eskuratzea.

Krisi momentuan bada ere, Euskal Herriak duen indarra erakutsi behar dugu igande honetan. Zentzu horretan, EUSKAL HERRIA BATERAk egindako deialdira batzen gara eta deialdi berezi bat luzatzen dugu euskal jendarteari igandeko ekimenean parte hartzeko.

EUSKAL HERRIA BATERA ikurra osatzera deitzen zaituztegu, bakoitzak bere desioa argazki batean islatuz eta sarera igoz, mosaiko digital erraldoi bat marrazteko moduan.

Euskal Herria, modu batean ala bestean, bizitzen duen herritar oro egun horren ospatzerat gonbidatzen dugu.

 

Bere desmobilizazioa iragartzeko ETAk zabaldutako agiriaren balorazioa egiteko, honako adierazpen hau irakurri du Arnaldo Otegik hedabideen aurrean:

Gaur, Euskal Herrian aro bati amaiera ematen zaio. Herri eta herritar gisara sasoi gogorra izan da. Euskal Herriak gatazka politiko eta armatua bere gordinean bizi izan du. Horrek mota guztietako sufrimendua sortarazi du alde guztietan. Hemendik sufritu duten eta sufritzen ari diren pertsona guztiak gogoan hartu nahi ditut. Inor bazterrean utzi gabe.

Mezu honen bidez eskerrak eman nahi dizkiet urte luzetan egun hau heldu zedin lanean aritu diren pertsona eta erakunde guztiei. Askotan ez da posible izan, oztopo asko izan ditugu, beti ez dugu asmatu... Baina borondatea bazegoen eta azkenean egin dugu.

Gaurtik aurrera beste aro bat zabaltzen da definitiboki herri honetan. Esperientzia ezberdinetatik (77koa, 98koa...) ikasi eta beste behin ere herri gisara urratsak emateko abagunea ireki dela uste dut. Baliatu dezagun aukera hau, denbora galdu gabe.

Amaitu aurretik, nire ongi etorria eman nahi diot ETAk ardura historikoz hartu duen erabaki honi. Erantzukizun osoz amaiera ordenatu bat gauzatu du, 60 urteko ibilbideari itxiera emanez.

Bakerik eta askatasunik gabeko herria gara oraindik, baina hori eraldatzeko bidean jarraituko dugu etenik gabe eta lortu arte.

 

 Euskal Herrian, 2018ko maiatzaren 3a

 

 

 

Ez dugu ulertzen mugarri bat ezar lezakeen akordio transbertsal baten aurrean EAJk gutxieneko pentsioak duintzeko proposamenaren aurka egitea alderdi interesak herritarren interesen gainetik lehenetsita. Atzeratu ezin den aldarrikapen bat da.

EH Bilduk, PSOEk eta Unidas Podemosek adostutako erdibideko emendakinari EAJk jarritako betoak gutxieneko pentsioak igotzeko akordioa galarazi du Diputatuen Kongresuan, ordezkaritza daukaten taldeen gehiengoa egitasmoaren alde egon arren.

Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioak ulertezintzat jo du pentsiodunen eskubideak eta bizi baldintzak duintzeko proposamenaren aurrean EAJk erakutsitako jarrera oztopatzailea. Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduaren eskari eta aldarrikapenei uko egitea egotzi dio koalizio abertzaleak EAJri. "Aukera garrantzitsua galdu dugu pentsiodun guztien defentsa pauso historikoa ematekoa. Ez dugu ulertzen mugarri bat ezar lezakeen akordio transbertsal baten aurrean EAJk gutxieneko pentsioak duintzeko proposamenaren aurka egitea alderdi interesak herritarren interesen gainetik lehenetsita. Atzeratu ezin den aldarrikapen bat da", salatu dute.

EH Bildu, PSOE eta Unidas Podemosek adostutako zuzenketak gutxieneko pentsioak Europako Gutun Sozialaren arabera igotzeko neurriak jasotzen zituen, pentsiodunen mugimenduak eskatzen duen bezala. Emendakinak, gainera, pentsioen erreforma eta murrizketa guztiak bertan behera uztea zekarren. Zuzenketaren arabera, Espainiako Gobernuak "konpromiso zehatza" adierazten zuen Gizarte Segurantzari lotutako eskumen guztiak euskal erakundeetara eskualdatzeko.

Euskal Herriko indar subiranistari kezkagarria iruditzen zaio EAJk aukera historiko hau probestu ez izana. Interes propioak pentsiodunen beharren gainetik jartzea deitoratu du koalizio abertzaleak. EH Bilduk berretsi du pentsiodunen eskariak erakunde guztietara eramaten jarraituko duela aurreratzean, eta herritarren interesak lehenetsiko dituela haien aldarrikapen eta beharrak ahalik eta lasterren praktika eraman ahal izateko.

 

EH Bilduk Urkullu Gobernua sostengatzen duten alderdien joko bikoitza salatu eta Lakuak dituen eskumenak erabiltzea proposatu du, 1.080 euroko pentsioak bermatzeko. “EAJk hori friboloa dela dio; EAJren proposamena, ordea, ezin da kalifikatu, existitu ere existitzen ez delako”.

Tamalez, ezusterik ez. EAJk eta PSEk, Urkullu lehendakaria sostengatzen duten alderdiek, ezezkoa eman diote EH Bilduren proposamenari eta Jaurlaritzak ez ditu pentsio txikiak osatuko 1.080 euroko gutxieneko pentsioak bermatu arte. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan milaka eta milaka pentsiodunek pairatzen duten prekarietatea izugarria dela jabeturik, EH Bilduk eskari zehatza egin dio Jaurlaritzari: haren eskuduntzak erabili ditzala, hemen eta orain, pentsiodun guztiei bizi baldintza duinak bermatzeko; ez dadila Gobernu espainolaren zain geratu, ea egunen batean Madrilen pentsioak igotzea erabakitzen duten; ez dezala itxaron euskal pentsio sistema propioa sortu arte, gaur egun 700 euro baino gutxiago kobratzen duten 192.000 pentsiodunen premiei gaur bertan erantzun behar zaielako. “Ezin da ulertu EAJk eta PSEk Gobernu espainolari eskariak egitea, pentsiodunen mobilizazioekin bat egitea eta gero euren esku dagoen guztia hemen eta orain egin nahi ez izatea. Premiazkoa da euskal pentsio sistema sortzea, baina bien bitartean gure esku dauden erabakiak eta neurriak hartu behar ditugu pentsio duinak bermatzeko”.

Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkidea, pentsioak osatzeko proposamena azaltzen

Nerea Kortajarenak salatu duenez, pentsio sistema espainolak ez du jendearen bizitza duina bermatzen, eta datozen urteotan egoerak okerrera egingo du gainera, Rajoyren Gobernuaren erabakiak direla medio. Bistakoa da ezinbestekoa dela hemen eta orain neurriak hartzea, pentsio duinak bermatuko baditugu. Helburu horrekin, EH Bilduk bi proposamen zehatz egin dizkio gaur Legebiltzarrean Jaurlaritzari: lehena, pentsioei KPIren igoera aplikatzea, EAJk Madrilen babestu zuen %0,25eko igoera iraingarria osatzeko; bigarrena, pentsio txikiak osatzen hastea, lau urteko epean 1.080 euroko gutxieneko pentsioak bermatzeko.

Finean, Kortajarenak azaldu duenez, “pentsioak duintzeko sistema osagarri bati bide ematea proposatu dugu”. Izan ere, gaur egun Lakuak 15.498 pentsio osatzen ditu Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren bidez, baina 192.000 dira 700 euro kobratzera iristen ez diren pentsiodunak. Horren haritik, EAJk EH Bilduren proposamenari eman dion erantzuna kritikatu du legebiltzarkide subiranistak. “Proposamen arina, friboloa eta demagogikoa dela esan digu EAJk, baina guk ezin dugu EAJren proposamena kalifikatu, existitu ere existitzen ez delako. EAJk ez du proposamenik pentsiodunentzat, bere proposamena zero da”.

 

EH Bilduk bat egiten du presoen eskubideen urraketekin amaitzea exijitzeko hurrengo larunbaterako Sarek Bilbon eta Baionan deitutako manifestazioekin. Ezkerreko indar subiranistaren ordezkaritza zabala izango da urteko Bilboko kaleak betetzen dituen mobilizazioan; besteak beste, bertan izango dira Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusia, Maddalen Iriarte Gasteizko parlamentuko bozeramailea, Bakartxo Ruiz Nafarroako parlamentuko bozeramailea eta Mertxe Aizpurua Kongresuko bozeramailea.

Euskal presoek jasaten dituzten giza eskubideen urraketekin behingoz amaitzeko eta beraien etxeratzearen auziaren konponbiderako unea dela uste du EH Bilduk. Zentzu horretan, sakabanaketa politikarekin eta mendekuan oinarritutako espetxe politikarekin amaitu beharra dagoela uste ezkerreko indar subiranistak. Era horretara, indarrean dagoen legedia ezartzeko eta eszepziozko neurri guztiekin amaitzeko garaia dela uste du. 2020. urtean, oraindik ere gaixotasun larriak dituzten presoak egotea, zigorraren hiru laurdenak dituzten presoak espetxeratuta izatea eta senitartekoei ehunka kilometro egitera behartzea zentzugabekeria dela azpimarratu du.

 

Resultado de imagen de orain presoak atera bidera

Madrilen eratu den gobernu berriarekin Espainiako Estatuan aukera-leiho bat irekitzen dela uste du EH Bilduk, presoen auziari konponbide emateko ere bai. Dena dela, jakitun gara Madrilek presoen auziari heltzeko eta konponbidea emateko bultzada behar dela Euskal Herritik. Gizarte eta herri aktibaziorako garaia da. Horrenbestez, presoen auzia behingoz konpontzeko Madrilen irekitzen den aukera-leihoa indartzeko Bilboko kaleak betetzeko deia egiten die euskal herritarrei ezkerreko indar subiranistak. Era berean, euskal presoen gaia konpontzeko erantzukizunez jokatzeko deia egiten dio EH Bilduk Frantziako Gobernuari.

 

Euskal Herriko mugimendu feministak deitutako martxoaren 8ko emakumeen grebarekin bat egitea erabaki du Euskal Herria Bilduk. Euskal Herriko jendartean ere, emakumeak dira batez ere prekaritatea eta berdintasun-eza modu gordinenean bizi dutenak. Emakumeak dira berdintasunean oinarritzen ez den eredu sozial patriarkalaren ondorio sozial, ekonomiko eta lan arlokoak pairatzen dituztenak.

Mobilizazio sozialak biderkatzea eta gure jendarteak aurrera egitea ahalbidetuko duen egiazko berdintasunean oinarritutako jendartea eraikitzeko beharrezkoak diren tresna politikoak eraikitzea, lehentasun osoa duen helburua da EH Bildurentzat. Eraiki nahi dugun jendarte eredua Euskal Herrian bertan erabaki ahal izatea aldarrikatzen dugu, horrek ahalbidetuko baitio gure herriari behar dituen aldaketa sozialetan aurrera egitea, eta gizon eta emakumeek berdintasunean oinarritutako jendarte justua partekatzea.

Zaintza-lanak eta enplegua berdintasunean eta bidezko era batean partekatu behar dira; pertsonen beharrizanak erdigunean jarri behar ditu sistema ekonomikoak, eta ez merkatuarenak; erabaki politikoetan egiazko berdintasun egoeran parte hartzeko aukera izan behar dute emakumeek, eta beren gorputzaren gaineko zein sexualitatearen gaineko erabakiak askatasunean hartzeko aukera izan behar dute, indarkeria matxistarik gabe, aske bizi ahal izateko.

Horregatik guztiagatik, Euskal Herriko Mugimendu Feministarekin bat egin, eta martxoaren 8ko ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten die EH Bilduk Euskal Herriko emakumeei. Era berean, beren egunerokoan ere lanean jarraitzeko deia egiten die, gure herriak behar dituen tresna politikoak eskuratu eta jendarte eredu aurreratua, justua eta ekitatiboa eraikitzeko, egiazko berdintasunean oinarritutako jendarte eredua eraikitzeko.


Amasa Villabona: Emakumeen asanblada irekia ostegunean

Gure herriko emakume feministak martxoaren 8ko zita garrantzitsua prestatzen hasiak dira eta ostegun honetan, hilak 22, asanblada irekia antolatu dute 19:00etan udaletxeko balio anitzeko gelan (liburutegi gainean).

IMG 20180219 WA0000

Amasa Villabonako EH Bildutik asanblada honetan parte hartzeko deia egiten diegu gure herriko emakumeei. Martxan jarri, mugitu eta egin planto! sistema patriarkal eta matxistaren aurka eta benetako berdintasunaren alde. 

 

Jaurlaritzak atea itxi dio EH Bildurekin aurrekontuez hitz egiteari eta aitzakia irrealak erabili ditu ezezkoa justifikatzeko, ahalmen osoa duelako pentsioak osatzeko eta diru publikoarekin sustatutako kontratazioetan 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzeko.

EH Bilduk 2020ko aurrekontuak zuzentzeko proposamena helarazi zion herenegun Jaurlaritzari eta egun berean jaso zuen, hedabideen bitartez, erantzuna: “Atea itxi diote EH Bildurekin elkarrizketa prozesu bat irekitzeari eta, EAJko buruzagi baten kasuan, modu zatar eta iraingarri batean gainera”. Iker Casanovak salatu duenez, Lakuak “aitzakia irrealak” erabili ditu; izan ere, pentsioak osatzea eta diru publikoarekin sustatutako kontratazioetan 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea, EH Bilduk eskatu bezala, egingarria da, Gobernuan borondate politikoa baldin badago, neurri horiek legalak direlako eta haren eskumenen markoan sartzen direlako. Horren ildotik, gogora ekarri du Azpiazu sailburuak argudio berberak erabili zituela iaz eta azkenean 140 milioi euro eskaintzeraino iritsi zela, besteak beste, pentsioak osatzeko.

Hala, EH Bilduko legebiltzarkideak koalizioaren proposamena onartzeak ekarriko zituen onurak azpimarratu ditu, batez ere pentsiodunen egoera hobetzeko eta kalitatezko enplegu sustatzeko.

Batetik, 2008az geroztik indarrean dagoen Diru-Sarrerak Bermatzeko Legea betetzea baino ez dugu eskatzen; hau da, pentsio baxuenak gutxieneko soldataraino osatzea Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) bitartez. “Gaur egun pentsiodunei 765 euro hileko bermatzen zaie DBEren bidez, baina gure proposamenarekin, 2008ko legea beteta, kopuru hori 1.050 eurokoa litzateke. Hori da eskatzen ari garena, eta Jaurlaritzak ahalmen ekonomiko osoa du hori egiteko, neurri horren kostua 50 milioi ingurukoa baita”.

Eta bestetik, Casanovak azaldu du kontratazio publikoetan eta diru publikoarekin sustatutako kontratuetan Jaurlaritzak eskumena duela, enplegu duina sortze aldera, 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzeko, klausula sozialen bidez. “Horrek ez du inpaktu ekonomikorik aurrekontuetan eta borondate politikoa baino ez du eskatzen”.

“Aurrekontuen eztabaida jendearen beharren zerbitzura ipini nahi dugu”, azpimarratu du EH Bilduko legebiltzarkideak, eta EAJri erantzun dio: “Hori egitea ez da jendeaz trufatzea; 900 euro baino gutxiago kobratzen duten gazteei Jaurlaritzak esaten die ez duela ezer egin nahi hori aldatzeko, estu dabiltzan pentsiodunei esaten die ez duela 2008ko legea bete nahi eta AHT gastu ekologiko bezala saltzen du; hori guztia bai dela jendeari barre egitea”.

Casanovaren iritziz, Urkulluren Gobernuak horretaz guztiaz hitz egiteari uko egin dio “aurrekontuen onarpena beste alde batetik lotuta duelako, aurrekontuak merke onartzeko prest dagoen beste indar batekin”, Podemosekin, alegia. Erabaki horren oinarrian hautu ideologiko bat dago, erantsi duenez: “EAJ eta Jaurlaritza eskuindarrak dira eta ulertzen ez duguna da zergatik bere burua ezkertiartzat jotzen duten bi alderdik ematen dioten sostengua aurrekontu horri”.

Hori horrela, Casanovak aditzera eman du EH Bildu osoko zuzenketa aurkeztuko duela, Lakuan ezezkoan jarraitzen badute eta gauzak aldatzen ez badira.

100 milioiko engainua Jasangarritasunaren Legean

Mikel Oterok ere 2020ko aurrekontuak izan ditu hizpide Legebiltzarreko Osoko Bilkuran. Gogorarazi duenez, otsailean onartutako Jasangarritasun Energetikoaren Legearen arabera, 2020ko aurrekontuetan Jaurlaritzak 100 milioi euro txertatu behar ditu aldaketa klimatikoaren aurkako udalen ekintzak finantzatzeko, baina, hala ere, ez du egin. Hori dela eta, Oterok aurrekontuetan diru kopuru hori txertatzeko eskatu du, baina EAJ, PSE eta Podemosek uko egin diote harekin bat egiteari. EH Bilduko legebiltzarkideak engainutzat jo du EAJ eta PSEren jokabidea eta Gobernuaren aurrekontuei abal berdea ematea egotzi dio Podemosi.

 

Pasa den igande eguerdian EH Bilduk EAEko autogobernu ponentziara eramango duen proposamenaren aurkezpen ekitaldia egin zen Hernaniko Orona eraikinean, bertan izan ziren EH Bilduko aurpegi ezagun ugari (Oskar Matute, Pello Urizar, Arkaitz Rodrigez, Jasone Agirre...) eta baita EH Bilduko dozenaka hautetsi (alkate eta zinegotzi) ere. 

EH Bilduk mahai gainean jarriko duen dokumentuan, EAE subjektu politiko gisa onartzen da eta erabakitzeko eskubidea ezartzen da erdigunean etorkizunerako estatus berri batera iristeko. Errealismoz eta egungo egoeratik abiatuta, EAEn Euskal Estatua eraiki nahi du EH Bilduk eta horretarako Madrilek duen beto eskubidearekin amaitu eta espainiar estatuarekin berdintasun egoera batean negoziatu behar dela aldarrikatu zuen Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari orokorrak. 

DVL qd9W4AEGwKi

Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari orokorraren hitzartzea Hernaniko ekitaldian

Gasteizko legebiltzarreko autogobernu ponentzian erabakitzeko eskubidearen aldeko indarren arteko akordioa lortu nahi du EH Bilduk eta helburu hori lortzen zez bada, "gure errua, euskal eragile eta alderdi politikoona" izango dela "ez Madrilena" adierazi zuen Otegik. Beraz, akordioa lortzeko bere eskuetan dagoen guztia egiteko prest agertu da EH Bildu, eta PNV eta Podemos-Ahal dugu alderdiekin hitz egin, eztabaidatu eta herritarrei hitza eta erabakia emango dien akordio demokratiko batera heltzeko gonbita luzatu die.  

BIDEOAK:

Arnaldo Otegi: https://www.youtube.com/watch?v=ZsDmhk5Yjuk

Maddalen Iriarte: https://www.youtube.com/watch?v=KYTa73fmz7E

"Autonomiatik subirautzara" Dokumentua: https://docs.google.com/viewerng/viewer?url=http://twitdoc.com/upload/ehbildu/EUS.pdf

 

Udal hautetsien nazio erakundeak batzarra egin zuen pasa den larunbatean Durangon eta bertan legealdi honetarako zuzendaritza berria aukeratzeko. Bertan izan ziren Amasa-Villabonako EH Bilduko hautetsiak ere, Euskal Herri osoa barnebiltzen duen erakunde nazional bakarrari gure atxikimendua eta erabateko babesa adieraziz. Izan ere, Udalbiltza ezinbesteko erakundea da guretzat, gure nazioaren zatiketa administratiboari aurre egin eta euskal lurralde ezberdinetako hautetsien elkargunea baita. Naziogintzan aurrera egiteko eta gure nazio izaeran sakontzeko tresna baliagarria izaten jarraitzen du Udalbiltzak eta udal ordezkarien arteko elkar ezagutzan sakontzeko eta sinergiak bilatzeko gune aproposa da dudarik gabe. Tamalgarria da beren burua abertzaletzat duten ehunka hautetsik, PNVren erabakiz, Euskal Herriko erakunde nazional bakarrari bizkarra eman izana, guretzat ulertezina da, ez al dute Euskal Herrian sinesten? ez al dute zazpi lurraldez osatutako erakundetzean sinesten? benetan etsigarria da...   

Durangoko batzarrean aho batez erabakita, Jabi Asurmendi Arakaldoko alkatea izango da Udalbiltzako lehendakaria, lehendakariordeak berriz, Irantzu Antoñana (Vianako hautetsia) eta Pili Legarra (Asteasuko alkatea) izango dira. Jabi Asurmendi, duela sei urte pasa Udalbiltza berrantolatu zutenetik hirugarren lehendakaria da. Mertxe Aizpurua eta Luis Intxauspe izan ziren aurreko biak. Nazio erakundean 1.050 udalbiltzakide daude gaur egun eta gehiago izateko lanean ari da zuzendaritza.

EJf4awQWoAICr7 Jabi Asurmendi lehendakaria eta Batzorde Eragile berriko kideak Durangoko batzarrean

Guztira hamahiru lagunek osatuko dute batzorde eragile berria:

Lehendakaria:

- Jabi Asurmendi (Arakaldoko alkatea, Bizkaia).

Lehendakariordeak:

- Pili Legarra (Asteasuko alkatea, Gipuzkoa).
- Irantzu Antoñana (Vianako zinegotzia, Nafarroa).

Batzordeko beste kideak:

- Lamia Arcas (Laudioko zinegotzia, Araba).
- Jon Arriola (Berriatuko alkatea, Bizkaia).
- Asier Gonzalez (Bilboko zinegotzia, Bizkaia).
- Itziar Amezaga (Errigoitiko zinegotzia, Bizkaia).
- Andoni Gartzia (Astigarragako zinegotzia, Gipuzkoa).
- Koro Etxeberria (Hernaniko zinegotzia, Gipuzkoa).
- Xanti Kapendegi (Ahetzeko zinegotzia, Lapurdi).
- Xebax Christy (Hazparneko zinegotzia, Lapurdi).
- Aitor Elexpuru (Berako alkatea, Nafarroa).
- Oihan Mendo (Garesko alkatea, Nafarroa).

2021era arteko plangintza

Udalbiltzaren 2018-2021erako plangintzako proiektuak zertan diren ere azaldu zuten Durangoko batzarrean: Ikerbiltza, Hurbiltzen, Hartu-eman, Lurgida, Hauspotu eta Euskal Herriko historiaren memoria gunea. Nazio erakundeak garrantzi handia ematen die euskal lurraldeen arteko saretzeari, burujabetzari eta tokiko garapenari. Burujabetza arloan, garatzen ari da energetikoa, elikadura eta ekonomia soziala. Euskarri turistiko baten egitasmoa ere badu.

Asurmendik elkarlanaren beharra nabarmendu zuen aginte makila hartu berritan: «Udalgintzatik garapenaren eta burujabetzaren bidean, urratsak egin daitezkeela konbentzituta gaude. Horretarako, udalen, hautetsien, erakundeen eta eragileen arteko lankidetza premiazkoa da, denak bat eginez eta elkartasunean, zubiak eraikiz, esperientziak zein ezagutzak partekatuz, senidetzeak bultzatuz; azken batean, Euskal Herria eginez».

Ima Garrastatxu Durangoko alkate eta udalbiltzakidearen hitzaldi batekin hasi zen bilkura, eta AMI independentziaren aldeko Kataluniako udalen elkarteko presidente Josep Maria Cerverak hitzordurako igorritako bideo bat ikusi zuten bertan bildutako hautetsiek.

Omenaldia Udalbiltzan aritutakoei

Durangoko ekitaldian omenaldi bat egin zitzaien Udalbiltzaren sorreratik egondako batzordekide, langile eta auzipetuei. Haietako zenbait bertan izan ziren.

EAJ, EH, EA, AB eta talde independenteetako hautetsiek sortu zuten nazio instituzioa, 1999ko irailean Lizarra-Garazi akordioaren garaian. Ituna bukatu zenean, bitan zatitu zen Udalbiltza —EAJ eta EAkoena zegoen, batetik, eta ezker abertzalekoena, bestetik—, eta, gainera, Espainiako Auzitegi Nazionalak ezker abertzaleko hautetsiez osatutakoaren aurkako epaiketa egin zuen. Absoluzioa eman zuen 2011n. Handik bi urtera, nazio erakunde berrantolatua aurkeztu zuten, batez ere Bilduko eta EH Baiko hautetsiez osatutakoa. EAJk duela bost bat urte bukatu zuen Udalbiltza-Udalbide erakundearekin baina Udalbiltza bazterrean uztea erabaki zuen.

 

Momentu honetan estatuak martxan jarri duen inboluzio demokratikoari aurre egitea helburu duen hitzarmen bat eskaini die EH Bilduk PNVri eta Elkarrekin Podemosi. "Herri izaerako konpromisoa, salbuespenezko une batean" izenburupean aurkeztu du EH Bilduk proposamena, eta, horren bidez, Nafarroan eginiko itunaren tankerakoa gauzatu nahi dugu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere. Gainerako bi indar politikoek hala onartuz gero, EH Bildu prest agertzen da Jaurlaritzaren eta hiru herrialdeetako aldundien egonkortasuna eta gobernabidea bermatzeko, eta beharrezkoa balitz baita Gobernu ardurak hartzeko ere.

DPaUB4PX4AIAgPp

EH Bilduko zuzendaritza eta aurpegi ezagunak bildu ziren proposamenaren aurkezpen ekitaldian.

EH Bilduk eskaintza honen aurkezpen publikoa egin zuen pasa den ostiralean Bilbon. Hiru ardatz ditu testuak, Maddalen Iriarte eta Arnaldo Otegi bozeramaileek azaldu zutenez: autogobernua, eskubide sozialak eta bakegintza. Ditugun desadostasunak ez ditugu desagerrarazi nahi; bat gatozen horietan adostasunak finkatu eta, hortik abiatuta, aurrera egitea litzateke helburua.

Autogobernuaren alorrean, atxikimendu askean eta aldeen arteko berdintasunean oinarritutako harreman bat nahi du EH Bilduk Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Espainiako Estatuaren artean, eta Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean oinarrizko akordio bat lortzea proposatzen diegu PNVri eta Elkarrekin Podemosi. Halaber, gure nahia da autogobernuaren eraikuntzarako ereduan, eragile sozialek, ekonomikoek eta akademikoek parte hartzea bermatua izatea. Funtsean, eskaintza honek «autonomiaren markoa gainditzen du», Maddalen Iriarteren arabera.

Eskubide sozialei dagokienez, EH Bilduren asmoa ongizate gizartearen oinarrian dauden zutoinen inguruan akordioak artikulatzea da, era horretara, pertsona guztiei eskubide guztiak bermatzeko. Ados jartzeko alor zehatzen artean, aipatzekoak dira, besteak beste, kalitatezko enplegu duina, zerbitzu publikoak, sektore produktiboak eta zerga justuak. Bakegintzan, berriz, biktima guztiak aintzat hartuko dituen egia, justizia eta erreparazioa lortzeko plangintzarekin gainditu nahi ditugu gatazkaren ondorioak: preso eta iheslariei dagokienez, bide orri argi eta eraginkor baten bidez amaitu nahi dugu, presoek eta beren familiek pairatzen duten salbuespenezko trataera juridikoa; Iriarteren hitzetan, «betiere, gure memoria historikoari begiratu sakona emanez eta espiritu autokritikoa eta enpatikoa izanda besteen sufrimenduarekin».

CTMXN4iP

Maddalen Iriarte eta Arnaldo Otegik egin zuten proposamenaren aurkezpena

Bide luzeko eskaintza

Honakoa ez da proposamen koiunturala, bide luzekoa baizik, eta irekiko diren agertokien aurrean hobeto prestatuta egoteko akordioa dela pentsatzen dugu. Ildo horretan, Nafarroako Gobernua babesten duen hitzarmena jartzen dugu adibide gisa: Alderdi politiko batzuek beren herritarrak errespetatzen ez dituztenean, aniztasunaren aurka aritzen direnean, konpromiso serioak eta errealak har daitezkeela erakutsi dute Nafarroako aldaketaren aldeko indar politikoek.

Aurkezpenaren bideoak (euskaraz eta gaztelaniaz)

https://www.youtube.com/watch?v=cpBVnpF5JXU&feature=youtu.be

https://www.youtube.com/watch?v=yToT7WD5Vn0&feature=youtu.be

 

Euskal herritarron bizi baldintzek okerrera egiten dute eta Espainiako Estatuaren inboluzioa gero eta indartsuagoa da. Hala ere, Urkulluren Gobernua paralisi fase batean dago, iniziatiba galduta eta arazoei aurre egin ezinik. Egoera kezkagarri hori ikusita, EH Bilduk ekimena hartu du eta, datozen hilabeteetan, agenda soziala markatuko du Legebiltzarrean aurkeztuko dituen hainbat proposamen sozialekin. Pentsiodunei, emakumeei, gazteei edota langile eta langabetuei bideratutako neurriak izango dira, eta Bizitza Hobea lelopean aurkeztutako kanpainaren baitan kokatzen dira. Maddalen Iriarte bozeramaileak, Nerea Kortajarena eta Iker Casanova legebiltzarkideekin batera, Bizitza Hobea kanpaina aurkeztu du gaur Legebiltzarrean.

Iriartek azaldu duenez, “Espainiako Estatuaren inboluzioari buruz hitz egiten dugunean, inboluzio politikoaz gain, inboluzio sozialaz ere ari gara. Izan ere, azken urteotan Madriletik etorri diren murrizketa sozialek lurrikara bat eragin dute eta hankaz gora jarri dute gure ongizatea”. Horren adibide dira pentsioen jaitsiera eta Lan Erreforma.

Hain larria den egoera honetan, Jaurlaritzak ez du lidergoa hartzen herritarrak babesteko: “Nahiz eta murrizketen epizentroa Madrilen egon, lurrikara horien erreplikak hemen ere egon dira. Urkulluren Gobernua mutu ikusi dugu eta, askotan, konplize, hemen ere Eusko Labeldun murrizketak eginez”. Espainiako hauteskundeen atarian gauden honetan, EH Bilduk etorkizun iluna ikusten du.

Iker Casanova, Maddalen Iriarte eta Nerea Kortajarena legebiltzarkideak "Bizitza Hobea" dokumentua aurkezten

Maddalen Iriartek adierazi duenez, “gure eskubide sozialen kontra dauden indar atzerakoiak indartzen ari dira Estatuan, eta Gobernu ahul, pasibo eta mutu batekin ezin izango diegu aurre egin”. Beraz, EH Bildu Madrilera joango da: “Asko izango gara Kongresuan eta erabakigarriak izango gara. Baina argi izan behar dugu Espainiako inboluzioaren aurrean aktibatu egin behar dugula hemen ere, eta gure instituzioetatik erantzun behar dugula, tinko, gure eskubide sozialak babestuz eta indartuz, berdinen arteko errepublika bat eraikitzeko”.

Gauzak horrela, EH Bilduk agenda soziala politikaren erdigunean jartzeko hainbat ekimen prestatu ditu hemendik ekainera bitartean eztabaidatu daitezen. Bizitza Hobea lelopean, herritarron alde egingo duten neurriak daude, Espainiatik datorren korronte atzerakoiaren aurrean, gure eskubide sozialak handitzeko.

Iriarteren hitzetan, “lidergo soziala hartuko dugu euskal herritarrek Bizitza Hobeak izateko. Zeren, Espainiaren aurrean paralizatuta eta mutu dagoen Gobernu bat ez da gai izango Madriletik datorren inboluzioari aurre egiteko”.

Iker Casanovak Legebiltzarrean aurkeztuko diren ekimen sozial horien berri eman du, nagusiki lan merkatuarekin eta babes sozialarekin lotuak:

1. 1.200 euroko gutxieneko soldata

2. Pentsio baxuekin bizi diren emakumeen Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren izaera indibiduala garatzea

3. Gazteen prekarietatearen kontrako talka plana

4. Iraupen luzeko langabetuentzako talka plan iraunkorra

5. Kontziliazio eta erantzunkidetasun politika berrietarako lau urterako plana.

6. EHUko doktore ez diren ikertzaileentzako 1.200 euroko gutxieneko soldata

7. Euskal autogintza sektorea aztertzeko eta sendotzeko ponentzia

8. Aiaraldea errekuperatzeko eta suspertzeko ponentzia

9. Soldata arrakalarekin amaitzeko neurriak

10. Klausula sozialak kontratu publikoetan txertatzeko Legea

11. Enpresen deslokalizazioari aurre egiteko Legea

12. Euskal enpresak errotzeko finantza neurriak

13. Emantzipaziorako etxebizitza proiektu eraldatzaileak

14. Osakidetzako egiturazko arazoak konpontzeko ekimenak

Lehenengo ekimena bihar bertan eztabaidatuko da. Izan ere, EH Bilduk Osoko Bilkuran proposatuko du Jaurlaritzak konpromisoa hartzea eta aktiboki sustatzea, eragile sozio-ekonomikoekin, EAE mailako lanbide arteko akordio bat 1.200 euroko gutxieneko soldata indarrean sartzeko. Casanovak azpimarratu duenez, “Espainiako 900 euroko gutxieneko soldata ez da nahikoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hemengo bizitzaren kostea Estatukoa baino handiagoa delako. Beraz, hemengo langileak Estatukoak baino pobreagoak izango dira soldata horrekin. Horren parekoa litzateke EAEn 1.200 euro ezartzea”.

Bestetik, Nerea Kortajarena legebiltzarkideak aurreratu du apirilean Osoko Bilkuran defendatuko duen proposamen bat. Hain zuzen, iraupen luzeko langabetuentzako talka plan iraunkor bat eskatuko du: “Errealitate hori kronifikatzen ari da eta pertsona asko egoera kritikoan daude. Ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzak iraupen luzeko langabetuen aldeko neurriak hartzea, ezin dugulako ahantzi Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan langabetuen %64k ez duela inolako prestaziorik jasotzen”.

 

 

 

 

Euskal Herriko Eskubide Sozialaren Kartan parte hartzen duten eragileek ekitaldi bat egin zuten pasa den asteartean Gasteizko, Mendizorrotzan, “Aurrekontu burujabe, sozial eta parte hartzaileen alde!” leloarekin. ELA sindikatuko Txiki Muñoz eta LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu izan ziren ekitaldiko hizlari nagusiak, beste hainbat ordezkariren artean. LABeko ordezkariaren hitzetan, Eusko jaurlaritzak 2018rako aurkeztutako aurrekontuak “ez dira burujabeak, ez dira sozialak eta ez dira parte hartzaileak”.

Aurrekontuak zein testuingurutan aurkeztu dituzten azaldu zuen lehenik Garbiñe Aranburuk. Inboluzio bikoitzaz hitz egin behar dela aipatuz: soziala eta politikoa. “Krisi ekonomikoa esparru sozialean inboluzioan sakontzeko aitzakia paregabea izan da. Erreformak eta murrizketak bata bestearen atzetik inposatu izan zaizkigu, konstituzioa bera erreformatu zuten zorraren ordainketa guztiaren gainetik jartzeko. Orain arduradun instituzionalek eta baita patronalak ere, mezu lasaigarriak bidali nahi dizkigute. Errekuperazioaz hitz egiten digute, hazkundea bereganatzen dutenek, xoxak poltsikoratzen dituzte berberek. Prekarietate eta pobreziaz hitz egiten jarraitzen dugu hemen gauden sindikatu eta mugimendu sozialok, baita herritarren gehiengoak ere”, adierazi zuen.

Mendizorrotzako ekitaldian testuinguru politikoari ere egin zitzaion erreferentzia: “Inboluzio politikoaz hitz egin behar dugu. 155.en artikuluarekin urrats bat harago joan da Estatua, birzentralizazioaren aldeko apustu argia agerian geratuz. Estatuak herri katalana eta bertako instituzioen aurka errepresioa erabili du. 155. artikulua, Espainiako Estatuaren norabide autoritarioaren adierazlerik nagusiena izan da. Guztiak balio du Espainiaren batasuna mantentzeko. Batasun hori guztiaren gainetik dago, baita horretarako eskubide zibil eta politiko oinarrizkoenak ere zapaldu behar badira”.

Garbine2

Demokrazian bizi garela eta bide baketsu eta demokratikoetatik proiektu politiko guztiak bideragarriak direla askotan entzun izan dela ekarri zuten gogora Eskubideen kartako ordezkariek, eta baieztapen hori Katalunian gezur biribila dela agerian geratu dela salatu zuten: “Espainiako Estatuak ez du erabakitzeko eskubidea ez onartzen, ez errespetatzen. Eta guk erabakitzeko eskubidea nahi eta behar dugu. Eraldaketa sozialik ez dago, bizitza erdigunean jarriko duen eredu ekonomiko eta sozialik ez dago, erabakitzeko eskubiderik gabe, burujabetzarik gabe”.

Ildo honetan, LABeko idazkari nagusiak jakinarazi zuen PNV eta PSOEk zuzentzen duten Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontu proiektuak ez dituela oinarrizko eskubideak bermatzen: “Osasuna, hezkuntza, babes soziala edota etxebizitza bermatzen ez dituzten aurrekontuak dira. Aberastasun banaketa orekatuagorik ekarriko ez duten aurrekontuak dira. Berriro ere, PNVren gobernuak aurrekontu neoliberalak nahi ditu. Elite ekonomikoen neurrira eginiko aurrekontu proiektua aurkeztu dute berriro ere”.

Diru bilketaren afera ez dela konpontzen azpimarratu zuten sindikatu ezberdinetako ordezkariek, eta ez dela euskal gizarteak behar duen zerga erreformarik egiten. Hain zuzen ere, zorraren ordainketak lehentasuna izaten jarraitzen duela salatu zuten:

-Zor publikoa amortizatzeko erabiliko duten dirua kenduta, hazkundea %1ean, BPGren hazkunde aurrikuspena baino nahiko beherago, urri.

-Politika publikoetara bideratuko den dirua ez da nahikoa, zerbitzu publiko eta prestazio sozialetan izandako murrizketak mantentzen dira.

-Enplegu eta politika sozialetara doan dirua oso urria da. Aurrekontuen %0,7 bakarrik.

-Aurrekontu hauek genero ikuspegia ez dute kontuan hartzen, zaintza lanek aitortu gabe jarraitzen dute.

-Garapen ekonomikoari dagokionez, AHTak jarraitzen du apustu nagusiena izaten eta bertara bideratzen da diru gehien.

Gainera, aurtengoak ere ez dira aurrekontu parte hartzaileak: “Langileoi hitza eman ezkero, aurrekontu hauek ez ziren posible izango. Aberastasuna langileok sortzen dugu gure lan indarrarekin, eta gero eta zati handiagoa eramaten du kapitalak. Langileok zilegitasun eta eskubide osoa dugu sortzen dugun aberastasuna nola banatu erabakitzeko. Eztabaida eta erabakien parte izan nahi dugu”.

Akordioei dagokienez, PNV, PSE eta PPren babesa bilatzen ari dela kritikatu zuten gehiengo sindikaleko bozeramaileek: “Testuinguru politikoa kontuan hartu gabe eta ohiko negoziaketa moduan planteatu nahi da aurrekontuen akordioa, baina badakite ez gaudela ohiko testuinguru batean. Guretzat ez da bateragarria, erabakitzeko eskubidea defendatzen duela esaten duen alderdi batek, erabakitzeko eskubidea, inboluzio demokratikoaren bidetik ukatzen duten alderdiekin akordioak egitea”.

Hau guztiagatik, aurrekontu hauek atzera bota behar direla adierazi dute denek. “Jarraitu behar dugu, salatzen, mobilizatzen eta interpelatzen. Badago aberastasun nahikoa eta beste aurrekontu batzuk posible dira”.

Ekitaldia amaituta, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko ekintza sinboliko bat egin zen eta bertaratutakoek boto txartelekin bozkatzeko aukera izan zuten. Aurrekontu sozialak nahi dituztela adierazi zuten aho batez.

Manifestazioa

 Ekitaldiaren ondoren, Gasteizko kaleetan zehar manifestazio bat egin zuten eragile guztiek, aurrekontu burujabe, sozial eta parte hartzaileak aldarrikatuz

 

Euskal Herriko mugimendu feministako hainbat ordezkarik pasa den martxoaren 8ko greba feministaren balorazio publikoa egin zuten Donostian. Hau da kaleratu duten oharra bere osotasunean:

2019ko GREBA FEMINISTAREN BALORAZIOA

Iragan den martxoaren 8an, trans, bollera eta emakumeok lan guztiak egiteari utzi genion eta Euskal Herriko kaleak gogor astindu genituen, gure herriak aldarrikapen, ekintza eta elkartasun feministaz betez. Grebak jarraipen masiboa izan du, zenbaezina da herriak kalea hartzean duen indarra, horregatik ez dago zifrarik martxoaren 8an gertatutakoa jasoko duenik. Aurten, arrakasta kuantitatiboaz gain, jauzi kualitatiboa eman dugu gure aldarrikapenak eta oinarri politiko feminista, antikapitalista eta antiarrazistak sendotu ditugulako.

Zorionak modu batean edo bestean hori posible egin dugun guztioi. Gainera, M8ko greba feminista nazioartekoa izan da, 140tik gora batu baikara borroka egun honetara. Heteropatriarkatu kapitalista sistema globala da eta herrien burujabetza ezinbestekoa den bezala, behar-beharrezkoak ditugu elkartasun nahiz aliantza internazionalistak.

Aurten, grebaren antolaketa deszentralizatua lehenetsi dugu. Jendarte feminista bat auzo, herri eta talde bakoitzak bere errealitate zehatzak eraldatzean eraikiko dugulako. Baina, Euskal Herri mailan koordinatu gara, argi baitaukagu indarrak batzea eta aliatzea dela gure bidea, eta herri gisa eraiki nahi ditugula alternatibak. Horrela, eraldaketarako eragile nahiz subjektu anitzak batu gara: talde feministak, etxeko langileen elkarteak, sindikatuak, emakume* migranteen taldeak, baserritarrak, ikasle eta gazte taldeak… Elkarrekin ahaldundu eta politizatu gara, eta hori da gure garaipen nagusia.

Zapalkuntza guztiekin amaitzeko, gure iraultza heteropatriarkatu kapitalista eta kolonialistak sortzen dituen bazterretatik eraikitzen da. Horrela, gaueko hamabietan hasita, 5 ardatzetan egituratutako grebari ekin genion . Egunean zehar hamaika ekintza burutu genituen: gauak eta kaleak gureak direla aldarrikatzeko, enpresa handien aurkako piketeak, etxeko langileen lan eskubideak aldarrikatzeko eraikin publikoen okupazioa, politika migratzaileen aurka, (in)justizia patriarkala salatzeko, faxismoaren aurkako ekintzak, eliza seinalatzeko etab.

Mugimendu feministako kideak Donostian egindako agerraldi publikoan

Azken astean harriduraz jaso ditugu emakumeon* bizi eta lan baldintza prekarioen arduradun zuzenak diren Nafar Gobernu eta Eusko Jaurlaritzaren, Iberdrola bezalako enpresa handien edota patronalen adierazpenak grebara batuz. Hauei guztiei ez diegu keinu sinboliko gehiagorik egitea onartzen, gure aldarrikapenak arduraz entzun eta horiek gauzatzeko konpromisoak har ditzatela nahi dugu. Ekintza, politika eta aldaketa feminista errealak nahi ditugu, eta ez dugu onartuko kapitalaren edota gizon batzuen interesek jarri dezaketen inongo toperik.

Urrats handia eman dugu baina urrun gaude gure helburuetatik. Urrun gaude emakumeok* dohainik egiten ditugun lanak sozializatzetik. Beraz, grebak azaleratzen dituen gatazketan sakontzen jarraituko dugu. Zaintza sistema publiko eta doakoa nahi dugu, baita emakumeon enplegu prekarioarekin amaitzea ere. Hala ere, gaur egungo Euskal Herriko erakunde nagusietan aurrera eramaten diren politikek merkatuaren etekinen menean jarraitzen dute eta emakume* langileon esplotazioa indartzen dute. Egun, Euskal Herrian dugun familia eredua logika patriarkaletan eraikitzen da, zaintza lanak feminizatuz eta pribatizatuz, eta bereziki emakume arrazializatu nahiz migranteon esplotazioan oinarrituz. M8 honetan, oraindik ere, emakume* langile askok ezin izan genuen gure greba eskubidea gauzatu, egoera zaurgarrienetan egoteagatik. Jakina denez, indarkeria patriarkala gogorki pairatzen jarraitzen dugu, sexu erasoetan, eraso lesbofoboetan, bazterkeria kapazitistan, erailketa patriarkaletan, jazarpen transfoboetan, edertasun hegemonikoan eta sistemak behin eta berriz menpeko lekuan kokatzen gaituen bakoitzean.

Horregatik, bizitzak erdigunean jarriko dituen paktu sozial berri bat eskatu dugu ozen. Gure lurraldeetan eta gorputzetan burujabe izateko. Lana eta aberastasuna modu justuan birbanatzeko. Bazterreko subjektuok, gure aurkako biolentziarik gabe, aske izan ahal izateko. Euskal Herriko Mugimendu Feminista konfrontaziorako eta sistemari sakoneko alternatiba bat eraikitzeko indarra da: ultraeskuina eta arrazismoaren gorakadaren aurrean, kapitalismo autoritarioaren berrarmatzearen aurrean, bizi baldintzen sakoneko prekarizazioaren aurrean, planetaren kolapso ekologikoaren aurrean, feminizidioen aurrean… tinko gaude, eta ez gaituzue geldituko!!!

Lanaren kontzeptu klasikoa eraldatzeko asmoz, bizitzako eremu guztietan kokatu dugu greba, bost ardatz bereiziz:

PENTSIONISTAK:

Merkatuaren logikari jarraituz, enpleguan aktiboki ez dabilena gastu gisa hartzen da, eta, pentsionisten kasuak erakusten digun moduan, pentsio-sistema pribatu eta prekarioa zabaldu nahi digute. Erretiro pentsio baxuenak ditugunak emakumeak* gara. Lan feminizatuak eta bereziki zaintza lanak aintzat ez hartzearen ondorio zuzena da hori. Horregatik, Emakume* pentsionistok greba egin genuen, gurea ere borroka feminista delako, eta gure aldarrikapenekin kaleak hartu genituen.

KONTSUMOA:

Martxoaren 8an, diru-truk inolako kontsumorik ez egiteaz gain, kontsumo-ereduaren inguruko kritika plazaratu genuen, eta horren kontraesanak azaleratu: kontsumitzen dugunaren atzean dauden lan-baldintzak, generoaren araberako bereizkeriak, beste herrien esplotazioa, bertako oihal produktiboaren ahultzea… Horregatik, multinazionalen aurkako ekintzak eta politika kolonialistak salatzeko ekintzak burutu genituen. Horretaz gain, egunean zehar herri eta auzoetako dendekin egin diren lanketak, bazkari autogestionatuak eta kontsumo taldeen garrantzia azpimarratu nahiko genituzke.

IKASLE-GAZTE:

Ikasle eta gazteak langile estatusetik alboratuak gara, eta, aldi berean, lan-baldintza prekarioetara bideratuak gara, bereziki neska* gazteak. Hezkuntzaren pribatizazioaren lehenengo kaltetuak gara. Horregatik, prozesuan zehar ikasle eta gazteontzako aldarrikapen propioak kaleratu ditugu: hezkuntza sistema hezkidetzailea, kalitatezko sexu-heziketa integratzaile eta inklusiboa hezkuntzaren etapa guztietan, anitzak baikara, ikastetxeetan ematen diren jarrera matxista, sexista zein LGTBIQ+ fobikoen aurrean neurriak hartzea, edota hezkuntza eremuan murrizketa gehiagorik ez egitea!

Hezkuntza aparatuak, sistema kapitalista heteropatriarkalaren birprodukziorako mekanismo gisa funtzionatzen du. Kurrikulumean, edukietan, metodologietan… Ez soilik ageria ditugun liburu edo ikasgeletan, baita ezkutuko kurrikulumean ere. Horregatik, greba feministak, martxoaren 8an hezkuntza sistema gelditu du.

Aipamen berezia egin nahi diegu martxoaren 8aren bueltan, feminismoaz hausnartu eta hezi guneetan eragiteko neska* gazteok sortu ditugun hamarnaka espazio eta talde feministei, gure buruak ahalduntzetik haratago, amesten dugu herri zein hezkuntza sistema gaurdanik eraikitzen ari baikara. Gora neska* gazteon borroka!

SOLDATAPEKO LANA

LAN ESPARRUAN ERE GREBAK JARRAIPEN ZABALA IZAN DU

Ostiraleko greba feministaren inguruko balorazio oso baikorra egiten dugu lana eta enpleguaren mundutik.

Greba historikoa izan da berriz ere. Ohiko greba batetik haratago joan gara, enpleguaren esparrua gainditu eta lan guztiak aitortze aldera. Zaintzaren lana ere erdigunean jarri da aurten ere.

Enpleguaren ardatzean, gehiengo sindikalak + CNT eta CGTk deituriko 24 orduko greba orokorraren jarraipena oso zabala izan da. Zaila da datu zehatzak ematea, ez ohiko greba delako eta emakumeak bakarrik deitu ditugulako grebara. Aipatzekoa da ere, Euskal Herrian lehen aldiz lan munduan egin den emakumeon greba orokorra izan dela aurtengo matxoak 8koa.

Sektore feminizatuetan izan duen jarraipena nabarmendu nahi dugu bereziki. Irakaskuntza publikoan zein itunpekoan, ikastoletan, ikastetxeetako jantokietan, erresidentzietan, kontserberetan eta garbikuntza alorrean esaterako emakume gehienek egin dituzte lanuzteak.

Etxez etxeko laguntzan ere jarraipena itzela izan da beraien aldez aurretik piztutako borrokari segida emanez.

Bestelako zerbitzu batzuetan ere jarraipena oso garrantzitsua izan da: telemarketing, merkataritzan, komunikabideetan, udalak, polikiroldegiak…

Aipatzekoa iruditzen zaigu, era berean, emakumeak gutxiengoan dauden sektore batzuetan ere, industrian adibidez, emakumeek lanuzteak egin dituztela: CAF, Eaton…

Aipamen eta aitortza berezia eman sektore feminizatu prekarioenetan lan greba egin duten emakumeei. Badakigu zein zaila den sektore batzuetan greba egitea eta batzuk ere ezin izan dutela beraien greba eskubidea gauzatu. Zerbitzu minimoetan egon diren emakume askok ere ezin izan dute lan grebarik egin.

Eguerdiko mobilizazioak ere oso handiak izan dira. Dozenaka mila emakumek parte hartu du Euskal Herriko hiriburu eta herri gehienetan.

Guzti honek garbi erakusten du emakumeen antolakuntza eta borroka ezinbestekoak direla emakumeen diskriminazio egoerak gainditzeko eta feminismoaren garaia dela ozen esateko. Lan munduan ere.

Sindikatuok eta lan munduko ordezkariok enpleguaren ardatzean egiten genituen aldarrikapenak berresten ditugu. Greba honek aldarrikapen batzuk serio hartzeko balio izaten ari da, erantzunkizun zehatzak dagozkien erakunde batzuk beraien gain ardurak har ditzaten eta ez dezaten beste albo batera begiratu. Eta batez ere, bizitza erdigunean jarriko duen Euskal Herri libre eta feminista baten aldeko borrokan emakume* guztiok batera jarraitzeko.

ZAINTZA:

Zaintza-lanak izan dira aurtengo M8aren ildo nagusia, doakoak nahiz soldatapekoak izanda ere horiek eremu produktiboan kokatu ditugularik. Trans, bollera eta emakumeon grebaren bitartez, zaintza-lanak alboratzeak suposatzen dituen berezitasunez jakitun, horiek gizonengan kokatzea izan da xedea. Are gehiago, ardura pribatua gaindituz, zaintza gune kolektiboak eraikitzeko deia egin zaie gizonei. Milaka emakumek* ez dugu inolako etxeko nahiz zaintza lanik egin eta aurrekari interesgarriak dira lan horien inguruan eta bidean sortu ditugun gatazkak, antolaketak nahiz akordioak. Hala ere, jakitun gara emakume, bollera eta trans batzuk ezin izan dituztela zaintza lan guztiak utzi, dependentzia egoeran dauden pertsonen zaintza haien ardurapean egon delako.

Bizitzaren beharrak pribatizatuz kapitala metatzen duten enpresari eta politikariak salatu ditugu, bereziki emakume* langileon esplotazioa baliatuz etxeko nahiz zaintza lanetan negozioa egiten dutenak. Sektore horietan, M8an greba egiteaz gain, borroka-sektore zehatzagoetan gabiltzan emakume* grebalariok indarrak hartu ditugu. Heteroarauan sartu nahi ez dugunak baztertuaz eraikitzen diren familia eredu nuklearrak arbuiatu ditugu. Arrazakeria eta politika xenofoboak salatu ditugu, eta horien funtzio ekonomikoak azpimarratu. Zaintza-lanetan oso agerikoa egiten da egoera hori, etxeko barneko langileen % 97 migranteak baikara, eta indar batez aldarrikatu dugu figura horren desagerpena.

Bukatzeko, salatu nahiko genuke greba feministan zehar Euskal Herrian 60 emakume* identifikatutik gora egon zirela eta leku askotan poliziak grebalarien aurka izandako jarrera oldarkorra.

Aurrera goaz, geldiezinak garelako. Zorionak EHko Mugimendu Feministari, aliantzak ehunduz elkarlanean aritu garenoi, eta Mugimendu Feministari aitortza eginaz, greba feministaren oinarriak aurrera eraman ditugunoi.

GORA BORROKA FEMINISTA!

Pasa den larunbatean Udalbiltzaren Batzar Nagusia egin zen Hernaniko Orona-ko antzokian. Euskal Herri osoko bazter guztietatik etorritako ehundaka alkate eta zinegotzik parte hartu zuten eta nola ez, Amasa Villabonako EH Bilduko udal taldearen ordezkaritza ere bertan izan zen. Batzarrak bi ordu inguruko iraupena izan zuen eta datozen urteetan Udalbiltza erakundeak zein norabidetan lan egingo duen zehaztea lortu zen.

Euskal Herriko (batez ere errealitate administratibo ezberdinetako) hautetsien eta Hegoalde-Iparralde eragileen saretze dinamikak aipatu ziren, Ikerbiltza eta Hurbiltzen egitasmoetan sakontzea, Esperientzien Bankua bultzatzea eta EHNA berrindartzea, gaur egungo egoerara egokituta.

Udaberrian hasitako "Udalbiltzan Bagabiltza" gogoeta prozesauri amaiera eman dio Udalbiltzak

Eztabaida prozesu aberats eta zabal honetan 600dik gora hautetsik parte hartu zuten eta Amasa Villabonako EH Bilduko zinegotziek Tolosaldean egindako saioetan parte hartu zuten. Prozezuaren ondorioak biltzen dituen dokumentuan, Udalbiltza sortu zeneko 1999ko printzipioak berregokitzea proposatzen da, eta berregokitze edo aldaketa horiek bozkatu ziren pasa den larunbateko Batzar Nagusian.

EH Bildu Amasa Villabona erabiltzailearen argazkia.

Larunbatean Hernanin egin zen Udalbiltzaren Batzar Nagusiko ikuspegia

Bestalde, Batzarrak datorren hamarkadarako jorratuko diren lan ildo nagusiak zehaztu zituen. Luis Intxauspe, Hernaniko alkatea, Udalbiltzako lehendakari gisa berretsia izan zen eta bere diskurtsoan, gaur egun Udalbiltza behar beharrezkoa dela eta datozen urteotan Euskal Herriaren kohesioan sakontzeko, lurralde poltika nazionalak egiteko eta Euskal herria Euskal Herriago izan dadin, beharrezkoa izaten jarraituko duela azpimarratu zuen. Intxauspek azaldu zuen Udalbiltzak egiten duen ikuspegi nazionaleko politika, ez duela beste inongo admnistraziorik egiten eta horregatik Udalbiltza tresna eraginkorra izan litekeela administrazizoen arteko politika bateratuak adosteko orduan. Intxauspek, Udalbiltzatik administrazioen arteko zubiak eraikitzen jarraituko dutela nabarmendu zuen eta Euskal Herri osoko hautetsi eta administrazioen arteko harremanetan sakontzen lan egingo dela, helburua Euskal Herri mailako lurralde politikak bultzatzeko sinergiak sortzea baita.

Udalbiltzan Bagabiltza gogoeta prozesuan 600 lagun inguruk parte hartu dute, gehienak hautetsiak baina baita hautesi ohi, gizarte eragile eta herriatarrak. Hautetsiak 201 herri eta 23 eskualde desberdinetakoak izan dira. Eskualdeka izan dira prozesuak, gehienetan 3 saiokoak; beste batzuetan buruz burukoen bidez. Guztira 50 saio eta 30 buruz buruko baino gehiago egin dira. Herrialdez herrialde, eskualdez eskualde.

Nazio Batzorde Eragile berria

Batzar honetan bertan bozkatu zen Udalbiltzaren Batzorde Eragile berria, eta partaideek bere babesa eman zioten lan talde eraberrituari.

Hamairu kidek osatzen dute: Nekane Garaigordobil (Legutioko alkatea), Jon Arriola (Berriatuako alkatea), Izaskun Guarrotxena (Bilboko zinegotzia), Jabi Asurmendi (Arakaldoko alkatea), Haizea Isasa-Mendez (Gamarteko zinegotzia), Patricia Perales (Iruñeko zinegotzia), Oihan Mendo (Garesko alkatea), Mikel Zabaleta (Leitzako alkatea), Alaitz Aizpurua (Usurbilgo zinegotzia), Andoni Gartzia (Astigarragako zinegotzia) eta Xebax Christy (Hazparneko zinegotzia). Maite Iturre, Baztango zinegotzia, lehendakariordea izango da.

Euskal Herri mailan, udalerrien eta herritarren artean elkartasun sare zabala osatzen duten egitasmo eta elkarlanak bultzatzeko konpromisoa agertu zuten Udalbiltzako Batzorde Eragileko kideek. Horrez gain, Udalbiltza erabilgarri eta funtzionalagoa izan behar dela aldarrikatu zen. Euskal Herria eraiki eta kohesionatzeko baliagarria, egunerokotasunean lagundu eta gauza konkretuetan nazio eta herri ikuspegiaren lanketan lagunduko duen erakunde indartsua.


LUIS INTSAUSPE UDALBILTZAKO LEHENDAKARIARI ELKARRIZKETA

2016ko otsailean aukeratu zuten Udalbiltzako lehendakari Luis Intxauspe (Hernani, Gipuzkoa, 1972), eta pasa den larunbatean karguan berretsi zuen Hernanin bertan izandako Udalbiltzaren Batzar Nagusiak. Gogoeta urtearen ostean, instituzioaren «erronkak» ditu mintzagai, baina «ilusioz» begiratzen dio geroari: «Lana, erronka handiak eta ilusioa dauzkagu, talde ona antolatu dugu, gauzak argi ditugu... beraz, lanera».

LUIS

Zerorrek jarraituko duzu lehendakaritzan. Zein balorazio egiten duzu azken urte eta erdiaz?

2016an hasi ginenean, egitasmo batzuk martxan zeuden, eta guk horiekin lanean jarraitu dugu, baina hasieratik erronka nagusia izan zen Udalbiltzak gogoeta egin beharra zeukala, ikusten genuelako aukera berriak zabalduko zirela hurrengo urteetan, eta horietara egokitu behar zuela. Epaiketen eta arazo legalen fasea bukatu da; egun instituzio publiko eta nazional bakarra da, legezkoa, horrek segurtasun juridiko bat ematen dio, eta, beraz, zabaldu egin behar du, erronka berriei heldu behar die. Aztertzen ari gara, udalez gain, kontzejuek eta herriko etxeek parte hartzea. Horrek lurralde osoan hedatzea eragingo luke, eta instituzio guztiekin zubiak eraikitzea. Garai berri batean gaude, eta lan egiteko modu berri bat behar dugu.

Hautetsi, herritar eta eragileen iritziak jaso dituzue. Zein da Udalbiltzaz dagoen iritzia?

Hautetsien artean atxikimendu handia nabaritu dugu. Ia 1.000k osatzen dugu Udalbiltza, eta prozesuan parte hartu dute 471k. Gai batzuei buruzko eztabaidak mamitsuak izan dira. Herritarren ekarpenak puntualagoak izan dira, proiektu zehatzen ingurukoak; kasu askotan, Udalbiltza EHNArekin lotzen da. Eragile askok, berriz, Udalbiltzaren beharra ikusten zuten, instituzio publiko nazional bakarra izanik, administrazioen joskeran.

EHNAri buruzko kezka hautetsietatik dator? Edo herritarren ekarpenetatik?

Bileretan asko eztabaidatu da EHNAz, haren erabilgarritasunaz, funtzioaz, balioaz... presentzia handia izan du, lurralde guztietan, interesgarritzat jo da. Hautetsien eta herritarren aldetik ekarpen asko jaso ditugu gai horren inguruan. Hori da mahai gainean dugun erronketako bat, aztertu behar dugulako zer izan zen bere garaian; eta, berreskuratzen badugu, ikusi behar dugu nola, zergatik, zein baliabide behar diren, zertarako nahi dugun... Lehentasunetako bat da, eta lantalde berriak heldu beharko dio gaiari.

Erakundea sendotu beharra aipatu izan duzu, ekonomikoki nahiz hautetsi kopuruari begira.

Finantzaketa iturri nagusia partzuergoko kide diren udalen kuotak dira. Kuota sistema berrikusi da, antzeman baitugu orain arteko ereduarekin herri txikiek esfortzu handiagoa egiten zutela handiek baino, eta parekatu dugu ahalegin hori. Halere, uste dugu, instituzio publikoa izanik, beste erakunde publikoetatik finantzabideak landu beharko genituzkeela. Halaber, kideen aniztasuna indartu behar da, presentzia lurralde guztietan ahalik eta handiena izan dadin, eta hori modu praktikoan gauzatu behar da. Egun, kolore ezberdinetako kideak gaude, baina lan handiagoa egin behar dugu hor. Bada erronka bat, garai batzuk pasatu direlako eta lan ildoekin eta printzipioekin bat egiten duten udal hautetsi asko egon daitezkeelako.

2013an berrantolatu zen Udalbiltza. Bideaz aseta zaudete, edo gehiago espero zenuten?

1999an sortu zenean, babes politiko zabalarekin eratu zen, perspektiba oso handiekin. Beste garai politiko bat zen. Gerora zatiketa bat egon zen, prozesu judiziala... 2013an martxan jartzean, pentsatu zen Udalbiltza tresna baliagarria izan daitekeela, instituzio publiko nazional bakarra delako. Bagabiltza prozesua horretara dator; Euskal Herriaren elementu kohesionatzaile inportante bat da administrazioaren ikuspegitik. Hori da erronka: aniztasunean lan egitea eta izan zen haren ilusio eta helburuarekin jarraitzea. Ñabardurak ñabardura, printzipioak ez dira zalantzan jarri, eta printzipio horien gainean eraiki zen 1999an aniztasun politiko zabala. Historia gorabeheratsua izan dugu; horregatik diogu fase hori igaro dela, aukera berriak daudela mahai gainean.

2015eko bozen osteko mapa politikoaz zer iritzi duzu?

Gogoeta hasi genuenean, esan genuen helburuetako bat zela Udalbiltzaren egitekoa egungo egoerara egokitzea. 2015ean, aldaketa handia izan zen Nafarroa Garaian, gobernuan baina baita udal askotan ere. Lehen Espainiara begirako indarren nagusitasuna zegoen, eta orain Euskal Herriaren beste lurraldeekin elkarlanean aritzeko sentsibilitate bat dago. Eusko Legebiltzarrean, gehiengo bat dago Euskal Herria esparru gisa onartzen duena, eta Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, Euskal Elkargoa sortu da formalki. Urte luzeko prozesua izan da; subjektu politiko bat lortu da, baina ez da bukaera.

Zein ekarpen egin diezaioke Udalbiltzak une politikoari?

Errealitate horiek aukera ematen dute Euskal Herriko errealitate juridiko eta administratibo ezberdinek elkarrekin lan gehiago egiteko. Aldi berean, egia da administrazio bakoitza berera dagoela. Hortaz, Udalbiltza da lurralde guztietan hedatuta dagoen errealitatea, eta guk saretze hori osatu dezakegu; lagun dezakegu errealitate juridiko horien baturan.

Instituzioaren sendotasuna unean uneko emaitzetara baldintzatuta dago?

Hala ez izatea da erronketako bat. Esaten dugu Udalbiltza kolore politikoetatik haragoko instituzio publiko bat dela, irekia, eta ahalik eta pluralena izan behar duela, eta aniztasun horretan lanean jarraitu behar dugula. Gure erronka da, egitasmo zehatzen bitartez, proiektuekiko atxikimendua eta inplikazioa lortzea. Elkar ezagutu behar dugu; sarri, eskualde bateko herritarrok ez ditugu beste batzuetakoak ezagutzen. UPN edo PPrekin ez dugu ezer lortu, baina gainerako alderdiekin harremana zabaltzen joan behar dugu.

Zein harreman duzue Eudelekin, Euskal Elkargoarekin eta Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioarekin?

Hirurekin elkartu gara, eta bakoitzarekin aztertu behar da zein proiektu motatan egin dezakegun bat. Nafarroan, tokiko entitateen maparekin ari dira, eta esan ziguten itxaroteko, baina badagoela aukera. Euskal Elkargoaren kasuan ere ideia ugari jarri dira mahai gainean, baina garatu, landu eta gauzatu behar dira.

Katalunian, AMI Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkartearekin harremanak landu dituzue, eta hango erreferendumean izan zineten, begirale.

Oso gertutik aztertu dugu Katalunian gertatzen ari dena. Oso rol garrantzitsua jokatu dute han hautetsiek, eta horiek koordinatzen jakin izan du AMIk. Uste dugu prozesuari begira eragile oso inportantea izaten ari dela. Azken batean, udal hautetsiak gara herritarrengandik gertuen gauden estamentua. Alde horretatik, eredugarria iruditzen zaigu udaletatik egiten ari diren lana, eta guretzat baliagarria da irakasgai moduan. Garrantzitsua da Euskal Herrian ere udalak saretzea eta antolaketa komuna aurrera eramatea. Erne egon behar dugu.

Gasteizko Legebiltzarreko Autogobernu Ponentzian lortutako akordioa baloratzeko eta etorkizunerako ikuspegian jartzeko, Arnaldo Otegik eta Maddalen Iriartek adierazpena irakurri dute, Barakaldoko BECeko dorrean.

Adierazpena:

Gasteizko Legebiltzarreko Autogobernu Ponentzian onartu dugun Estatutu proposamena testu juridiko-politiko bat baino askoz gehiago da. Pertsona guztion egunerokoari eragiten dizkiguten gauzei buruz erabakitzeko botere eta burujabetza gehiago eskainiko digun tresna soziala da. Gure bizitzak hobetzeko behar duguna da eta, horregatik, eskubide sozialak gure autogobernuaren ardatz bihurtu ditugu.

• Estatutu berriarekin pertsona guztiek bizitza duin bat egin ahal izateko gutxieneko diru-sarrerak bermatuta izango duten herria eraiki nahi dugu.

• Hezkuntzak eta osasunak blindaje bikoitza izango dute etorkizuneko Euskadin.

• Pertsona guztiok behar dugun zaintza eta ko-ardura bermatuta izango dira.

• Enplegua eskubidea izango da.

• Aniztasun sexualari, erlijiosoari eta kulturalari errespetua ere bermatuta izango dira. Eta, nola ez, akordio honek modu esplizituan jasotzen du emakumeok bizitza duinak, libreak eta osoak izango ditugula, indarkeria matxista eta diskriminazio gabe.

Hauek eta beste asko dira guretzat, gure seme-alabentzat eta etorkizunarentzat nahi ditugun baldintza sozialak eta ekonomikoak. Eta, horregatik, estatus berrian aitortzen da euskal hiritarrak direla eskubide guztien jabe, inor baztertu gabe.

Arnaldo Otegi eta Maddalen Iriarte Adierazpen hau aurkezteko agerraldi publikoan

Irizpide horiek gauzatu ahal izateko, euskal instituzioek aukera izango dute kontsultak eta erreferendumak deitzeko; parte-hartzean sinesten dugulako, bere egunerokoan erabaki ahal izateko herritarrei hitza ematean sinesten dugu. Eta eskubide horiek betetzen direla zaintzeko, botere judizial propioa izan nahi dugu.

Lortu dugun akordioak jasotzen duen moduan, identitate sozio-kulturala daukan herria gara, ezaugarri politiko propioa, hizkuntza propioa eta kultura propioa daukana. Hala, aldebikotasunean oinarritutako harreman berria nahi dugu estatuarekin, hau da, berdinetik berdinerako harremana izan nahi dugu estatuarekin. Harreman berri hori eraiki beharra dago, gaur eguneko mendekotasunean oinarrituta dagoelako. Horrela bakarrik lortu ahal izango dugu gure eskubideak bermatuta izango diren etorkizuna eraikitzea.

Gasteizko Parlamentuaren %75ak lortutako akordioa eredugarria eta transbertsala da. Akordio honek gehiengo berriak eraikitzeko aukerari atea irekitzen dio. Gehiengo berri horiek posible egin behar dute herri honek aurrera egitea, eta geldialdi edo atzeraldi posizioetan mantentzeko erresistentziak gainditzea.

Egindako lanarekin eta lortutako akordioarekin pozik gaude EH Bildun. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan politika beste ardatz batzuen gainean eraikitzeko aurrekari ona dela uste dugu, beti herritarren interesak lehenetsiz eta irizpide horiek burujabetzatik eta bizitzaren eremu guztiei eragiten dien erabakitzeko eskubidetik garatuz.

EH Bildu osatzen dugun guztiok erantzukizunarekin jokatu dugu, egoerak eskatzen duen mailan eta, beti ere, gure herrian bizi diren pertsona guztien ongizateari lehentasuna emanda. Etorkizunerako ikuspegiarekin eta herritarren borondateari bidea irekiz, inolako txantaje legalik gabe.

Euskal Herria Bilduk aurrera egitearen alde egiten du. Herri eta gizarte bezala beste aurrerapauso bat egin dezagun lan egiten du Euskal Herria Bilduk. Gure herriak iragan zabala dauka; etorkizun oparoa izateko lan egin dezagun.

Irekitzen ari den aukera-leihoa baliatuko dugu.

Aurkezpenaren bideoak:

Maddalen Iriarte: https://www.youtube.com/watch?v=28leAiIRk5A

Arnaldo Otegi: https://www.youtube.com/watch?v=kL8k5sO_y9c

 

EAEko (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako) estatus politiko berrirako proposamena erregistratu du EH Bilduko legebiltzarkide taldeak Gasteizko Legebiltzarreko egoitzan. Euska Herria Bilduk ziklo politiko berri bat abiatu nahi du proposamen honekin, azken helburua euskal estatua sortzea izanik, bide konfederal batetik. Euskal Herriko errealitate instituzional, politiko eta soziala aintzat hartuko duten eta erritmo ezberdinak izango dituzten hiru prozesu eratzaile (EAEn, Nafarroa Garaian eta Ipar Euskal Herrian) martxan jartzea proposatzen da, etorkizuneko Euskal Errepublika irabazi eta aldarrikatzeko asmoarekin. 

EH Bilduk gaur goizean erregistratu du Eusko Legebiltzarrean EAErako duen estatus politiko berrirako proposamena bere osotasunean jasotzen duen dokumentua. Esan bezala, helburua Euskal Errepublika Konfederala sortzea da, beti ere herritarrek hala erabakitzen badute EAEko, Nafarroakoako eta Ipar Euskal Herriko herritarrek, modu berezituan. Beraz, erabakia Euskal Herria zatitzen duten eremu administratibo bakoitzari egokituko zaio halabeharrez.

DMQQCSxW4AAUDXm

Pello Urizar, Maddalen Iriarte eta Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkideek erregistratu dute proposamena Legebiltzarrean

Lotura honetan deskargatu dezakezue dokumentu osoa: EAE-ko ESTATUS POLITIKO BERRIRAKO PROPOSAMENA

EAEri dagokionez, hainbat oinarri eta printzipioren gainean lortu nahi du EH Bilduk estatus politiko berria. Batetik, Euskal Herriaren nazio izaeraren aitortza egitea ezinbestekoa da. Euskal Herriak, nazio den heinean, bere etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea du, eta EAE nazio horren partaide izanik, bere burua antolatu eta etorkizuna erabakitzeko eskubidea duen subjektu politikoa dela onartzen du EH Bilduk.

Herritarren borondate demokratikoak izan behar du muga bakarra Euskal Herriaren etorkizun politikoa erabakitzerakoan. Legalitatea herritarren borondatearen menpe jarri behar da eta ez alderantziz. Autoeraketa eta autoantolaketa printzipioak ere proposatu ditu EH Bilduk, hau da, prozesu eratzailean EAEk, Nafarroak eta Iparraldeak beren fase eta abiadura propioak izatea. Estatu egiturak sortu eta horiek indartu eta edukiz betetzea da EH Bilduk mahai gainean jartzen duena, eta botere banaketari dagokionez, ohiko hiru botereak–legegilea, betearazalea eta judiziala– burujabetza osoaren norabidean jartzea proposatzen da.

DMQQtm9WkAAjEdx

Proposamena erregistratu ondoren, aurkezpen prentsaurrekoa eskaini dute EH Bilduko legebiltzarkideek

EAE-ko ESTATUS BERRIA LORTZEKO BIDEAN, BI FASE:

Lehen fase batean, Eusko Legebiltzarrak estatus politiko berriaren oinarriak adostu eta onartuko lituzke, eta testu hori herritarren esku jarriko litzateke kontsulta "habilitante" baten bidez. Herritarrek oniritzia emanez gero, bigarren faseari ekingo litzaoke.

Bigarren fase horretan negoziazio prozesu bat irekiko litzateke Espainiako Gobernuarekin, EAEko herritarrek erabakitakoa nola eta zein epetan gauzatuko den adosteko, beti ere Estatuari "beto eskubidea" eman gabe. Madrilek ezezkoarekin erantzungo balu, EAEko alderdi eta eragileen artean burujabetzarako bide propioa zehaztea eta adostea planteatzen du EH Bilduk, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren borondate demokratikoa betetzen dela ziurtatzeko.

 

Pasa den igandeko giza katea izugarria izan zen, 175.000 euskal herritarrok, herri honek bere etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea duela aldarrikatu genuen Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotu zituen giza kate erraldoia osatuz. 175.000 pertsona!!! Ziur aski, Euskal Herriaren historian izan den mobilizaziorik jendetsuena. Igandeko giza kate arrakastatsuarekin, erabakitzeko eskubidearen aldarria berriro ere erdigune sozial eta politikoan kokatzea lortu du Gure Esku Dago herri mugimenduak eta parte hartu genuen milaka herritarrek.

Amasa billabonatarrak Mendaron  

Gure herriko ehunka pertsona elkartu ginen Mendaro herriaren sarreran kokatuta zegoen giza katearen 59. kilometroan. Goizeko 9:00etarako 4 autobus (horietako bat bi pisukoa) irten ziren Olaederra kiroldegitik eta asko izan ziren Mendarora beren autoetan joan ziren herritarrak ere. Aiztondoko herritarrekin batera denak Mendaroko plazan elkartu ginen eta pintxo batzuk jan eta eztarria bustitzeko tartea hartu ondoren, 59. kilometrora abiatu ginen. Kostata izan bazen ere, antolakuntzan lanean aritu ziren herritar bolondresen lanari esker, 59. kilometroa betetzea lortu genuen. Beraz, amasa billabonatarrok gure hondar aletxoa jarri genuen giza kate historiko honetan. Herrira bueltan jendea pozik eta harro zegoen. 

EH Bildutik ere gure zoriona eta harrostasuna agertu nahi dugu giza kateak arrakasta izugarria izan zuelako. Herritarren erantzun masiboari esker, erabakitzeko eskubidea berriro ere indar handiz kokatu da eztabaidaren erdigunean eta hori pozik egotekoa da. Gure Esku Dago-ren aspaldiko leloak sekula baino gaurkotasun handiagoa hartu du: Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu, herritarron garaia da!  

Aiztondoko kilometroen irudiak Aiurri-ren eskutik: https://www.youtube.com/watch?time_continue=112&v=3riiTplE-SU

ARGAZKIAK:

IMG 7662 content

 

IMG 7644 content

Kataluniako prozesu independentistak Espainian ireki duen lurralde krisi nabarmena ikusita, Euskal Herriari iritsi zaio ordua Espainiako Estatuarekin duen harreman eredua kolokan jarri eta euskal estatu independiente eta konfederal bat sortzeko prozesua abiatzeko; proposamen hori egiten dio EH Bilduk euskal gizarteari, militanteen gehiengo ia erabatekoaren oniritziarekin.

Pasa den larunbatean Konferentzia politikoa egin zuen EH Bilduk Gasteizko Europa kongresu jauregian, eta bertan "Euskal Herriko burujabetzaren aldeko ebazpena" onartua izan zen militanteen %98aren aldeko bozkarekin. Burujabetzarako euskal bidea proposatzen du EH Bilduk dokumentu honen bidez, Euskal Herriko errealitate instituzionala, politikoa eta soziala aintzat hartuko duten hiru prozesu eratzaileetatik abiatuta. Euskal errepublika helburu izanda, estrategia eta ibilbidea konfederala izatea proposatzen du EH Bilduk; hau da, EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria estatu batean biltzea erritmo eta bide propioekin, hirurek batera euskal errepublika konfederala osatzeko.

konferentzia3

Miren Larrion Gasteizko EH Bilduko zinegotzi eta bozeramaielak egin zuen Konferentziako sarrera hitzaldia.

Euskal Herria gurutze bide batean dago, eta ezinbestekoa da euskal herritarrek euren bidea diseinatu eta martxan jartzea, independentzia lortzeko helburu garbiarekin. Espainiar Estatuarekiko harreman eredua errotik aldatu eta berdinetik berdinera garatzen diren harremanak beharrezkoak ditugu, borondatean eta norberaren subiranotasunean oinarritutakoak. Helburua hori izanik, Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan burujabetza osoa eskuratzeko prozesu demokratikoak abiatzeko konpromisoa hartzen du EH Bilduk.

Nafarroari dagokionez, estatu izaera duen estatus politikoa lortzea da helburua. Hartarako, Nafarroako Parlamentuan eta gizartean eztabaida sustatzea proposatzen du Euskal Herria Bilduk. EAEri dagokionez, Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldean kokatzen da egin beharreko proposamena eta lana, bi fasetan: lehenik, legebiltzarrak onartutako testu artikulatua herritarren esku jarriko litzateke, galdeketa lotesle batean; eta ondoren, Madrilekin negoziatuko litzateke testua.

Ibilbide hau garatzen bada, Espainiar estatuaren aldetik bi jarrera edo erantzun ezberdin aurreikusten ditugu EH Bildun. Batetik, Espainiako Gobernuak EAEko herritarren eta erakundeen erabakia errespetatzea. Hala balitz, EAEko estatus politiko berria martxan jartzeko prozesua abiatuko litzateke, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko prozedura eta egutegia barne. Ostera, Madrilek erabakitakoa onartuko ez balu (gaur egun EH Bilduk beste aukerarik ez du ikusten) EAEko eragile politiko eta sozialen artean burujabetza eskuratzeko aldebakarreko ibilbide orri propioa adostu beharko litzateke erabakitzeko eskubidearen aldeko indar politiko, sozial eta sindikalekin.

Ideia horretan sakondu zuen Arnaldo Otegi idazkari nagusiak, militanteen aurrean eskeini zuen hitzaldian. "Euskal Herriko indar politikoei, sozialei eta sindikalei esaten diegu amaitu dela Espainiako Estatuarekin dugun dependentzia harremana. Egungoa garai historikoa da, eta ezker independentistak egoerak eskatzen duen mailan egon behar du. Indarrak biltzera eta lidergoak partekatzera deitzen ditugu eragile guztiak, estatu duin eta demokratikoago bat eratzeko. Ez dago inor sobran; herri honetako indar demokratiko guztiek ados jarri behar dugu".

konferentzia2

Arnaldo Otegi EH Bilduko Idazkari Nagusiaren interbentzioaren unea

Kataluniako egoera gogoan harturik, estatuak bere izaera antidemokratikoa agerian utzi duela salatu zuen Arnaldo Otegik: "Estatuak ez du inolako eskaintza politikorik estaturik gabeko nazioentzat, eta soilik indarra eta mehatxua jartzen ditu mahai gainean". Iñigo Urkullu lehendakariari ere mezu argia bidali zion: "Kataluniak ez du bitartekaririk behar estatuan, laguntza eskainiko dioten konplizeak eta aliatuak baizik". EH Bilduko ordezkari eta militanteek txalo zaparrada batekin erantzun zituzten Arnaldo Otegik Urkullu lehendakariari zuzendu zizkion hitzak. Azkenik, Konfenetzia Politikoan parte hartutako 350 kideek aho batez onartu zuten Kataluniako prozesu independentistari babes osoa agertzeko proposatu zen ebazpena. Ebazpena Josu Juaristi EH Bilduk Europar parlamentuan duen ordezkariak eta Bakartxo Ruiz, Nafarroako parlamentuko kideak irakurri zuten eta esan bezala militanteen erabateko babesa lortu zuen.

 

Hurrengo udal eta foru hauteskundeetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Batzar Nagusietarako eta Nafarroako Parlamenturako zein Hego Euskal Herriko lau hiriburuetarako zerrendaburuak hautatzeko prozedura abian jarri du EH Bilduk.

Zerrendaburu izateko prozedura, maiatzaren 14an abiatuko da. Bere hautagaitza aurkezteko aukera izango dute bilkideek edota EH Bildu osatzen duten alderdietako kideek; era berean, alderdi edo norbanako batek izenen bat proposatzeko aukera izango du. Kasu batean zein bestean, hauteskundeetarako araudiak zehaztu moduan, abal kopuru jakin bat aurkeztu beharko da.

Imagen relacionadaAlderdi politikoetako ordezkariek, EH Bilduk izaera propioa izateko ituna sinatu zuten Iruñean

Nahi duen herritar orok parte hartu ahal izango du zerrendaburuak hautatzeko prozesuan. Horretarako, EH Bilduren zerrendetan izena-emanda egon beharko da (ekainak 7an itxiko da zentsoa); jakina, alderdietako kideek ere parte hartu ahal izango dute. Ekainaren 4an jakingo da zeintzuk pertsona eman duten izena eta parte hartuko duten zerrendaburua izateko kanpainan, eta horren ondoren, ekainaren 8tik 10era, bozketa eguna izango da.

Zerrendaburuak aukeratzeko prozesuan parte hartu nahi dutenek, modu telematikoan edo presentzialean eman ahal izango dute botoa, esan bezala, ekainaren 8tik 11ra bitartean, eta beti ere, inskribatua dagoen eremu geografikoari lotutako hautagaietan. Boto presentziala egiteko aukera eskainiko du EH Bilduk. Modu presentzialean botoa eman nahi duenak ekainaren 9ko aukera izango du, EH Bilduk zehaztuko dituen bulegoetan.

Horrenbestez, ekainaren erdi aldera jakingo dira zeintzuk izango diren EH Bilduren zerrendaburuak Nafarroako Gobernurako, EAEko hiru foru aldundietarako eta Iruñea, Bilbo, Donostia eta Gasteizko udaletarako.

 

Gure Esku Dago, erabakitzeko eskubidearen aldeko herri mugimenduak deituta, milaka euskal herritarrek Bilboko kaleak bete zituzten pasa den larunbatean. Demokraziaren eta Kataluniako erreferendumaren aldeko olatu herritar ikusgarria izan zen eta nola ez, gu ere, EH Bilduko kideak bertan izan ginen. Momentu honetan, behar beharrezkoa da Euskal Herritik beren etorkizuna bozkaren bidez erabaki nahi duen kataluiniar herriari eta erreferenduma antolatzeko lanetan tinko jarraitzen duen Generalitat-ari gure elkartasun eta babesa adieraztea, eta zentzu horretan larunbateko jende uholdea oso positiboki baloratzen dugu.

DJ3H ZlWkAAhbGU

Larunbateko manifestazioak Bilboko Autonomia kale ezaguna jendez betetzea lortu zuen

Hemen duzue Gure Esku Dago-k argitaratu duen manifestazioaren laburpen BIDEOA: https://www.youtube.com/watch?v=9a7asyU1HOQ  

Bestalde, espainiar gobernua hartzen ari den politika errepresiboa gogor salatu beharrekoa da, izan ere, diktadura baten erara jokatzen ari dira. Erabat lotsagarria eta antidemokratikoa izaten ari da Rajoy-ren gobernuaren eta bere menpeko botere judizialaren jarduna, frankismoaren garai ilunetara garamatzana. Espainiar Guardia Zibila eta Polizia Nazionala boto-paperak eta kartelak konfiskatzen, inprentak eta komunikabideak miatzen, hitzaldi eta ekitaldiak debekatzen... ikusteak argi erakusten du zer nolako jarrera autoritario eta bortitza duen PPren gobernu ustelak.  

Azkenik, Euskal Herrian estatuari "bigarren frentea" zabaltzeko beharra azpimarratu nahi genuke. Uste dugu gure herrian ere burujabetzaren, erabakitzeko eskubidearen eta erreferendumaren aldeko prozesu politiko eta sozial zabal bat abiatzeko baldintzak baditugula, eta inoren zain egon gabe gaurdanik hasi gaitezkeela norabide horretan urratsak ematen. EH Bildutik ELA eta LAB sindikatuek, euskal gehiengo sindikalak, duela aste batzuk kaleratutako "Alde bakarreko burujabetza prozesu sozial baten alde" dokumentuarekin bat egiten dugu eta aipatutako prozesua martxan jartzeko aurrera pausu esanguratsua dela uste dugu. Guk gure eskuan dagoen guztia egingo dugu Euskal Herrian ere burujabetzaren eta erabakitzeko eskubidearen aldeko prozesu herritar, anitz eta zabal bat martxan jartzeko.

Izena eman Boletinean!

Showcases

Background Image

Header Color

:

Content Color

: