Amasa-Villabonako EH Bilduk ekimen berri bat abiatu du udalean eta oraingoan Amasamendiko basoen (gehienbat lurzoru publikoan, udalaren lurretan daudenen) kudeaketaren gaia azaleratu nahi izan du EH Bilduko udal-taldeak. Horretarako mozio bat osatu eta udaletxeko bulegoetan ofizialki erregistratu du gaur. Mozio horren bidez, 2017ko irailean onartutako Amasamendiko antolaketa Plan integrala benetan aplikatzea da bilatzen dena eta horretarako Gipuzkoako Foru Aldundiaren inplikazioa eskatzen du testuak. Izan ere, baso publikoen kudeaketan ezinbestekoa da Foru Aldundia eta Udalaren arteko lankidetza ondo artikulatzea, baliabide nahikoak bideratzea eta proiektu zehatzak jasoko dituen ekintza-plan bat adostu eta martxan jartzea. Hori da EH Bilduk lortu nahi duena, udalak zein Foru Aldundiak onartu zuten Amasamendiko Plana, benetan martxan jartzea.

Imagen relacionadaBelabieta mendiaren inguruko parajeak Amasamendin

Bestalde, Leitzarango isurialdean kokatuta dagoen eta "Natura 2000" izendapena duen eremua babesteko baliabideak eskatzen ditu mozioak. Alferrik da eremu bati, duen balio ekologikoagatik babesteko izendapen bat ematea, gero ez badira bertako landaretza eta fauna babesteko neurri zehatzak hartzen. Gai honetan ere Foru Aldundiaren inplikazioa eskatzen du mozioak. 

Bukatzeko, azken aldian asko hitz egin den pinuen gaixotasunen gaia ere jorratzen du mozioak; Amasamendiko pinuen egoera ez da salbuespen bat eta "Banda marroia" bezala ezagutzen den gaixotasuna oso zabalduta dago gure mendietan ere. Egoera honi erantzuteko administrazio publikoek (Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak) mahai gainean jarri dituzten "erremedioek" kezka handia sortu dute, batez ere fumigazioek. Gai honetan, adituak direnen iritzia kontuan artzea, kutsadura (lurzoruetan edo lur azpiko uretan) sortzen duten neurririk ez hartzea eta herritarrei informazio gardena ematea eskatzen du Amasa-Villabonako EH Bilduk.

Hau da EH Bilduk Amasa-Villabonan aurkeztu duen MOZIOA:

"Gipuzkoan baso eta zuhaitz landaketen artean 114.012 Ha-tako azalera dugu eta horren %18,8 jabego publikokoa da. Baso eremu publikoetan, administrazioen ardurak dira interes orokorrari erantzutea eta baliabide naturalak zaintzea. Interes orokortzat besteren artean, uraren kalitate ona mantentzea, airearen garbitasuna, lurraren egonkortasuna eta emankortasuna, suteen kontrako gaitasuna, bioaniztasuna, paisaia naturalak, nekazaritza iraunkorraren egiturari eusteko baso-zelai sistemak, herritarren astialdia eta aldaketa klimatikoarekiko erresistentzia hartzen ditugu.

Gaur egun Gipuzkoako baso zein zuhaitz landaketen eremuaren %38 inguru pinu insignisa da. Espezie honen monolaborantzak eta bere ustiaketa intentsiboak, urteren poderioz espeziearen ahultzea ekarri dute. Pinu insignis landaketek duten gaixotasunen zerrenda luzea da eta ezagutu ditugun azkeneko datuen arabera, Gipuzkoako insignis landaketen %50tik gora banda marroi gaixotasunak jota dago.

Tolosaldean, zuhaitz landaketek 12.358 Ha betetzen dituzte, azalera honen %44a insignisa da eta horren %17,5 (944 Ha) publikoa. Aldundiak emandako datuen arabera Tolosaldean espezie honen azaleraren %63 banda marroiak jota dago.

Amasa-Villabonan, 2017ko irailean Udalbatzak aho batez onartutako "Amasa-Villabonako Amasamendia 2075.1 Herri Onurako Mendiaren Baso Antolaketa Plana"-k jasotzen dituen datuen arabera, hazkunde azkarreko Pinus radiata (Insignis) birlandaketak, hazkunde ertaineko Pinus nigra eta Pinus pinaster birlandaketak batera kontuan hartuz gero, Pinus generoko birlandaketek Amasamendiko azaleraren %30a (330 Ha inguru) osatzen dute. Pinu birlandaketa hauek duten egoera fitosanitarioa oso anitza da baina insignis pinuen %50etik gora banda marroiak jota dagoela baiezta daiteke. Bestalde, Pinus nigra eta Pinus pinaster espezieek ere hainbat arazo fitosanitario dituzte, onddoak eta bestelako gaixotasunak identifikatu direlarik.

Azkunde azkarreko Pinus radiata (Insignis) espeziaren egoera sanitario larria, eta espezie honen ustiaketaren ondorioz naturan zein interes orokorreko elementuetan izandako galerak ukaezinak dira.

Hori dela eta, EH Bildutik uste dugu baso eremu publikoetan interes orokorrari eta natur baliabideen zaintzari erantzungo dion kudeaketa eredua bideratzea premiazkoa dela. Oso kezkagarritzat hartzen dugu baso eremuaren egoera larri honen aurrean, eskumena duten administrazio publikoek emandako erantzun partziala eta epe motzekoa. Hori dela eta, ondorengo mozioa aurkezten dugu Amasa-Villabonako udalbatzak eztabaidatu eta bozkatu dezan:

MOZIOA:

1. Amasa-Villabonako udalak nabarmendu nahi du Amasamendiko baso eremu publikoen kudeaketa, interes publikoan eta baliabide naturalen defentsan oinarrituko dela beti.

2. Amasa-Villabonako udalak dei egiten dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, Amasamendiko baso eremu publikoei eragiten dien ordenazio zein kudeaketa planaren jarraipena egiteko gunea sortzeko. "Amasa-Villabonako Amasamendia 2075.1 Herri Onurako Mendiaren Baso Antolaketa Plana" behar bezala inplementatu eta garatu dadin ezinbestekoa izango da Foru Aldundia eta udalaren arteko lankidetza estua bideratuko duen espazio edo foro bat edukitzea.

3. Amasa-Villabonako udalak dei egiten dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, Amasa-Villabonako lurretan (Leitzarango isurialdean) dagoen Natura 2000 eremuaren kudeaketa aurrera eramateko baliabideak bidera ditzala, natur baliabideen kontserbazioa helburu.

4. Amasa-Villabonako udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen dio konifero basoak berreskuratzeko euskal estrategia-ren baitan iragarritakoari buruzko informazio gardena eskaini dezala eta arriskuen eta kalteen azterketak burutu ditzala, hau da, ingurumen ebaluazio sakona egin dezala. Gai honetan komunitate zientifikoren ahotsa eta iritzia kontuan har ditzala, fumigazioari dagokionez, edozein urrats eman aurretik. Halaber, horien emaitzen berri udalei zein jendarteari zabal diezaiela.

Amasa-Villabonan, 2019ko urtarrilaren 22an"